2012ko Calvet Barometroa: euskara da munduko 51. hizkuntza
Kaleratu berri dira Calvet Barometroaren 2012ko datuak. Munduko hizkuntzen bizi-indarra edo “pisua” neurtzen dituen barometro honetan, inoiz baino hizkuntza gehiago sailkatu ziren iaz. Azken neurketa honetan, Alain Calvet eta Louis-Jean Calvet soziolinguistek Ethnologueren arabera 500.000 hiztun baino gehiago dituzten munduko 563 hizkuntzak neurtu eta sailkatu dituzte, 2010ean 137 neurtu zituzten bitartean. Hiztun kopuruaz gain, hizkuntza baten bizi-indarra edo “pisua” neurtzeko garrantzitsuak diren beste 10 faktore aintzat harturik, munduan “pisu” gehien duen hizkuntza ingelesa da, bigarrena gaztelania eta hirugarrena frantsesa. Sailkapen honetan mandarinera 10. lekuan geratu da. Euskara, berriz, munduko 51. hizkuntza da.
Emaitza honetara iristeko aintzat hartu diren faktoreak honako hauek izan dira: hiztun kopurua, entropia (hiztunen proportzioa, bizi diren herrialdeetan), zenbaten lehen hizkuntza den, ofizialtasuna, hizkuntza horretatik itzulitako liburuak, hizkuntzara horretara itzulitako liburuak, Literatura Nobel sariak, Wikipediako artikuluak, Giza-garapenaren indizea (hizkuntza hitz egiten den herrialdeetako batezbestekoa, NBEren datuen arabera), ugalkortasun-tasa eta Interneteko barneratze-tasa.
Egileek diotenez, bestelako faktore batzuk ere aukera zitezkeen baina hizkuntza guztiei edo gehienei buruzko datuak lor zitezkeen faktoreak lehenetsi dituzte. Bestalde, indize horiei guztiei 1eko balioa eman zaie, baina erabiltzaileak indizeen garrantzia barematu dezake, batzuena handituz eta besteena murriztuz eta ponderazio berriak egin. Esate baterako, beste faktore guztiak 1eko balioarekin utzi baina hiztun kopuruari 2ko balioa ematen badiogu, euskara 71. lekura jaisten da. Edozein kasutan, bizi-indar handieneko 100 hizkuntzen artean kokatzen da sailkapen honen arabera.
Duela gutxi, blog honetan bertan argitaratutako “Euskararen tamaina munduko hizkuntzen artean” artikuluak sortu zuen jakinmina eta izan zituen errakzioak ikusita, pentsatzen dut, datu berri hauek ere baten baino gehiagoren harridura eta jakinmina sortuko dutela.
Esan dezagun, bide batez Louis-Jean Calvet oso soziolinguista ezaguna dela. Bere lehen liburuetako bat “Linguistique et colonialisme. Petit traité de glottophagie”(1974) izan zen. Liburu hau erreferentzia ezinbestekoa izan zen 70eko eta 80ko hamarkadetan euskararen eta beste hizkuntza zapalduen aldeko mugimenduan genbiltzanontzat (gaztelaniara itzulita ere aurki daiteke). Anekdota gisa aipatuko dut Zeruko Argian argitaratu nuen lehen artikuluetako bat liburu honen kritika izan zela.
Harez gero, hainbat liburu argitaratu ditu. Ezagunenen artean: « Que sais-je? » saileko L’argot (1994), la sociolingüistique (1993) eta Les Politiques linguistiques, (1995). La guerre des langues et les politiques linguistiques (1987). Pour une écologie des langues du monde (1999) eta Il ‘était une fois 7000 langues (2011)
6 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Calvet Barometroaren arabera euskara munduko 51. hizkuntza da : Aldaba - [...] Calvet Barometroaren arabera euskara munduko 51. hizkuntza da [...]
- Udarregiko euskara taldea - [...] http://www.argia.eus/blogak/kike-amonarriz/2013/01/21/2012ko-calvet-barometroa-euskara-da-munduko-56... Iruzkinik Ez so far Iruzkin bat idatzi Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa. Jarraipena egin URI Iruzkin bat idatzi…
- ibhciupshuwen123 - So cool... The information provided in the article are some of the best available...
- Tribuaren Berbak lehenbiziko saioa ikusi (+ 11 titular) | zuzeu.com - […] barometroaren arabera, euskara munduko 51garren hizkuntza “pisutsuena” […]
- Milioi bat euskal hiztun gara munduan. Ez dugu beraz, hain hizkuntza txikia, ezta? | hezpide.com - […] kopurua ez da hizkuntza baten bizi-indarra neurtzeko aintzat hartu behar den faktore bakarra. Calvet barometroaren arabera, 500.000 hiztunetik gora…
Oso interesgarria, beste behin. Baina, nago ez ote den akats bat: sailkepenean (indize guztiei 1 puntua jarriz) 51. posizioan da Basque, ez 56.
Arrazoi duzu Iñaki! Milesker! Ez dakit nola nahastu naizen!
Harrigarria da Mandarina hamargarrena izatea!
Honek mendebaldeko etnozentrismo kutsu handiegia dauka!
Ez du zertan hala izan beharrik. Mandarina nekez ateratzen da Txinako mugetatik. Ingelesa eta frantzesa, aldiz, 11 herritako hizkuntza ofizialak dira eta horregatik hartzen dute pisua.
Gaur zurea irakurrita (berriro eta sakonago), honekin gogoratu naiz:
http://www.youtube.com/watch?v=scARyXKiZHk&feature=youtu.be
Calvet Barometroa ikusteko:
http://wikilf.culture.fr/barometre2012/
Okerren:
– Ama Hizkuntza
– Hiztun Kopurua
-Ugalkortasuna
Hoberen:
– Internet
– Giza Garapena