Zergatik eraitsi mausoleo faxista bat
Urtarrilaren bukaeran “Zer eginen dugu Eroritakoen Monumentuarekin?” jardunaldietan parte hartu nuen, eta orduko hitzaldi batean azaldu nituen zenbait tesi adieraziko ditut era laburrean oraingo honetan, “Nafarroa Gurutzadan hildakoei” goiburupean eraikitako mausoleo erraldoia eraistearen aldekoa naizelarik. Hasteko, eraikin hau arazo larria izateaz gain, bertze arazo bati lotuta daukagu: zer egin hiri honekin edo honetan, non Bigarren Zabalgunea deitutakoan frankismoaren aztarnak hiriburua itotzen duen. Hiria zedarritzen duten bi ardatz dauzkagu Iruñeko Bigarren Zabalgunean. Alde batetik, Armada etorbidetik Behe Nafarroa etorbidera doana (Generalísimo Franco izan zen iraganean izenez Behe Nafarroa), eta bertze aldetik, Karlos III.arena. Biak gurutzatzen dira, gurutze batean bezala. Lehenengo ardatzean Gotorlekua eta Gobernu Militarra dauzkagu hasieran, hiriko nortasun militar eta belikoa xedatuz. Ardatz honen erdian Gobernu Zibilaren eraikin frankista dugu, El Escorial monasterioaren tankerako fatxada batekin, eta handik gutxira Frantisko Xabierkoa eliza. Ardatz hau Víctor Eusa arkitekto frankistak proiektaturiko gurutze erraldoi batean bukatuko da, Apaizgaitegiko egonlekuan. Horrela, Espainiako armada nazionaletik Eliza katolikora doan propaganda frankista nazional-katolikoa zabaltzen da. Bertze ardatzean, Gurutzadan Eroritakoen Monumentua daukagu goialdean, geroago Kaputxinoen San Antonio eliza eta Gobernu Zibila erdian, eta behealdean Diputazioa eta Gaztelu Enparantza. Bi ardatzek hiria gurutziltzatzen dute, kalbario baten bezala. Ibilbide ilunak hiriko bihotzean.
Gurutzadaren aldeko eraikina eraisteko zenbait arrazoi daude. Lehenengo lekuan, mausoleo berezi bat daukagu, Mola eta Sanjurjoren gorpuzkiak gordetzeko eta genozidio baten propaganda inposatzeko diseinatua izan zena. Bigarrenean, xehetasun guztietan ikurrez jositako eraikin horrek halako dimentsio eta halako monumentaltasun erakusten ditu, ezen zail-zaila izaten eta izanen baita esanahi berria ematea, goitik behera den-dena aldatu barik. Hirugarrenean, perbertsioz beteriko toki dongea da, hildakoei eta bizidunei eraso egiten diena. Laugarrenean, hiria hipotekatzen duen eraikuntza da: eraikin frankistez gainezka dago Iruñea, hanpatasun zantar eta faxista beti agerian hiri nabar horretan. Bosgarrenean, balio artistikoa ez da nahikoa zutik manten dadin: historian zehar, hainbat abangoardiatan (konstruktibismoan, futurismoan, dadaismoan, kasu), atzoko artea eraistea edo garapen berriak oztopa zitzakeen iraganeko estetika deuseztatzea erabaki zuten. Eta seigarrenean, ongi ikertu eta mausoleoaren historia osoa aztertu ondoren, harriz harri eraitsi behar da, espazioa eta bizitza askatu behar ditugulako: geure plaza berriak eraikitzeko premia daukagu, geure hitzekin, dagozkigun ikur berriak direla bide, inposatu ziguten narraziorik gabe. Geure etorkizuna proiektatzeko unea heldu zaigu.
Hau guztia errana, ez nago memoria kolektibo zentsuratu, esetsi eta zigortuaren inguruko gunea eraikitzearen aurka, baina hori bertze debate bat da. Oraindik hausnartu behar da non eta nola egin. Ez da beharrezkoa mausoleoko lekuan eraikitzea. Nire aburuz, egun premiazkoagoa da hezkuntza sistema aldatzea, historia irakasgaian 1936ko estatu-kolpearen horrorea eta genozidio nazionalkatoliko eta frankistaren larderia sakontasun eta zehaztasun osoz irakasten ez direlako.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks