Hizkuntza indigenak: heriotzera kondenatuak? Paraguaiko “Claves” programaren laburpena
Interneten arakatzen, Deustche Welle, Alemaniaren nazioarteko kateak eta Red GuaraníParaguaiko telebistak elkarlanean ekoiztutako Claves: Lenguas indígenas: ¿Condenadas a morir? debate-programan hizkuntza indigenei buruz iazko abenduaren 22an eskainitakoa aurkitu nuen. Saioak interes berezia du guretzat, Paraguai delako lurralde osoan hizkuntza indigena bat ofizialtzat duen Latinoamerikako estatu bakarra. Guaraniera, Amerikako hizkuntza indigenen artean, bideragarritasun handienekotzat jo izan da. Horregatik, hilabete batzuk joan diren arren, bertan esandakoek gaurkotasun eta interes osoa mantentzen dute.
Gonzalo E. Caceres eta Mariana Pineda moderatzaileen inguruan lau adituk hartzen dute parte mahai-inguruan: Edith Penner (hizkuntzalaria), Ana Margarita Ramos (Unicef-Haur indigenentzako egitasmoak), Lino Trinidad (Guaranieraren Akademia) eta Tadeo Zarratea (Zientzia juridikoetan doktorea eta guaranieran lizentziatua).
Programan azaldutako ideia eta hausnarketa nagusienak bildu ditut lerrootan. Horietako batzuk, oso gertuko sentituko dituzue: ofizialtasunaren eragin erlatiboa, klase politikoaren engaiamendua, hiztunen kontzientziazioa… Hona laburpena.
E.P.- Amerikan 250 hizkuntza indigena inguru desagertzear daude. Ertamerikan, Mexikon edo Perun bertoko kulturen duintasunaren aldeko borroka indartsuagoa da, baina Hego Konoko herrialdeetan ez gara horren kontzienteak.
T.Z.- Paraguain erdal elebakartasuna eta kultura europeizatzailea izan dira beti nagusi. Guaraniera oso baztertuta egon zen kolonia garaian, baina tamalgarria da independentziaren ondoren, kolonia zenean baino baztertuago egotea. Latinoamerika osoan bezala, hemen ere, kultura uniformizatzailea dago. Hizkuntza europarretan, eta ez indigenetan, hitz egiten duten 30 bat herrialde daude eta salbuespen bakarra Paraguai da, non guaraniera koofiziala den. Kolonialismoak asko zigortu du Amerika latinoa. Kolonizatuek, kolonizatzaileek baino politika kolonialista gogorragoa egiten dugu. Jendeari sinistarazi zaio hizkuntza amerikar guztiak txarrak eta pobreak direla eta europarra den guztia imitatu egin behar dela. Hau “lur errea” da.
L.T.- Jendea kontzientziatu egin behar dugu gure hizkuntzaren inguruan, menperatzailea izaten jarraitzen duen hizkuntza bat dagoelako. Paradoxikoki, Paraguaiko lehen gobernu independenteak, eskoletan guaranieraren erabilera debekatzen zuen bando bat onartu zuen, espainiartasuna sendotu nahi zuen kultur aholkulari kreol baten bulkadaz.
A.M.R.- Latinoamerikan 512 bat hizkuntza indigena ditugu eta horietatik 10 mugen inguruan hitz egiten dira. Eta egoera honek talka egiten du estatuaren ideiarekin, nazio-estatuaren lurralde-parametroekin, hizkuntza eta kultura bakarrarekin lotzen den estatu batekin.
Honek sekulako eragina du haurrengan. Eskolako lehen urteetan, beren hizkuntzan egiten ez duten irakasleekin egiten dute topo eta beren kulturekiko inolako erreferentziarik ez duten eskola-liburuekin, eta oso emaitza txarrak izaten dituzte. Paraguain horixe bera gertatzen da haur indigena edo mestizo guarani elebakarrekin. Eta honek zerikusia du autoestimuarekin, hizkuntza indigenak txirotasunarekin edo diskriminazioarekin lotzen direlako eta haurrak lotsatu egiten dira.
