Euskara Twitterren UMAPen datuen argitan
Jaso berria dugu UMAPek euskal tuiterlaritzaren inguruan bidali digun azken txostena. Bertan, maiatzeko datuak biltzen dira, labur eta argi. Lehen begiratuan, datuei erreparatu diet, baina iruditzen zait, datuok eskuartean izateak berak merezi duela hausnarketa.
Hizkuntza gaietan adituak diren guztiek aitortzen dute, hizkuntza bat XXII. mendera iritsiko bada, nahi eta nahi ez, babes ofiziala beharko duela, transmisioa familietan eta irakaskuntzan bermatu, eta presentzia normalizatua izan beharko duela komunikabideetan, teknologia berrietan eta Interneten.
UMAPen datuak eskutan, artikulu honetan, Twitterri helduko diogu, sare sozialetan berrienetako bat, eta gure inguruan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dena. Eta hasteko esan dezagun Twitter 35 hizkuntzatan erabil daitekeela. Munduan dauden 7.000 hizkuntzetatik 35etan, eta 35 horietako bat euskara da! Twitter ez dago islandieraz edo bulgarieraz, ez dago galesez edo lituanieraz. Are gutxiago, korsikeraz edo kitxueraz. Baina euskaraz badago. Internauta aktibo batzuek berau euskaratzea planteatu eta auzolanean egin zutelako “#twittereuskaraz” kanpainaren bidez.
Euskarak teknologia berrietan duen presentzia garrantzitsua da. Horretarako, ezinbestekoak izan dira erakunde publikoen, ikerketa-taldeen edo hainbat elkarteren lana eta sostengua batetik, eta euskaldun militante eta kontzientziadunen jarrera aktiboa bestetik. Horiek dira euskara beste hainbat hizkuntzaren aurretik egotearen gakoak, eta euskararen normalizazioari begira ditugun indar nagusiak.
Twitter euskaraz daukagu eta ia 9.000 lagunek darabilgu euskaraz. Baina zenbat erabiltzen da euskara Twitterren? Han-hemenka bildutako iritzien arabera, badago joera bat beste sare sozialak eta Twitter bereizteko. Facebook edo Tuenti bezalakoetan lagunak eta gertuko harreman sarea hartzen dira, baina Twitter plaza ireki baten modukoa da. Barack Obama, Aita Santua edo Manu Chaoren jarraitzailea izan zaitezke eta edozein izan dezakezu jarraitzaile. Horrek ekarri du beste sare sozialetan euskaraz ari den hainbat jendek Twitterren erdaraz egitea edo erdaraz askoz ere gehiago egitea.
Baina orain datu zehatzagoak ditugu. Codesyntax enpresako lantaldeak euskararen erabilpena neurtzen duen sistema bat sortu duelako: UMAP, Twitterreko euskarazko jarduna”. Euskararen ezagupenaren eta erabilpenaren inguruko ikerketa eta datu ugari ditugu: Inkesta soziolinguistikoak, erabilera publikoaren neurketak, ARRUE Ikerketa… Datu horiei esker baloratu genezake euskararen bilakaera hainbat esparrutan eta neurri zuzentzaileak hartu edo estrategia berriak planteatu. Hizkuntza politikak eta plangintzak ezinbesteko baititu neurgailuak.
Sareko erabileraren inguruan, aldiz, datu gutxiago genuen. Eta UMAPek, informazio zehatza eta aberatsa ematen digu Twitterreko erabileraren inguruan, aukera ugari eskainiz, bestelako ikerketa-mota batzuei ere heltzeko.
Lehen datua, Twiterreko erabiltzaile euskaldunen kopurua da. Txiokatzen dituzten txioen artean euskarazkoak %20tik gora diren tuiterlariak sartzen dira kopuru honetan. Sortu den tipologiaren oinarrian, beraz, erabiltzen den hizkuntza da aldagai nagusia eta ez ezagupena. Twitterrek bost mila tuiterlari inguru jarraitzeko muga duenez, erabaki egokia da, modu honetan, euskarazko txioen gehikuntza jarraitu ahal izango dugulako. Alegia, Twiterren euskara gehien darabiltenak jarraituko ditugu. Honek esan nahi du, tuiterlari euskaldunen kopurua handitzen den heinean, euskarazko txioen kopuruak eta tuiterlari horiek euskaraz bidaltzen dituzten proportzioek ere gora egin beharko luketela. Bilakaera horrek adieraziko digu, euskararen presentzia handitzen ari den eta zein neurritan.
Bide honetatik jarraituta, interesgarria litzateke jakitea, Euskal Herriko tuiterlarien artean, zenbatek egiten duen euskaraz eta zenbatek ez. Horretarako Euskal Herriko tuiterlariak identifikatu beharko lirateke (jatorri geografikoa aipatzen dutenek ematen dute horretarako aukera) eta oinarri horren araberako datuak atera. Mereziko luke datu horiek edukitzeko ahalegina egitea.
UMAPen arabera, maiatzean 5.413 erabiltzaile aktibo izan dira (apirilean baino 121 gehiago). Hor sartzen dira astean zehar txioren bat bidali eta gutxienez % 20 euskaraz bidali dituztenak. Honek esan nahi du, bost mila pertsona baino gehiago ditugula aktibo euskaraz Twitterren mezuak sortzen. Eta horien artean, txioen % 60tik gora euskaraz bidaltzen dituztenen gunea 2.129 tuiterlariek osatzen dute (apirilean baino 75 gehiago). Gune honen hazkundea izango da euskararen presentziaren bilakaeraren erreferentziarik nagusietako bat. Hartzaileak, noski, askoz ere gehiago dira.
Uste dut, egunez egun handitzen ari den datu hau oso positiboa dela, eta erakusten duela euskarak sarean duen indarraren tamaina. Erabiltzaile horiek 571.605 txio bidali dituzte eta horietatik %48 euskaraz dira. Ekainean, apirilean baino ia 25 mila txio gehiago bidali dira euskaraz. Tuiterlari euskaldun aktibo hauek erabili dituzten beste hizkuntzen proportzioak hauek dira: espainola %28, ingelesa % 9 eta frantsesa % 1. Beste % 14 bat sailkapenetik kanpo geratzen da: edo beste hizkuntza batzuk direlako, edo sistema automatikoak ezin dituelako sailkatu: emotikonoak, “Ok” bezalako erantzunak, edo modu berezian idatzitako mezuak (“kaaaaixooo, slan saaausss?)… Lau hizkuntza nagusi horietan idatzitako txioak bakarrik harturik hau da banaketa: Euskaraz % 56, espainolez % 33, ingelesez % 10, eta frantsesez % 1.
Txiolari euskaldun aktiboen artean euskara da ohiko hizkuntza. Ingelesaren presentzia esanguratsua da eta adierazten du tuiterlari euskaldunen artean ingelesa erabiltzea ere ohikoa dela. Frantsesaren presentzia urriak zerikusia du iparraldeko tuiterlarien proportzio txikiarekin eta hegoaldean dagoen frantsesaren ezagupen-maila eskasarekin.
Euskararen erabileraren inguruko datuak oso koherenteak dira, txioetan, bertxioetan eta erantzunetan euskararen presentzia antzeko proportzioetan dabilelako (% 42 eta % 48 artean).
Euskal twiterlarien rankina ere badakar UMAPek. Eta zerrenda horrek oso garbi adierazten du Twitterreko komunitate euskaldunak bereizgarri nabarmenak dituela, eta oso trinkotuta dagoela euskarazko hedabideen inguruan (Berria eta Argia, batez ere).
Datu interesgarriak eta pozgarriak UMAPek eskaini dizkigunak. Baina hemendik dei bat egingo nuke. Euskal tuiterlarien sarea indartu egin behar dugu denon artean. Bide batez, aukera ederra eskaintzen digu Twitterrek zazpi kornerretako euskaldunen arteko harreman sareak indartzeko, elkarren berri izateko eta esparru komunikatibo euskalduna zabaltzeko. Euskarazko sarea halaxe indartuko dugu.
3 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Izkiriaturik aurkitu ditudan ene artikuluak (IV) - Garaigoikoa - [...] Kike Amonarrizek twitterreko soziolinguistika azterketa latza egin [...]
Datuok aditzera ematen dute, euskaldunontzat mehatxu baino, aukera dela sarea. Gure komunitatea osatu dezakegula bertan, trinkotu, elikatu eta ikusarazi, beste hedabide batzuen bidez baino errazago.
Aukera hori elikatu behar genuke, eta erakunde publikoek oro har, orain arte erakutsi dutena baino interes eta laguntza askoz handiagoak eskaini behar lituzkete.
Zorionak Codesyntax, hain tresna bikaina eskaintzeagatik, eta eskerrik asko Kike, azterketarengatik.
Kanpoan bizi den euskaldunik ere bada. Horiek sartzen al dira euskal komunitatean? Ala herrialdea beste bat dugunez gero ez gaituzue euskalduntzat hartzen?
Aupa Jon:
Mundu osoko txiolariak hartzen ditu aintzat UMAPek. Euskal Herrian euskara zein proportziotan erabiltzen den jakiteko zailtasuna horixe da hain zuzen ere, kasu askotan ez dela erraza edo ezin dela jatorri geografikoa zehaztu.