Mihiluzeren ondarea (3): Tribuaren Berbak
Proba honen oinarrian, euskarazko Argotari buruzko hausnarketa bat dago, Asisko Urmenetak Mendebalde Alkartearen VII. Jardunaldietan “Kolokiala = koloniala(?)” esaldian laburtu zuena.
Zazpiak Batmanen hitzaldietan argot pieza ugari bildu genuen han-hemenka: biraoak, sexuari buruzko hitzak, parranda-giroko metaforak… Gehienak oso lokalak edo giro jakinetan sortuak ziren. Bestalde, Asiskok kaleratu berria zuen Mantxut lokuzio-bilduma. Eta hauxe zen gure kezka: nola ezagutarazi eta zabaldu argot hori? Helburu horrekin jaio zen “Tribuaren berbak” proba. Eta jolasteko metodoa definitzean, funtsezko ekarpena egin zuten Jon Garañok eta Jose Mari Salinasek.
Lehen denboraldian Mihiluze ostiral gauetan emititzen zen eta edukiek gehiago zuten “Sexua, droga eta Rock&roll”etik. Era honetako berba asko erabili genuen:
Ixuriplast | Eiakulazio azkarra |
Angulak jan | Drogak esnifatu |
Karaokea kantatu | Felazioa |
Fusila garbitu | Masturbazioa |
Kakarria | Haxixa |
Lainoa jo | Zorabiatu belarra erre ondoren |
Enbortzea | Erekzioa |
Programa eguneroko lehiaketa bihurtu zenean, helburua zabaldu egin genuen. Gure asmoa, euskalkietako hitzak edo hain ezagunak ez izan arren, deigarriak eta birtziklagarriak iruditzen zitzaizkigunak ezagutaraztea izan da. Gaur egungo bizimoduan erabilgarriak ez direnak ez ditugu asko erabili izan. Era honetan, gure hiztegi propiotik kanpo, hitz asko dagoela azaldu nahi izan dugu, eta berbak leku jakin batekoak izan arren, guk ere erabil ditzakegula iradoki. Era honetako hitzek izan dute, beraz, lehentasuna tauletan:
- Tuneatu: Makillatu, asko prestatu, Zestoan. Gaur egungo kontzeptu bat erabiliz, betiko ideia bat adierazten duen hitza
- Zorripotoa: Geldirik egon ezin duena, Markinan. Fonetikoki borobila, umoretsua.
- Tuntuxa: Emakume haurdunen tripatzarra, Lekeition. Lokala, baina esportagarria.
- Alkatea eta zinegotziak: Zakila eta barrabilak (Gay hiztegitik). Lokuzio umoretsua.
Euskal Herri osoko berbak erabili ditugu; baita desagertutako euskalkietakoak ere. Jatorria adieraztea garrantzitsua izan da euskararen aberastasuna azaltzeko. Dena den, beti saiatu izan gara “Gipuzkozentrismoan” ez erortzen eta Gipuzkoa ez den guztia ez “exotiko” bihurtzen. Horretarako, oreka territoriala zaindu dugu eta definizoen fokua mugitu, batzuetan Iparraldean jarriz eta beste batzuetan Hegoaldean. Ad: Tortilla Iparraldean: Omeleta, baina Futitu Hegoaldean: Paso egin.
Gure hasierako eztabaidarik handienak berben idazkeraren ingurukoak izan ziren. Nola idatzi behar ditugu? Aldaera fonetikoak errespetatuz (Ogia/Ogie/Ogiya/Ogidze…), edo idazkera estandarrean? Azken aukera hau hobetsi genuen: euskalkiak ditugu oinarri eta ezinbesteko informazio-iturri, tokian tokiko kutsua galtzen da, baina Euskal Herri osorako saioa garenez, hitzak euskara estandarrean pantailaratu ditugu, denon ondare direla nabarmenduz. Hona adibide batzuk:
Tokian tokiko ahoskera | Hitzak euskara estandarrean | Definizioak |
Lamarie | Lamara | Bero handia, Azpeitian |
Blastakue | Blastakoa | Zaplaztekoa, Etxarri-Aranatzen |
Korrespondentzidxe | Korrespondentzia | Aire korrontea, Bermeon |
Neskenegüna | Neskeneguna | Larunbata, Zuberoan |
Berbekin jolasteko moduak
Ohiko saioetan, nahaste-borrastea izan da taulen ezaugarria: aditzak, izenak, adjektiboak… Hitz ez oso ezagunak izan dira gehienak, eta askotan lehiakideek intuizioa eta sena erabili behar izan dituzte definizioaren araberako berba aukeratzeko.
Urte hauetan Nerea Navarro eta Idoia Garzes lankideak izan dira proba honen arduradunak eta inon diren hiztegi guztiak goitik behera miatu eta arakatu dituztenak. 2009ko Uda Ikastarorako Tribuaren Berben inguruan landu zuten txostenean, aurretik aipatu ditugun ideiez gain, berbekin jolasteko zein aukera erabili izan ditugun azaltzen zuten. Hona laburpena.
– Itxura bereko hitzak edo aditzak erabili nahastea eragiteko:
- Eder egin: Ongi iruditu / Eder eman: Itxura ederra izan / Ederra sartu: Gezurra esan
– Gai baten inguruko taulak osatu:
- Beste esanahi bat duten izenak: Idoia, Naroa, Arantza, Lander…
- Onomatopeiak: animalienak, musika-tresnenak…
- Adjetibo bitxiak: Frantxuleta, Hizkilipaia, Puntalakurloa, Malixantia…
- Lokuzioak: arrantzan ibili (ligatu), hortzak garbitu (musukatu), bizia funditu (hil)…
- Neologismoak: edertia, bultzia, urrutikuskina…
- Hasiera bereko hitzak: Txintxilimailua, Txirripitina, Txizorra, Txirimindengoa..
– Hitzak asmatu: Guk geuk asmatu ditugu hitzak eta erabiltzerakoan “Auskalomendi”koak zirela esaten genuen… Sarean, “Hitzokei” web-ean biltzen dituzte horrelakoak.
- Kirtenmitentea: Tarteka ergela dena / Astunen eskiatu: plasta izan
– Haurren saioetan berbekin adina jolastu dugu definizioekin. Berba “arruntagoak” erabili eta definizioak bihurritu:
- Burua: Lepoaren gaineko meloia / Zirina: Txoriek gurasoen autoan utzitako oparia.
Edo baita haur munduarekin zerikusia duten hitz bitxiekin:
- Kukulauka: Gordeka / Kurra kurrita: Oiloentzako deia, Basaurin
Jolasteko aukera hauez gain, beste hamaika. Eta zuek tribuaren berbetara jolastu nahi baduzue, hementxe duzue oraindik aukera: http://www.eitb.com/eu/telebista/programak/mihiluze/jokoak/tribuaren-berbak/
Nola erabili Tribuaren Berbak
Erraza da norbere herri edo ikastetxera egokitutako Tribuaren Berbak sortzea. Taulak osatzerakoan nahikoa da erabiltzea parte hartzaileen leku, pertsona edo gai ezagunak. Identifikatuta sentituko diren elementuak erabiltzea, alegia. Ariketa hau bide polita izan daiteke euskalkiak, egoera komunikatiboak edo gai jakinak lantzeko. Hitz berri deigarriekin jolasteko, hitz berriak sortzeko, aiton-amonen hitzak jasotzeko, testu zaharretan arakatzeko, etab.
Hizkuntzarekin jolasean ari garenez, gure inguru hurbileko iturriez balia gaitezke gure herriko berbak ikasteko eta irakasteko; gainontzeko herrietako liburu edo hiztegiak erabil ditzakegu gure ondoan bizi direnen euskara ikasteko edo irakasteko; figura edo helduleku berriak sor ditzakegu berbak asmatzen ikasteko edo irakasteko…
Eta materiala hortxe dugu: herriz-herriko hiztegietan, Berbeta berua bezalako hiztegietan, Mihiluzeren mahai-jolasetan, programetan, etab.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks