Iparraldeko euskararen erabileraz, erabileraren neurketaren argitan
Kaleratu berria da BAT Soziolinguistika aldizkariaren 84. alea. Gaia, 2011ko hizkuntzen kale-erabileraren neurketaren emaitzak. Iparraldeari dagokionez, emaitzek, euskararen berreskurapenaren aldeko norabide aldaketa baten hastapena irudikatzen dute.
Lehen datua: Euskal Herrian, kalean, euskararen erabilera %13,3koa da. Honek esan nahi du, une honetan Euskal Herrian gertatzen ari diren elkarrizketa guztiak entzungo bagenitu, %13 euskaraz izango liratekeela; erdaraz (gaztelaniaz edo frantsesez) %83 eta beste hizkuntzaren batean %4. Euskararen erabilera %13 eta 14 artean dabil azken hamar urteetan. Ez atzera eta ez aurrera. Eta emeki-emeki emendatzen ari dena hizkuntza arrotzen erabilera da, etorkinen presentzia gero eta handiagoaren eraginez.
Ipar Euskal Herrian, euskararen erabilera %6,2koa da. Duela 5 urte jasotako %6a baino pittin bat hobea. Lehen datu positiboa beraz: aurreko urteetako beheranzko joera geratu egin da. Ez da gutti! Eta bide batez esango dugu Iparraldean euskara gehiago erabiltzen dela Nafarroan edo Araban baino (%5,7 eta %4, hurrenez hurren).
Hiriburuei dagokienez, Donostian izan ezik, euskara gutxi entzuten da. Donostian %16, eta Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Baionan %2,3 eta 3,2 artean. 4 hiriburu hauetan gainera, gehiago entzuten dira gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzak euskara bera baino (%3 eta 5 artean).
EH osoa aintzat harturik bada berreskurapen prozesuaren norabide egokia erakusten duen datu bat: euskaraz gehien egiten dutenak haurrak dira, gero datoz gazteak, ondoren helduak eta gutxien adinekoek egiten dute. Etorkizunera begira, ezin hurrenkera hoberik izan. Hurrenkera ona den arren, ordea, kezka sortzen du azken neurketatik neurketa honetara kopuruak ez hobetu izana, batez ere, adin-talderik gazteenetan.
E
ta adin-multzoen arteko hurrenkera hau bera gertatu da lehen aldiz Iparraldean 2011ko kale neurketan! Uste dut datua garrantzi handikoa dela eta Iparraldeko euskararen egoerari begira, ona eta itxaropengarria. Bat dator gainera, Inkesta Soziolinguistikoaren datuekin: hauen arabera, Iparraldeko 16-24 urteko gazteen artean geratu egin da euskararen galera. Gazte hauen artean euskaldunak gehiago dira, 25-49 urtekoen artean baino.
Begira nola aldatu diren gauzak erabilerari dagokionez, azken 20 urteotan:
- 1993ko lehen neurketan, 65 urtetik gorakoak –zaharrenak- ziren Iparraldean euskaraz gehien mintzatzen zirenak; baina urtez-urte erabilera hori jaisten joan da, besteak beste, euskaldunena zen belaunaldi zaharrena hiltzen joan delako. Galera, hala ere, handia da: %11 93an eta %5 2011n.
- 25-64 urte bitarteko adin-multzoaren erabilpena ez da asko aldatu, eta aldatu den apurra galera da: %6,2 1993an eta %5,5 2011n
- Gazteen artean, euskararen erabilera nabarmen igo da azken neurketan: 1993tik 2006ra %3 eta 4 artean ibli eta gero, 2011ko neurketan ia %7ra heldu da. Azken 20 urteotan lehen aldiz euskara gehiago entzun da iparraldeko kaleetan gazteen artean, heldu edo zaharren artean baino. Kasu beraz, hemendik aitzina zer esaten den gazteei buruz!
- Eta azkenik, haurren artean ere, hobekuntza handia ikusi da: 1993an haurren %5 entzun ziren kalean euskaraz mintzatzen eta azken neurketa honetan ia %10. Haurrena da euskararen erabilera portzentaiarik handiena eta orain arteko neurketetan jaso den daturik onena.
Oro har, euskararen erabileraren portzentaiak apalak dira, xumeak oso, baina azken neurketa honetan erakusten duten norabidea itxaropengarriagoa da. Datu hauen arabera, beheranzko joera galgatu egin da eta euskararen berreskurapen prozesuaren emaitzak ikusten hasiak gara. Baina, Arrue Ikerketaren emaitzek berriro frogatu duten bezala, eskola ez da nahikoa, eta erabilera hori familietan, kalean eta haur eta gazteek egiten dituzten jarduera eta animazioetan bermatu behar da.
Aipatu ditugun datu horien atzean badelako lehenbailehen zuzendu eta konpondu behar den beste fenomeno bat. Haurrek euskara batez ere helduekin daudenean egiten dute; hots, gurasoekin edo aitatxi-amatxiekin; haurrak bakarrik daudenean aldiz euskararen erabilpena asko jaisten da. Hil ala bizikoa da beraz, haurren artean euskaraz hitz egiteko ohiturak sor daitezen, eskola eta ikastoletako lana etxean eta herrietan babestu eta indartzea. Eta horretarako gizartearen engaiamendua eta babes instituzionalak ezinbestekoak dira.
OHARRA: Euskal Irratietako Goizberri saiorako (13-02-19) prestaturiko testuan oinarrituta.
Kaixo Kike: Oso gustura irakurtzen ditut zure idatziak. Denbora dexente daramazu gogoeta berririk plazaratu gabe. Jakizu baten bat gutxienez zain duzula.
Milesker Aitor: Azken aste hauek oso beteak izan ditut eta ezin izan dut tarterik aurkitu bloga elikatzeko, baina aste honetan bertan hasiko naiz berriro barruan dudana kanporatzen. Horrelako mezuak jasota, ezin bestela izan!!!