Nola funtzionatzen duen globalizazioak: zor subiranotik portuko zamaketarien gatazkara
Askotan, globalizazioaz mintzatzen direnean, Hollywoodeko filmak edo Bill Gates bezalako pertsonaiak hartzen dituzte aztergai, ez, ordea, portuko zama bezalako gaiak. Ez da maiz ezagutzen nola funtzionatzen duen globalizazioak ekonomian, batik bat, halako tramak eta interesak azaltzerakoan, komunikabide handienek eskaintzen ez dutelako ez espaziorik, ez denborarik.
Har dezagun erreferentziatzat COSCO Shipping Group konpainia txinatarra, kaietan eta portuko zamaketan egun piztu den gatazkara eramanen gaituena, alegia. Konpainia horrek ziurtatzen du 288 itsasontziko flota daukala, eta horietako 84 ontzik 20 oineko 8.000 kontainer baino gehiagoko zama-edukiera daukatela ontzi bakoitzeko. Enpresa-talde horrek 550 itsasontziko flota batekin burutzen ditu eragiketak munduko 100 kai baino gehiagotan, guztira zama-edukiera 30 milioi tona pisu hileko izaten delarik, 2015eko azaroan argitaratu zuten datu ofizialen arabera. Ziurki konpainia horrek zama-edukiera hau handitu du hilabeteotan.
Enpresa-talde hori 2016ko otsailean sortu zen, China Ocean Shipping Company (COSCO) eta China Shipping Company (CSG) fusionatu ondoren. 2015ean zehar Txinako Gobernuak bultzatu zituen bat etortzera eta mundu mailako enpresa botereduna agertaraztera. Era honetan estatu-enpresa berri horrek kostuak murriztuko lituzke eta, aldi berean, Txinatik itsasoz ateratzen diren salgaiak kontrolatuko lituzke, kasik monopolio baten modura. Europak eta bertze eskualde batzuek “fabrika mundial” txinatarrari erosten diotenari erreparatzen badiogu, negozio hori itzela da, eta garraiatzeko salgaien esportazio-salneurriak menperatzeko abagunea ematen dio.
COSCO Shipping Group taldea Espainiako Erresumaren kaietan sartu izana ez da lehenengo eskarmentua Europan. 2016ko urtarrilean Pireoko portua COSCO Shipping Group taldeari saldua izan zen Grezian. Urte hartan taldeak portuaren akzioen %51 erosi zituen, 280,5 milioi euro ordainduz. Handik bost urtera, bertze 88 milioi euro ordaintzekotan, konpainiak %67ra bere parte-hartzea zabaltzeko eskubidea dauka, eta honekin kaiaren pribatizazioa burutuko luke. Pireo Greziako kai handiena da, eta Europako hamar kontainer-portu handienen artean kokatzen da. Europako bidaiari-portu handiena da, eta munduko handienetako bat ere bai. 2017ko maiatzean COSCO Shipping Group taldeak portua pribatizatzeko plana iragarri zuen, zeinaren arabera ontziratze-baldintzak eta amarradurak aldatuko liratekeen, gurutzontzi handiagoren sarrera ahalbidetuz. Aldi berean, luxuzko hotela eta erosketa-zentroa eraikiko liratekeen Pireon, pribatizazioaren proiektua dela medio.
Pireoko kaiaren pribatizazioak aurrera badarrai ere, saldu ondoren lortutako mozkin publikoak eskasak izan ziren. Enpresa txinatarrak ordaindutako 280,5 milioi euro Greziako estatuaren zorra gutxiagotzera zuzendu ziren arren, zenbateko hori bi asteko zorraren interesak ordaintzeko balioa izan zen soilik. Halako gauzak dira Tsiprasen gobernuak Europar Batasunarekin sinatzen dituen memorandumetan negoziatzen direnak, komunikabide handien tituluetan agertzen ez direnak, alegia. Estrategia hauek direla bide, zor subiranoen kapitalismoak herrien ondare publikoa saltzen eta pribatizatzen du: austeritatearen desenkusaren eskutik merkatu berriak sorrarazten eta kudeatzen dituzte zorren eta gainbalioen artean.
Baina Grezia ez da gaur egun izan Europar Batasunarekin eta Txinarekin negoziatu behar izan duen estatu bakarra. Rodríguez Zapatero presidentearen garaitik Txinako gobernuak zor subirano espainola erosteari ekin dio. Kalkulu zuhurren eta kontserbadoreenek baiesten dute Txinak 41.000 milioi euro sartuta dauzkala gutxienez zor subirano espainiarrean. Kontu hauen arabera, Espainiako Erresumaren zor gehien erosi duen bigarren estatua izanen litzateke Txina, lehena Frantzia izanik. Hori dela eta, azken gobernu espainol guztiek –hala Rodríguez Zapateroren PSOE alderdi sozialdemokratarekin, nola Rajoyren PP alderdi atzerakoi eta liberalarekin– Txina bisitatu dute, zor subiranoa eros zezan, eta geroago sal ez zezan.
2017ko maiatzean Rajoy presidentea ere Txinara bertaratu zen. Han ekonomia espainolaren egoeraren eta indarraren aldeko propaganda egin zuen harro-harro. Orain dator berak eginiko ordainketa: 2017ko ekainean, Espainiako Erresumaren portu-terminaletan lehen operadorea izandako Noatum Ports enpresaren kontrola hartu du COSCO Shipping Ports taldeak. Pireon egin zuen bezala, nahikoa izan da konpainia txinatarrak enpresa horren kapitalaren %51 erostea, 203,49 milioi euro ordainduz. Salneurri berberarekin Valentziako eta Bilboko kaietako kontainer-terminalak eta Madril eta Zaragozako trenbide-terminalak eskuratu ditu talde txinatar horrek.
Hauxe da Rajoy presidenteak Txinan negoziatu zuena. Hauxe da dekretu errealaren bidez Partido Popular, Ciudadanos, Unión del Pueblo Navarro eta Partido Nacionalista Vasco bezalako alderdiek onetsi zutena. Hauxe da lerro artean Europar Batasunak eskatzen zuena: esku hartutako ekonomia espainiarrak agindutakoa betetzea. Horren ondorioz, hurrengoa baiezta daiteke: ikuspegi tekniko eta ekonomikotik porrot egindako estatua izaten jarraitzen du Espainiako Erresumak.
Hala ere, konpainia txinatarrak kontrola har zezan, arazo bat topatu zuten: kaietan lan egiten dutena. Kontainerrak ez dira bere-berez deskargatzen: lan-indarra premiazkoa da, zeina kapitalaren memorandumetatik harantz doan. Hortik dator asteotan erabilitako presio mediatiko eta politikoa, hots, portuko zamaketan ari den langileria iraintzeko, difamatzeko eta makurrarazteko grina. Bitartean, badirudi ezkerreko indar eta erakunde politikoek ez dituztela gertakarien garrantzia eta larritasuna ikusi, ez dutela soberan balioetsi zer dagoen arriskuan, bai orain, bai etorkizunerako.
Halaxe funtzionatzen dute politikak eta kapitalak mundu globalizatuan, Europar Batasunaren menpean, esku hartutako estatuak izaten direlarik. Eta egungo hizkuntza mediatiko eta politikoan ahazturiko gomutagarri batekin amaituko dut: portuetan eta zamaketan “Denok ala inor ez!” oihukatzen duten bakoitzean, ez daukagu tokiko adierazpen bat, baizik eta aldarrikapen global eta unibertsal bat.
Eskerrik asko, Ignazio, informazio oso interesgarria, eta beharrezkoa. Eta gogoeta horri erantsi beharko litzaioke, pribatizazioak berez ekar ditzakeen arriskuez gain, esku pribatuetan uzten dela gure gizartearen kontsumo-ondasunak sartzeko ate nagusia, eta beraz horren kontrola.