Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
Ustekabean, hiztunak galdu ditu galesak
Atalak: Soziolinguistika
Beti pentsatu izan dut euskaldunok Europan dugun hizkuntza komunitaterik antzekoa galesdunena dela eta Euskal Herrian ez ditugula behar bezala jarraitzen bertako bilakaera soziolinguistikoa eta galesaren aldeko ekimenak. Ia 600.000 hiztun (biztanleriaren %20 inguru), ingelesarekiko distantzia linguistiko handia eta hizkuntzaren berreskurapenaren aldeko dinamika sozial indartsua eta maila bateko babes instituzionala.
Horregatik nengoen abenduaren 11ren zain, egun horretan kaleratu behar zituztelako Galeseko (Cymru, galesez) hizkuntza egoerari buruzko 2011ko Zentsuaren datuak. Eta aurreikuspenetan, Galesaren ezagupenean hobekuntzak espero baziren ere, emaitzak bestelakoak izan dira. Office for National Statistics delakoak argitaratu dituen lehen datuen arabera: azken hamarkadan, hiztunak galdu ditu galesak. 2001ean, biztanleen %20,8 gai zen galesez hitz egiteko eta 10 urte beranduago proportzio hori %19,0ra jaitsi da. 582.000 hiztun 2001ean, 562.000 iaz. Nahiz eta orain jasotako datuak 1991koak baino hobeak izan (%18,7 eta 508.000 hiztun) alarma guztiak piztu dira galesaren aldeko sektoreetan.
Adinen araberako datuen irakurketak ere ez du lasaitasunerako aukerarik ematen, nahiz eta 3-4 urteko haurren artean hobekuntza handia gertatu hizkuntza ezagupenari dagokionez: galesdunak %18,8 izatetik, %23,3 izatera pasa dira. Hurrengo bi adin taldeetan aldiz, galera txikiak izan dira: 5-15 urtekoen artean 2001ean galesdunak %40,8 ziren eta 2011n %40,3 dira eta 16-19koen artean %26,7tik %26,0ra jaitsi dira. Beste multzoen artean, galerarik izan ez duen adin tarte bakarra 20-44 urtekoena izan da: %15,5etik %15,6ra pasa dira galesdunak.
Kezkatzeko beste datu bat honako hau da: hiztunen galera Galesko eremu geografiko osoan gertatu dela, baina nabarmenagoa izan dela, galesaren ezagupen maila altuko zonaldeetan.
Datuekin amaitzeko, 2011n, %73,3k esan du ez dela galesez hitz egiteko gai, 2001ean proportzio hori %71,6koa zelarik.. Elebidun pasiboak aldiz (hitz egiteko gai ez izan arren, ulertzeko gai direnak) %4,9tik %5,3ra igo dira.
Galesaren ezagupenaren banaketa (Arg: Wikipedia)
Orokorrean, garbi ikusten da galesa berreskuratzen ari dela: gazteenak baitira hizkuntzaren ezagupen proportziorik altuenak dituztenak, baina 10 urteetan ezagupenean hobekuntza nabarmenik lortu ez izanak, egindako bidea berrikusi beharra dakar eragile askoren ustez.
Joan den abenduaren 8an Galeseraren aldeko Cymdeithas yr Iaith Gymraeg erakundearen buru aukeratu zuten Robin Farrar-ek dioenez “Galesak krisi bati egin behar dio aurre”. Zentsuko datuen inguruan egin dituen adierazpenen artean, esaldi hauek aukeratuko ditut: “Galesaren etorkizuna, galesdunen hizkuntza komunitatearen baitan dago. Garrantzitsua dela uste badugu, ekin egin behar dugu”. “Hizkuntza ez da lehentasuna Galesko Gobernuarentzat eta honek aldatu egin behar du”. “Gure ustez, Galesko biztanle gehienok, galesez bizi ahal izango dugun herri bat nahi dugu”. Euskaraz jarrita, gureak ematen dute esaldiok, ezta?
Leanne Wood, Plaid Cymru alderdiko liderrari berriz, hitz hauek irakurri dizkiogu: “Segurtatu behar dugu galesa ez dela bakarrik ikasgeletan erabiliko, baizik eta etxean, lantokian, egoera sozial desberdinetan eta Galesko eremu osoan zehar”.
Galera hau azaldu dezaketen faktoreen artean eztabaida handia dago. Baina analisi hori egiteko denbora gehiago beharko dugu eta beste batean helduko diogu.