Rosa Luxemburg Amaiur postmodernoan: estetika politikoaz gaur
Ludwig Mies van der Rohe arkitekto eta diseinugileak Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht iraultzaile espartakisten omenez adreiluzko oroitarri bat eraiki zuen Berlinen, Fiedrichsfeldeko hilerrian, 1926an. “Iraultzari monumentua” izenarekin ezaguna izan zen, 1935ean Hitlerrek eraitsi zuen arte. Bauhaus eskolako erara, zabalera ezberdineko bloke konstruktibistez egina, indarrez beteriko eraikina izan zen, ikur gorria goian, albo batean igitaia eta mailua izar baten barruan, iraultzaren erorien oroimenetik.
Junkerrek deituriko “die rote Rosa” edo Rosa Gorria atxilotu, kolpatu eta tirokatu ondoren, 1919an Berlingo kanal batera bota zutenetik, emakume hau izan zen iraultzaren arrasto ezabagaitza. Bere azken artikuluan erran zuenez, iraultzak beti hitz hauek adierazten dizkigu “ich bin, ich war, ich werde sein”, ni naiz, ni izan nintzen, ni izango naiz. Ludwig Mies van der Roheren monumentuan esaldi hau jarri zuten, betirako oroigarritasuna, naziek suntsitu nahi zutena.
Iruñeko gotorlekuan, armen aretoan, Rosa Luxemburg eta Karl Liebknechti monumentua ikusteko aukera izan genuen, joan den hilabetean, Xabier Morrás pintorearen azken erakustaldian, zentimetro gutxiko koadro batean, elur-maluten artean. Nire ustez, koadrorik hoberena eta hunkigarriena izan zen, txikienetako bat izanda ere.
Erakusketa hartan Morrásek margolan erraldoi bat aurkeztu zuen, ia bost metro garai zena, Amaiurko gazteluaren aldeko azken defendatzaileen omenez. Dokumentazio historikoaren arabera, setio hartan 200 pertsona izan ziren, eta koadroan 135 pertsona sartu ditu artistak. Work in progress denez, bere asmoa 200 lagunen aurpegia erakustea da hemendik 2022. urtera. Horrela, Nafarroako Erresumaren azken gudariak irudikatu nahi ditu margolariak. Hala ere, baliabide artistiko gisa, gaia gaurkotzea laketu du; agertzen diren pertsonaiak ez dira ordukoak, garaikideak baizik: Pablo Antoñana, Jose María Jimeno Jurío, Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Tomás Urzainqui eta bertze horrenbertze –Morrás bera ere badugu haien artean, autorretratu baten bidez–. Aurpegi ospetsu hauek lehen lerroan ditugu koadroan. Atzeko bigarren planoan, ezkerraldean, bertze multzo batean gazteak –mutilak– ditugu, eta hirugarren planoan, eskuinaldean, emakumeak leku babesean. Urrutian Amaiurko gaztelua sutan dugu. Ikur gorri bat ere badago, Nafarroako Erresumarena, antza.
Indarrez beteriko artelan hau Xabier Morrásek deskribatu digu, “Kulturalki noraino gauden kolonizatuak ikustea zaila egiten zaigu” elkarrizketan, Reyes Ilintxetarekin solasean:
“Hiruzpalau urte eman nituen hausnarrean zein eszena nahi nuen islatu erabaki arte. Bataila bera ez, ez delako argi ikusten nor den nor, galdu ondorengo unea umiliagarria zen … Azkenean erabaki nuen saiatu behar nuela harrapatzen gure soldaduek etsaia begien bistan ikusi zuten unea. Urrutira begira ari dira, oso kezkatuta. Hori erabaki ondoren, otu zitzaidan gure defendatzaileei aurpegi ezagunak, izen-abizenak jartzea, nire bizitzan oso garrantzitsuak izan diren pertsonei omenaldia egiteko: Jimeno Jurio, Pablo Antoñana, Jorge Oteiza, … eta hil diren nire beste lagun asko. Oso lan zaila da emozio horiek guztiak aurpegietan erakustea espanturik gabe. Amak negarrez eta oihuka beren semeak hil behar dituztelako erakustea ez da gure estiloa. Gu nafarrak gara. Argi daukat lan honek irakurterraza behar duela izan eta aldi berean oso duina eta artistikoki kalitatezkoa. Hamaika urte daramazkit honekin eta oraindik beste hiru edo lau gehiago beharko ditut”.
Ezbairik gabe Nafarroa estatu-auzia izan da Espainiako Erresuma eraldatzeko orduan, Fernando II.a Aragoikoaren eta Elisabet I.a Gaztelakoaren politika inperialistatik IBEX 35 merkatuaren eta Felipe VI.a Borboikoaren erregimenera –berriro Makiavelo irakurriz, azterketa hau egiaztatzen da–. Egia da erraz ulertzen dela artistaren xedea, baina koadro honetan funtzionatzen ez duen zerbait dago. Morrásen artelanak laket ditut, bai teknikaz, bai gaiez, baina koadro honen Nafarroa akituta dago, klasizismoaren eta postmodernitatearen artean. Badakit hau ez dela politikoki zuzena, herria ez den herri honetan gure artean ez baitago ongi ikusita kritikak botatzea, batez ere “herria” aipatzen dugunean.
Nola berrikusi iragana, gaurkotasuna galtzeke etorkizunari begira? Iraganeko defendatzaileak Amaiurren agian gizon indartsuak izan ziren, ez dakit, baina egungo jendartean langileak, langabeak, prekarioak, etxegabetuak, migratzaileak, emakumeak ditugu. Lehen planoan behatzen ez diren emakumeak falta dira margolanean, kasu, gehienbat patriarkapitalismoaren aurkakoak. Koadroan emakumeek jarrera pasiboa hartu dutenez, belaunaldi zahartu patriarkal baten antza hartu du hemen irudimenak. Migratzaileekin gauza bera erran dezakegu, artelan honetan lekurik ez dutelako, lehen begiratuan.
“Gu nafarrak gara”, dio Xabier Morrásek, bai, baina egungo epika ez da jauntxoen gazteluetan aurkitzen. Nafarrak gu gara: emakumeak eta gizonak, etorkinak eta migratzaileak, euskaldunak direnak eta ez direnak, langileak eta langabeak, akademikoak eta etxegabetuak, … Lauaxetak kontatutako “gaztelu beltzaren” istorioa ez da nahikoa gaur. Foruak eta gazteluak estetika politikoaren mitologian ongi badaude ere, alta, gutxiegi dira Nafarroako Kutxaren eta Osasuna taldearen ustelkeriaren garaian.
Margolan honetan jendartearen defentsa eta aldarrikapena estetika erreaktibo eta galtzailearekin bat datoz, Walter Benjaminek salatutako “ezkerraren malenkonia” sindromea berpiztuz. Begirada akademiko historizistatik at, gure buru kolonizatuek burujabetza gaurko “desjabetzearen bidezko metaketan” aurkitu behar dute, Rosa Luxemburgek oso ongi aurreikusi zuen eran. Horretarako ardatz ezberdinak beharrezkoak dira: generoa, arraza, klasea, gaitasun-gabezia eta gutxiengoa.
Rosa Luxemburgi monumentua eraitsi zuten, Amaiurko gaztelua ere bai. Eraiki ditzagun estetika eta politika berriak. Erraldoia ez da handiena izaten beti, Antonio López pintoreak sorturiko Borboikoen erregimenaren erretratu dekadente eta hieratikoan atzematen dugun moduan.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks