Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
“Nafar euskaldun gazteen ahozko diskurtsoa” liburuaz: Gazteen euskara, gero eta eklektikoagoa da!
Atalak: Hezkuntza, Soziolinguistika
Orreaga Ibarra, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren irakasleak, 15-27 urte bitarteko Iruñerriko gazte euskaldunen ahozko hizkera aztertzen du liburu honetan. Sarreran dioenez, araurik gabeko euskara nolakoa den jakin nahi du; lagunartean gaudela nola hitz egiten dugun, alegia.
Azterketaren abiapuntuan baieztapen bat dago: euskararen egoera nabarmen hobetu bada ere, hainbat ahultasun ere nabarmenak dira: jakintza eta erabileraren arteko aldea, euskararen egoera funtzional erabat desorekatua edo gazte askok dituzten adierazgarritasun-arazoak. Erregistro landu eta formaletan aurrera egin dugun arren, maila informaleko adierazpen-moduetan atzera egin dugu.
Egilearen ustez, gazte-hizkerak hizkera estandarretik bereizi nahi du, 3 aldaeren aurka eginez: eskola-araua, estilo jasoa eta helduen kultura. Oro har, lagunarteko hizkuntzaren inguruan hitz egitean honako ezaugarri nagusi hauek aipatu ohi dira: erregistro bat da eta ez da gizarte klase jakin baten kontua; ez da uniformea, eta ahozkoa izateaz gain, testu idatzian islatu daiteke. Solaskideen arteko berdintasun erlazioa markatzen du, hurbiltasuna eta gazteen nortasun-ikurra bihurtzen da.
Orreaga Ibarra, liburuaren egilea
Euskararen kasuan, emaitza euskañol izendatu ohi dugun hizkera da. Ibarrak, hainbat ezaugarri aipatzen ditu lanean: ergatiboaren galera (ni egin dut), kode txandaketa (gero gelditzen zait como una sensación…), interjekzioak, elipsiaren erabilera (-Hau norena da? -Oier!), makulu hitzak (Eske, o sea…), ‘da’ edo ‘dago’ esaldi hasieran jartzea (dago oso urruti), kalkoak (belarria jan, gaizki eraman …), etab. Euskara eta gaztelaniaren artean gertatzen ari den konbergentzia prozesu honen inguruko adibide ugari dakar liburuak.
Lexikoari dagokionez, joera garbi batzuk antzeman ditu egileak: dena adierazteko balio dezaketen hitzak asko erabiltzen dira (gauza, hori…), hiztegi teknikoa ugaritu egin da (barne araudia, tuenti…), anglomania, maileguen ugaritasuna, hitzak laburtzeko joera (depre, mani…), aurrizki denotatiboen erabilera (hipermegaguai, superona…), aditz berrien sorrera –tu erantsita (apalankatu, desfasatu…)…Nolanahi ere, Iruñean ikasten duten zonalde euskaldunetako gazteen artean espresio jator askoak ere jaso dira: ixkoa (mutil basatiak), astindu bat eman, etxeako muko neska-mutille, zokomazoa, xurdea (=basurdea, mutil desatsegina)…
Gazteek beren hizkera nola ikusten duten ere aztertu du Ibarrak: segurtasun eza sentitzen dute beren erregistroarekiko, euskaldun zaharrekiko distantzia linguistiko handia nabari dute, beren euskara maila ez dela ona uste dute eta gaztelaniaren eragin handia duen euskara pobrea darabiltela.
Ikerketan bi metodo erabili ditu, elkarrizketa gidatuak eta solas librea. Liburuan bestalde, oinarri teoriko sakona aurkituko duzue eta nazioarteko erreferentzia ugari. Baita galdera interesgarriak ere. Esate baterako, hitz bat noiz har daiteke hizkuntza txandaketatzat eta noiz mailegutzat? Euskara eta erdara nahastuta agertzen direnez, askotan zaila baita bereizten: tenedorea, autoa, motxila, nata… Eta kalkoa edo interferentziak bezalako fenomenoak askotan eta sistematikoki oso modu ezkorrean baloratu direnez, esan dezagun, Ibarra irakasleak elkarrizketa batean dioen bezala, ez direla beti eritasunaren seinale, kontrakoa baizik, gehienetan osasun ona adierazten dutela. Hasteko behintzat, hizkuntza bizirik dagoen eta berritzen ari den seinale.
Liburuaren azken atalean eta ondorioen artean honako hauek nabarmentzen ditu Ibarrak:
Amaitzeko, bi kontutxo aipatu nahi ditut. Batetik, guztiz harrituta nagoela, 2011n liburua argitaratu zenetik zein arreta gutxi jarri zaion. Oso leku gutxitan aipatu da edo egin zaio erreferentzia. Hona aurkitu ditudan estekarik interesgarrienak: Noticias de Navarra, Gaur8.info eta Euskadi Irratia. Bestetik, aitortu behar dizuet liburu honek inbidia eragin didala. Nik neuk oso maitea dudalako gaia eta urte hauetan bildu eta landutako materialekin libururen bat argitaratu beharko nukeela nire buruari mila bider esan ondoren, hori egiteko tartetik ez dudalako hartu. Liburua irakurrita, Ibarraren ikuspegia eta nirea oso antzekoak direla esango nuke. Guztiz bat nator bere ondorioekin.