Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
Umorea eta hizkuntzen irakaskuntza
Atalak: Hezkuntza, Umorea
Edozein haurri zein irakasle dituen gustukoen galdetuz gero, hamarretik bederatzitan, gelan irribarrea erakusten dutenak aipatuko dizkizu.
Blog hau zabaltzeko aitzakia duela gutxi irakurritako Péter Medgyes-en Laughing Matters: Humour in the language classroom liburuak eman dit.
Hungariako Hezkuntza Ministerioko estatu idazkari eta Damascon enbaxadore ere izan den Linguistika Aplikatuko irakasle honek, hizkuntzen irakaskuntzari buruzko hainbat liburu idatzi ditu, tartean aipatu berri dudana. Umoreari buruzko sarrera labur baten ondoren, hizkuntzen irakaskuntzan erabil daitezkeen ehun ariketa baino gehiago dakartza: sarrera umoretsuak, txisteak, atsotitzak, poemak eta abestiak, irudiak, istorioak, elkarrizketak edo akatsak umorez lantzeko ariketak guztiak. Sarreran dioen bezala, umorea, hizkuntzen irakaskuntzarako dugun bitartekorik onenetako bat da, baina oraindik ere ariketa eta testu umoretsu gutxi aurkitzen dugu hizkuntza lantzeko materialetan. Egoera hau ez da oso ulergarria, hizkuntzak ikasterakoan aise sortzen direlako egoera umoretsuak eta ikastordu horiek plaza ezin egokiagoak direlako giro atsegin eta lagunkoia sortzeko.
Hizkuntzen irakaskuntzan umorea erabiltzeko hainbat arrazoi aipatzen ditu. Tartean hauek:
– Kulturen arteko zubiak eraikitzen ditu;
– Ikasleen arteko harremanak errazten ditu;
– Tentsioak baretzen ditu;
– Pentsamendu sortzailea garatzen du;
– Aurretik ikasitako hizkuntza zatiak finkatzen ditu;
– Gelan giro alaia sortzen du eta motibazioa handitzen du;
– Hizkuntza ikasteko ohiko prozedurak aldarazten ditu, aire freskoa sartuz ikasgelara.
Euskara irakasle gisa aritu nintzenean, hizkuntzaren inguruan emandako hitzaldietan eta azken lau urteotan Tolosako Hizkuntza Eskolan ikasle gisa izandako esperientziak ere ondorio berberera narama: umoreak ikasketa prozesua erraztu egiten du.
Eta hori horrela izanik, zergatik ematen zaio horren garrantzi gutxi umoreari gure irakaskuntzan? Galdera hori erantzun nahian, 2004ko Udako Ikastaroetan “Umorea eta Hezkuntza” ikastaroa antolatu genuen. Beste irakasle eta aditu batzuen artean, Felix Etxeberriak eskola tradizionalaren umore txarrari (eta haurrenganako tratu txarrei) eskola berriaren alaitasuna kontrajarri zion, azken honen onura eta abantaila pedagogikoak azalduz. Joxerra Gartziak berriz, “Umorea: Publizitatean bai eta eskolan ez? Hezkuntza persuasioaren ikuspegitik” gaia landu zuen eta izenburuak iradokitzen duen bezala umorearen baliagarritasuna eta ezinbestekotasuna aipatu zituen. Gai honen inguruko hainbat pasarte aurkitu daiteke Kurrin-kurrun vitae bere liburuan.
Horien artean, gure alabetako bati duela urte batzuk jazotakoa. Ikastolatik bueltan, etxera sartzerakoan hauxe esan baitzidan: “Aita, gaur egun handia da. Andereñok barre egin du!”. Izan ere, edozein haurri zein irakasle dituen gustukoen galdetuz gero, hamarretik bederatzitan, gelan irribarrea erakusten dutenak aipatuko dizkizu.
Berriki ospatu dugun 2013ko Kilometroen aurkezpen-jaialdian, bertaratu ziren ikasleek, barrez eta algaraz hartu zituzten irakasleak, esketxetan, bakarrizketetan edo erropa-desfilean azaldu zirenean. Baina irakasleen jarrera horrek eta ikasleen barrek sekulako balio pedagogikoa dute. Umoreak gertutasuna eta konplizitatea baitakar, energia positiboa eta ikuspegi zabaltasuna. Are gehiago, nire ustez ezin daiteke pedagogia partehartzaile eta aurrerakoirik planteatu, lan-tresna nagusien artean umorea eduki gabe.