Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
Baltsan eta Frisian, euskaraz bizi nahi dugulako
Atalak: Soziolinguistika
Ziburuko Baltsan elkarteko lagunak. Argazkia: Kazeta.info-tik hartua.
Baltsan esaten omen diote Ziburuko arrantzaleek norberak harrapatutako arrainak komunean jartzeari ondoren banatzeko. Pikniketarako ere balio omen dezake Ladix Arrosagarai adiskideak fin-fin azaldu zidan bezala.
Pantzo Hirigaraik eta biok ere baltsan egin nahi izan genuen Ziburuko Baltsan elkarte berriaren zabaltze-ekitaldietan, igande arratsaldean “Bidaso biga so” ikuskizuna eskainiz. Eguraldi txarrari aurre eginez 80 lagun inguru bildu ziren elkarte berriaren areto handian. Ikusleen artean haurrak, gazteak, helduak eta helduak baino helduagoak! Zinez poztekoa eta eskertzekoa da horrelako elkarteak sortzea, euskararen eta Euskal Herriaren kontzientzia pizteko eta zabaltzeko! Bizi luzea Baltsan elkartearentzat!
Aurreko astean, berriz, baltsan jarri genituen gure ezagupenak eta esperientziak hizkuntza komunitate desberdinetako partaideek Frisian. Ostegunetik igandera bitartean, euskaldun talde bat izan gara, Mercator erakundeak gonbidaturik. Mercator, Eleaniztasunaren eta hizkuntza irakasketen Europako ikerketa zentroa da eta bere hiru egoitza nagusietako bat Ljiowert-en dago, Frisiako hiriburuan.
Erakunde honek, Fryske Akademyk –bertako hizkuntza erakunde nagusia- eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Departamenduak urtero Mintegi bat antolatzen dute gai zehatz baten inguruan eta aurtengoa “Hizkuntza minorizatuak eta sare sozialak” izan da.
Inguruan Frisiara nindoala esan dudanean jendeak bi galdera egin izan dizkit: non dago hori? Eta hor zein hizkuntza hitz egiten da bada? Frisiera hizkuntza germanikoa da, ingelesetik gertu dagoena. Batez ere Herbereetako iparraldean mintzo da, baina badira beste bi komunitate txiki ere, bata Danimarkan eta bestea Alemanian, desagertzear badaude ere. 650.000 biztanle bizi dira Frisian. Horietatik bi herenek ongi hitz egiten dute eta %85 ulertzeko gai da. 400.000 biztanle inguru dituen hizkuntza komunitatea da beraz.
“Praat Mar Frysk”, frisieraz egin dioen ikurra.
Mugimendu politiko nazionalistarik apenas dagoen arren, hizkuntzaren aldeko herritarren jarrerak, atzerapen prozesua galgatu eta frisiera indarberritzen hastea ekarri dute, euskarak Autonomia Erkidegoan duen onarpen maila oraindik lortu ez badute ere. 2001etik aurrera frisiera erabil daiteke ekintza ofizialetan eta udalerriek ere erabil dezakete ofizialki, egunotan ikusi ahal izan dugunez, erabilera hori oso eskasa izan arren. Irakaskuntzan ere badu sarbidea, baina ez oso zabala oraindik ere. 2005ean minoria nazional gisa onartuak izan ziren. Kulturan eta bizitza sozialean presentzia zabala du, euskarak oro har duen erabilerara hurbiltzen ez bada ere. Horregatik ari dira bultzatzen erabilera sustatzeko kanpainak. Horien artean oraintxe “Afûk” frisieraren aldeko mugimenduak martxan duena: “Praat Mar frysk!” -frisieraz egin!, alegia.
Europa osoko hizkuntza minoritarioen ordezkariak bildu gara bertan. Denek jakinminez entzun dituzte euskaldunon mintzaldiak: Maite Goñi, Euskaljakintza web gunearen esperientziaz, Garbiñe Bereziartua, gazteen erabilera idatziaren inguruan eta neroni, XXI. mendeko gazte hizkerei eta hizkera gazteei buruz.
Galesak somatu ditugu berriro ere gure egoeratik gertuen. Sare sozialen erabileraren inguruan emandako datuak gureen oso antzekoak dira. Eta niretzat harrigarria izan da, euskaraz ere oso ondo hitz egiten duen Elin Haf Gruffydd-ek, Galesko telebistaren inguruan aipatu dituen arazoak, kezkak eta erronkak, guk geuk Euskal Telebistaren inguruan ditugun ia berberak izan direla. Baina gai hori beste baterako.
Gai interesgarri eta lagungarri asko, euskaraz edo Europako beste hizkuntza minorizatuetan bizi nahi dugunontzat.
OHARRA: Euskal Irratietako Goizberri saiorako (12-12-05) prestaturiko testua da hau.