Olerkariak ala poetak? Olertiaren enigma
Pasarte batek kolpatu ninduen Hitzak eta giltzak liburuan. Han zorroztasun osoz Iñigo Aranbarrik hurrengoa idatzi zuen “Olerkariak eta poetak” atalean:
“Asmatu ezinezko ekuazioa zait zergatik deitzen zaien batzuei olerkari eta besteei poeta. Olerkariak, ez dakit, diot, badu poetak ez duen plus serioago bat, gertuago dago poeta trajedunetik zarpailetik baino. Poeta, nola esan, olerkari modernoa da, ofizialtasunaren hori du ments. Inoiz, beldurgarria gerta daiteke, hain da zera…
– Poeta arruinatuaren tximak dauzkazu – esaten dio andreak senarrari soilgunearen azpian ilea luzeegi, narrasegi hazi zaiolarik.
Horregatik, Orixe olerkari izango da beti. Lizardi eta Lauaxeta, ostera, olerkari diren arren, heriotza goiztiarrak eta modernitate nahiak egiten ditu poeta”.
Olerkari eta poetaren arteko ezberdintasuna eta parekotasuna hausnartzen, galdezka hasi nintzen ea nondik zetorren –edota nola sortu zen– ‘olerkia’ (edo ‘olertia’) hitza. Josu Goikoetxea eta Xabier Mendiguren etorri zitzaizkidan nire laguntzan, prestu eta zabalak (komunitate euskalduna beti eskuzabala izaten da; euskal komunitatea uste baino emankorragoa eta bihotz-zabalagoa izaten da beti: ikas dezagun denon artean!). Josuk hurrengo aztarrenaren gainean jarri ninduen: “nola oleskari ere esaten den, oles hitzetik sortutako neologismoa ez ote den”. Geroago Xabierrek bide honetatik ere: “oles kantua da; hortik sortu zuen hitz familia Sabinok: olertia (poesiaren artea), olerki (poema), olerkari…”.
Ildo honetatik garbi daukagu, literatura adierazteko asmoz elertia eletik etorri zen bezala, olertia olesetik sortu zela, poesia adieraz dezagun. Euskal kulturaren historian bertze izen batzuk erabili ditugu esparru honetan: koblak asmatzen dituena koblakari edo koblaria da, bertsoak sortzen eta adierazten dituena bertsolaria, eta kantak sortzen eta abesten dituena kantaria. Usadio honi jarraiki, nolabait, ulertzen da zergatik zen aukeratua olerkari hitza. Egia erran, arlo semantiko-pragmatiko berean aurkitzen ditugu musika, erritmoa, metroa eta hitza, ikuspegi honetatik.
Orain beste urrats bat ibilbide honetan: nola esaten da olertia bertze hizkuntzatan? Ingelesez poetry daukagu, frantsesez poésie, portugesez eta katalanez poesia, galegoz eta gaztelaniaz poesía, alemanez Poesie eta Dichtung (Friedrich Schlegelek erabiltzen zituen moduan, biok bereizi gabe, kasu). Orokorrean eta arrunki onartzen da poesia poiêsis berba grekotik datorrela, baina azaltzeko modua ez da batere garbia. Hona hemen adibide bat, Fundeu erakundearen ekarpena:
“Como todas las artes, la poesía es tan difícil de definir como los sentimientos que evoca, por lo que las siete acepciones que propone el Diccionario de la Academia parecen insuficientes para dar una noción clara. «Poesía eres tú», escribía Gustavo Adolfo Bécquer, en una tentativa más subjetiva de explicarla y, por tanto, más poética.
Contribuyen a esta confusión las mutaciones que ha sufrido a lo largo de la historia el propio concepto de creación poética, como podemos observar desde los tiempos de la palabra griega poiesis, derivada de un término tan genérico como poiein ‘hacer’.
En efecto, para Aristóteles, toda creación intelectual era poiesis, por oposición a praksis, que era la acción. Para Heródoto, era el arte de componer obras poéticas, y Platón decía que las dos artes poéticas eran la tragedia y la comedia.
En la civilización griega, la poiesis se expresaba en poiema ‘poemas’, que podían ser epos ‘épicos’ o melos ‘líricos’. De estas palabras griegas se derivaron otras latinas, tales como poesis ‘poesía’, poeta ‘poeta’, poetria ‘poetisa’, poética o poeticés ‘obra poética’.
En francés, poète se registraba ya en 1155. En español, el primer gran poema épico es el Cantar de Mio Cid, pero la palabra poesía no aparece documentada hasta el siglo XIII, cuando fue usada en el libro anónimo Los siete sabios de Roma.”
Hurbilago dago Larousse entziklopedian aurkitzen dugun sarbidea. Bi paragrafo ditugu han “Qu’est-ce que la poésie?” sarreraren barruan. Lehenengo paragrafoa nahiko hurbil dugu; bigarrena, aldiz, ez da probetxu handikoa, anabasa historiko batetik gehiegi zertzen ez duelako:
“L’étymologie du mot «poésie» est déjà une interprétation du fait poétique: poiêsis pour les Grecs signifie «création», du verbe poiein («faire», «créer»). Le poète, qui s’est appelé d’abord l’«aède», le chanteur, est considéré comme le créateur, l’artiste par excellence, car il invente en même temps le langage, avec ses figures et son rythme, et l’objet du langage, que doit conserver l’architecture du poème.
Pour Platon, l’état poétique est rattaché à l’enthousiasme, à la possession divine. De même, dans l’univers de la Bible, le poète est le prophète, la bouche de Yahvé. Et pour les philosophes de l’Inde, la poésie, dans ses formes supérieures, rejoint la contemplation du sage. À l’inverse, pour Aristote, la poésie, quel que soit son objet, héroïque et satirique, et sa forme, dramatique, lyrique ou épique, appartient aux arts d’imitation.”
Bestalde, hurrengo azalpena aurkitzen dugu Euskaltzaindiaren Literatura Terminoen Hiztegian, “Poesia” izeneko atala begiratzen badugu:
“Poesia terminoa poiesis hitz grekotik dator, eta sorkuntza, asmakizuna eta fikzioa zuen esanahia; ondorioz, obra literario oro poesiatzat jo zitekeen. Literatur teoriaren iturriei begiratzen bazaie, berriz, poesia ez zen luzaroan generoetan sartu, izendatze orokorra baitzen, dramatikoa eta narratiboa biak poetikoak baitira, erran nahi baita, etimologiak dioen bezala, sorkuntza lanak. Halarik ere, garaiez garai, poesia, eta bereziki lirika, hirugarren genero berezi gisa agertu eta finkatu da erromantizismoaz geroztik.
Hain zuzen ere erromantizismoaren eraginez, poesiaren izaera definitzeko saioek beti gogoan izan dute poesia gizakiaren historian dagoela errotuta, gizakiarekin batera sortzen baita, emozioak azaldu eta mintzatzeko gai denetik. Poesiaren definizioa egiten saiatu diren adituek alderdi hori azpimarratu izan dute: Questions de poétique-n R. Jakobsonek dio olertia definitzeko ez-olertiarekin erkatu behar dela, eta, halaber, ez dela erraza olertia ez dena adieraztea, izan ere, olertia lilura eta magiarako bigarren ahalmen bat da, eta haren muturrean hizkuntz komunitate batek erarik ohizkoena duen hitz laua dago. F. García Lorcak berak ere esan zuen olerkari batek ere ez dakiela zer den olertia.”
Jakobsonen ikuspuntu aipatua eduki interesgarria den arren, azalpenak ez digu olertiaren izaera zedarritzen. Euskaltzaindian karrikaratutako sarrerak gehiago gogoraraziz, Platon eta Aristotelesen teoria poetiko klasikoa argitzen da, eta bukaeran sorkuntza, irudimen eta formaren arteko lotura aipatzen da, Stéphane Mallarmé olerkaria dela bide, baina olertiaren zerizanera heldu gabe:
“Olertia definitzeko ahaleginaren barruan zenbait ikuspuntu atzeman daitezke. Munduari buruz ideiak finkatzeko kezkak olertia “entusiasmotzat” hartzera eraman zuen Platon. Inspirazioa poesiaren kontzeptuari lotu-lotua da: Platonen poetikan, erran daiteke egilearen kontzientziatik hara jarria dela poemaren iturria. Jainkoek, Musek ala indar ezkutuek eman inspirazioaren emaitzetarik sortzen da poema literatur tradizioarentzat; sineste horrek anitz itxura hartu du denboran zehar, eta XX. mendean oso eztabaidatua izana da. Aristotelesentzat, olertia “naturaren imitazio ederra” bazen ere, Juan Ramón Jiménezek, bizitzaren zati luze bat bere olertia definitzen saiatu eta gero, olertia “landutako instintua” zela adierazi zuen eta bere kide A. Machadorentzat “espirituaren taupada sakona” (“honda palpitación del espíritu”).
Poesia edo Olertiaren definizioak zailtasunak eragiten ditu: batik bat sorkuntza da, eta irudimenak berebiziko garrantzia du. Olertiaren eremua mundu osoak eta giza irudimenak asma ditzakeen mundu guztiek osatzen dute. Olertia ez da zientzia, artea baizik, eta artea forma da, ez besterik. St. Mallarmé olerti adituaren iritziz, bertsoak ez dira ideiez egiten, hitzez baino. Olertiak bere mintzaira propioa du, gainerako herritarrena bera izan arren. Bereizgarri nagusia besteek bezala idazten ez duen sortzailearen irudi indibidualizatua da, hura irudimenaren arabera konparaketaz, antitesiaz, alegoriaz, pertsonifikazioaz, metaforaz, metonimiaz, hiperboleaz eta beste figura erretoriko batzuez baliatzen da. Gainera, mintzaira poetikoak zehatza eta laburra izan behar du, zenbait gramatika elementu kenduz, hala nola, juntagailuak. Ideia poetikoak sarritan ez dira prozesu logiko bati jarraituz aurkezten, prosan gertatzen den legez, eta hiperbatonaren erabilerarako eta komunztaduraren arauak hausten dituzten lizentzia poetiko batzuk hartzeko askatasun handiagoa dago.”
Mallarmé albora utzi eta gero, bi iturburu nahasten dira testu honetan, Antzinako Greziarena eta Modernitate erromantikoarena: alde batetik, sorkuntza eta asmakizuna, eta bertzetik, fikzioa eta irudimena. Egia da olertiak bere mintzaira propioa duela, baina ez digute zergatirik erdiesten. Emozioak eta entusiasmoa gogora ekartzean, subjektu erromantikoaren aztarnak susmatzen ditugu. Beraz, oraindik jakin gabe darraigu zergatik erabili behar poesia hitza, poiêsis terminoarekiko loturarik konprenitzen ez dugun heinean. Zer da poesia azken buruan poiêsis baldin bada? Nortzuk dira poiêtai eta non datza sortzaile hauen enigma? Gauza bat ahaztu zaigu poesiaz eta olertiaz mintzatzean: poiêtês baten poieîn hura zer den.
Pólis baten isonomian zentzua du poiêsis hark, komunitate huts baten barruan – honetaz jardun dut aurreko sarreran, Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika ala politika liburua irakurri ondoren, Herodotoren pasadizo bat kontuan izanik. Orduan poieîn ez da gauza bat produzitzea edo ekoiztea (Platon eta Aristotelesen jarraitzaile askok proposatu duten irakurketa sotil honetan geratu dira aztertzaile anitz), baizik eta gauza esanez sortzea edota gauzaren sortzea esatea (hala edo hala, bi ataza hauek batera). Horretarako musika, dantza, erritmoa, metroa eta hitza erabili zituzten antzinako pólis hartan, ahotik ahora, idatzitako hitza jaio baino lehen. Honela, épos-mélos-tragoidía segidan nómos-pólis proiektua lógos baten bidez azalerazten zen. Hortaz, légein edo esatea baizik ez zuen poiêtês batek egiten, eta ongi egiten zuen: hori zen jatorrizko zentzua, poiêtês baten poieîn aditza entzutean. Berak egiten zuena ez zen gaur ulertzen dugun literatura, ezta egungo idazlana edo testua ere, baizik eta zerbait poietikoago eta poetikoago.
Jakina, pólis hura ez da gure espazioa eta lógos hura ez da gure hizkuntza. Hala ere, noizbehinka entzun daiteke hitz poetikoa, René Char, Paul Celan, Ingeborg Bachmann eta Adrienne Rich bezalako sortzaileen ahotsak entzuten eta leitzen ditugunean. Beste kasu batzuetan gitarra eta musikari baten ahotsaren bidez iris daiteke, Woody Guthrie sortzaile eta abeslariak 1944an konposaturiko “This land is your land” kanta entzutean:
“There was a big high wall there that tried to stop me.
The sign was painted, said ‘Private Property’.
But on the backside, it didn’t say nothing.
This land was made for you and me.”
Eskualde honetan, jabegorik ez, funtsezkoa ez da garbizalekeria formala, esanguratsuena ez da ideiak bertsotan jartzea, ezta tropoak lerrokatzea ere. Espazio honetan denbora ez zaio historiari jarraitzen, tarte honetan historiak ez du deusik kontatzen, historia isildu egiten da, dena esateko, 1977an Amaia Lasak poema batean adierazi zuen eran, bizitzak ausardia galtzen ez duelako:
“Oraindik lanbro artean.
Besterik ez bazen ere
ausardiaz betetako bizitza
egitera
abiatu nintzen.
Denborak historia egin zuen.
Lanbroa ez zen ez gehitu
ez gutxitu
izpi bat mugitu baizik.
Denbora ez zitzaion historiari
jarraitu,
historiak
ez zuen ezer kontatu,
historia
isildu egin zen.
Lanbro artean sartu naiz
denborak ari du historia
historia
hitz egiten hasi da.
Bizitzak
ez du ausardiarik galdu.”
Eta hauxe da enigma osoa.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks