Algara, edo ez gara
Hasiera » Soziolinguistika » Hizkuntzak maite dituen jendea
Ira09 0

Hizkuntzak maite dituen jendea

Atalak: Soziolinguistika

Hizkuntzak maite dituen jendea… eta maite ez dituena

(2015-IX-09an Info7-ren “Gureaz blai” saioan irakurritako testua)

Irakurri nuenean atentzioa eman zidan Marti Caussak “Viento Sur” aldizkarian argitaratutako artikuluak. Bai izenburuak “(y otra que no)” eta baita edukiak ere. Galdera iradokitzaile honekin hasten zuen artikulua: “Zerk bultzatzen du hainbat jende, bereak ez diren hizkuntzak maitatzera?”.

Asko gara beste hizkuntzak ikasi ditugunak. Baina maite ditugu? Galderak ertz asko ditu: hasteko, zein da gure hizkuntza, edo gure hizkuntzak? Dakizkigunak? Hitz egiten ditugunak? Gureak sentitzen ditugunak? Zenbat dira Euskal Herriko hizkuntzak? Historian zehar beti berdinak izan al dira? Garbi dago euskara badela… Baina zein neurritan da euskara, jakin eta ia inoiz erabiltzen ez duen pertsona baten hizkuntza? Eta zein neurritan maite duen baina ikasi ez duen batena? Gaztelania besterik hitz egiten ez duten hegoaldeko herritarren hizkuntza zein da? Eta esan liteke hori ez dela Euskal Herriko hizkuntza? gero eta euskal herritar gehiagoren hizkuntza diren arabiera, errumaniera edo amazigha zein neurritan dira Euskal herirko hizkuntza? Eta zein neurritan gure?

Bestalde, zer da gureak ez diren hizkuntzak maitatzea? Besteen hizkuntzak jakitea eta maitatzea, ezer bada, ez al da aniztasuna eta desberdintasuna maitatzea? Ez al da elkartasuna eta zabaltasun jarrera bat? Hizkuntzak maitatzea, azken batean, jendea maitatzea baita; den bezalakoa.

Artikuluaren egileari horregatik zaizkio kezkagarriak hizkuntzen galera eta barne homogeneizazioa, kulturen, janzkeren, jateko ohituren eta bizimoduen homogeneizazioekin bat datozelako. Jendearen akulturazioa bultzatzen duen prozesu baten ondorio direlako. Hizkuntzak, hizkerak, dialektoak, ñabardurak, azentoak, galtzen ari dira bazter guztietan. Horregatik hizkuntzak maite dituen jendeak, lehentasunez, bere hizkuntzaren aldeko hautu kontzientea egin behar du.

Seguruenik horixe da euskaldunok XXI. menderako dugun erronkarik handiena eta munduari egin genezaioekeen ekarpenik ederrenetako bat: euskararen normalizazio prozesu arrakastatsua lortzea eta berau bideragarri egitea Euskal Herri barruko hizkuntza aniztasunaren errespetuarekin.

Ez dugu lanbide erraza, bai ordea, motibagarria eta kitzikagarria, inon gutxitan lortu baita horrelakorik, eta are gutxiago, besteengandik horren desberdina eta hiztun kopuru aldetik tamaina ertainekoa den gurea bezalako hizkuntza baten kasuan.

l_pasolini-romaArtikuluan esaten den bezala, dibertsitate honen aldeko eta munduko botere nagusietatik bultzatzen den homogeneizazio linguistikoaren aurkako hausnarketa sakonak egin dituzten pertsonen artean dago Pier Paolo Pasolini. Erreferentzia hori buruan hurbildu nintzen aurreko batean Donostiako San Telmo Museoan dagoen “Pasolini: Roma” erakusketara. Ederra benetan. Bertan, zati oso bat Pasoliniren pentsamendu linguistikoari eskainita dago. “Dialektoa, hizkuntza eta estiloa” artikulua esate baterako. Ezin baitugu ahaztu bere lehen poesiak friulieraz idatzi zituela, haurtzaroa eman zuen Italia ipar ekialdeko hizkuntzan. Edo 1947. urtean Academiuta aldizkarian argitaratu zuen Kataluniako poeten antologiaren inguruan idatzi zituenak. Pasolini herri hizkeraren aldeko militantea ere izan baitzen, besteak beste.

Euskararekiko eta hizkuntzekiko maitasuna darie, aurten 100 urte beteko dituen euskara batuaren aitapontekotzat jo genezakeen Koldo Mitxelenaren idatziei. Garbi zuen berak, batasuna ezinbestekoa zela, eta horrek gure ondare linguistikoan galerak ere ekarriko zituela. Agian, horregatik bultzatu zuen “Orotariko Euskal Hiztegia” ere, gure aberastasun eta aniztasun linguistikoaren gordailu paregabea.

Garai hartako batuaren aldekoen eta aurkakoen arteko enfrentamendu gogorren ondorioz, tamalez, asko izan ginen herri hizkeretatik urrundu ginenak. Gerora ohartu ginen euskara estandarrak, eta euskara biziek eta herri hizkerek, elkar elikatu behar dutela.

Eta hala ere, ez nuke esango jendea orohar euskalki zalea denik, bere txokoko euskara zalea baizik. Zenbatek egiten du ahalegin txiki bat, batuaz idatzita egon arren, berea ez den euskalkien oihartzuna duen egileren bat irakurtzeko. Zergatik zaie horren zaila iparraldeko idazleei muga gainditzea? Ez al da, besteak beste, jende horrekin harreman gutxi dugulako?

back to leizarragaKepa Altonagak ere sakon maite ditu euskara eta bere aniztasuna. Eta hizkuntzarekiko eta itzulpengintzarekiko kezka txikiena duten guztiek irakurri beharreko “Back to Leizarraga” bere azken liburuxkan, gure hizkuntzaren eta prosa zientifikoaren zehaztasun terminologikoa eta kontzeptuala doitzeko purismoa alde batera utzi behar dugula argudio zorrotz eta sakonez defendatu eta gero desideratum honekin ematen dio amaiera liburuari: “kontua litzateke irakurleak heztea euskara errazaren urmaeletik haratago ausart daitezen”.

Izan ere, gure hizkuntzaren zenbat eta baliabide, ñabardura eta osagai gehiago ezagutu, orduan eta adierazkorragoa eta aberatsagoa izango da gure mintzoa eta gure pentsamendua. Eta zenbat hizkera gehiagotako euskaldunak ezagutu, zenbat eta hizkuntza gehiagotako jendea ezagutu, jende hori maite badugu, beraien hizkerak eta hizkuntzak ere maitatu beharko ditugu. “A mí el euskera no me interesa esaten duenak” “A mí vosotros no me interesáis” ere esan nahi baitu. Eta “Euskara” jarri dudan lekuan, nahi duzuen hizkuntza, euskalki edo hizkera jar genezake.

Iruzkina idatzi Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Kike Amonarriz

Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.

Azken bidalketak

  • Hizkuntzak maite dituen jendea
  • “PENSAR EN VERS” Mediterràniako bertsolaritzaz
  • “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua
  • ‘Maisu-maistrak eta ministroak’ eta beste hamairu txiste
  • Gerra hotsak komikietan

Iruzkin berriak

  • Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
  • Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
  • Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
  • patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
  • Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan

Artxiboak

  • 2015(e)ko iraila
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa

Kategoriak

  • Hedabideak
  • Hezkuntza
  • Komikiak
  • Kultura
  • Nazioartea
  • Sailkatugabeak
  • Soziolinguistika
  • Txisteak
  • Umorea
  • Zinema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA