Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
Iñaki Epelde, gizon klasea!
Atalak: Kultura
Iñaki hilerrian lagunartean agurtu ondoren, halaxe atera zitzaion bere adiskide eta bidelagun Koldobika Jauregiri barru-barrutik. “Iñaki! Gizon-klasea izan duk!”. Ez dut uste Iñaki definitzeko hitz egokiagorik aurki daitekeenik: gizon klasea!
Tolosaldeko Hitzatik hartutako argazkia
Lerro hauek idazten ari naizen “Galtzaundi” aldizkaria bera izan daiteke klase hori erakusten hasteko abiapuntu egokia. Euskara-taldea sortu zenean, nori eskatuko genion bada logotipoa marraztea? Iñakiri! Bagenekielako proiektuarekin bat egiten zuela, ziur geundelako inork baino hobeto eramango zituela irudietara han egosten ari ziren ilusioak eta asmoak, eta gainera, prest azalduko zela. Eta hau, Iñakiren nortasunaren sakona, herrigintzarekiko beti erakutsi zuen konpromisoa, bere eskuzabaltasuna eta artista gisa zuen maila gizatiarra eta estetikoa erakusten dizkigun adibide bat besterik ez da.
Iñaki ezagutu genuon guztiok dakigu zein barruraino bizi zuen gure herria: artista konprometitua zen, pentsalaria eta ekintzailea, lagunartekoa bezain kritikoa boterearekiko. Karlistak eta liberalak, kobazuloetako margoak eta abangoardia artistikoak, Baroja eta Oteiza, Lizardi eta Praileaitz… Euskal Herriaren ezagutza sakon eta zabaletik sortutako mundua utzi digu Iñakik. Berak zuzenean sortutakoa (margolanak, anagramak eta irudiak) eta bere laguntzaz eragindakoak. Lehen lerroetako protagonismoetatik urruti ibili zen, ekinbide eta proiektu askoren partaide eta ezinbesteko laguntzaile eta bultzatzaile izan arren.
euskonews.com/artaretoa gunetik hartua
Euskal Herriak azken hamarkadetan izan duen artistarik onenen artean kokatzen dut bere obra. Merezi baino gutxiago ezagutu dena. Eta ez da gehiago zabaldu eta ezagutu, bere bide propioari eutsi ziolako eta azoka bihurtu den arte mota horretatik oso urrun ibili zelako. Ez baitzen inoiz bere buruaren “saltzaile” izan. Apal aurkezten zuen bere obra. Eta uste dut bere obra, egilerik ezagunenen mailakoa dela. Horixe merezi dute bere margolanetan ageri den berezko ikuskerak, urteetan landuriko estilo bereziak eta koloreen eta ikonografia zahar-berrituaren konbinazio estetiko deigarri eta iradokitzaileak. Barruko indarra eta sentimenduak margolanen bidez transmititzen asmatzen zuen artista zen Iñaki. Zarata eta arrabots handirik gabe, edertasuna zabaltzen eta banatzen zekiena. Horren erakusgarri lotura hauetan dituzue bere lanari buruzko bideoa eta Zuberoako Mendikotan egin zuen erakusketaren inguruko bideoa eta Kanaldudeko erreportaia.
Eta pertsona ona. Bi hitz sinple horiek motz geratzen dira! Hori baino askoz ere gehiago izan zelako eta izango delako guretzat… Gizon klasea!
Gure doluminik sentikorrenak, beraz, familiari, bereziki Kristina emazteari, seme-alabei eta anaia-arrebei. Galtzaundikook, beti gogoratuko dugulako harrotasunez eta esker onez Iñakiren bidelagun eta lagun izan izana.
(Galtzaundi aldizkariaren 380. alean argitaratutako aretikulua)