Hasiera »
Kike Amonarrizen bloga - Algara, edo ez gara
Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
Hizkuntzak maite dituen jendea
2015-09-09 // Soziolinguistika // Iruzkinik ez
Hizkuntzak maite dituen jendea… eta maite ez dituena
(2015-IX-09an Info7-ren “Gureaz blai” saioan irakurritako testua)
Irakurri nuenean atentzioa eman zidan Marti Caussak “Viento Sur” aldizkarian argitaratutako artikuluak. Bai izenburuak “(y otra que no)” eta baita edukiak ere. Galdera iradokitzaile honekin hasten zuen artikulua: “Zerk bultzatzen du hainbat jende, bereak ez diren hizkuntzak maitatzera?”.
Asko gara beste hizkuntzak ikasi ditugunak. Baina maite ditugu? Galderak ertz asko ditu: hasteko, zein da gure hizkuntza, edo gure hizkuntzak? Dakizkigunak? Hitz egiten ditugunak? Gureak sentitzen ditugunak? Zenbat dira Euskal Herriko hizkuntzak? Historian zehar beti berdinak izan al dira? Garbi dago euskara badela… Baina zein neurritan da euskara, jakin eta ia inoiz erabiltzen ez duen pertsona baten hizkuntza? Eta zein neurritan maite duen baina ikasi ez duen batena? Gaztelania besterik hitz egiten ez duten hegoaldeko herritarren hizkuntza zein da? Eta esan liteke hori ez dela Euskal Herriko hizkuntza? gero eta euskal herritar gehiagoren hizkuntza diren arabiera, errumaniera edo amazigha zein neurritan dira Euskal herirko hizkuntza? Eta zein neurritan gure?
Bestalde, zer da gureak ez diren hizkuntzak maitatzea? Besteen hizkuntzak jakitea eta maitatzea, ezer bada, ez al da aniztasuna eta desberdintasuna maitatzea? Ez al da elkartasuna eta zabaltasun jarrera bat? Hizkuntzak maitatzea, azken batean, jendea maitatzea baita; den bezalakoa.
Artikuluaren egileari horregatik zaizkio kezkagarriak hizkuntzen galera eta barne homogeneizazioa, kulturen, janzkeren, jateko ohituren eta bizimoduen homogeneizazioekin bat datozelako. Jendearen akulturazioa bultzatzen duen prozesu baten ondorio direlako. Hizkuntzak, hizkerak, dialektoak, ñabardurak, azentoak, galtzen ari dira bazter guztietan. Horregatik hizkuntzak maite dituen jendeak, lehentasunez, bere hizkuntzaren aldeko hautu kontzientea egin behar du.
Seguruenik horixe da euskaldunok XXI. menderako dugun erronkarik handiena eta munduari egin genezaioekeen ekarpenik ederrenetako bat: euskararen normalizazio prozesu arrakastatsua lortzea eta berau bideragarri egitea Euskal Herri barruko hizkuntza aniztasunaren errespetuarekin.
Ez dugu lanbide erraza, bai ordea, motibagarria eta kitzikagarria, inon gutxitan lortu baita horrelakorik, eta are gutxiago, besteengandik horren desberdina eta hiztun kopuru aldetik tamaina ertainekoa den gurea bezalako hizkuntza baten kasuan.
Artikuluan esaten den bezala, dibertsitate honen aldeko eta munduko botere nagusietatik bultzatzen den homogeneizazio linguistikoaren aurkako hausnarketa sakonak egin dituzten pertsonen artean dago Pier Paolo Pasolini. Erreferentzia hori buruan hurbildu nintzen aurreko batean Donostiako San Telmo Museoan dagoen “Pasolini: Roma” erakusketara. Ederra benetan. Bertan, zati oso bat Pasoliniren pentsamendu linguistikoari eskainita dago. “Dialektoa, hizkuntza eta estiloa” artikulua esate baterako. Ezin baitugu ahaztu bere lehen poesiak friulieraz idatzi zituela, haurtzaroa eman zuen Italia ipar ekialdeko hizkuntzan. Edo 1947. urtean Academiuta aldizkarian argitaratu zuen Kataluniako poeten antologiaren inguruan idatzi zituenak. Pasolini herri hizkeraren aldeko militantea ere izan baitzen, besteak beste.
Euskararekiko eta hizkuntzekiko maitasuna darie, aurten 100 urte beteko dituen euskara batuaren aitapontekotzat jo genezakeen Koldo Mitxelenaren idatziei. Garbi zuen berak, batasuna ezinbestekoa zela, eta horrek gure ondare linguistikoan galerak ere ekarriko zituela. Agian, horregatik bultzatu zuen “Orotariko Euskal Hiztegia” ere, gure aberastasun eta aniztasun linguistikoaren gordailu paregabea.
Garai hartako batuaren aldekoen eta aurkakoen arteko enfrentamendu gogorren ondorioz, tamalez, asko izan ginen herri hizkeretatik urrundu ginenak. Gerora ohartu ginen euskara estandarrak, eta euskara biziek eta herri hizkerek, elkar elikatu behar dutela.
Eta hala ere, ez nuke esango jendea orohar euskalki zalea denik, bere txokoko euskara zalea baizik. Zenbatek egiten du ahalegin txiki bat, batuaz idatzita egon arren, berea ez den euskalkien oihartzuna duen egileren bat irakurtzeko. Zergatik zaie horren zaila iparraldeko idazleei muga gainditzea? Ez al da, besteak beste, jende horrekin harreman gutxi dugulako?
Kepa Altonagak ere sakon maite ditu euskara eta bere aniztasuna. Eta hizkuntzarekiko eta itzulpengintzarekiko kezka txikiena duten guztiek irakurri beharreko “Back to Leizarraga” bere azken liburuxkan, gure hizkuntzaren eta prosa zientifikoaren zehaztasun terminologikoa eta kontzeptuala doitzeko purismoa alde batera utzi behar dugula argudio zorrotz eta sakonez defendatu eta gero desideratum honekin ematen dio amaiera liburuari: “kontua litzateke irakurleak heztea euskara errazaren urmaeletik haratago ausart daitezen”.
Izan ere, gure hizkuntzaren zenbat eta baliabide, ñabardura eta osagai gehiago ezagutu, orduan eta adierazkorragoa eta aberatsagoa izango da gure mintzoa eta gure pentsamendua. Eta zenbat hizkera gehiagotako euskaldunak ezagutu, zenbat eta hizkuntza gehiagotako jendea ezagutu, jende hori maite badugu, beraien hizkerak eta hizkuntzak ere maitatu beharko ditugu. “A mí el euskera no me interesa esaten duenak” “A mí vosotros no me interesáis” ere esan nahi baitu. Eta “Euskara” jarri dudan lekuan, nahi duzuen hizkuntza, euskalki edo hizkera jar genezake.
“PENSAR EN VERS” Mediterràniako bertsolaritzaz
2014-11-01 // Kultura, Nazioartea // Iruzkinik ez
Josep Vicent Frechinak Caramella argitaletxean aurten kaleratu duen liburu honek bat-bateko kantuak Mediterrànian izan duen eta duen garrantzia eta paper soziala aztertzen ditu, liburuarekin batera, adibideak biltzen dituen CDa dakarrelarik.
Liburuaren lehen zatian bat-bateko kantuak gizarte tradizionaletan bete izan dituen funtzioak eta bere ezaugarri nagusiak zehazten ditu. Euskal Herriko bertsolaritzari buruz duen ezagupen sakonaz baliatuz, gainera, hemengo bertsolariei nahiz ikerlariei buruzko aipamenak maiz tartekatzen ditu. (gehiago…)
“Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua
2014-10-05 // Soziolinguistika // Iruzkinik ez
Hauxe duzue “Bai Euskarari” Ziurtagiriaren Elkarteak emandako “Bai Euskarari” Laguna saria jasotzean irakurri nuen testua.
“Bai Euskarari Laguna” Saria eman zidatela esan zidatenean lotsa sentitu nuen, batez ere lan-taldean egin izan ohi dudalako lana eta beti pentsatu izan dudalako, aurpegia erakustea egokitu zaigunok, dagokiguna baino eskertza gehiago jasotzen dugula, askoren meritua diren proiektu edo programengatik. Horregatik sari hau bada, urteotan inguruan izan ditudan lankide guztiena ere. Eta une honetan bereziki Tribuaren berbak saioko lankideena.
Inor ez baita iristen inora bakarrik, eta bidean era askotako laguntzak jaso badaitezke ere, badira batzuk bereziak, ezinbestekoak. Gertukoenen babesik gabe ez baitago urrun iristerik. Nik ere, asko zor diet, txikitatik euskara bera eta euskararekiko maitasuna transmititu didaten gurasoei, bereziki guraso erdaldunak izan eta euskara Berrobiko kalean ikasi zuen amari.
Eta gaur ez nintzen hemen egongo, etxean beti jaso dudan bultzada, laguntza kritikoa eta pazientzia historikoa jaso ez banitu. Ez baita beti erraza, zerbitzari bezalako saltsabandera batekin teilatupea konpartitzea. “Amozubel” erresumakoena ere bada sari hau.
Baina esan behar dut sari honek batez ere, poza, poz handia eta emozioa eragin dizkidala. Pentsatzen dudalako, urte hauetako lanaz gain, lan honen azpian dagoen filosofia eta izpiritua ere saritu direla: Euskararen aldeko konpromisoa eta lana modu baikorrean bideratzea. Euskara, pozerako eta jolaserako tresna gisa ikustea. Konfrontaziorako armatzat baino, elkarbizitzarako oinarritzat hartzea. Euskara denona dela eta gure tribuan kolore eta pentsakera guztietako jendearentzat lekua dagoela sinistea. Euskaltzale guztiok eroso sentitu ahal izango garen espazioak sortzen saiatzea. Biktimismo eta ezkortasun guztien gainetik eta oztopo eta eraso guztien azpitik, hizkuntzaren aldeko jarrera irmo bezain zabala mantentzea, errealista bezain animosoa, kezkatua bezain itxaropentsua..
Urte hauetan euskararen alde gogoz eta indartsu ari den jende ugari ezagutu dut, nekeak neke, aurrera egiteko ilusioa mantendu duena. Egitasmo interesgarri eta erakargarriak, baita tribukide sortzaile eta ekintzaile asko eta asko… Niretzat ohorea da gaurko saria horietako birekin jasotzea: 80ko hamarkadaren hasieran ezagutu nuen lehen gasteiztar euskaltzalea: Kepa Mendia! Eta euskal herritar berriak euskarara ”ez hurbildu” baizik eta euskaran sar daitezen sekulako lana egiten ari den Petra Elser.
Eta ohorea da saria zuekin jasotzea!”Bai Euskarari” Ziurtagiriaren sari banaketa honetara bildu zareten enpresa, elkarte eta erakundeetako ordezkariekin. Hemen, ilusioa eta gogoa arnasten dira!
Eta nahiz eta batzutan nekea eta frustrazioa sumatu, esan behar dut, inguruan eta azken urte honetan ”Tribuaren berbak” programari esker ezagutu ditudan leku gehienetan, batez ere ilusioa, gogoa eta indar handia sumatu ditudala. Horregatik sinesten dut herri honek eta euskarak aurrera egingo dutela, egingo dugula.
Eta gainera, sinistuta nago, une hau oso garrantzitsua dela euskararen normalizazioari begira. Horregatik uste dut, Euskalgintza sozialaren eta instituzionalaren arteko elkarlana sakontzeko unea dela. Euskararen aldeko akordio sozio-politiko zabalen unea. Hizkuntza politikak areagotzeko unea. Euskal gizartean -eta lan munduan- erabileraren aldeko dinamikak indartzeko momentua. Gure diskurtsoak eta praktikak egokitu eta zabaltzeko unea. Euskararen aldeko motibazio sozialak indartu eta urrun dagoen jende asko euskarara erakartzeko unea. Euskarak bere lurralde osoan behar duen babes politiko-legala bermatzeko garaia.
Aukera historiko baten aurrean gaudela uste dut eta ezin dugu alferrik galtzen utzi. Horretarako, ordea, euskaltzale guztiok norabide berean jokatu behar dugu, hizkuntzaren alde aktibatuta, beti gogoratuz gehiago dela batzen gaituena, banatzen gaituena baino.
Eta hau guztia euskaraz bizi nahi dugulako, baina batez ere euskaraz gustura, elkarrekin, modu irekian eta alai bizi nahi dugulako!
Bai euskarari! Milesker!
PD: Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet “Bai Euskarari” Ziurtagiriaren Elkarteko guztiei eta Arteman Komunikazioari antolatutako ekitaldi eder eta hunkigarriarengatik. Irakurritako hitzak, aspaldi mugitzen ez nuen blogera ekartzea erabaki dut, besteak beste, ekitaldia gure etxeko “ertainak” aurkeztu behar zuela jakin nuenean hartu nuen ezusteko gozoak ez baitzidan utzi prestatua nuen testu hau behar bezala irakurtzen.
‘Maisu-maistrak eta ministroak’ eta beste hamairu txiste
2013-12-02 // Txisteak, Umorea // Iruzkin bat
MAISU-MAISTRAK ETA MINISTROAK
Maisu-maistra hitzak latineko magister hitzetik datoz, eta hura magis adjektibotik. Magis adjektiboak, berriz, hau esan nahi du: (zerbaitek/norbaitek baino) gehiago. Magister, beraz, honela definitu genezake: bere ezaguerak edo trebetasunak direla medio, besteen gainetik dagoena edo nabarmentzen dena. Adibidez, magister equitum (Erroma zaharreko zalditeriaren burua) edo magister militum (Buruzagi militarra).
Ministro hitza berriz, minister–etik dator, eta hura minus adjektibotik: (zerbaitek/norbaitek baino) gutxiago, alegia. Minister ziren, esate baterako, trebetasun edo ezaguera berezirik ez zuten zerbitzariak edo menpekoak.
Latinak argitzen digu, beraz, zergatik izan daitekeen edozein txoro edo txolin ministro, baina ez maisu edo maistra!
(ARGIAren 2.393. alean argitaratua)
ZERBITZU SEKRETUAK
Mosad-eko Aliza Halevi oso emakume zuhurra zen. Kairon zerbitzu batean zegoela taxi bat hartu zuen. Barrura sartu eta taxilariak: (gehiago…)
Gerra hotsak komikietan
2013-11-23 // Komikiak, Nazioartea // 5 iruzkin
Nazioarteko hainbat gatazkatara hurbiltzeko ez ohiko bide bat erabili dut azkenaldian: komikiak. Txetxeniako, Irakeko, Chiapaseko eta Afghanistango gatazkak oso ikuspegi desberdinetatik jorratzen dituzten 4 komiki izan ditut eskuartean. Gerra hotsak eta gerraren kontrako oihuak entzungo dituzue, berauek irakurriz gero.
Chroniques du proche étranger en Tchétchénie: Rash eta Tamada. Vertige Graphic. Paris. 2007
“Inguxetia, 200ko uztaila. 150.000 errefuxiatu txetxeniar baino gehiago bertan zain, osasun eta baldintza material ezin okerragotan. Jazarriak, gabezia erabatekoan, duintasunez diraute.” Lehen orrietan zehar bidelagun izango ditugun aiton-amonek, herri txetxeniarraren historia gertua deskribatuko digute. Lagungarri gertatuko zaizkigu, gainera, liburuan tartekatzen diren aipu historikoak: « Zin dagizuet ez dudala atsedenik hartuko txetxeniar batek bizirik dirauen bitartean » (Ermolov generalak Alexander Tsarrari 1818an). Hala jakingo dugu, beste gauza askoren artean, 2. mundu gerran, Reichstag-en bandera komunista jarri zuen soldadua txetxeniarra zela, baina aski errusiarra ematen ez zuenez argazkia trukatu egin zutela.
Ondoren, laguntza humanitarioa eramatera joandako mediku frantses gazte bat eta bere laguntzaile txetxeniarra ezagutuko ditugu eta beraiekin orrietan aurrera egin ahala, Grozni ameskaiztoa bilakatuko zaigu, nahiz eta ankerkeria, gizagaldu eta basakeriarik handienen ondoan, gizatasun handiko egoerak eta pertsonak ere erakutsiko zaizkigun. Hiriaren suntsipena, munduaren isiltasun konplizearen ondorio gisa ikusiko dugu, txetxeniarren sentipen etsituak jasoz : « Txetxenia hilabetean eraisten badugu, mendebaldea ez da jabetu ere egingo » zioen Mikhailov general errusiarrak, eta historiak eta Europaren isiltasunak arrazoia eman diote.
Txuri-beltzaren erabilerak eta orri osoko marrazki ñabarduraz beteek historiari dramatismoa eransten diote (Comès-en « Silence » edo « La Belette » dakartzate gogora).
Anne Nivaten sarrerak zabaltzen du liburua: ” ‘No CNN, no war’ esan nuen zuzenean CNNek gonbidatu ninduen batean, ausentzia hau kritikatzeko. Ez naute gehiago gonbidatu”. Eta gerraren kronologia zehatzak ixten.
ZAPATA, en temps de guerre : Philippe Squarzoni. Delcourt. Ligugé. 2012 (gehiago…)
Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako
2013-09-11 // Kultura, Nazioartea // Iruzkin bat
LAX’N’BUSTO
Abestia: T’ESTIMO MOLT (“Maite zaitut” abestiaren bertsioa)
Diskoa: LAX’N’BUSTO A L’APOLO – 2009
MANEL
Abestia: BENVOLGUT (Maitea)
Diskoa: 10 MILLES PER VEURE UNA BONA ARMADURA (10 milia armadura on bat ikusteko)- 2011 (gehiago…)
Sarrionandiaren pentsakera soziolinguistikoa “Moroak gara”n (eta II)
2013-09-05 // Kultura, Nazioartea, Soziolinguistika // 2 iruzkin
Bigarren post honetan, liburuaren azken ataletan jasotako ideiak bilduko ditugu.
Amazigh bandera
‘Berdintasuna eta homogeneizazioa’z diharduen 25. atalean, Frantziak eta Espainiak garatutako politika akulturatzaileak deskribatzeaz gain, lehenengo nazionalismoaren oker linguistikoak aztertzen dira, tartean euskalgintzaren gaur egungo planteamenduak berpentsatzeko parada eskaintzen duten hausnarketa interesgarriak eginez: “Elebitasuna ezinezkoa delako axioma gainditu dela ematen du, hizkuntza aniztasuneko egoeraren abantailei eta zailtasunei begiak itxi beharrik gabe. ‘Beste hizkuntza’ lurperatzeko gogo hori indargabetu egin dela esan daiteke, askatasunaren eta bizikidetasunaren mesedetan. Euskaldunen artean, propioaz gainera, hizkuntza guztiak duin eta laintzat hartzeko joera zabaldu da”.
‘Asimilazioa, insertzioa eta integrazioa’ dira 26.ean sakontzen diren kontzeptuak. “Mundua lasaiago biziko litzateke naziotasuna ere modu demokratikoan erabakitzeko modurik balego, negoziazio eta akordio bidez” irakurtzen dugu. Interesgarria da oso Pierre Bourdieuren ‘biolentzia sinbolikoa’ren inguruan idatzitakoa. Hala deitzen zaio, menperaketa egoera lazgarriak normalizatu eta naturalizatzen dituen menpekotasun ez kontziente barneratuari. (gehiago…)
Sarrionandiaren pentsakera soziolinguistikoa “Moroak gara”n (I)
2013-09-03 // Kultura, Nazioartea, Soziolinguistika // Iruzkin bat
Amaitu berri, oraindik ere aztoratuta nauka Sarrionandiaren liburuak. Boterea, politika, historia, hizkuntzak, kolonialismoa, filosofia, literatura… Gai ugari jorratzen ditu egileak, erudiziora hurbiltzen den datu emari oparo bat oinarri. Ukitzen dituen gaien inguruko informazio aberatsa eta zehatza eskaintzen du, baina joritasun hau ez da irakurketarako oztopo gertatzen, eta orrien itsasoan murgildu ahala, marea gorako uhinek nola, hondo sakonetik datozen hausnarketa, proposamen eta ideiek blaitzen zaituztela sentitzen duzu. Gutxi, hau bezalako liburu oso eta iradokitzaileak.
Pedro Hilarion Sarrionandiak idatzitako amazigeraren lehen gramatika abiapuntu, “botereari eta giza askatasun debekatuari buruzko erreflexio” sakona idatzi du egileak, “normalizazioaren ideia zalantzan ipini” asmoz, Argian egin elkarrizketan aipatu bezala. Liburu politikoa da eta politikari buruzkoa, hitzaren zentzurik sakonenean.
Pedro Hilarion Sarrionandia
XX. mendeko Afrika Iparraldeko kolonizazioa eta gerrak ditu aztergai Sarrionandiak, begirada tamazigengan fokatzen duela. Euskaldunok gerra horietan izandako partehartzea ere aztertzen du eta baita Afrikako gerrak Espainiako gerra zibilean izan zuen eragina edo Arjeliakoak Iparraldeko abertzaletasunean izandakoa. Egunkariak, liburuak, bertsoak, argazkiak, mapak… Zail da imajinatzen nondik eta nola lortu duen horrenbeste material.
Azalpen eta hausnarketa horien artean, pentsamendu soziolinguistiko sakon, ausart eta berritzailea eskaintzen zaigu. Ondoko lerrootan, ideia nagusiak biltzen saiatuko naiz, nahiz eta jakin ez dela erraza halako saiakera bat laburtzea, bidean ekarpen eta ñabardura garrantzitsuak galdu gabe.
Amazigera, euskara eta beste
Liburuaren ardatz nagusietako bat, hizkuntzen arteko hierarkia eta botere-harremanak dira. Arabiera bera da horren adibide, izenak hizkera desberdintasuna estaltzen baitu: “Arabiera esaten denean, bi erregistro edo hizkuntza berezi behar dira: arabiera klasikoa eta herrialde bakoitzeko arabiera arrunta (…) Bi erregistro edo hizkuntzen arteko erlazioa diglosikoa izan ohi da” (57.o.). (gehiago…)
’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da
2013-08-23 // Nazioartea, Soziolinguistika // Iruzkin bat
1980an egin zen lehen Korrika Euskal Herrian. Harrez geroztik, Korrika eredutzat harturik, antzeko ekimenak sortu dira hainbat herrialdetan: Katalunian Correllengua (1997), Galizian Correlingua (2000), Bretainian Ar Redadeg (2008) eta Irlandan An Rith (2010).
Oraingo honetan, Gales izango da hizkuntzaren alde korrika abiatuko den herrialdea. ’Ras yr Iaith’ da galeseraren aldeko lasterketaren izena eta lehen edizio hau behintzat, 3 egunekoa izango da.
Artikulu hau idatzita geneukala, gaur bertan jakin dugu (abuztuak 23), antolatzaileen ohar bati esker, Irailaren 13tik 15era egin behar zen lasterketa atzeratu egin behar izan dutela, trafiko eta segurtasun arazoengatik eta irailerako pentsatuta zegoena datorren urteko udaberrian egin beharko dutela. Norbaitek joatea pentsatua bazuen, beraz, atzeratu egin beharko du bidaia.
Hiru etapa horietan, Cymru (Gales) mendebaldeko kostaldea zeharkatuko dute korrikalari edo rasyriaithlariek. Machynlleth-en dagoen Parlamentuaren eraikina izango du abiapuntu Ras yr Iaith-ek, eraikin honetan koroatu baitzuten Owain Glyndŵr, Gales independentearen printze, 1404. urtean. Amaiera, berriz, Cardiganeko gazteluan emango zaio. Leku honek ere indar sinboliko handia du, bertan egin baitzen poesia eta musika galesaren lehen Eisteddfod txapelketa-jaialdia 1176. urtean.
‘Ymlaen, Ymlaen’
Lehen Ras yr Iaith honek abesti propioa izango du: “Ymlaen, Ymlaen” (Aurrera, Aurrera) izenburua duen kanta eder eta alaia. Abestiaren hitzak eta musika, Dewi ‘Pws’ Morris kantari galestar ezagunarenak dira. Ikus ezazue bideoa, merezi du eta:
Hona bideoa:
(gehiago…)
Paradigma berrien beharra 30 urteren ondoren
2013-08-04 // Soziolinguistika // Iruzkinik ez
Duela 30 urte “Tolosan Euskaraz” jardunaldietan Iñaki Larrañagak egindako euskararen egoeraren irakurketa kualitatiboak izan du segidarik Twitterren, Argiako blogean eta Zuzeun. Gaiak sortu du interesa eta 30 urte hauetan egindakoaren irakurketaz gain, aurrera begirako hausnarketa eragin du.
Ez da harritzekoa. Izan ere, gehienak –publikoki esan ala ez- bat gatozelako aitortzean aurreratu dugula, aurretatu dugunez, baina bestalde, gehienok uste genuen gehiago lortuko genuela eta gehienok uste dugu gehiago eta hobeto egin zitekeela. Eta azken boladan jasotzen ari garen datu berriek, ez gaituzte lasaitu, hizkuntza normalizazio prozesua moteltzen ari dela adierazten dutelako. Geldialdi hau, testuinguru sozio-politiko-ekonomiko guztiz berri batean ari da gertatzen, gainera. Fase aldaketa orokor honen barruan, gero eta nabarmenagoa da hizkuntza politikak eta euskalgintza berpentsatu beharra. Kontzeptuak, interpretazio-eskemak, diskurtsoak, lehentasunak, erritmoak eta hizkuntza politikak sakonki astintzeko, eraberritzeko eta indartzeko garaiak dira. Fase berri batean gaudela inor gutxik jarriko du zalantzan. Baina, gauza bera esan al genezake euskarari dagokionez?
Uste dut hausnarketa hau gero eta zabalagoa dela euskalgintzan. Horren adibide esanguratsua da Iñaki Martinez de Lunak aurtengo BAT aldizkariaren 86. alean landuriko “Euskararen framing berriaz” proposamena. Hurrengo batean aztertuko dugu bere planteamendu landu, teorikoki ongi oinarritu eta guztiz interesgarria. Baina gaur nabarmendu nahi nuke, orain arte gurean nagusi izan diren “framing”ak gainditu eta berri batera igarotzeko egiten duen proposamenaren inguruan, oinarrizko adostasunerako baldintzak soma daitezkeela Patxi Bastarrikak, Xabier Erizek, Mari Jose Azurmendik eta Paul Bilbaok txostenaren inguruan eginiko hausnarketetan. (gehiago…)