Hitz subertsiboa
Munduan gauzarik subertsiboena izatera jin da hitza, irakurketa oro ekintza klandestinoa bilakatu den bitartean. Larregi txiokatzen dugu, ele gehiegi egiten dugu, azkarregi, elkarren arteko komunikazioaren desioan, elkarrekiko harremanak sortzeko irrikan, bertze aldean norbait –edo zerbait– dagoela bururatzeko premian, ohartzeke hitz oro ekintza bat dela, berba oro keinu bat delako, deiadar bat delako, hitz bakoitzean mundua mugitzeko edo mantsotzeko palanka bat dugulako.
Ez gara hitzen botereaz fidatzen, alde batean lan fisikoa eta bertzean lan intelektuala daudela sinetsi genuenetik. Hala eta guztiz ere, ustelkeria politiko eta enpresariala gertatu baino lehenago, hitzen ustelkeriaren zitalkeria eta zeinuen fetixa gertatu ziren. Hitz batekin gerrak deklaratu zituzten, aditz batekin zorrak epaitu zituzten, substantibo batekin iruzurrak bete zituzten. Berba barbaroak. Izena eta izana, erretolika eta toki errea. Bizkitartean, hitz subertsiboak behar ditugula hausnartzen jarraitzen dugu, eta iraultzaren hiztegi zaharra berrikusten dugu termino berriren bila.
Izan ere, edo izen ere, hitz oro subertsiboa da. Edozein elek bizitzarako eta irudimenerako gainbalio bat hartzen du barne, amankomunean ahoskatzen bada. Orduan oinarrizko hitz komunenak iraultzaileak bilakatzen dira: gorputza, etxea, lana, zaintza, plaza, eguzkia. Singularrean zein pluralean erran daitezke, ozenki zein ahapeka, garrasi zein marmara, keinu zein oihu eginez, baina kontuan izanik bere erranahia bere erabileratik datorrela eta usatze oro publiko eta komuna dela. Eta hori gertatzen denean, aldizka hitzak biltzen eta elkartzen dira erralditan, hurrengoan bezala: “Bakoitzak bere ahalmenaren arabera, bakoitzari bere beharren arabera!”.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks