Zertarako poetak after Banksy?
“Ogi eta ardo” ereserkian galdetu zuen Friedrich Hölderlinek: zertarako poetak lazeria-garaian? Gaurko galdera dugu: zertarako idatzi, politika oro slogan bilakatu denean? Edo azokatik: zertarako liburuak finantza-ordenagailuen garaian? Edo ikuskizunaren merkantzien aurrean: zertarako kultura, hiritarra kontsumitzaile zordun bihurtu ondoren? Edo Hölderlinen itauna berrituz, zertarako poetak after Banksy?
Garai gorri honetan, Eric Dicharryk izkiriatu du lan baliosa, After Banksy izenburupean. Liburu hau karrikaratu baino lehen, Xan Airerekin solasean eta Xiberoako maskaradak buruan, gure errealitatea miatzeko kode batzuk azalerazi dizkigu Baionako idazle euskaldun honek:
“Guattarirentzat, kultura kontzeptu erreakzionario bat da: harekin ados naiz. Kultura-balorea bada, alde batetik, lehen sailkapen bat ekartzen duena. Eta merkantzia-kultura bada. Artetik errateko, maskaradak horretan ere dira interesgarriak, ez baitute deus saltzeko. Merkantzia-kultura horrek ekar dezakeena nahiko beldurgarria da: liburu azoka batean, adibidez, konturatzen zara jendeak zein jakin-min gutxi duen. Ezagutzen dutenera joanen dira! Zein formatatuak garen! Toki ezagun batetik bertze toki ezagun batera joatea. Bazterreko guztia ez da ikusten! Eta hedabideek ere badute joko horretan sartzeko ohidura: ezaguna ezagun atxiki, eta hor konpon. Pentsatzeko molde bakarrari zinez kasu egin behar dugu. Liburuen munduan ere deklinatzen da… Eta arima-kolektibo kultura ere badago. Begira Europako antropologoek nola lan egin duten Afrikan: mitologia, kantua, dantza… Dena zatitu dute, baina kultura zatiezina da! Jendartean artikulatua den gauza da. Instituzioetan ere, ezin duzu bulego bat egin dantzarentzat, bertze bat antzerkiarentzat… Etiketak hain dira erosoak… Baina bitxi da, gauzak kantonatu ahala, eta zentzua galtzen da; zuhaur ere galtzen zara. Gainera, berehalakoaren eta ahanztearen jendartean bizi gara. Desikonifikatu behar da dena; jendetik hasiz, beren presondegi publikoetatik ateraraziz. Denbora hartu, Xiberoan egiten badakiten bezala”.
Gure merkantzia-kulturan, Europa osoan bezala, jendarte (des)ikonifikatu huts batean bizi gara. Iruñean paseatuz, kasu, Jorge Oteizak sorturiko eskultura ederrenetako bat Yamaguchi parkean marraztua eta pintatua aurkitzea arruntatzat jotzen da. Nerabe eta gazte batzuen grinak artelan hau hartu du artezkar. Ez dira graffiti landuegiak, baizik eta marrak, esku azkarren arraiak, hitz koloredunak altzairuaren gainean, aurka. Horrela betetzen da Oteizaren kutxa metafisiko huts hau, “Une espirituala” deiturikoa, Banksyren garaian.
Arte oro dei bat da, graffiti oro politikoa den bezala, Iruñeko udalak ongi dakien moduan. Alde batetik, arraiek eta marrek haustura kultural bat markatzen digute: antza, gaurko nerabeek eta gazteek ez dute atzoko artisten lana miresten edo ulertzen, gure tradizioa desikonifikatuz, edota soberan konprenitzen dutelako, performantzia berri batetik pintaketan aritzea erabaki dute, kaxa metafisiko hutsa irekiz. Bertze aldetik, marraztutako eskultura oteiziarra ez da hegemoniaren indar politikoetarako arriskua eta horrexegatik urtean zehar denbora gehienean garbitzeke mantentzen du udal iruindarrak. “Pintaketa politikoak” bistan geratzen direnean, kentzeko agindua ematen du alderdi hegemonikoak: kaleko horma batean “Creo en la utopía porque esta realidad me parece imposible” (“Utopian sinesten dut errealitate hau ezinezko iruditzen zaidalako”) erraldia idatzita topatu nuen egunetik astebetera ezabatua geratu zen.
“Arima-kolektibo kultura” dagoela erran digu Dicharryk aipaturiko elkarrizketan, eta jendetik hasiz “desikonifikatu” behar dela. Betebehar hau ez da hain eroso eta erraz, herria ez den herri honetan. Europa osoan ere ez. Londreseko Islington barrutian Guantanomoko preso torturatu bat marraztu zuen Banksyk karrikan, “war on terror” salatu nahian jendarte-herri demokratiko sofistikatu baten erdian. Kasu hauetan ez dakigu non hasi lirismo grafikoa eta non bukatu performantzia aldarrikatzailea, zer den kultura eta zer ez den publizitatea, … edo dena batera, ezta?
Mundua alimaleko link bat bihurtu denez, teleteknologiak eta hauteskunde mediatikoak direla medio, agora demokratikoak reality-show baten antza hartu duen egunotan, zertarako poetak after Banksy, hots, Walter Benjamin eta Slavoj Žižek, Joseph Kosuth eta Samuel Beckett, René Char eta Paul Celan, Gabriel Aresti eta Joseba Sarrionandia, Eider Rodriguez eta Hedoi Etxarte, Adrienne Rich eta Ixiar Rozas, Guy Debord eta Banksyren ondoren? Nola pitz dezakegu berba, zelan irauli elea, nola aldarrikatu hitz berriekin, aforismo eta hausnarketa erromantiko higatuetatik at, egungo txio eta graffitiek antzinako haiku eta bertsoak ordezkatu dituzten heinean? Agian Eric Dicharryk ekarritako gogoeta honetan aurki dezakegu erantzuna:
Manifesto:
Olerkiak publizitateak
bezala idatzi.
Formatatuak izan diren
burmuinentzat idatzi.
Olerkia amua bilakatuko
denean, performatiboa
bilakatuko denean, olerkiei
esker,
iraultza piztu.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks