Bizkaieraren arrastoak dituen hizkuntza bat aurkitu dute Amazonian! (Abenduak 28ko Inozentada!)
Gaur goizeko 8retan jaso dugu deia Bogotatik: Australiako “Reseach Center for Endangered Languages” erakundeko bi hizkuntzalarik, orain arte ezagutzen ez zen Amazoniako tribu bat aurkitu dute eta ditugun datuen arabera, bizkaieraren arrastoak dituen hizkuntza bat hitz egiten dute.
Fred Martin eta William Taylor uztailean abiatu ziren oihanera, linguistikoki sailkatu gabeko tribuen bila, Mongabay web gunean, Cristóbal von Rothkirch-ek Río Puré Parke Nazionalean ezagutzen ez ziren tribu batzuei ateratako argazkiak ikusi eta berehala. Survival erakundeari esker, bagenekien zonalde horretan isolatutako indijena taldeak zeudela, baina ez zegoen garbi zenbat ziren, ez eta zein hizkuntzatan hitz egiten zuten.
Bart arratsaldean, William Taylor Bogotako Universidad de los Andes-eko Antropologia Sailean lanean ari den euskaldun batekin jarri zen harremanetan, aurkitu zuten tribuan jasotako hitzen artean euskararen antz handia zuten batzuk jaso zituztelako. Taylor egona da Euskal Herrian eta korikosko (eskerrik asko) eta meska (neska) hitzak aipatu zizkion.
Oraindik bere izena publiko egin nahi ez duen antropologo euskaldun hau aspaldiko ezaguna dugu eta ahotsa dar-dar batean zuela jakinarazi digu, australiarrek hitz zerrenda luzea bidali diotela, indiarrek hitzak erabili dituzten egoerak azalduz eta beraien ustez izan dezaketen esanahia zehaztuz. Berak, behin eta berriz errepikatu digunez, hizkuntzalaria ez bada ere, argi eta garbi ikus daiteke hitz horietako batzuk euskara direla, eta zehatzago esanda, bizkaiera. Hona, aurrena telefonoz, eta mezu bidez ondoren, jaso ditugun hitzetako batzuk: berin (berba egin, hitz egin), laun (lagun), biaren (beharrean, lanean), ta (aita), ma (ama), gara (gaur) iara (bihar), an (jan), baia (ibaia), araia (arraina), bora (arbola), tori (etorri)…
Aukera honen berri eman zidan lehena Aitzol Barandiaran bertsolari eta lankidea izan zen. Udan kooperante gisa ibili da Kolonbian, bertako hizkuntzak sustatzeko helburuarekin eta hizkuntzalari kolonbiar batek esan omen zion, Amazonian bazela euskarazko hitzak erabiltzen zituen tribu bat. Berak ez zion jaramon handirik egin eta gogoan dut gaiaren inguruan jardun ginenean, nik neuk esan niola, euskararen inguruan aldian behin sortzen diren teoria bitxi horietako bat izango zela.
Iritsi zaizkigun berriek ordea, frogatutzat ematen dute ustea besterik ez zena. Informazioa oraindik urria bada ere, kontsultatu ditugun historialariek bi hipotesi aipatu dizkigute. Batzuen ustez, frogatutzat jo daiteke Lope de Agirrek, Marañon ibaia utzi eta Amazonasen sartu eta gero, soldadu euskaldun batzuk hainbat indijenekin batera abandonatu zituela zigor gisa, gaur egungo Leticia inguruan. Talde hark elkar ulertzeko pigdin moduko bat osatuko zuen (hizkuntza desberdinen arteko nahasketa) eta deskubritu berri den tribu hau, talde haren oinordekoa litzateke. Besteen ustez, tribu hau, 1622an Potosín euskaldunen eta vicuñatarren arteko liskarren ondorioz ihes egindako euskaldunen eta indiarren segida litzateke, Río Puréra nola iritsi diren garbi ez badago ere. Izan ere, Alfonso de Otazuk eta José Ramón Díaz de Duranak “El espíritu emprendedor de los vascos” liburuan (306. o.) dioten bezala “El vascuence jugaba un papel determinante como catalizador de las relaciones que se daban en el seno de la comunidad vasca de la villa imperial (Potosí)”.
Bada, gainera, atentzioa eman digun beste datu bat. “Pueblos originarios de América” lanean hiru tribuen izenak ageri dira Kolonbiako Río Puré inguruan: Yagua, Yukuna eta Tikuna. “–kuna” (= “-duna”?) atzizkia duten tribu izen bakarrak dira bi hauek, eta ez da asko pentsatu behar “Iukduna” eta “Tikduna” izan daitezkeen izen horiek “Euskalduna” hitzarekin duten hoskidetasunaz jabetzeko.
Aurkikuntza historiko honen inguruko informazio ofiziala publiko egin bitartean, jakin dezakegun guztia zuei helarazten saiatuko gara. Gaur arratsaldeko 6ak aldera datu gehiago izatea espero dugu.
eeeeii!!! ia ia sinistu dut! albistearekin txundituta gelditu naiz, aintzinako euskal misiolarien ondorengoak ote indigea hauek?? Eta orduan ze egun den konturatu naiz, jajajja,
bejondeizula!!
Redios!! En nuen hori ezagutzen… baina badakit askoz hurbilago badagoela beste tribu bat bizkaieraz aritzen dena, Gipuzkoako mendebaldean… Hainbat hitz euskarazkoaren parekoak dira, eta beste hainbat oso ezberdinak: hitzari berba, ileari ulea, lanari beharra…
Ondarrutarrren bariantea omen da, gainera. Hala diote elipsietaz arduratu dutenek.
Zer esan handia emango du Veleian.
Hala diote elipsietaz arduratu direnek (zuzendua)
Euskerak beste hizkuntzekin dituen lotureetaz barre egiten! Ariketa sanoa izango litzateke baldin eta beste nonbaiten modu normalez eta ikertzeko gogoz egingo balitz!
Imaginatzen duzue emakume bat feminismoaz barre egiten! matxismoa, noski, inoiz zalantzan jarri gabe! Bai Kike, hemen berdin!
Gauza jakina da euskaldunok egoera ezberdinetara moldatzeko dugun ahalmena. Adibidez Hondarribiko eta Ondarruko arrantzaleak elkarren artean komunikatzeko “kastillano” izeneko hizkuntza asmatu zuten, gerora munduan zehar bapo zabaldu zena.
Kar kar kar! Oso ona! Kikerena ez dut irentsi. Baina Xabik bai sartu didala ziria! Serio ari zela uste nuen!
Horrelakorik ez da egiten Kike! Nik arraso sinistua nuen, atzo ezagun batek aipatu zidan euskal arrasto batzuk aurkitu zirela, eta sarean sartu egin naiz dokumentua aurkitzeko eta informazioa egiaztatzeko. Eta horra hor, non ikusten dudan inozentada zela! hori pena! egia behar zuen! bertze batean izanen da, lastima!