Historiako lehen emakume bordon-dantzariak Tolosako San Juanetan
2013ko ekainaren 24a Tolosako historiara pasako da. Gaur, lehen aldiz ikusi baititugu emakumeak Bordon-dantzan gure festetan.
1321eko Beotibarko gudarekin lotzen den dantza hau, mendez-mende urtero dantzatu izan da Tolosako San Juan egunean, eta gaur arte, gizonezkoek bakarrik dantzatu izan dute.
Gaurkoa, beraz, urrats garrantzitsua izan da berdintasunaren eta parekidetasunaren bidean, dantza honek Tolosan duen balio sinbolikoarengatik eta aldaketa honek, tradizioak ulertzeko eta interpretatzeko ikuspegi dinamikoa gailendu dela adierazten digulako.
1973. urtean eskopetarien tradizioa berreskuratu eta urte gutxitara sortu zen emakumeez osaturiko eskopetarien konpainia. Handik aurrera emakumeen parte hartzea gero eta handiagoa izan da.
Gaur egun gizonen eta emakumeen parte hartzea guztiz normalizatuta dago eskopetarien konpainietan. Berdintasunera bidean gertatzen den koska bakarretako bat, oraindik ere, kapitain gehienak gizonezkoak izatea da.
Gaurko egunez sekula baino biziago eta indartsuago ikusi ditut gure tradizioak. Izan ere, tradizioek bizirik iraungo badute, garai berrietara egokitzen jakin behar baitute.
Zorionik beroenak, urrats hau eman duen dantzari taldeari, urrats hau, inolako polemikarik sortu gabe eta normaltasun osoz eman dutelako. Eta bereziki lehen bordon-dantzari emakumeei. Gaur, historia egin duzue!
2013ko San Juanei buruzko bideo ederra prestatu du Pablo Dendaluzek: Joseluri omenaldia, gizon-emakume eskupetari eta bordondantzariak, etab. Hauxe helbidea: https://www.youtube.com/watch?feature=player_embedded&v=KrWEquaz8x0#at=28
Apa Kike:
nik, ba, zuzneketa bat egin nahiko nizuke. Bosrdondantzaria izan naiz urte askoan, nahiz eta azken urteetan ez dut ateratzerik izan lan kontuengatik. Betidanik defendatu izan nuen emakumeak ateratzea Bordon Dantzan, beti ere, talde barnean defendatu nuen zerbait izan zen. Horregatik ez nago gustora. Jendeak uste duelako emakumeak Bordon Dantzan atera direla eta ez da egia, Kike. Emakume Bordondantzariak, goizeko saioan egin zuten. Dantza, San Juan Zortzikoa prozesioan, baian arratsaldeko saioan, alegia, BORDON DANTZA tradizioanalean, ez zuten dantza egin. Eta jende guztia oso kontent badago ere, badago norbait, ni neu, behintzat, ez dagoena ados egin denarekin… Baina luze joko luke eztabaidatzea.
Kaixo Fernando:
Niretzat, “kanpoko” ikusle gisa, jauzi kualitatiboa izan zen goizean emakume bordondantzariak ikustea. Badakit arratsaldez ez zirela atera -ez dakit arrazoia-, baina uste dut etorkizunera begira zailena eginda dagoela eta hortik aurrera egin beharreko aldaketak eta egokitzapenak askoz ere errazagoak izango direla eta jada naturalki eta inolako arazorik gabe hartuko direla. Nolahai ere, hitz egingo diagu zerbeza baten bueltan. Besarkada bat eta opor onak izan.