Zulo eranskorraren teoria
Bere poltsikoko antropologian Julio Cortázar idazleak teoria hau jorratu zuen. Honen bidez tipo bat deskribatu zuen, bere izena eta gainerako guztia erantsita zeramatzana. Hamabortz urte bete arte zulo huts bat bertzerik ez zen izan, biderkatzeko taulaz eta futbol-partidaz inguratua. Egun batean ohartu zen eranskor bilakatu behar zela, xaboi-burbuila bezala leher ez zedin, bere inguruan aurkitzen zuen guztia atzituz. Aurrenik ilaun eta geun batzuk izan ziren, gero tabako ingelesa erretzeko ohitura, bere tweedezko jaka eta bere izena, bere zuloaren sinonimoa zela jakinik. Beranduago, kiroletako arropak, sukaldea, berogailua, bizarra mozteko xaboitan irizpide fina, auto suediarretarako gasolinarik hoberena, Time eta Life aldizkarietarako gustua, argazkigintza eta zinemagintzarako sentsibilitate doia, Picassori buruzko ideia bat eta disko-jogailuei eta udaldiko hondartzei buruzko bertze ideia bat. Bere ahotsa zulo horretatik zetorrela ez zuen nehork susmatzen, “marko paregabe” batean esperientzia izana zuela edo “gure ahalbideen gainetik bizi izan” garela baieztarazten zuena zulo hori bazen ere.
Zulo horietako bat edozein subjektutan ager daiteke, Tiqqun eta Joyceren Bloom jaunaren kasuan bezala. Jabetzaren erregistratzaile gazte bat izan daiteke, betaurrekoak eta tik bat edo bertze eratxiki zitzaizkiona. Goiz-goiz, gizagaixo hau gauzaeza zenez –aintzat hartuz kofagune oro ez dela deus eta zulogune orok inor-ez bat izateko arriskua duela–, eta ezdeus edo gauzaez izan ez zedin, alderdi batean sartu zen, bere ustez gehiegi pisatzen ez zuen alderdi batean, ipinki likatsu horrek fundatzaile bat eta milaka gorpu iraganeko guda batetik atxikita zeuzkan arren. Zulo irensle asegabe horrek hutsik izaten jarraitzen zuenez, petrolio isurketak erantsi zitzaizkion, plastilinazko piruak baino ez zirela adierazten zuen arren, eta hauekin bere ilea tindatu zuen, ez, ordea, bere bizar urdindua. Eta urteetan zehar, billeteak eta ministerioak atxiki zitzaizkion, eta plasma gisa, gobernu baten presidentetza ere bai. Bere likatasunean gizon atxiki horrek Marca kirol egunkaria irakurtzeko usadioa eta auto ofizialez joateko aztura gordetzen ditu. Bere lirdinga liberalean puruak erretzeko ohiturari eusten dio, gaztedanik itsatsi zitzaion eta. Orain, erretzen duen bakoitzean, keak ez dio gezurrak eta egiak bereizten uzten. Izan ere, dagoeneko ez du gogoratzen noiz eratxiki zitzaion egiaren bat.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks