Biziraupena da arrastoa
Joan den larunbatean Argia astekariaren urteko azken alea irakurtzen ari nintzela, atentzioa eman zidan Sustrai Colinak Jean Haritschelharri egindako elkarrizketak. Ofizialtasunaren inguruan galdetuta hauxe erantzun zuen:
- Ez dugu euskararen ofizialtasunik berehalakoan lortuko. Hain dira mandomulak gure jakobinoak! Heien psikologiak frantsesa, frantsesa, eta frantsesa baizik ez du onartzen. Nola konprenitu bertzela halako euskarafobia eta erraiten dituzten astakeriak?
- Mandomulen aurka balio duen politika bakarra mandomula izatea da! Beharrik, gu ere horretan ez garen txarrak…Hiru lema ditut bizitzan. Bat, “euskalduna naiz sortzez, frantsesa legez, eta europarra ametsez”. Bi, “gauden gu eta jo aitzina!”. Hiru, “jasan, baina iraun”. Hor dira gure arazoen erantzun guziak.
Hitz horiek bat egiten zuten hein handi batean, Abenduaren 19an Arrasaten emandako hitzaldian azaldu nuen ideia nagusietako batekin. Bi hizkuntzalari handiren aipuak erabiliz azaldu nuen:
- Koldo Mitxelenarena zen lehena: ”Euskararen benetako misterioa bere iraupena da, ez jatorria” .
- Eta bestea Xabier Erize soziolinguista nafarrarena: “Euskararen historiarik nabarmenena ez da bere galera, bere biziraupena eta garai berriei egokitzeko erakutsi duen ahalmena baizik.
Seguru nago Euskal Irratietan bertan ere askoz gehiago hitz egin izan dela euskararen galeraz, euskararen iraupenaz baino. Euskararen atzerakadaren mapa aurkeztuz gero, denok “galera” ikusten dugu; inork ez du “biziraupena” edo antzeko hitzik erabiliko. Baina, Erizek esaten duen bezala, “Galeraren paradigma”tik “Biziraupenaren paradigma”ra pasa behar dugu; hor baitaude etorkizunera begira baliagarri zaizkigun klabeak eta elementuak. Eta zeintzuk diren? Batez ere, hiztunen borondatea eta minoria aktibo baten kontzientzia. Harrigarria horixe baita; nola lortu duen euskarak XXI. mendera iristea! Hiztun kopuru mugatua, joan den mendea arte inolako onarpen ofizialik gabe eta bertako agintari eta pertsona ikasiek mespretxatua…
Gure klasikoek ere horixe frogatzen digute. Hara zer zioen Beñat Etxeparek euskarazko lehen liburuaren sarreran 1545ean: Zeren baskoak baitira abil, animos eta jentil, eta hetan izan baita, eta baita, zientzia guzietan letratu handirik, miraz nago, jauna, nola batere ezten asaiatu bere lengoaje propriaren faboretan heuskaraz zerbait obra egitera.
Joannes Etxeberri Sarakoari hauxe irakurtzen diogu 1718an: Eta hau heldu da euskaldunek bere hizkuntza propiala ez estimutan idukiz eta, munduko bertze gainerako jendaki guztiek bere hizkuntzan izkiribatzen duten bezala, eskuaraz izkiribatu faltaz.
Idazle horiek ez dituzte kanpo erasoak edo debekuak aipatzen, bertako agintari eta goimailako pertsonen (izkiribatzen zekitenen) axolagabekeria baizik. (Hurrengo baterako, gure klasikoen ustez euskararen egoeraren ardura norena zen). Eta Etxepare edo Etxeberri bezalako euskaldun aktibo eta kontzienteei eta herritarren atxikimenduari esker iritsi gara XXI. mendera.
Euskararen aldeko herritarren ekimen eta indar honek egiten gaitu mundu osoko hizkuntza minoritario eta minorizatuentzako erreferentzia. Horrek mantendu gaitu bizirik, nahiz eta jakin, atxikimendu hori ez dela beti nahikoa, kanpoko eraso gogorrei aurre egiteko, galeren mapak erakusten digun bezala.
Kontzientzia eta atxikimendu hori hedatu eta elikatu egin behar dugu. Oraindik ere ikusten dugu –Iparraldean batez ere- aita eta ama euskaldunak diren zenbait familiatan haurrei erdaraz egiten dietela eta euskararen transmisioa galtzen ari dela. Egitasmo orokor bat pentsatu beharko genuke, haur txikiak dituzten familia gazte horiei argibideak emateko, etxe barruko euskararen erabileraren garrantzia azaltzeko eta izan ditzaketen zalantzak argitu eta beldurrak gainditzeko. Krisiaren aitzakiarik gabe, Hegoaldeko administrazioek ere lehentasun nazionaltzat hartu beharko lituzkete horrelako gaiak.
OHARRA: Euskal Irratietako Goizberri saiorako (13-01-08) prestaturiko testuan oinarrituta. Audioa entzuteko sartu lotura honetan.
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Walt Disney Culinary Center | zuzeu.com - [...] da Ibañez, eta arrazoiri kez zaio falta. Kike Amonarrizek ere, harridura azpimarratzen du bere blog estreinatu berrian:“Harrigarria horixe baita;…
Aupa, Kike!
Egitasmoen beharra aipatzen duk, eta tonto-tonto otu zitzaidan ideia bat aipatuko diat, hik TB-n lan egiten duanez eta euskaran eta soziolinguistikan gizon jantzia haizenez. Hara:
Gaur egun oso modan zaudek TB-ko coaching saioak. Hasi haurrak nola hezi behar diren erakusten dutenetik eta jatetxe bat nola eraman behar den aholkatzen dutenera, nerabe gatazkatsuetatik eta txakurren heziketatik pasata (zoritxarrez, bi zangodunena soilik, momentuz). Bada, horrelako zerbait egin beharko lukek ETB-rako. Hartu, adibidez, euskara ikasten ari den jendea eta bultzada emozional bat eman, kalean nola jokatu erakutsiz, oztopo eta erasoei nola erantzun aholkatuz, eta abar. Haurrak dituzten familiekin ere joka litekek. Euskaldun izatea bizipozez eta harrotasunez eramaten erakutsiko lukeen saio bat, coach on batekin (seguru nagok hi egokia haizela horretarako, baina lanpetuegi bahabil beste norabit izan ahal duk). Saio errazak izan ohi dituk, sota-zaldun-errege egiturarekin. Coach on bat, kamera-audio grabatzile parea eta biktimak (euskara-ikasleak…) besterik ez duk behar.
Arrakastatsua eta oso hezigarria izango lukek, ziur nagok.
Ongi bixi!
Aupa Eneko:
Milesker iradokizunarengatik. Mihiluzen eta bere garaian Errazu programan txertatu izan ditugu era horretako iradokizunak baina egia da formato horretako programarik ez dela inoiz egin hizkuntzaren inguruan eta bide egokia izan daitekeela. Jasota geratzen da iradokizuna. Noizbait topo egiten badugu, kasu egin eta hitz egingo dugu. Besarkada bat.