John Berger bizikide hildakoen ekonomian
Nola gogoratu John Berger bezalako egile marxista bat? Nola oroitu bere ekarpen material eta kulturala, hil ondoren? Ikuskizunaren gizartean egile baten heriotza egunetik egunera agertu eta desagertu egiten da. Indarkeria kapitalista isilak lanak eta gorputzak ahaztarazten ditu, salgai ez den oro baztertuz. Sarritan ez gara basakeria honetaz ohartzen. Joan den hilabetean JAKIN aldizkarian karrikaratuko den artikulua idatzi nuen, “Hiltzeko tankera aurrerakoia Europako kulturatik” izenburukoa. Handik zapore mingotsa geratu zitzaidan, modernotasun kapitalistaren hondamendia kultur ikuskizun europarrean maiz ikusten ez dugulako. Orain, gehigarri gisa, John Berger idazle eta marrazkigilearen ekarpena dakart gogora. 1994an berak izkiriaturiko “Twelve theses on the economy of the dead” prosa poetikoa euskaratu dut bere oroimenez eta, bide batez, kolektibitateak hildakoen eta bizidunen arteko mendekotasuna eskatzen duela adierazteko asmoz. Ez dago kolektibitaterik hildakorik gabe. Hauxe da John Bergerreren irakaspena testu honetan. Euskarara bere eleak ekarriz, hildakoen ekonomia edo hartu-eman kolektibotik bizikide dugu Berger, zendu arren, kapitalismoak hustutako subjektu berekoi eta bakandua gainditzen badugu. Bertzerik ez, hona hemen bere hitz eder eta zuzenak, Berger hil baina desagertu ez delako.
Hildakoen ekonomiari buruzko hamabi tesi
1. Hildakoek bizidunak inguratzen dituzte. Bizidunak hildakoen erdigunea dira. Erdigune honetan daude denboraren eta espazioaren dimentsioak. Erdigunea inguratzen duena denboragabetasuna da.
2. Erdigune eta bere inguruen artean hartu-emanak egoten dira, ohiki argiak izaten ez direnak. Erlijio guztiak kezkatuta egon dira hartu-emanak argiagoak egitearren. Erlijioaren sinesgarritasuna zenbait ezohiko hartu-emanen argitasunaren mendekoa da. Halako hartu-emanak sistematikoki ekoizten saiatzearen emaitza dira erlijioaren mistifikazioak.
3. Denboragabe eta denboraren arteko muga ukigabe zeharkatu ahal duenaren bakantasunaren ondorioa da hartu-eman argiaren bakantasuna.
4. Hildakoak behin izandako gizabanakoen gisara ikusteak beren zerizana iluntzen du. Hildakoek egiten dutena gure gain hartuz gero, saiatu bizidunak hausnartzen: kolektiboki. Espazioan zehar ez ezik, denboran barrena ere metatuko litzateke kolektibitatea. Behin bizi izandako guztiak hartuko lituzke bere baitan. Eta honela hildakoak hausnartu egingo genituzke. Hildakoak behin bizi izandakoak izatera bihurtu dituzte bizidunek, alta hildakoek bizidunak ere sartzen dituzte beren kolektibitate handian.
5. Etengabe behin eta berriro hasitako eraikuntzaren une denboragabean bizi izaten dira hildakoak. Eraikuntza unibertsoaren egoera da edonoiz.
6. Beren bizitzaren oroimenaren arabera, hildakoek dakite eraikuntza unea kolapso unea ere badela. Bizi izan ondoren, hildakoak ezin dira bizigabeak izan nehoiz.
7. Hildakoak une denboragabean bizi badira, nola eduki dezakete oroimenik? Denborara jaurti izana baizik ez dute oroitzen, existitu edo existitzen den orok egiten duen erara.
8. Hildakoen eta jaiogabeen arteko ezberdintasuna da hildakoek oroimen hori daukatela. Hildakoen kopuruak gora egin ahala, oroimena zabaltzen da.
9. Posibleari dagokion irudimen-tankera gisa hausnar daiteke denboragabetasunean existitzen den oroimena. Irudimen hau jainkoarekin lotuta dago (harengan datza), baina ez dakit nola.
10. Bizidunen munduan fenomeno baliokide baina kontrakoa dago. Batzuetan bizidunek denboragabetasuna nabaritzen dute, agerian loaldian, estasian, muturreko arrisku uneetan, orgasmoan eta apika norberaren heriotzaren esperientzian. Une horietan irudimen bizidunak esperientziaren esparru osoa ihaurtzen du eta norberaren bizitzaren edo heriotzaren ertzak gainditzen ditu. Hildakoen irudimen ernea ukitzen du.
11. Zein da hildakoek oraindik gertatu ez denarekin, etorkizunarekin duten harremana? Etorkizun osoa eraikuntza da, zeinean beren “irudimena” atxikita dagoen.
12. Nola gertatu dira bizidunak hildakoekin? Kapitalismoak jendartea deshumanizatu artean, bizidun guztiek hildakoen esperientzia igurikitzen zuten. Beren azken etorkizuna izaten ziren. Beren horretan bizidunak osagabeak izaten ziren. Honela hildakoak eta bizidunak elkarren mendekoak izaten ziren. Beti. Soilik norberekeria-mota moderno bakar batek elkarren mendekotasun hau apurtu du. Ondorioak hondagarriak izan dira bizidunentzat, zeinak hildakoak desagertu direlakoan dauden egun.
Zazpi tesi John Berger euskaratu ondoren
John Berger idazlearen “Twelve theses on the economy of the dead” testua euskaratu eta gero, hurrengo mezua jaso dut blogean (2017/01/15):
“Zerbait aipatzea ahaztu zaizu: Beltzuria (2014) liburuan euskaratu nituela jada John Bergerren hildakoen 12 tesiak, hari baimena eskatuz, eta lehen aldiz haren testua hemengo hildakoen ekonomiara ekarriz. Jakina, testua euskaratu izanak ez du testua neure egiten. Testu bat euskaratzeko ere ez zaio inori baimenik eskatu behar. Ezta honako iruzkina idazteko ere. “Obarioetan mina dut:…” izenburuko post-a idatzi zenuen blog honetan bertan Beltzuria-ri buruz. Gogoan? Hildakoen eta bizidunen ekonomian, egun bizidunek bekaizkeriak jota hildakoak desagertu direla uste dute. Baina okerrena ez da hori, okerragoa da bizidunek bekaizkeriak jota bizidunak desagertu direla uste dutela”.
Mezuaren kutsu edo tonua albo batean utziz, hona hemen John Bergerren testu euskaratuari buruzko zenbait tesi:
1- Bizidunen ekonomia ahaztu ez dudalako, baimena bai ala ez, John Bergerren testua berriro euskaratu dut, Belzurian karrikaratutako itzulpenarekin ados ez nengoelako (honez gain, liburuan tesien ordena aldatuta agertzen zen, eta bi lekutan banatuta).
2- Jatorrizko testuan, kasu baterako, Bergerrek idatzitako “the mistifications of religion” “erlijioaren mistifikazioak” izan dira nire bertsioan. Haatik, Belzurian “erlijioen iruzurrak edo misterioak” bilakatu ziren, agian gaztelaniaz Visor argitaletxeak itzuli zuen erara, “los engaños o los misterios de las religiones”. Nire bertsioan “mistifikazioa” mantendu nahi izan dut, iruzurrik eta misteriorik gabe, hizkuntza materialistago batean –marxismoan ere “mistifikazio” kontzeptua kritikatzeko tradizioa luzea izan da–.
3- Espazio eta denboraren terminologiari dagokionez, “core”, “timelesness”, “timeless”, “time” hitzak euskaratzerakoan, “erdigune”, “denboragabetasun”, “denboragabe”, “denbora” izan dira nire aukerak, denbora, une eta guneen arteko loturei heldu nahian, gune eta ingurunearen arteko bide eta eraikuntza ere kontuan izanik (Belzurian, berriz, “zentro”, “atenporaltasun”, “atenporal”, “denbora” izan ziren, bertze bide batetik).
4- Ildo honetatik, “the dead inhabit a timeless moment of construction…” esaldia hurrengo bidetik euskaratzea erabaki dut: “… eraikuntzaren une denboragabean bizi izaten dira hildakoak” (Belzurian, ordea, “hildakoek … eraikuntza modu atenporalean bizi dute” esaldia genuen).
5- Irakurketa batek ez du testu baten zentzua agortzen. Itzulpen batean ez da idazlan baten esanahi osoa ahitzen. Itzulpen bat kulturaren eraikuntza kolektiboan une bat bertzerik ez da, lagun baten bizitza komunitate bateko (g)une bat den bezalaxe.
6- Beltzurian Ixiar Rozasen bertsioa lehena izan zen, baina ez azkena, Bergerren testu hau euskaratzeko komunitatean. Nire bertsioa ez da lehena izan, eta apika ez da azkena izanen etorkizunean, kultur ekonomia bizidunetik. Halaxe da hartu-eman kolektiboa.
7- Tamalez euskaraz aukera gutxi dugu itzulpenekin: maiz lehenengo itzulpena bakarra izaten da, eta ontzat ematen dugu, kultur ekonomiaren eraikuntzan gure denbora, gunea eta baliabideak mugatuak izaten direlako. Alta, berriro irakurtzeko eta euskaratzeko aukera irekita dugu zorionez. Berritze honetan ekonomia kulturala aberasteko abagunea irekitzen zaigu hartu-emanean, nehork zedarritu edo itxi gabe, hildakoen eta bizidunen ekonomiak irauten duen artean.