Quebec: Hizkuntza Lege berriaren inguruko eztabaida sutsua
Quebec erreferentzia garrantzitsua izan da eta da, euskararen aldeko lan eta ekimenetan ari garen guztiontzat. Gaur egun Euskal Herrian abian den hainbat esperientziak eta egitasmok Quebecen du jatorria: lan-munduan euskara sustatzeko egitasmoak, terminologia eta hiztegigintzako projektuak edo administrazioa euskalduntzeko plangintzak, batzuk aipatzearren.
Quebecen aplikatzen ari diren hizkuntza politikaren oinarrian dagoen legea, Frantses Hizkuntzaren Karta da, “101 Legea” bezala ezagutzen dena. Lege hau, 1977ko abuztuaren 26an onartu zen, liberalen oposizioarekin, eta geroztik, izan ditu aldaketa batzuk. 1984ean, esate baterako, Quebeceko Epaitegi Gorenak indargabetu egin zituen komertzioak frantses hutsez errotulatzera behartzen zituzten atalak.
Zenbait esparrutan frantsesa atzera egiten ari dela ikusita, ordea, neurri berriak hartzea proposatu zuen Parti Québécois-k joan den urteko hauteskunde kanpainan eta hortik sortu da, joan den abenduan Legebiltzarrean aurkeztu zen “Loi 14” deitzen den proposamena. PQ-k irabazi zituen hauteskundeak, baina, minorian ari da gobernatzen (125etik 54 diputatu) eta sostengu gehiago behar ditu legea aurrera ateratzekotan. Anglofonoek, alofonoek eta frankofono federalistek sostengatzen duten Alderdi Liberalak (50 diputatu) jada adierazi du aurka bozkatuko duela, frantsesa Quebeceko hizkuntza komuna izatearen alde badago ere, planteatzen diren neurriak gehiegizkoak iruditzen zaizkiolako. Halaxe adierazi du bere web orrian aste honetan. Legearen etorkizuna beraz, Coalition Avenir Quebec kontserbadorearen eskuetan dago bere 19 diputatuekin, Quebec Solidaire alderdi abertzale ezkertiarraren 2 diputatuak ez baitira aski.
Eztabaida gehien sortu duten gaien artean honako hauek daude: anglofonoak %50 baino gutxiago diren udalerrien estatus elebiduna aldatzeko aukera, tamaina ertaineko enpresetan frantsesa erabiltzera behartzeko aukera edo, militarrek beren haurrak eskola ingelesetara funtsa publikoz ordainduta bidaltzeko duten eskubidea.
Eztabaida, nolanahi ere, uste baino beroagoa ari da gertatzen, bai politikoen artean, bai kalean eta baita hedabideetan ere. Hartu duen tonuaz jabetzeko esan dezagun, Legebiltzarrean izandako debateetan, bai alde batekoek eta bai bestekoek heriotza mehatxuak jaso izana salatu dutela. Mario Beaulieu, Legearen aldeko mobilizazio sozialera deitu duen Québec français mugimenduaren presidentea izan da mehatxuak salatu dituen bat, eta ingelesa Quebecen arriskuan dagoela eta hizkuntzaren inguruko debatea amaitu egin behar dela aldarrikatzen duen Office québécois de la langue anglaise erakundeko Hugo Shebbear, bestea.
Biztanleriaren %80 inguru diren frantsesdunen esanetan, frantsesa gainbehera doa Montrealen eta hori mehatxu larria da Quebeceko eskualde guztietako frantsesdunentzat. Ingeles hutsez bizi daiteke Montrealen, eta lortu beharko litzatekeena da Quebecen bizi behar duten guztiek frantsesa ikastea. CSN-k (Confédération des Syndicats Nationaux), bere aldetik, frantsesez lan egiteko eskubidea defenda dezan eskatu dio gobernuari, batez ere Montrealeko enpresa txiki eta ertainetan, enpresa hauetan 4 lanpostutatik 3tan frantsesa ez den beste hizkuntza bat eskatzen delako eta langile frantsesdunen kopurua jaisten ari delako. Izan dira, Impératif français erakundea bezala, urrunago joan eta gobernuari ez dezala zerbitzurik ingelesez eskaini eskatu diotenak, Québec-en dauden ospitale anglofonoen kasua aipatuz.
Beste aldean, biztanleriaren %10 inguru diren ingelesedunek diote lege honek beren giza-eskubideak urratzen dituela, diskriminatzailea dela eta ingelesa desagerrarazi beste asmorik ez duela. Beraiek diotenez, herritarrek ez dute nahi debate hau zabaltzerik, baizik eta gobernua gehiago arduratzea ekonomiaz, osasun arloaz edo hezkuntzaz. Talde jakin batzuk, ingelesaren ofizializazioa eskatu dute, 14. legea baztertzea eta hiri bat elebiduna izendatzeko maila jaistea.
Diane De Courcy, Inmigrazio eta kultur komunitateen ministroak eta Frantses Hizkuntzaren Kartaren arduradunak onartzen du hizkuntzaren inguruko eztabaidak pasioak eragiten dituela, baina proposatu duten Legea moderatua dela defendatzen du. Anglofonoekiko harremanetarako ministro Jean-François Lisée ere ez dator bat legearen aurkakoekin. Aste honetan bertan bere blogean idatzi duenez, liberalengatik balitz ez litzateke urrats berririk emanen frantsesaren alde. Aurretik ere esana du Quebeceko Ingeles komunitatea probintziaren kultura eta historiaren zati garrantzitsua dela eta Quebecen ere babestu behar diren eskubide historikoak dituela. Anglofonoak lasaitu nahi izan ditu hitz horiekin, erakunde anglofonoak mantendu egin behar direla nabarmenduz.
Antoine Robitaille “Le Devoir” egunkariaren kazetariak dioen bezala, liberalen eta ingelesdunen diskurtsoek 1977. urtean 101 Legearen kontra erabili zituztenak dakartzate gogora, orduan ere erabat legearen aurka jarri baitziren. Hauxek bere hitzak: “Baina Lege horregatik izan ez balitz, zer izango zatekeen gaur egungo Quebec frantsesa? Zenbatekoak izango ziren, gaur egun harrotasunez erakusten diren gazte anglofonoen elebidun-tasak? Gaur egungo liberalek, atzokoek bezala, edozein eratako konpromisoak errefusatzen dituzte. Tristea.”
Euskaldunoi merezi digu prozesu hau arretaz jarraitzea. Dagoeneko, irakaspen batzuk ere atera genitzake: hizkuntza politika eraginkor eta iraunkorraren beharra, egoera berriek eskatzen dituzten egokitzapenetara moldatzeko malgutasuna eta erabakimena, hizkuntza gutxituaren aldeko urratsak eman orduko aurreikustea beti egongo dela bide hori oztopatu nahiko duen hizkuntza menperatzailearen sektore indartsu bat, neurri berriak planteatu eta hartzerakoan aurretiazko lanketak duen garrantzia …
Eta hau dena esan eta gero, nabarmendu nahi nuke, zein gutxi aipatu diren bertako hizkuntza indigenak kaleko edo politikarien arteko eztabaidetan.
Euskal Irratietako Goizberri saiorako (13-04-23) prestaturiko testuan oinarrituta.
Euskaldunok Quebeceko frantsesaren alde egiten dugu gehienetan baina inposaketaren bidea nahi dute. Alderaketa errezegia da Quebec=EH eta frantsesa=euskara. Ez da hala. Nik beste era batera ikusten ditut gauzak. Quebec Eh bada, frantsesa eta ingelesa EHko erderak dira (gaztelania eta frantsesa alegia), eta Ameriketako indiarren hizkuntzak lirateke euskara.
Garbi dago ezin dela Euskal Herriaren eta Quebecen arteko ez parekotasun sinplistarik egin, ez aktore edo hizkuntzen arteko koerlazio zuzenik bilatu. Bien errealitate historiko, demografiko, linguistiko eta sozialak oso desberdinak direlako. Hala ere, frantsesaren normalizazio prozesuak arrasto eta eredu interesgarriak eskaini dizkigu orain arte eta emango dizkigu aurrerantzean ere. Baita, azken esaldian iradoki nahi dudan bezala, bertako hizkuntza indijenek ere. Kasu honetan, hala ere, bada eredu aurreratuagorik, Nunavut eskualdekoa esate baterako, non inuit hizkuntza ofiziala den frantsesarekin eta inglesarekin batera apirilaren 1etik aurrera.
Kaixo Kike
Badakizu Nunavut eskualdean inuit hizkuntza ofiziala egitearekin batera nolako politikak ezarri dituzten bere indarberritzea sustatzeko? Eta zehazki, badakizu inuit hizkuntzari funtzio propioak emateko saiakerarik egin duten?
Artikuluan irakurri dizudanez, komertzioak frantses hutsez errotulatzera behartzen zuen legea indargabetu zuen Auzitegi Gorenak 1984an. Aurrekari horiekin goiko galderaren erantzuna imajinatzen dut baina, eskertuko nuke argibideren bat.
Mila esker!!!
Kaixo Urko:
Inuiten hizkiuntzek ofizialtasuna lortu duten lehen herrialdea da Nunavut. Badirudi oraintxe hasi direla hizkuntza politika serio bat aplikatzen eta lehentasunak hezkuntzan, administrazioan eta hedabideetan jarri dituztela. Diotenez, haur eta gazteen artean higadura handia da. Informazio gehixeago biltzeko hona artikulu batzuk (neronek ezingo nizuke oraingoz askoz ere gehiago erantzun):
Nunavuteko hizkuntza komisarioaren orria: http://www.ocol-clo.gc.ca/newsletter_cyberbulletin/05_04_2013/content_contenu_f.htm
“Nunavut-eko hizkuntzak: oreka zaila” artikulua frantsesez eta ingelesez: http://www.ocol-clo.gc.ca/newsletter_cyberbulletin/05_04_2013/content_contenu_f.htm
Nunatsiaq on line: Languages office aims to halt decline of Inuit language
http://www.nunatsiaqonline.ca/stories/article/65674languages_office_aims_to_halt_decline_of_inuit_language/
Pentsatzen dut Amerikako herri indijena askorentzat urrats garrantzitsua izan dela.
Kaixo Urko:
Inuit hizkuntza batek ofizialtasuna lortzen duen lehen herrialdea da Nunavut. Horrek bakarrik garrantzi handia du eta erreferentzia garrantzitsutzat bihurtzen du Amerikako beste herri indijenen aurrean.
Irakurri dudanaren arabera, badirudi lehentasunak irakaskuntzan, administrazioan eta hedabideetan jarri nahi dituztela, lehen helburua, hizkuntzaren ezagupenak eta erabilpenak haur eta gazteen artean jasan duen higadura frenatzea delako. Hortik aurrera, ezin dizut askoz ere gehiago esan, baina informazio gehiago bildu nahi baduzu hona lotura interesgarri batzuk:
Nunatsiaq on line-ko artikulua: “Languages office aims to halt decline of Inuit language”. http://www.nunatsiaqonline.ca/stories/article/65674languages_office_aims_to_halt_decline_of_inuit_language
Nunavuteko Hizkuntzen Komisarioaren Bulegoaren orria: http://langcom.nu.ca/fr
“Les langues du Nunavut : Un fragile équilibre » artikulua frantsesez eta ingelesez: http://www.ocol-clo.gc.ca/newsletter_cyberbulletin/05_04_2013/content_contenu_f.htm
Ondo segi
Eskerrik asko Kike Quebeceko azken urteetako mugimenduak hain ongi azaltzeagatik!
Orain urte batzuek oso gertutik jarraitzen zen Quebec baina sentsazioa daukat azken urteetan oso gutxi idatzi dela Euskal Herrian Quebeceko hizkuntza egoera eta politikaren inguruan.
Ia horrelako gehiago irakurtzeko aukera daukagun!
Estimatuta dago interesa Olatz! Ea aurrerantzean ere tartetxo batzuk hartzen ditudan horrelako “ikerketatxo” gehiago egiteko.
Kaixo Urko:
Uste nuen erantzun hau joan den ostegunean argitaratuko zela, baina akatsen baten ondorioz, ez zen sartu, eta oraintxe doa.
Inuit hizkuntza batek ofizialtasuna lortzen duen lehen herrialdea da Nunavut. Horrek bakarrik garrantzi handia du eta erreferentzia garrantzitsutzat bihurtzen du Amerikako beste herri indijenen aurrean.
Irakurri dudanaren arabera, badirudi lehentasunak irakaskuntzan, administrazioan eta hedabideetan jarri nahi dituztela, lehen helburua, hizkuntzaren ezagupenak eta erabilpenak haur eta gazteen artean jasan duen higadura frenatzea delako. Hortik aurrera, ezin dizut askoz ere gehiago esan, baina informazio gehiago bildu nahi baduzu hona lotura interesgarri batzuk:
Nunatsiaq on line-ko artikulua: “Languages office aims to halt decline of Inuit language”. http://www.nunatsiaqonline.ca/stories/article/65674languages_office_aims_to_halt_decline_of_inuit_language
Nunavuteko Hizkuntzen Komisarioaren Bulegoaren orria: http://langcom.nu.ca/fr
“Les langues du Nunavut : Un fragile équilibre » artikulua frantsesez eta ingelesez: http://www.ocol-clo.gc.ca/newsletter_cyberbulletin/05_04_2013/content_contenu_f.htm
Oso interesgarria Nunavutekoa, arretaz jarraitu beharko da. Zehaztapen labur bat: inuit hizkuntzen artean ofizialtasuna lortu zuen lehena groenlandiera izan zen. Eta, gainera, normalizazio bide aurreratu samarra du horrek. Adibidetzat, udan Eider eta biok egin genuen elkarrizketa:
http://blogak.com/garaigoikoa/groenlandia-zein-da-hango-egoera-soziolinguistikoa
Milesker oharrarengatik eta bideoengatik Txerra.