Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
Umore beltz… beltza!
Atalak: Txisteak, Umorea
Duela hilabete batzuk, familiarekin Bordelera joan nintzen egun pasa eta Akitaniako Museoaren parean dagoen liburudendara sartu nintzen (nik ere baditut nire perbertsioak!). Liburuen artean, batek eman zidan atentzioa: “Humour noir” (Umore beltza) zuen izenburua. Eta ez gaia umore beltza zelako, egilea beltza zelako baizik! Iaz zendu zen Mouss Diouf komiko senegaldarra. Ez da hasiera txarra pentsatu nuen nire artean. Erosi, irakurtzen hasi eta hona, 55. orrian aurkitu nuen pasadizoa:
– Boli-Kostako jendarme batek auto gidari bat gerarazi du:
Irakurri orduko ohartu nintzen: baina istorio hau afrikarra al da? Pasadizo hau Lazkao Txikiri gertatutakoen artean klasikoenetakoa da eta!
Lazkao Txiki eta J.R. Galarragarekin batera 80ko hamarkadako txiste-afari batean
Benetan bitxia eta harrigarria egin zitzaidan Lazkao-Txikik berari gertatua bezala kontatzen zuen pasadizo hau Senegalgo umoregile batek Afrikan bildutakotzat aurkeztea. Hipotesiak? Nahi dituzuen guztiak! Zer esango ote zukeen Lazkaoko txiki handiak halakorik jakin izan balu?
Liburuan azaltzen diren txiste batzuk irakurrita ohartzen zara, zein esanahi desberdina hartzen duten zuri batek ala beltz batek kontatuta. Esate baterako hauek:
– Zer dira beltz batek dituen hiru gauza zuriak?
Begiak, hortzak…. Eta nagusia!
– Zer da beltz masokista bat?
Lana, bizi ahal izateko egiten duena.
– Zergatik dira antzekoak KuKuxKlana eta Nike marka?
Lasterka arinago eginarazten dietelako beltzei!
Gauza bera gertatzen da ”Chistes de vascos” horiekin. Oso esanahi diferentea hartzen dute euskaldun batek euskaraz kontatuta ala espainiar batek gazteleraz kontatua. Madrilen entzundakoa da hau:
– Josechu! Ba al dakizu munduan badirela beste kultura batzuk?
– Ah, bai? Eta zer altxatzen dute?
Hala zioen Dioufek liburuaren sarreran: Honako hau, beltzei buruzko umorea da, Afrikako kulturarekin zerikusia duena. Zehazkiago, Afrikako kulturarekin zerikusia duen imajinarioarekin lotua… Errealitatean ez baita erraza kanibal tribu bat aurkitzea!
Liburuan aurkitu ditudan txisterik onenetako batzuk honako hauek dira. Irakurketa bat baino gehiago egiteko aukera eskaintzen dute. Ea zuei zer iradokitzen dizueten.
Flandestarren eta waloien arteko liskarrak etengabeak ziren Brusela inguruko udalerri honetan. Egunero bazen kalapitaren bat. Egoerari irtenbide bat eman nahian, igande goiz batez, alkateak herritar guztiak herriko plaza nagusian bildu zituen. Udaletxeko balkoira atera eta bozgorailuetatik hizketan hasi zen:
– Ezer baino lehen, flandestarrak jar zaitezte plazaren ezkerraldean eta waloiak plazaren eskuinaldean.
Jende guztia batera eta batera mugitzen hasi zen; zuloan makila sartuta astindutako inurritegi bateko inurriak bailiran. Handik minutu gutxira jende multzo handi bat ikus zitekeen ezkerraldean eta beste multzo handi bat eskuinaldean. Eta erdian, dozena bat beltz. Eta orduan, haietako batek:
– Eta gu be’gikarrok non jarri behar dugu a’kate jauna?
* * *
Beltz bat errezatzen ari da sinagogan. Halako batean, bere atzealdean dagoen norbaitek berari zuzendutako galdera entzun du:
– Eta beltza izatearekin ez al zeneukan nahikoa?
Sekulako aldea baitago umorea talde barrutik egitetik, talde baten bizkar egitera!
Eta amaitzeko, liburuan ikasi dugun atsotitz afrikar bat: “Ez inoiz krokodiloa iraindu, ibaia zeharkatu aurretik!”.
(“Esatea be!” bakarrizketa saiorako prestatutako gidoian oinarritutako testua)