Ezkerra lapur banden etikatik
Une interesgarriak bizitzen ditugu, Slavoj Žižek filosofoak irudikatzen dituenak baino interesgarriagoak. Duela aste batzuk, 2009an emandako elkarrizketan Felipe Martínez Marzoa pentsalariari honako hitzak irakurri nizkion galegoz: “As revolucións non se deciden nin se propoñen. Cando alguén sae cunha pancarta pedindo a revolución, non sabe do que está falando. Simplente hai que pensar, actuar en consecuencia, pero non falar dela”. Berba hauek irakurri nituen egunean, Iruñeko karrika batean Patxik eta Idoiak bere pisua mantendu zutela behatu nuen, banketxe baten lukurreriaren aurka. Hunkigarria izan zen Txantreako Arguedas karrikan nola agertu zen jendetza edo multitudea, nola geldiarazi zen desjabetzea hainbat herritarren protestari eta elkartasunari esker, nola gerturatu ziren ezkerreko kargudun publiko batzuk, babesa ematen. Niretzat zirraragarriena izan zen nire ondoan sumatzea gurpil-aulki batean emakume gazte bat bertaratu izana, etxegabetzea geldiarazteko asmoz.
Azken hilabeteotan Joseba Sarrionandiaren liburua –Lapur banden etika ala politika– irakurtzen eta hausnartzen ibili naiz. Nire ustez, edo hobe adierazita, nire bizitzaren eskarmentuaz, euskarazko saiorik hoberenetako bat izan da, bizitzen ditugun “garai interesgarriak” uler ditzagun. Norbaiti entzun diot Sarrionandia ezkorra izan dela liburu honetan. Sarrionandiaren tonua ongi entzuten badugu, bera ez da ezkorra, ezkerrekoa baizik. Izan ere, jende askok entzun gura ez duen autokritika ezkertiar batetik bere diagnosia (2015eko hitzaldi batean jaurtia) gardena eta zuzena izan da. Hona hemen lagin apur bat, non azaltzen digun nola aldatu diren gauzak azken urteotan:
“Herri mugimendu gehienek, protestaren aitzakia konkretuaz aparte, sistema guztia salatzen zuten eraren batean, eta hiri erdiko plaza zabal bat aukeratzen zuten biltzeko: Tahrir Kairon, Syntagma Atenasen, Wall Street okupatzea izan da New Yorkeko eslogana, oligarkia finantzarioak jendeari ostutako plazaren metafora.
Udaberri arabiarra negu gorri bihurtu da ja, urte gutxian. Kontrairaultza begi bistakoa da arabiar estatu guztietan, eta, kontrairaultza nagusitu ez den lekuetan, Estatu Batuei eta Europari esker, hondamendia ezarri da. Egipto da lehenengoaren adibidea, Libia bigarrenarena, baina halako botere borroka ikusi da guztietan. Denen eta denontzako politika baten esperantza moztu eta, beharbada, beste belaunaldi baterako utzi da. Baina ez hori bakarrik: alde batetik, estatuetako burgesia militartu neokolonialek gerra zibil odoltsu eta amaiezinetara boteretsuenak inperio bokazioarekin ari dira mugitzen, posizio geoestrategikoen bila, makrogerra bat pizteko arriskuarekin.
Mendebaldean, botere poliziakoa askozaz trinkoagoa da, kontu gehiago izaten da errepresio odoltsuarekin. Eta protesta mugimenduek iritzi publikoaren konkista dute, batez ere, xedetzat. Syriza, Podemos, Bildu eta enparauen estrategia da, hitz gutxitan esanda, iritzi publikoaren alorrean irabazi ondoren, hauteskundeetan garaipena lortzea, botere instituzionalez jabetzea eta, instituzioetan, kapitalismo parlamentarioa funtsean aldatu gabe, politika sozialdemokrata bat bultzatzea, herriko jendearen mesedetan.”
Diagnosia egin eta gero, Sarrionandia ere ausartu da bere irizpidea ematera, plazaratutako orrialdeetan:
“Syriza, Podemos, Bildu, nire ustez, gauza bera dira, erreferentzia nazionalaz aparte. Igual baten bati ez zaio gustatuko batera ipintzea, baina, nire ustez, ezkerreko mugimendu horiek intentzio bera dute, baldintza, muga eta zirkunstantzia antzekoekin. Konturatuko zineten hitzaldian zehar kidekotzat hartzen ditudala askatasun pertsonal eta kolektiboen aldeko gutasunak. Gay mugimendua edo etxea izateko eskubidearen aldekoa antzekoak dira, nire ustez: ‘autodeterminazioaren’ aldekoak, funtsean, jendearen askatasuna eragozten duten botereen kontrakoak. Nire ustez, Syriza, Podemos, Bildu eta halako mugimendu guztietan badago injustizia orokorraren kontzientzia bat, eta badago gogo iraultzaile bat. Badago kapitalismoaren kritika sakona, eta bizimodua ere aldatu behar delako sentimendua, hau da, zibilizazio mudantza baten aldeko gogoa. Baina ez dago horretarako ez estrategiarik, ez pedagogiarik, ez dago baldintza objektiborik ez subjektiborik. Nik behintzat ez dut ikusten imajinario kolektiborik horretarako.”
Politeia-n Platonek iragarri zuenetik, politika orok arrisku itzel bat esperimentatu du errepublika fundatzerakoan, hots, lapur banden etikarena. Egungo egunean politikan lapur banden etika inposatzen eta zabaltzen denean, Failed State edo huts egindako Estatu batean bizi izatera bultzatzen gaituzte, non erakundeen nihilismoa eta salgaien baliokidetasuna bat etortzen diren ikuskizun ustelduan, kapitalismo modernoak bideratutako patutik. Huts edo hutsune hau aprobetxatu behar dugu arestian aipaturiko plazetan bezala. Gogoratu Persiar Inperioaren buruak, Ziro Handiak, ez zuela Greziako agoraren esanahia konprenitu, zeren enparantza huts hartan ez baitzegoen ez jainkorik, ez erregerik, ez bankurik, ez armadarik, ez hizkuntza zuzentzailerik – halaxe gogorarazi zuen Herodotok (Sarrionandiak eta Marzoak ere aipatzen dute Herodotoren ideia hau). Espazio huts hori antzeko moduan ulertu zuen XIX. mendeko aztertzaile zorrotz batek. 1875ean Alemaniako sozialdemokraziari eta Gothako programari eginiko kritikan Karl Marxek hurrengoa baieztatu zuen: “«Gaurko estatua», beraz, fikzio bat da”. Eta gehiago gaineratu zuen: “herriaren subiranotasuna deituaren berrezagutzeak” “errepublika demokratiko” batean bakarrik du lekua. Kale egin duen Estatutik, plazatik sortzen den kaletik, errepublika demokratikoaren lekua eraikitzen hasi beharko dugu, erdiko barne-hutsa mantenduz. Erdi-erdian ezkerrak ardatz berriak (generoa, arraza, klasea, gaitasun-gabezia eta gutxiengoa, bertzeak bertze) bere egin beharko ditu garai neoliberal hauetan, eta erran gabe doa oraingoz ezkerreko emakumeak politikan biderik argitsuena direla plaza honetan errepublika demokratiko(ar)en bila, desjabetzearen erdian jendetzarekin batera gurpil-aulki hartan emakume gazte ezezagun hori bezalakoak, gure iruditegi zahartu eta akitua irauliz. Lapur banden etikatik eta aitaren etxe patriarkal hipotekatutik haratago badago bizitzarik.
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Olerkariak ala poetak? Olertiaren enigma | KOMUNZKI - […] isonomian zentzua du poiêsis hark, komunitate huts baten barruan – honetaz jardun dut aurreko sarreran, Joseba Sarrionandiaren Lapur banden…
- Suntsipen sortzailea Antropozenoan edo Kapitalozenoan | KOMUNZKI - […] Horretarako gure erakundeak ez daude ez antolatuta, ez prestatuta (aintzat hartu behar dugu “lapur banden etika” inposatu dela politikan).…
- Gizabere kooperatiboa elkarrekiko historian | KOMUNZKI - […] etika ala politika (Pamiela, 2015) atera zuen, non egungo oraina eta etorkizuna azaldu zituen ezin hobean. Joxe Azurmendik orain…
- Errepublikarik gabeko populismo hori | KOMUNZKI - […] honen tupustarriez berri eman zuen Joseba Sarrionandiak ezkerretik Lapur banden etika ala politika liburuan, eta ez dut fitsik gehituko,…
- Hegemoniaren inperatibo kategorikoak | KOMUNZKI - […] zio berezi bat dago: duela urtebete, zenbait arlotan Joseba Sarrionandiak deskribaturiko ezker europarraren porrota azaldu nuen blog honetan. Orain,…
Hitzaldia ez da 2014koa, 2015eko otsailkoa baizik. Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu-titulua lortzeko iakstaroan emandakoa da.
Ados. Errata zuzendua.