Val di Susa, Lampedusa
Pier Paolo Pasolini harritu zen, aire eta ur kutsatuengatik eta hirigintza berriarengatik ipurtargien argia desagertu zela ikusi zuenean. Rachel Carsonek antzeko eskarmentua izan zuen, udaberria isil bilakatu zela ohartu zuenean, txantxangorrien abesbatza entzuten ez zelako, pestizidek hilda.
Pasoliniren ipurtargiak eta Carsonen txantxangorriak ez dira pasadizo hutsalak. Ipurtargiak akabatzea eta beren argiak itzalaraztea edo txantxangorriak hiltzea eta beren ahotsak isilaraztea alarmak dira gure bizitzen aldaketa larrien aurrean, gure gorputzek bertze gorputz batzuk behar baitituzte, hainbat espezie, lurralde, paisaia, ekosistema behar dituzten bezala, harremanetan bizi izan daitezen, argi eta ozenki adieraz dezaten.
Susako haranean –eta hainbat lekutan– argi horiek ikusteko eta ahots horiek entzuteko gai diren komunitateak daude, abiadura handiko trenen agerpenari uko egiten diotenak, salgai agudotuen eta kapital azkarren aurka. Eta ulergarria da: hitz aurkaria gauzatzeko eskubidea dute, Erri de Lucak, Gianni Vattimok eta bertze lagun batzuek eskatu duten eran.
Erri de Lucari leporatzen zaio hitz izarigabeak erabili izana, baina, nola neurtu hitz komunez alimaleko proiektu neurrigabe horiek, baliabideak iriongo dituztenak, mendiak zulatuko dituztenak, amianto-hautsez kutsatuko dutenak, espezieak harrapatuko dituztenak, paisaiak desitxuratuko dituztenak, lurraldeak bortxatuko dituztenak, kilometrotik kilometrora eskualdeetako bizia eta herrien bizitza hondatuko dituztenak?
Bere literatura-arrazoibidean Erri de Lucak Pasolini laudatzen du eta gogorarazten digu Susako bailararen erresistentzia zibila Lampedusako komunitatearena bezalakoa dela, lege baztertzaile eta xenofoboen aurka uhartea askatzen duenean, lur ireki eta abegitsua izan dadin. Hori dela bide, iparraldetik hegoaldera –diosku idazle aurkari honek– errima bat sortzen da: Val di Susa, Lampedusa. Itzalpean tunel kontinentalak eta ozeanoz haraindiko itunak negoziatzen dituen edo espezieak akabatzen dituen eta itsasoz, lurrez eta airez heriotza kausatzen duen Europa ilunaren aurrean, bertze argi eta ahots batzuk daude, Pasoliniren ipurtargiak eta Carsonen txantxangorriak bezalakoak. Desmasia ez da saihestezina.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks