Paris Match, 1976: Suárez, Falangea eta euskara
Espainian 1976ko uztailean boterea hartu bezain fite, uda hartan Adolfo Suárez presidenteak elkarrizketa egiteko aukera eman zion Philippe Ganier-Raymond kazetariari. Bere hitzak Paris Match astekarian karrikaratu ziren, 1976ko abuztuaren 28an, 1.422. zenbakian. Ideia franko irakur ditzakegu, garaiko pentsaera uler dezagun. Kasu baterako, presidente espainolak adierazi zuen boterea maite zuela (“Le pouvoir? Cela m’enchante”).
Erreportajearen hasieran hurrengo solasa dugu, Mugimenduaz (“Movimiento”, jatorrizko testuan), Opus Dei eta Falangeaz:
P. G-R.: – Zu nolabait Opus Dei eta Mugimenduaren semea zara. Mugimendua Falangea bezalakoa da…
A. S.: – Eta Falangea naziak bezalakoa da. Badakit…
P. G-R.: – Zer da Mugimendua?
A. S.: – Ez didazu sinetsiko. Mugimendua, niretzat, esentzialki erakunde soziala izan zen beti. Han ideiak trukatzen ziren, gazteen zirkuluak zeuden, oso libreak, eta bertzerik ez.
Geroago, euskaraz eta katalanez egin zuten berba hizketaldi hartan:
P. G-R.: – Batxilergoa euskaraz eta katalanez hasiko da?
A. S.: – Zure galdera –barka iezadazu– ergela da. Aurki iezazkidazu lehenik kimika nuklearra euskaraz, katalanez irakasteko gai diren irakasleak. Izan gaitezen serioak.
Halako ideologia eta aurreiritziak direla bide, Espainiako erresuman demokrazia deituriko gezurkeria zabaldu zuten, Trantsizioaren Kulturak bultzatu eta babestu duena. Orain, mesedez, restons sérieux.
**************************** ERANSKINA ****************************
ATOMOEN MATERIALISMO EUSKALDUNA
Komentario batean Jose Ramon Etxebarria irakaslearen kasua aipatu da, argazki ospetsu batean agertu baitzen. Fisika nuklearrean aditua eta euskalduna, Suárez eta Lemoizko zentralaren garaian, euskaraz maila altuko zientzia eta pentsaera jarduteko adibide bizidun eta argia izan zen. Hona hemen Etxebarriaren hitzak eta irudi baten azalpena:
“Adolfo Suarezek, sasoi hartan Espainiako presidentea zenak, berari egindako galdera bati erantzutean (euskararen erabilerari buruzkoa nonbait) esan zuen, gutxi gora behera, ezinezkoa zela Kimika Nuklearra euskaraz lantzea. Nonbaiten erantzun nion bi gauza baino ez zirela behar horretarako, euskara jakitea eta Fisika Nuklearra jakitea.
Testuinguru horretan Lan Kide Aurrezkiak (orduan horixe zen Caja Laboral Popular erakundearen izena euskaraz) kanpaina publizitario bat abiatu zuen, euskara edozein arlotan erabiltzen bultzatzeko. Nitaz gogoratu ziren.
Izan ere, ordurako normal-normal ematen genituen euskaraz Fisikazko klaseak, baita zentral nuklearrei buruzko hitzaldiak ere; Lemoizko zentralaren inguruko eztabaida puri-purian baitzegoen.”
5 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- » Bakoitzari berea Apurka-apurka - […] Ez dago ukatzerik frankismoaren kumea zenik. Ez dago ukatzerik euskararen inguruan bota zituen hitza…. Halere, Suárezen lanari esker Fisika…
- Adolfo Suarez, Martxoak 3tik autobus geltokiraino - […] Paris Match aldizkariak Adolfo Suarez elkarrizketatu zuen 1976an bertan eta euskara eta irakaskuntzari buruz galdetu zion kazetariak (argia aldizkaritik…
Galderatxo bat: letretakoa naiz, baina zalantza sortu zait: kimika nuklearra ala fisika nuklearra esan zuen? Edo biak?
Jatorrizko testuan, frantsesez, “kimika nuklearra” agertzen da. Hala ere, ziurki buruan zuena “fisika nuklearra” izan zen.
handik laster, orduko lankide aurrezki kutxa CLPk publizitate kanpaina abiarazi zuen, euskararen erabilera eta prestigioa helburu, nonbait. tartean, suarezek galdera zuhurrari emandako erantzun ergelaren kontra, jose ramon etxebarria fisika irakasle gaztea ikusi genuen klariona eskuan arbela atzean zuela, ekuazioz gainezka. afixak bazituen hitzak, adieraziz fisika euskaraz ikasi eta irakatsi ezinik ez zegoela. ‘fisika euskaraz? bai’ edo antzekorik. oraindik orain jakin-en imanol murua uriak elkarrizketatu duen luix iriondok gogoan izango du. merezi luke garai hartako afixa publizitario haiek berreskuratzea _
Erabat ados. Jose Ramon Etxebarriaren kasua eta bere argazkia aipatu behar dira. Hori dela eta, “Atomoen materialismo euskalduna” eranskina gehitu dut, zure hitzak (des)ordenak baitira niretzat. Etxepare bizirik balego, hurrengoa erranen luke: “Euskara, jalgi hadi fisikara, jalgi hadi atomoen artean dantzara!”.
Laboral Kutxaren Flickr gunean topatu dut afixa: https://www.flickr.com/photos/laboralkutxa/16454839100