Ashraf Fayadh, a life in translation, bizia itzulketan
Poet and activist Mona Kareem translated Ashraf Fayadh’s disputed poems into English. And I have translated Kareem’s version into the Basque language. As the poet Adrienne Rich wrote in her book The Dream of a Common Language, “no one has imagined us”. We imagine Ashraf Fayadh free, we ask for his freedom. The Palestinian poet and artist is a refugee: he is a life in translation, he is alive in translation. The dream of a common language.
Mona Kareem olerkari eta ekintzaileak Ashraf Fayadhen poema eztabaidatuak itzuli zituen ingelesera. Eta nik Kareemen bertsioa euskaratu dut. The Dream of a Common Language liburuan Adrienne Rich poetak idatzi zuenez, “ez gaitu nehork irudikatu”. Guk Ashraf Fayadh libre imajinatzen dugu, guk bere askatasuna eskatzen dugu. Olerkari eta artista palestinarra errefuxiatu bat da: bera itzulketan bizia da, bera itzulpenean bizirik dago. Hizkuntza komun baten ametsa.
(…hamar olerkiak banaka-banaka iruzkinduta: baga, biga, higa, laga, boga, sega, zaga, zoga, bega, haga…)
– 1 –
petrolioa ez da kaltegarria, salbu eta atzean utzi duen txirotasun aztarna
egun hartan, beste petrolio-hobi bat aurkitu dutenen begitarteak iluntzean,
erabilera publikorako zure arimatik petrolio gehiago erauzteko
zure bihotzean bizitza puztua izatean ..
Hauxe .. da .. petrolioaren agindua, egiazko agindua.
azken buruan ..
– 2 –
errana izan zen: geratu hor ..
baina zuetako batzuk denon etsaiak zarete
beraz alde egin orain
miretsi zeuen burua ibai hondotik,
zuetako goikoek behekoez urrikaldu beharko lukete ..
etxegabekoa gauzaeza da,
petrolio-azokan nehork erosi nahi ez duen odola bezala!
– 3 –
barka iezadazu .. barka iezadazu
zuregatik malko gehiagorik isurtzeko gai ez izateagatik,
nostalgian zure izena ez xuxurlatzeagatik.
Zure besoen berotasunerantz zuzendu nuen nire begitartea,
ez nuen maitasunik eskuratu, zu baizik, zeu bakarrik ..
eta zure bilatzaileen artean lehena naiz ni.
– 4 –
Gaua,
ez duzu eskarmenturik Denborarekin,
falta diren tantak,
zure iraganeko hondar guztiak garbi zitzaketenak,
zuk deitutako pietatetik libratu ahal zaitezen ..
maitatzeko gai den .. bihotz hartatik libre,
jolasteko gai eta libre,
eta zure atzera-egite lizunarekin gurutzatzeko, erlijio belaxkatu hartatik
Tanzeel faltsu hartatik
beren buru-estimua galdu duten jainkoengandik ..
– 5 –
Korrok egiten duzu, ohikoa baino gehiago ..
errezitaldi eta dantzari amainariak direla bide
tabernek beren bisitariak bedeinkatzen dituztenean ..
DJ baten laguntzaz
zure haluzinazioak errezitatu
eta gorputz hauek ozen goresten dituzu
erbesteko bertsoekin dinbili-danbala dantzan.
– 6 –
berak ez dauka ibiltzeko eskubiderik, ordea,
edo dantza egiteko, ordea, edo negar egiteko, ordea.
berak ez dauka eskubiderik bere arimaren leihoa irekitzeko,
bere airea, bere hondarrak eta bere malkoak .. berritzeko.
ogi puska bat
zarela ahazteko joera duzu zuk ere
– 7 –
deserritzearen egunean, zutik eta biluzik daude,
hondakin uretako hodi herdoilduetan igerian ari zarelarik, oinutsik ..
oinentzat osasungarria izan daiteke hau
ez, aldiz, lurrarentzat
– 8 –
profetak erretiratu dira
beraz ez egon zurea zuregana noiz etorriko zain
eta zuri,
zuri monitoreek beren eguneroko txostenak ekartzen dizkizute
eta beren soldata altuak jasotzen dituzte ..
dirua bai garrantzitsua
duintasun-bizitza batean
– 9 –
nire aitonak biluzik jarraitzen du egunero,
deserririk gabe, jainkozko kreaziorik gabe ..
dagoeneko berpiztua izan naiz nire irudian hats jainkotiarrik gabe.
lurrean infernuko eskarmentua naiz ni ..
lurra
da errefuxiatuentzako prestaturiko infernua.
– 10 –
zure odol mutuak ez du hitzik egingo ozen
heriotzan zeure burua harrotzen duzun bitartean
asko ez dakitenen eskuetan zure arima jarri duzula
-isilpean- iragartzen jarraitzen duzun bitartean ..
zure arima galtzeak denbora hartuko du,
negarrez petrolio-malkoak bota dituzten zure begiak
lasaitzeko denbora baino askoz gehiago
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks