Ashraf Fayadh erailtzeko hamar poema: haga
Hamar egunez Ashraf Fayadhen hamar olerkiak euskaratu ditut, Mona Kareemek argitaratutako ingelesezko bertsiotik. Ariketa pribatu eta publikoa, pertsonal eta literarioa, kultural eta politikoa izan da aldi berean. Bizi garen mundu global honetan ISIS-Daesh-Estatu-Islamikoaz iritzia ematera ausartzen gara karrikan zein txiolandian, baina gero ez gara gauza gehiagorik hausnartzeko (hala ere, hemen lehenengo urratsa da jakitea nori saltzen dion petrolioa ISIS-Daesh-Estatu-Islamiko honek, nondik eskuratu dituen armak, eta nork eman dion laguntza mediatikoa azken urteotan). Nazioarteko puzzle honetan Saudi Arabia gako garrantzitsuetako bat izan da, basamortuko paradisua, eta paradisu horren azpian infernu bat dugu, Ashraf Fayadhek erakutsi duen eran. Bere kasua erabat deigarria izan da niretzat. Askotan ez dut erlijioaren hizkuntza ulertzen, ezta diplomaziarena eta politika ofizialarena ere; bai, ordea, garaikideko olerkigintza onarena, gorputzen hats eta idazkerarena.
Hiltzera zigortutako olerkari palestinar honen eskutik, petrolioaren garrantzia (baga), merkatu kapitalista eta klasista (biga), harremanak eta gorputzak nostalgiatik harantz (higa), maitasunik gabeko teokrazia patriarkala (laga), gaztetasuna eta deserria (boga), askatasunaren materialismoa (sega), estaturik gabeko errefuxiatu biluzia (zaga), profeten dirua (zoga), jainkorik gabeko erbesteratuen infernua (bega) eta petrolioaren odol-tantak eta malkoak (haga: gaurko azken poema euskaratuan) ezagutu ditugu.
Bidean barna (arabieratik ingelesera eta ingelesetik euskarara) zerbait galduko delakoan nago. Akats batzuk sortu ditut ziurki. Nire euskara erdalduna da, nire ideiak arrotzak dira, nire denbora mugatua, eta nire gorputza nekez josia. Nire hitz azkarrak ez dira borobilak, traketsak baizik. Walter Benjaminek aurreikusi zuenez, materialismo kultural oro eskoila da, beharrezkoa baina eskoila, eta nire idazkera ez da salbuespena izan. Barkamena eskatzen diet Ashraf Fayadhi eta bere lagunari, Mona Kareemi, hobe ez egiteagatik.
Bart ikusi nuen Berlingo literatura-jaialdiak deia egin duela munduan zehar Fayadhen poemak irakurtzeko eta zabaltzeko. Badakit euskaldunok hamaika gauza eta kausa ditugula gainean, baina sumatzen dut enpatia sentitzeko eta unibertsaltasuna adierazteko gaitasuna galdu dugula, gure kultura pobretuz (gogoratzen al duzue/dugu zer esan zuen Jean Paul Sartrek Gisèle Halimiren liburuaren hitzaurrean?). Euskarazko euskararen euskara obabatar mugatuan bizitzera eta mintzatzera ohitu gara. Maiz filologia asko egiten dugu, eta kultura gutxi. Behelaino artean moroak gara, alta Joseba Sarrionandiak ohartarazia ez dugu oraindik irakurri, barneratu. Bitartean, euskararen egunean, egunsenti izoztua behatu eta gero, hona hemen bere berbetan Ashraf Fayadh, hamargarren olerkian.
– 10 –
zure odol mutuak ez du hitzik egingo ozen
heriotzan zeure burua harrotzen duzun bitartean
asko ez dakitenen eskuetan zure arima jarri duzula
-isilpean- iragartzen jarraitzen duzun bitartean ..
zure arima galtzeak denbora hartuko du,
negarrez petrolio-malkoak bota dituzten zure begiak
lasaitzeko denbora baino askoz gehiago
* These verses appeared in Fayadh’s poetry collection Instructions Within which was published by the Beirut-based Dar al-Farabi in 2008 and later banned from distribution in Saudi Arabia. Poem translated in English by Mona Kareem.
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Mila poetak eta idazlek baino gehiagok sinatu dugu Ashraf Fayadh askatzeko | KOMUNZKI - […] sinatu dugu PEN International elkarteak bultzaturiko ekimena, Saudi Arabian hiltzera zigortutako Ashraf Fayadh olerkari palestinarra aska dezaten. Sinatzaileen artean…
Kaixo Ignazio, zuk eta bestek ereindako hazitik Bartzelonan ere loratu da Ashraf Fayadh askatzeko ekimen bat. Euskal Etxeak eta PEN katalanak Literaldiaren barruan poema-irakurketa antolatu du arabieraz, katalanez eta euskaraz. Bàssem an-Nabrís poeta palestinar errefuxiatua izan dugu gure artean.
http://www.euskaletxea.cat/nou/portfolio/15abrdv20halliberem-ashraf-fayadh/
#ashraffayadh
2016ko apirilaren 16an Alaraby egunkarian ere agertu da berria
http://www.alaraby.co.uk/culture/2016/4/16/%D8%A3%D8%B4%D8%B1%D9%81-%D9%81%D9%8A%D8%A7%D8%B6-%D8%A7%D9%84%D8%A3%D9%84%D9%85-%D8%A8%D9%84%D8%BA%D8%AA%D9%8A%D9%86
Ongi izan
Esker anitz, Jon, benetan, zuen ahalegin eta berri honengatik. Freedom for Ashraf Fayadh!