Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
Ongi etorri Korsikara! (Txisteez eta komikiez)
Atalak: Komikiak, Txisteak, Umorea
KORSIKARRAK KONTINENTEAN
“Bienvenue chez les corses” liburuko bineta
Beren bizitza guztian irlatik atera ez diren bi korsikar lehenengo aldiz iritsi dira kontinentera. Bertara ekarri dituen itsasontzitik atera, eta kaitik barrena tren geltokirik gertuenera doazela, bietako batek trafiko-seinale edo pano bat ikusi du:
“Arriskua-Lanak!”
Eta orduan, zeharo aztoratuta, besteari:
– Ikusi al duk? Hemen gutxienez ohartu egiten gaitiztek!
Handik gutxira, eraikin baten atariko plaka batean:
“M. Beutri: Lan-medikuntza”
– Hori duk hori! Hauek oso garbi zeukatek lana gaixotasuna dela!
(ARGIAren 2.350 zenbakian argitaratua)
Korsikarren inguruko txisteak ohikoak dira frantsesezko txiste liburuetan. Beste herrialdeetako estereotipoekin alderatuko bagenitu, esango nuke, alferkeriarekin zerikusia duten mexikarren eta andaluziarren inguruko istorio asko errepikatzen direla orri horietan.
Korsikarrei buruzko txiste erdiak lanarekiko omen duten zaletasun eskasa dute abiapuntu. Aste honetako hau, adibidez. Baina horrekin batera, beste gai batzuk ere azaltzen korsikarren inguruko umorean: abertzaletasuna, antolaketa soziala, gatazka politikoa, kontinentearekiko urruntasuna, turismoa…
Gai horietako gehienak azaltzen ziren, aldez edo moldez, Asterix Korsikan komiki zoragarrian. Obelixek Okatarinetabelatxiktxik preso korsikarra erromatarren atzaparretatik askatzen duenean “Zer da Korsika?” galdetzen dio, eta hauxe korsikarraren erantzuna: “Korsika erromatarren ameskaiztoa da!”
Aurtengo udan, Korsika gai duen beste komiki bat argitaratuta da: Bienvenue chez les corses. Et bonne chance! (Éditions 12Bis). Gidoia Éric Fraticelli aktore bastiarrarena da. Hainbat filme, antzerki eta telesailetan aritutakoa da bera, aurrena « Tzek eta Pido » bikotean eta ondoren bakarka. Eta gai beraren inguruko antzerki obra ere badu. Marrazkiak berriz Donald Soffritti ilustratzailearenak dira. Karikaturatik ere baduen estilo garbi eta klasiko batean, Korsikan barneratuko gaitu bere pertsonaia xelebreen bidez.
Komikian Pruneau gendarmaren ibilerak kontatzen zaizkigu. Korsikako herrixka batera bidaliko dute, eta han berehala ohartuko da, « legea » eta « agintea » oso beste era batera hartzen direla eta irlako bizimoduak ikusteko gutxi duela kontinentekoarekin. Bizitza, asko korapilatuko zaio gainera, Pido, bertako buruzagi abertzale baten alabarekin maitemintzen denean.
Turistak, FLNCren erreklamazio bulegoa, familiak eta klanak, kontrolak, leherketak… Orri gehienak hasi eta amaitzen diren istorioak edo gag-ak dira. Erraz irakurtzen den umore zuri eta atsegineko komikia da, irribarretik barre algarara eramango zaituena. Irakurtzen ari zarela behin baino gehiagotan etorriko zaizkizu gogora Zaldi Eroaren « The organization »en komiki tira gogoangarriak.
Pido protagonistak lehen orrian dioen bezala, korsikarrak mundu guztia bezalakoak baitira, baina modu desberdin batean.