Zingiratik zubiaren aurrean: Chirbes, Calatrava, Pott
Kulturan emakumeon eta gizakion ekintzak metatzen eta jalkitzen dira, ekosistema batean gertatzen den eran. Lur horretan, geruzaz geruza, horrela moldatu dira gure zentzuak eta hitzak. Aspaldian Manuel de Landak historiaren eta geologiaren arteko lotura hori deskribatu zigun, moralen estratigrafia eta strata direla medio.
Honen jabe izan da Rafael Chirbes, En la orilla eleberriaren muina azaltzerakoan. Sautrela saioan eginiko elkarrizketa batean, idazle valentziarrak ustelkeria tropo baten bidez laburbildu zuen. Chirbes ur ustelez jabetu zen, azken buruan zingirak ongi adierazten zuela narratu nahi zuen egoera. Duela berrehun urte baserritarrek leku hartan botatzen zituzten astoen hilotzak. Han ezkutatu eta hil ziren makiak, Guardia Zibilak esetsiak eta tirokatuak izan zirenak. Garapenarekiko zalekeriaren unean, jaurti ziren asfaltoko geruza akastunak han daude, urak kutsatuz. Eraikuntzaren momentuan egotzi ziren isurkinak han geratu dira. Mafia garaikideek murgildu dituzten autoak eta armak han daude eta orain lohian nahasiak ditugu.
Chirbesen zingiran eraiki da gure gizartea. Usteltasun moduko hori herrialde osoa da, literatoaren erranetan. Denak dira –eta denok gara– humus zingiratsu horren parte. Giro likatsuan hiriak eraiki ditugu, etxe orratzak, dorreak, igarobideak eta zubiak. Chirbes gogoan, bertze izen valentziar bat datorkit burura, hots, Santiago Calatrava arkitektoa. Bi sortzaileak ispiluaren aurrealdea eta atzealdea izan dira, ikuskizunaren gizartean eta ispilatzearen boomaren kulturan kontrajarriak: bata, arkitektoa, Asturiasko Printzea sariduna, Trantsizioaren Kultura ofiziala izan da, eta bertzea, adreiluaren aurkako luma Letren Errepublikan, Trantsizioaren Kontrakultura.
Bilboko itsasadarretik Calatravak proiektatutako zubi zuria ikus dezake ibiltariak, 1997an inauguratua, Guggenheim museoaren garai bertsuan. Belaontzi baten antzera, diseinu ikusgarri kutsugabetik, oinezkoentzako pasabidean kristala eta altzairua material gailenak dira, gau izoztuetan eta egun euritsuetan beirazko zoruan bidekariek irrist egiten badute ere. Egunkari batean arkitektoa harro-harro agertu zen, eta itsasadarra “Bilboko Bosgarren Etorbidea” izan zitekeela baieztatzera ausartu zen, apika Bizkaian Manhattan bat sortzeko asmoz.
Zaldaina ireki zenetik zazpi urte beranduago, eraikitzaile horren adierazpen batek bere megalomania laburbildu zuen:
“Hiri guztietan ohizko kanpoko eraikinak daude. Bilboko Guggenheim bezala, ezohizko eraikin batzuen ekarpena zaharberritzea da. Irudi narriatua berritzen du. Prototipo bat da. Bertze hiri askotan ere aldaketak egiten dira inguruan. Baten ondorio gisa, duela 30 edo 40 urte eraikitako gure hirien kanpoaldeen asperkizuna, gainbehera eta arrunkeria duin egiteko modua kalitatezko eraikinak sortzea da, lekua birkalifika dezaten, identitatea eman diezaioten, eta leku hobeetan bizi delako ametsa jendeari sartarazi diezaioten”.
Horrela bultzatu da gure bizitzen ingeniaritza sozial eta kulturala, gentrifikazioaren geometrian, abiadura handiko hirigintza dela bide. Ikuskizunaren hiri amestuen azpian, diru azkarra eta hipoteken amesgaiztoak daude. Galtzada-harrien azpian hareatza dago eta titanioaren azpian zingira dugu. Eta euskaldunen kulturan gauza bera suertatu zaigu, Pott bandaren berriemailearen lerroek zioten moduan, gure hizkuntza padura batean goratu egin baita, isuriz isuri, detrituz detritu, geruzaz geruza:
“eltxoek populatzen duten fadura honetan euskara dugu ur ustel bat
lur irmotatik urrun, haren hondoko basa mugikorrean harrapaturik gaudenoi edonundikan datorkigu ahora zapore gezamin bat
murgiltzen garen zingira ez da adamek arrastaka abandonatu zuen osin primigenioa
lupatza honetara isuri dira hamaika mendeko detritoak
beltz zimarroi eta indio araukanoen odol kristautugabea
arenaleko ezkiaren orbelak
hainbat maizter karlistaren gorpu eta giri lepamoztu
mineraleko ikuzlekuari zerion salda marroia
miravillaseko lumpenkakapirri kolerikoa
zirrosis batek hil zuen poetaren bilisa
urina, petroliua eta garratz sulfuriko anaia giltzero garatek benedikatua”
Hitzak eta urak, leku lokaztuak, joan-etorriko bideak, Bilboom Town batean. Pasabide irristakorrean urrats lohitsuak eta oinatz idoiztatuak baino ez gara. Zubirik ez, biluzik gu geu: Mediterraneoko itsasbazterrean zein Kantauriko itsasertzean, humus trashumantea.
Errealitateak fikzioa gainditzen du, eta literaturak aurreikusten duena eguneroko gauzetan agertzen da: zingira eta hezurdura ditugu albiste, Bilboko itsasadarrean (testua idatzi eta plazaratu ondoren).
“Pertsona baten hezurdura topatu dute Bilboko itsasadarrean
Zorrotzaurren aurkitu dituzte hezurrak. Nor zen ikertzen ari da Ertzaintza.
Berria.info 2014-01-02
Herritar batek jakinarazi dio Ertzaintzari pertsona baten burezurra ikusi duela ibaian Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez. Zorrotzaurre inguruan ikusi du garezurra.
Bertara joan da Ertzaintzaren urpekari talde bat, eta ibaian topatu dituzte hezurrak. Bilboko Auzitegi Medikuntzako Zerbitzura eraman dituzte, nor zen jakiteko.”
http://www.berria.info/albisteak/87347/pertsona_baten_hezurdura_topatu_dute_bilboko_itsasadarrean.htm