Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
Mihiluzeren ondarea (1): Programaren oinarriak
Atalak: Hedabideak
MHLZ – 7. denboraldiko grabaketa bat
Mihiluze amaitu bada ere, zortzi denboraldi hauetan erabili ditugun jokoak, hor daude, denon erabilgarri. Urteotan, leku askotan erabili dira joko horiek, asko izan baitira Euskal Herrian zehar egin diren Mihiluze Lehiaketak: ikasturte amaierako jaialdietan, festetan, Euskaltegietan, gaztetxeetan… Horixe izan da Mihiluzek eman digun poz handienetako bat, gure proposamena gizartean nola zabaldu den ikustea.
Zabalpen horretan laguntzeko, 2009ko Uda Ikastaroetan Mihiluzeren inguruko Ikastaroa eman genuen lan-taldekook. Eta materiala edo aholkua eskatu izan diguten guztiei pozarren bidali izan dizkiegu oinarrizko power-point-a, sintonia edo probak lantzeko aholkuak eta materialak. Horregatik, interesgarria iruditu zait programan erabili dugun filosofia, jokoen nondik norakoak eta materiala sortzeko erabili ditugun prozedurak blog hau jarraitzen duzuenokin partekatzea.
Lehen artikulu honetan, gure lanaren oinarria zein izan den agertuko dut, eta hurrengoetan helduko diegu jokoei. Baina, ezer baino lehen, Mihiluzen aritu diren guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Programaren abiapuntua, Asisko Urmenetarekin eta Antton Olariagarekin emandako hitzaldietan erabilitako eta bildutako materialetan oinarritutako txosten bat izan zen. Txosten hura, ordea, telebistarako formato bihurtu behar zen eta lan horretan aritu ginen Orio ekoiztetxean Unai Ibarbia, Izaro Goenaga, Jon Garaño, Jose Mari Salinas eta bostok. Hantxe erditu zen Mihiluze. Urte hauetan, berriz, aurpegia Ilaskik eta biok jarri badugu ere taldekide on asko izan ditugu. Zerrenda luzea aterako litzatekeenez, aipa ditzadan, azken ikasturteko lantaldea: Jon Larrañaga, Idoia Garzes, Nerea Navarro, Aitzol Barandiaran, Julen Imaz, Iñaki Zapirain, Koldo Leniz, Arantxa Soroa, Maider Ormaetxe, Alazne Intxauspe, Nerea Garro, Maddalen San Miguel. Eta horiekin batera Euskal Telebistako lan-talde tekniko guztia. Inplikazio handiko taldea izan da, proiektuan sinistu duena eta bihotzean eraman duena. Mihiluze apartak izan dira.
MHLZ – Lantaldea eta talde teknikoa
Mihiluzeren helburu nagusia euskararekin jolastea izan da, gure hizkuntzaren ahalmen ludikoa ahalik eta gehien zukutzea. Izan ere, hizkuntza jolasgai baita, hiztun eta hizkuntza guztietan. Haur hizkera izan liteke hizkuntzaren alderdi jolasgarriarekin izan ohi dugun lehen harremana: hitz bereziak, onomatopeiak, abestiak… Hitzaren memoria ahozko transmisio bidez iraunarazteko kultura desberdinek erabili dituzten bitartekoen artean, hor izan da beti hizkuntzaren alderdi jolastia: bertsoak, abestiak… Hizkuntzarekin jolas egiten dute herritarrek ezizenak ipintzean, biraoak sortzean, ziria sartzean edo adarra jotzeko esamoldeak asmatzean. Ditxolariak edo bertsolariak, astolasterrak edo maskaradak, herri antzerkia eta herri-tradizio asko, euskaldunek historian zehar, hizkuntzarekin jolas egiteko erabili dituzten bide ugarien adibideak dira.
Mihiluze zordun izan da tradizio horrekin, eta tradizioa ulertzeko modu batekin. Tradizioak, garai bakoitzera egokitzen doazen ohitura sozialak dira; egokitzen ez diren neurrian folklorizatu eta fosilizatzen doazenak, sortu zireneko bizitasuna eta zentzua galduz.
MHLZ – Azken denboraldiko logoa
Mihiluzeak XXI. mendeko euskaldun europarrak gara. Gure ondaretik eta tradiziotik elikatzen garenak, teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukeretatik elikatzen garen modu berean. Erroak eta hankak gure lurrean ditugu, baina begirada mundu osora zabaltzen dugu. Konplexurik gabe, inguratzen gaituen mundua euskararen bidez bizi, gozatu eta interpretatzen dugu.
Blogean txertatuko dudan materialaren bidez, zuek eta ingurukoak jolas sortzaile bihurtu ahal izango duzue. Eta berehala jabetuko zarete, hizkuntzaren alderdi ludikoa lantzeak dituen abantailez:
Azken urte hauetan, soziolinguistikako adierazle askok, bilakaera positiboa adierazten badigute ere, beste batzuk kezka eragin dute: haur eta gazteen erabilerak hobekuntza eskasa eduki izana, euskararekiko motibazioetan somatzen den atzerakada, hizkuntzaren kalitatean eta erabilera sozialean ikusten diren hutsuneak.
Horrek guztiak agerian uzten du hizkuntzaren jolasgarritasunaz gehiago baliatu beharra. Baita hedabideetan eta hezkuntzan ere. Oso ondorio desberdinak baititu, euskara, dibertimenduarekin eta gozamenarekin lotzeak, edo arau hertsiekin eta asperdurarekin lotzeak.
Hitz jolasek eta umoreak, bestalde, hizkuntza transgreditu egiten dute eta hizkuntza standarraren zimentuetan lurrikarak sortzen, “gazte hizkerak” sortzeko aukera berriak eskainiz.
Abiapuntu hauek buruan hasi ginen Mihiluze Lehiaketa pentsatzen eta oinarri hauen gainean jardun dugu urte hauetan guztietan. Hurrengo artikuluan jolasten hasiko gara.