Feminizidioa kanpokoa da. Futbola hemengoa da.
Cuencan gertatutako feminizidio ankerrak jakin genituen egunean, Gaizka Aranguren ekintzaile eta kazetariak hurrengo txioa bota zuen: “Bortizkeria arroputzak (“h”rik gabe), hil dituen bi neska horiek Angoulêmekoak izan balira Cuencakoak izan beharrean… Hegoaldekook isilik”. Gaizkaren lana eta biografia errespetatzen ditut, baina benetan krimenen geografia politikoa da arazorik handiena? Gure “euskal” kulturak ez du Cuencan eginikoarekin parekotasunik? Marina Okarynska eta Laura del Hoyo emakumeen erailketak salatzeko hitzak ez daude ongi adierazita euskaraz?
Gaizka Arangurenen argudioa ulertu dut (hala uste dut, behintzat; agian oker nabil). Hala ere, Angoulêmen eraso sexistak eta kultura matxista baldin badaude, bidea ez da Cuencan emakume asasinatuen salaketa kritikatzea (Espainiako Erresuman gertatu delako, eta Espainiako komunikabideen bidez jakin dugulako), baizik eta Angoulêmen zein Parisen aurki ditzakegun matxismoa eta patriarkatua ikertzea eta salatzea. Edo beste modu batez: erran eta idatzi nolakoak diren kultura matxistak Parisen eta Madrilen, Frantzian eta Espainian, Andorran eta Portugalen, Bilbon eta Iruñean, Gasteizen eta Xiberoan, Espainiako komunikabideek botatzen dutena kritikatu beharrean (nor da kolonizatzailea eta nor kolonizatua?). [Ohar estatistiko azkar bat: 2014an Frantziako Errepublikan ofizialki 118 emakume asasinatuak izan ziren eta 2013an 121; 2014an Espainiako Erresuman ofizialki 53 emakume eta 2013an 54. Egungo egunean Europar Batasunak ez ditu ofizialki kontatu/zenbatu feminizidioak kontinente aurreratu eta progre honetan].
Bertze txio batean Gaizka Arangurenek gehitu zuen Angoulêmera 409 kilometro ditugula, eta Cuencara 435 kilometro. Nondik? Bilbotik, Iruñetik, Renotik, Rosariotik edo Bartzelonako Euskal Etxetik? Lurraldetasuna ez da euskara eta euskara ez da kultura osoa. Kultura matxista-patriarkala salatzeko aukera dugu euskaraz. Zorionez azken hilabeteotan adibide on bat dugu Klitto atari digitalean, kasu.
Feminizidioekin sorturiko eztabaida hau ez da futbolarekin suertatzen. Euskaldun anitz –gizon asko– Real Sociedad de Fútbol, Deportivo Alavés, Club Atlético Osasuna eta Athletic Club de Fútbol taldeen zaleak dira. Talde hauek Espainiako futbol ligetan jokatzen duten arren, Reala “gure” taldea da, Alavés “gure” kluba da, Osasuna “gure” ikurra da, Athletic “gure” estiloa da (erlijio kristauan bezala, aita “gurea” da). Haatik, Cuencako krimenak ez dira gure krimenak, gure horroreak. Espainiako komunikabideek adierazitako berriak baino ez dira. Feminizidioa kanpokoa da, futbola, ordea, hemengoa da, gurea. Alta, zenbat kilometro ditugu gure bizilekuetatik Santiago Bernabeu, Camp Nou eta Sánchez-Pizjuán estadioetaraino?
Bide batez, ziur gaude Espainiako kultura matxistak ez duela zerikusirik gure “euskal” kulturarekin? Aurten berriro errepikatu dira gure jaietan emakumeen aurkako erasoak, gizonek kausatutako erasoak (Barañainen, Iruñean, Gasteizen, Getxon, …). Espainiako hainbat herri eta hiritan ospatutakoak bezalakoak dira gure jaiak. Gure jai patronalak kanpokoak bezain patriarkalak dira. Hor ditugu apaiza, santua, birjina, udalbatza, mutil-mozo-blusak, uniforme militarrez jantzitako udal banda eta alkohola. Eta gizonen begirada patriarkala, labana bezain zorroztua. Azken urteotan ezin dut burutik kendu Nagore Laffage, eraila Sanferminetan.
Hala eta guztiz ere, ni ez naiz gauza Gaizkaren aurka jotzeko. Ez naiz gauza eta ez naiz deus. Ni neu naiz mikromatxismoz beteriko lehena. Txikitan ikasi nuen Tarzan heroia zela, eta egun mundu sasi-heroiko hura deseraikitzen ikasi behar izan dut. Honez gain, hemen helburua ez da kritikatzea, ezta adiskidearen ahoa tapatzea ere. Danele Sarriugartek ongi adierazi digu zer egin dezakegun gizonok, nik baino askoz hobeto: “zeu ere izan zaitezke aliatu”.
Gure “euskal” kulturan dena egiteko dugu. Hori da gure ahulezia eta gure indarra ere bai. Oraindik Nafarroako Erresumari buruzko margolan baten antzera bizi garelakoan gaude, konturatzeke gure kultura aldatu dela, eta etorkizunean gehiago aldatuko dela. Amaiurreko gizon heroikoak hilda daude. Tarzan ere bai. Orain emakumeen ordua da. Bada garaia.
Barkatu baina ez, ez duzu ulertu. Gaizkaren txioaren funtsak ez zuen erlaziorik genero bortizkeriarekin. Estatuen markoa guztiz naturalizaturik dugula besterik ez zuen esaten. Hau da, ETB 1-en albistegietan, adibide adierazgarriena jartzearren, zer proportzio dago Espainia eta Frantziari buruzko albisteen artean? Adibide bezala baliatu duen berria beste edozein izan zitekeen, sute bat esate baterako. Frantziako suteen berri izaten dugu? Gure mintzagai dira? Hau planteatu balu ere ez legoke esaten ari Espainiako suteak ez zaizkidanik axola.
Azken paragrafoko indirektak pixka bat lekuz kanpo daudela esango nuke, artikuluaren beste gauza batzuen artean.
Garbi dago artikulua lekuz kanpo, hemendik kanpo dagoela. Gauza batean ados: batzuk ez gara hemengoak.
Ignazio, oraintxe aurkitu dut artikulu hau. Ez nuen ezagutzen.
Nire txio haren gaia ez zen feminizidio hura. Behar bada une txarrean bota nuen, baina egituraketa administratiboek eremu komunikatiboak zein punturaino harresitzen dituzten zen hausnarketaren abiapuntua eta gakoa. Ziur aski aitzakiarik txarrena erabili nuen. Hortaz, bai, Ignazio, ez zenuen txioa ulerteu edo, hobe erranda, ziur aski nik gaizki azaldu nuen (nahiz eta bertze batzuek ongi ulertu).
Artikulua egiteko aitzakia gisa erabili zenuen txioa, baina ez txioak zioena, artikulua idazteko egoki zetorkizun irakurketa interesatua baizik.
Cuencaraino eta Angoulêmeraino dauden kilometroak Iruñetik daude zenbatuta. Bai, txioa idazten ari nintzen lekutik. Bertzerik ez. Lurraldetasunarekin ez dauka inolako zerikusirik.
Nola nahi ere eta “pir”-ek dioen bezala, Xabier Morrasek nire aurpegia hainbat gizonezkoen artean bere Amaiurko koadroan margotu izana nire kontrako argudio gisa erabiltzea… Horrek daukan izena ez dut idatziko. Xabier Morrasi “ostikoa” nire ipurdian eman diozu eta hori ezin dizut onartu.
Adeitasunez. (Garagardo bat zor didazu).
Ostikoz gizon futbolari profesionalek jotzen dute, baina, kirol-negozio erraldoi matxista usteldu horretan interesik ez dudanez, nireak ez dira ostikoak, irizpideak eta argudioak baizik.
“Euskal” kulturan gizonezko patriarkalismoak pisu handia (izan) duelakoan nago, bai futbolarekin, bai artelanekin (zer erranik ez, politika eta erakunde ofizialetan!). Ardatz berean behatzen ditut futbola eta artea: gizonentzako gizonek eginiko kultura (orain arte).
Feminizidioez ez dut gehiagorik erranen hemen, testuan dena izkiriatuta utzi bainuen, momentuz. Eta iruditeria artistiko-kulturalari buruz, nik baino hobeto azaldu zuen Idurre Eskisabelek, “Amaiur” izeneko artikuluan (2014-12-13) Berrian:
“Bat nator Ignazio Aiestaranek Argia-ko blogean Xabier Morras pintore nafarraren azken lan handiari egin dion kritikarekin. Amaiurko gatazkakoak ispilatu ditu Morrasek margolan erraldoi horretan, nafar-euskalduntasunaren galera gogoan, kultur kolonizazioa salatzeko, eta Nafarroaren orduko zein oraingo defendatzaileei omenaldia egiteko. Hala, Pablo Antoñana, Jose Maria Jimeno Jurio, Jorge Oteiza edota Nestor Basterretxearen aurpegia jarri die gotortzeko prest ageri diren gudarietako batzuei.
Funtsean, bulkada politikoa du Morrasen lanak: identitatearen, historiaren eta instituzio zein jendarte antolaketaren ikuspegi nagusiari beste bat kontrajartzeko asmoa; Nafarroaren (Euskal Herriaren) gaineko iruditeria politiko eraldatzaile bat sortzeko gogoa.
Hortxe Aiestaranen kritika: Morrasen iruditeria zaharkitua gertatzen dela eraldatzaile izateko, nekez eratuko dela Nafarroa (Euskal Herri) berririk margolanean ageri diren bezala emakumeak hirugarren planoan, babeseko rol pasiboan paratuta. Edota migrantea eta langile prekarioak aintzat hartu eta lehen lerrora ekarri gabe.
Ez hori bakarrik: erantsiko nuke epika militar kutsukoa ezabatzea ezinbestekoa dela egiaz eraldatzaile izan dadin. Alegia, Amaiur berria behar dugula, zuztarretik. Akaso, galtzaile izateak emandako bazter lekuen onurez jabetzea da lehen urratsa.”
Arlo honetan ere, funtsezkoa Adrienne Rich idazleak oso ongi laburtu zuen bi bertsotan:
“Emakumeei buruzko istorio bat kontatu zenien mutil batzuei Ez zen nire istorioa izan / ez zen emakumeei buruzko istorio bat gizonei buruzko istorio bat zen”. Gehiagorik ez.
Bertzalde, ez dago Nafarroa bakar bat: Nafarroa anitz ditugu (zuk eta biok mugatuko ez ditugunak). Iruditeria patriarkal gerrari zaharkituak aspertzen nau, batik bat, Nagore Laffage eta Miren Peña bezalako kasuak gogoan (badago gizon artistarik kasu hauek irudikatzeko/adierazteko gai, ikuskizun egozentristaren haraindian?).
Txela bat edo garagardo bat edateko arazorik ez, zorrik ere ez.