Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Im Dong-Hyun: arkulari itsuaren munduko errekorra
Atalak: Bizitza errealeko X taldea
Im Dong-Hyun
Joko Olinpikoen garaian gaudenez (neguko Joko Olinpikoak, bai, baina Joko Olinpikoak azken finean), logika apurtzen duen kirolari olinpiko batez ariko gara oraingoan.
2.012ko Londresko Joko Olinpikoetan Im Dong-Hyum arkulari korearrak jokoetako lehen munduko errekorra gainditu zuen: 72 fletxekin 699 puntu lortu zituen. Aurreko munduko errekorra, hiru puntugatik hautsi berri zuena, gainera, berea zuen ere. Hau nahikoa ez balitz, bere bi taldekideekin batera taldekako munduko errekorra ere gainditu zuten sailkapenetan. Meritu handikoa litzateke guzti hau, baina ez blog honetan ateratzeko modukoa … Horrela litzateke, ados, Im itsua ez balitz.
Egia esateko erabat itsua ez da, baina bai ofizialki edo legez itsua. %20ko ikusmena dauka ezkerreko begian eta %30koa eskumakoan. Honek zera esan nahi du, ikusmen normala daukan edonor baino 10 bider hurbilago egon behar duela objektu bat berdin ikusteko. Eta jakina ez du betaurreko edo lenterik erabiltzen. Lehiaketan itua 70 metrora kokatzen da eta honen zentroak laranja baten tamaina dauka. Ikusmen normaldun edonorentzat ituaren zentroa beso baten distantziara txintxeta batek izango lukeen tamainarekin ikusten da. Nola ikus dezake Imek itua? Hitz batez, Imek ez du itua ikusten. Bere hitzetan, “uretan isuritako tinta orbanak” bezala ikusten ditu urrunean dianaren zirkuluak.
Nola moldatzen da hortaz ikusmen normaldun arkularien gainetik munduko errekorra eskuratzeko? “Gihar oroimenaz”. Alegia, ez du diana ikusten, baina jaurtiketa bakoitza sentitzen du bere gorputzarekin, eta bere gorputzeko gihar guztiak entrenatzen ditu jaurtiketa bakoitza ahalik eta “berdinen” izan dadin, bai uztaia sakatzerakoan bai gezia jaurtitzerakoan.
Arku-tiro lehiaketa guztietan ituak tamaina berdina dauka eta distantzia berdinera jartzen da esan dugunez, beraz, garrantzitsuena ez da itua ikustea baizik eta besoak posizio berdinean jartzea beti, milimetro bat ere aldatu gabe. Ongi pentsatuz eta aditu ugariren ustean, ikusmenak kontzentrazio lan honetan lagundu baino nahas zaitzake, garrantzitsuena ez baita itua ikustea, baizik eta lasai egotea estres egoeran eta haizearen indarra neurtzeko gai izatea.
Imek berak dio iraganean praktikatzen zituen beste kirol batzuk (futbola adibidez) utzi behar izan dituela, arku-tiroan beharrezkoak ez diren bestelako giharrak ez hazteko, edo giharrak ez “nahasteko”. Gainera Hego Korean arku-tiroari ematen dioten garrantziak ere lagundu bide dio Imi: Londresko Joko Olinpikoetarako entrenatzeko, estadioaren erreplika bat eraiki zuten, entrenamenduak estadioa ikuslez beteta egin zituzten eta arkularien izenak ingelesez iragarri zituzten, Londresen aurkituko zuten ingurugiroa ahalik eta zehatzen aurreikusteko.