78ko erregimenaren makineria liberala
Noizbehinka 78ko erregimen espainolak bere aurpegia erakusten digu mozorrorik gabe. Gürtel auziaren epaia jakin ondoren, entzule-kopuru handiko irrati batean eta deseinu politiko osoz, lider sozialdemokrata espainol batek, Juan Carlos Rodríguez Ibarrak, hurrengo harrokeria bota zuen: «Independentismoak askoz gehiago kezkatzen nau Alderdi Popularrak lapurtu duenak baino» («El independentismo me preocupa mucho más que lo que haya robado el PP», SER irratian). Ezin argiago: Espainiako Erresuma dela medio kapitalaren metaketak hartzen duen era da 78ko erregimena. Datu ekonomikoek erregimen horren erraiak berresten dizkigute: Santander banketxeak 62.637 milioi euro dauzka zor subirano espainiarrean, BBVAk 28.000 milioi, CaixaBankek 22.140 milioi, Bankiak 26.000 milioi, Sabadellek 9.500 milioi, Bankinter banketxeak 5.733 milioi eta Unicajak 9.442 milioi (halaber, aipatu behar da zor subirano espainiarraren %44 espainolak ez diren inbertitzaileen eskuetan dagoela). Kapitalismoa eta espainolismoa hezur eta mami dira 78ko erregimena dela bide. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen azken estatistikek erran digute Europako Batasunean langile pobreen proportzio handiena duen estatua Espainiako Erresuma dela. Puzzle batean bezala, kapitalismo-klase horrekin eta nazionalismo-mota horrekin bat dator liberalismoaren ideologia. Sozialdemokratak, kontserbadoreak, aurrerakoi progreak, posfrankistak, kapitalistak, demokratak, katolikoak, intelektualak, guztiak eroso daude liberalismo apur batekin, edo liberalismo osoarekin. Espainian ez dago ez kapitalistarik, ez nazionalistarik. Denak liberalak dira, kristau liberalak, sozioliberalak, demoliberalak, neoliberalak, liberal liberalak. Zentro-muturrekoak muturreko zentro liberalean.
Zer ezkutatzen da liberalismo espainolaren atzean? Zergatik aipatzen da hainbeste liberalismoa erosotasun osoz? Zein da horren garrantzia Espainiako Erresumaren Bigarren Berrezarkuntzarako? Badago pasarte bat, non Joxe Azurmendik liberalismo horren genealogia Espainiako Erresumaren Trantsizioan kokatu duen:
«Historialari progre batzuek –liberalak omen– orain deitoratzen dute, Trantsizioan ez omen zelako aukera aprobetxatu imajinario nazional bat demokratiko eta liberala eraikitzeko (nazionalismo periferikoek bakarrik egin omen dute hori)».
Politologo eta historialari progre horien aurrean, pentsalari zegamarrak erregimen espainiarraren makineria liberala despiskatu du orrialde batean:
«Trantsizioaren mitologia guztia “bi Espainien” gaindipenak obeditua egon da eta halaxe segitzen du. Kritikatu egingo al dugu? Ez derrigor. Baina trantsizio bat, definizioz, eternizatu ere ez litzateke egin behar. Sekula ez da Espainia bata batago izan. Faxista eta faxistakumerik ez dago, ez dago frankista eta gorririk, ez dago bi Espainiarik; denok bat gara, denok demokratak eta liberalak (salbu nazionalista periferikoak, noski). Ahazturaz eta remakez, memoriak zein ideologiak, denak nahastu eta berdindu dira. Atzoko sozialista gorriak orain liberal zuriak dira (Prietoren “socialista a fuer de liberal” leloa gustatzen zaie: ez liberal eta ez sozialista askok lotsaizunak estaltzeko zapitxo literario oportuno bat). Komunista batzuk eta anarkistak eskeman ez baitira erosoegi sartzen, horiek hobe da marjinalak deklaratu. Espainia bat, pentsamendu bat. Zapaterok Espainia liberal bat aldarrikatzen du. Aznarrek liberala aitortzen du bere burua, eta Esperanza Aguirrek. Liberala besterik ez dago orain. Savater liberala, Maria San Gil eta PPren eminentzia grisa duzu Donostian, Madrilen progresia sozialista liluratuaren faro argitsua da, edo izana da oraintsu arte (nahiz haren pentsaera, berak aitortuki, sozialista ez beste edozer izan den betidanik). Pentsamendua oso gutxi berrukituz, J. Juaristi liberalak, ETAtik, Euskadiko Ezkerratik, PSOEtik, PPraino xuxen-xuxen paseatu ahal izan du, beti triunfalki. Mario Onaindia, bera ere zerbait paseatua eta PSOEko liberala ordurako, Espainia berri horren imajinariorako historian figura gailen baten bila irten, eta ez da kasualitatez Pi i Margall eta Errepublikaren batekin topatu, ezpada monarkia batekin eta absolutista bera: Karlos III.a despota ilustratua, Inperioko zoko guztietan hizkuntza bakarra inposatzen inoiz egon den tematuena. Etc., etc. Berriro irakurleari utziko diogu aukera emigrante edo transfuga intelektualen // adibide gehiago berak gomutatzeko: ezker abertzaletik EAJ-PNVra, PNVtik PP-PSOE frontera, PSOEtik PPra…, den-denek zinez liberalak izanez amaitzeko. Dena onartzen da liberaltzat (razionala, etab.), salbu espainola zaren ala ez lipartxo bat dudatzea».
Nahiz eta 2006. urteko testua izan, Joxe Azurmendik deskribatu diguna ez da atzokoa, eta erraz egunera daiteke, izenen bat edo abizenen bat aldatuz zein gehituz (izan ere, bere Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk liburuan plazaratu berri du idazlan hori). Nire ustez, aparteko azterketa da 78ko erregimenaren muturreko zentro liberala miatzerakoan.
Fisikan bezala, erregimen horretan makineria espainolistak attractor edo erakarle baten modura funtzionatzen du. Sistema dinamiko politikoan agente guztiak erakarriak izaten dira zentro horretara, gorputzak eta masak oszilatzen direlarik. Batzuk –agian zenbait komunista eta anarkista eta, jakina, eragile periferikoak edo bazterrekoak– ez dira fase horretan erortzen edo ez dira eremu horretara ekarriak, eta zeharka kanporatuak izango dira. Gainerakoak pittinka-pittinka zentrora mugituak edo mugiaraziak izanen dira: pendulu batean edo hustubide batean bezala, higidurak oszilatzen dira, apika ezkerrean hasi eta eskuinean bukatuko du batek, akaso eskuinetik ezkerrera zabu eginen du beste batek. Alta, oszilazio bakoitzarekin zentrorantz gero eta hurbilago lekualdatuko dira, grabitate-zentroaren poderioz. Denboran zehar agenteak puntu edo mutur horretan kontzentratuko dira. Trantsizio-fase horretan, libreak eta liberalak direlakoan daude agente guztiak, baina gorputzak eta masak halako grabitate-eremura erakarriak izanen dira ezinbestean. Kapitala eta indarrak metatzen dituen sistema hegemonikoa halakoxea da. Zentroan zetroa kokatuko dute: erdian koroa, estatuaren ikur gorena.
Monarkiak barrutik batzen du erregimena; kanpotik, ordea, Europako Batasunak. Espainiako Erresuma aintzatesten duen neurrian, erakunde europarrak estatuaren mugak, batasuna eta legitimitatea ontzat ematen ditu. Espainiari aukera ere eskainiko dio hainbat eurotan erregearen aurpegia trokelatzeko. Egia da, beste aldetik, zor subiranoaren ekonomian sartu behar dela horren ordainez. Hala eta guztiz ere, horretarako daude Ibex 35 burtsa eta banketxeak (gogora dezagun zenbat diru daukaten bankuek zor subiranoan). Hori dela eta, 78ko erregimena kapitala metatzeko sistema ere bada. Eta denok kontent: ezkerreko zentroa, eskuineko zentroa eta zentroko zentroa. Guztiok europeistak eta Europako Banku Zentralaren zaleak izan eta izango dira. Grabitate-indarren eremuan, liberalismoa zentro horren ideologia da, kapitala kuestionatzen ez duena, europeismo mota hori dudatan jartzen ez duena, demokrazia azpiratu eta zorpetuaz zalantzarik egiten ez duena. Liberalismoak ematen du neutroa dela, edukirik gabekoa, kasik libertarioa, baina ez. Beharrezkoa denean aktibatu egiten da, makineria osoa abian ezartzen du, 2011n bezala, non PSOE eta PP bat etorri ziren 78ko konstituzio espainolaren 135. artikulua erreformatzeko asmoz, Europako Banku Zentralaren eta Merkelen esanetara.
78ko erregimenaren zentro-muturrak erakarlea irudikatzen du, konstituzioaren 135. artikuluaren aldaketatik 155. artikuluaren egikaritzeraino. Horretarako dauzka erregimenak beste erakundeak: judizialak, polizialak, mediatikoak, erlijiosoak, ekonomikoak, kulturalak. Libreki eta liberalki errealitatearen aniztasuna irudikatu eta izendatu arren, makineria aktibatuko da, eta agente guztiek erregimenaren iruditeriaren adostasuna ekoiztuko dute, Venezuelaren gobernu demokratikoaren aurka edo Kataluniako Printzerrian hasitako prozesu konstituziogile errepublikarraren kontra. Liberalismo hori ez da neutrala. Irudizko etsaiak behar ditu, hala Venezuela bezalako kanpoko etsaiak, nola Kataluniako Printzerria bezalako barruko etsaiak. Askotan, Espainiako grabitate-eremu politikoan makineriaren erakarleak aliantzaren bat sinatzen du bazterreko burgesia liberal europeistekin, adibidez, euskal jeltzaleekin edo katalan konbergenteekin, zeinek erregimenaren dinamika sostengatzen eta bultzatzen duten, kapitalismoa dela medio. Bertzerik ez. Bazterreko burgesiak ahazten badu nolakoa den erregimenaren grabitate-puntua, sisteman bazterreko higidura anomalo bat kausitzen bada, Katalunian 2017ko urriaren 1ean eginiko erreferendumean bezala, eskuinetik ezkerrera makineria osoa martxan jarriko da mugimendu irregularrari presio eta errepresio egiteko, zentro-muturreko erregulartasuna lortu arte.
Duela gutxi, Giovanni Minozzirekin solasean, ideologiaren esparrutik mintzatu zen Alain Badiou makineriaz:
«J’insiste sur la vision du capital comme une machinerie anonyme, mais je pense qu’il continue à y avoir, dans les opérateurs de la domination, des effets de sujet» [«Makineria anonimoaren gisako kapitalaren inguruko ikuskerari buruz tematzen naiz, baina, eragileen menperaldian, hark subjektuaren efektuak ukaiten jarraitzen duela pentsatzen dut», ikus. Alain Badiou, De l’idéologie à l’Idée, Éditions Mimésis, 2017].
Eta hurrengoa gehitu zuen:
«Il y a des activités morcelées, contradictoires et conflictuelles de domination, d’appropriation et de prédation, qui sont calculées et organisées. Par ailleurs il y a une machine, il y a le capital et sa circulation évidemment, il y a une intelligibilité de l’ensemble des fragments de cette machine, mais ça n’empêche pas qu’il faut se représenter sa fragmentation et son système de contradictions propre. Et ce système de contradictions, ce sont les avatars des subjectivations intérieures» [«Menperatzeko, jabetzeko eta harrapakatzeko jarduera zatikatu, kontraesankor eta gatazkatsuak daude, kalkulatzen eta antolatzen direnak. Beste aldetik, makina bat dago, kapitala eta haren zirkulazioa daude noski, makina horren zati guztien multzoa dago, baina horrek ez du hurrengoa eragozten: horren zatiketa eta makinaren zatien kontraesan-sistema irudikatzea beharrezkoa dela. Eta kontraesan-sistema hori dira barneko subjektibitateen berraragiztapenak»].
Espainiako Erresuma dela medio kapitala metatzeko sistema-moldea da 78ko erregimena. Kontraesantxo batzuk jazotzen dira aldizka erregimenaren barruan. Hasieran alderdi-bitasuna izan zen haren parlamentu-joko demokratikoa. Egun bikoiztu egin da: lau alderdi daude grabitate-eremu politikoan, taularen zentroaren bila, erakarlearen inguruko mugimenduak errepikatuz, ezkerretatik eskuinetara, eskuinetatik ezkerretara, masen higidurak mutur-zentrora erakarriz. Gaztelaniaz berba egiten badu ere, hizkuntza material batetik sistema horren kontraesanak ulertu behar dira, nola hedatzen diren demokraziaren aurka. Sistema material hori Europako Banku Zentralari lotua da, kapitalaren menpekoa, monarkikoa, zentralista eta aseezina. Estatu bat eratu duen bezala, erregimen horrek subjektuak ere sortzen eta moldatzen ditu. Erregimenean ekoiztutako kontraesanak (eta kontraesan asko eta asko daude) liberalismoak garbitzen edota estaltzen ditu. Hauxe da liberalismoaren zeregina: hainbat subjektu demokratiko normalizatzen eta naturalizatzen saiatzea. Hori dela eta, makineria liberal horren aurrean, edozein ahalegin liberal xurgatua eta hutseratua izanen da. Lehenago edo geroago erregimenaren sostengu bilakatzen da alderdi liberal oro. Halaxe agituz gero, mutur-zentroa inposatzen da, arimak, gorputzak eta lurrak zulatuz. Horixe da ikasi beharko genukeena, erakarlearen estolda-zuloa maelstrom erraldoi bihurtu baino lehen.
* Artikulu hau JAKIN aldizkarian karrikaratu zen.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks