Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
Elkarri eta ahora eman
Atalak: Soziolinguistika
(2013-03-15ean BERRIAn argitaratutako artikulua 18. KORRIKA dela eta)
Korrikaren lehen kilometroak egin genituen atzo Tolosaldean, Kilometroak korrika batean prestatzen ari garen urte berean, hain zuzen ere. Eman euskara elkarri dio Korrikak eta Ahora! Kilometroek. Helburu bera bietan: euskararen erabilpena sustatzea.
Azken hamarkadetan euskarak Tolosaldean, eta bereziki erdaldunagoa zen Tolosan, aurrerapen nabarmena egin badu ere, erabilpenari begira lan handia dugu oraindik ere egiteko.
Euskal Herriko oso eskualde gutxik dituzte gureak bezalako baldintza soziolinguistikoak erabileran jauzi kualitatiboak emateko, elkarri emateko: irakaskuntzan D eredua besterik ez dago, Tolosa bera Ueman sartu berria da, udaletako alkate, zinegotzi eta langile ia guztiak euskaldunak dira, herritarren gehiengoak euskaraz daki edo ulertzen du…
Korrikak eta Kilometroek eskaintzen diguten aukera hau, herritarrek, erakundeek eta era guztietako eragileek elkarri euskara eman diezaioten eta euskara ahora eraman dezaten baliatu behar dugu.
Euskararen erabileraren hobekuntzan geldialdi bat egon dela erakutsi digute kale-erabileraren inguruko azken datuek, eta Arrue ikerketaren emaitzek oso garbi adierazi digute eskolak bakarrik ezin duela ikasleen gelatik kanpoko erabilera bermatu, oro har, bere lana ondo egiten ari baldin bada ere. Gelatik jolastokira irten behar du euskarak, eta jolastokitik kalera. Eta atxikimendu teorikotik erabilera praktikora familietan, dendetan, lantegietan edo erakundeetan.
Euskararen alde egotetik, euskaraz egitera bultzatu behar ditugu herritarrak. Eta ikasten ari direnei, kanpotik etorri berriei edo hitz egiteko lotsa direnei euskaldunok euskara eman behar diegu, euskaraz hitz egin behar diegu eta horretara animatu eta lagundu, gehiegizko zorroztasunak eta zuzenkeriak baztertuz. Zorionik beroenak, bide batez, mintzalagunei!
Euskarak duen atxikimendu sozial zabala bisualizatu egiten du Korrikak. Aurkezpen sozialean Euskal Herriko gizartearen atxikimendu anitza islatu zen eta gauza bera gertatuko da ibilbide osoan, kilometroz kilometro. Korrikan lasterka eta Kilometroetan oinez ikusiko dugun ilusio eta indar hori guztia elkarri eta ahora ematea lortu behar dugu: pasioz, ilusioz, maitasunez eta elkartasunean.