Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Bloop: munstro ezezagunak itsas hondoan edo pseudozientzia?
Atalak: Naturaren bitxikeriak, Oraintsu argitutakoak
1.997ko maiatzaren 19an, Estatu Batuetako “National Oceanic and Atmospheric Administration” (NOAA) erakundeko ikerlariek soinu ezezagun eta arraro bat antzeman zuten Ozeano Barearen hegoaldeko itsas hondoan eta (imajinazio eskasarekin) “Bloop” izena jarri zioten. Soinua frekuentzia oso baxukoa zen (40Hz baino gutxiagokoa) baina bolumen oso indartsukoa: hain ozena zen Bloop soinu hura ezen elkarrengandik 5.000 Kmra zeuden hiru hidrofonoek antzeman zutela.
Bloop
Hau da Bloop soinuaren espektrograma:
Soinuaren frekuentzia entzunezina bihurtzen zuenez giza belarriarentzat, NOAAkoek hamasei bider handitu zuten ideia bat izan dezagun. Hemen ezin dut sartu, vaina Interneten erraz eskura daiteke artxiboa.
Bloop soinua zerk eragin zuen misterio bat izan zen bere agerpenaren momentutik, ez baita inoiz berriz antzeman.
Gerra Hotzaren garaian Estatu Batuetako Armadak lurbirako ozeanoen hondoan hidrofono sare bat zabaldu zuen sobietar submarinoak antzemateko, SOSUS (Sound Surveillance System) izenarekin ezagutua izan zena. Gerra Hotza bukatzerakoan hidrofono sare hau NOAAren” Pacific Marine Enviromental Laboratory” (PMEL) delakoak erabiltzen hasi zuen, itsas fenomeno ugari ikertzeko, hala nola, itsas lurrikarak, itsas ugaztunen populazio eta migrazioak eta abar… Eta horretan zebiltzala, esan dugunez, 1.997an Bloop soinu hau antzeman zuten sareko hiru hidrofono ezberdinek elkarren artean ia 5.000 Kmko distantziara zeudenak. Soinuaren iturria itsas hondoan, 50 gradu hegoaldera eta 100 gradu mendebaldera kokatu zen, alegia, Ozeano Barearen hegoaldean, Hego Amerikako hegoalde muturretik mendebaldera.
Esan dugunez soinu ezezagun hura zerk sortu zuen misterio bat izan zen hasieratik. NOAAko Christopher Fox doktoreak, Bloop hura gizakiak eragindako iturri batetik (bonba baten eztandak esaterako) sortua izan zitekeenik ezeztatu zuen, eta baita lurrikara edo sumendi batek eragindako soinua izan zitekeenik ere. Fox doktore honek, hasiera batean, Bloop soinua animaliek igortzen dituzten soinuen profil berdina jarraitzen zuela esan zuen, bere frekuentzia hasieran asko eta laster igotzen delako gero apurka jaisten joateko, eta hortaz, animali batek
Ustezko Bloop vs balea urdina
sorturiko soinua izan zitekeela proposatu zuen. Baina horren bolumen handiko soinu bat eragiteko animaliarik ez da ezagutzen. Lurbiran existitu den animaliarik handienak, balea urdinak, igortzen dituen soinuak Bloop baino askoz bolumen txikiagokoak dira. Beraz, Bloop soinua igorri zuen ustezko animalia, balea urdina baino askoz handiagoa izan behar zuen.Jakina, tamaina horretako ustezko animalia bat inork inoiz ez ikusi izanak edo sonarrek edo bestelako gailuek inoiz ez antzeman izanak, hipotesi honen oinarri eskasaren froga dira. Dena dela nahiz eta adituek hipotesi hau laster alde batera utzi, misterio eta paranoien maitale ziren hainbat kazetarik (bai, kazetarik) hipotesi hau zabaltzeari ekin zioten, adituen hitzak zirela esanez, zalantzak piztuz eta hautsak harrotuz.
Animali iturriaren hipotesia hasiera batean planteatu zuen Fox doktorea bera, laster, soinuaren iturria izotz masa handi bat izan behar zuela defendatzera igaro zen. Antartidako glaziar bat ozeanora heltzen denean eta izotz puska erraldoiak ozeanora isurtzen dituenean sorrarazten duen soinua izan daitekeela proposatu zuen, edo iceberg bat zatitan puskatzerakoan, edo baita iceberg erraldoi batek ozeanoaren hondoarekin jotzerakoan sortutakoa.
Bloop soinua bezalako beste bat inoiz ez antzeman izanak hipotesi hau frogatzea zaila bihurtu zuen. Baina orain dela gutxi, 2.008an, A53 izeneko iceberg bat desintegratzen zihoan heinean sortzen zituen soinuak grabatu ditu NOAAk, eta soinu horiek eta Bloop soinua oso antzekoak direla berretsi eta frogatu du. Halaxe azaltzen du NOAAk bere web orrian, Bloop eta izotz puska erraldoiek sortutako beste soinuen grabazioak eta espektrogramak erkatuz:
http://www.pmel.noaa.gov/acoustics/sounds/bloop.html
Beraz, soinuaren iturria Cthulhu itsas munstroa zela nahiko zutenek eta azalpenik gabeko fenomenoentzat azalpen txoroena bilatzen pozik sentitzen direnek, beste misterio bat bilatu beharko dute.