T.Z.- Paraguaiko Hizkuntza Legeak bi erakunde garrantzitsu sortu ditu; Paraguaiko hizkuntza guztien babesaz arduratzen den Hizkuntza Politikarako Idazkaritza eta Guaranieraren Akademia, esparruak irabazi behar dituena, oso baztertuta dagoen guaraniera baita. Gure arazorik handiena ez dira indigenak (% 3 inguru), indigena marjinatuen egoera berean bizi diren elebakarrak baizik (biztanleen % 30), gehi, estatua hizkuntza behar bezala irakasteaz ez arduratu izanaren ondorioz, gaizki elebidundutako % 50a.
Paraguaiko elebitasuna asko ikertu da, bi hizkuntzen artean 500 urteko bizikidetza eta ukipen egoera dagoelako. Elebitasun zaharra da, gizarte-maila guztiak hartzen dituena eta oso errotua. Ulermen aldetik besterik ez bada ere, paraguaiar guztiak elebidunak dira.
E.P.- Baina Legea ez da nahikoa. Klase politikoak ez du inoiz interesik izan guaraniera hizkuntza osoa, instituzionala edo lanekoa izan dadin. Gaztelaniaz ikasi dute eta beraientzat guaraniera helburu politikoetarako tresna da. Irakaskuntzan ikasgai bat besterik ez da, latina bezala.
L.T.- Zaila da guaraniera beste hizkuntza indigenekin konparatzea, ez baitira horren zabalduak: Paraguain % 40k guaranieraz bakarrik egiten du, eta ez dira indigenak, mestizoak baizik. Politikariek gehiago egin behar dute. Modu proselitistan darabilte baina ez dute sustatzen eta ondorioz, gaztelaniak egoera pribilejiatua bizi du, eta biek egoera bera izan beharko lukete.
T.Z.- Klase politikoari ez zaio interesatzen. 92an guaraniera hizkuntza ofizialtzat hartu zen eta Konstituzioak, garatzeko lege bat egin behar zela agindu zuen. Bada, 18 urte pasa ziren eta klase politikoa ez zen mugitu ere egin. Eta gizarte zibiletik proposatu behar izan genuen hizkuntzen lege bat. Paraguaiko elebitasuna kontituzionalizatu izanaz damutzeko puntuan geunden, nazioarteko edozein erakunderen aurrean politikoen erantzuna hauxe zelako; guaraniera konstituzioan dago, zer gehiago nahi duzue? Jarrera populista da, guaranieraren aldeko diskurtsuarekin botoak irabazten dituzte, baina Legebiltzarrera iristean denetaz ahazten dira. Lehenik eta behin, deskolonizatu egin behar da. Europa, hizkuntzen eta kulturen mosaiko bat da niretzat. Gutxi izan ziren, euskaldunena bezala, beren hizkuntzak salbatu ahal izan zituzten nazioak. Latinoamerikan mantendu daitekeen hizkuntza asko dago.
A.M.R.- Inmertsioa oso garestia den aitzakia daukagu beti. Eta errealitatea da haur indigenei egokitzen zaien hezkuntza kalitate txarrekoa dela: material arrazistak, gaizki ordaindutako irakasleak, herri horiei ez dagozkien ikuspegiak eta edukiak itzultzeko erabili ohi da hizkuntza indigena… Egoera honen azpian diskriminazioa eta arrazismoa daude. Oso garrantzitsua da haur horiek beren hizkuntza eta kultura garatzeko aukera izan dezaten. Kontua ez da beste hizkuntzarik ez sartzea, baizik eta, hezkuntza bere hizkuntzan hasten duen haur batek askoz ere aukera gehiago dituela, 2., 3. edo 4. hizkuntza bat ikasteko. Esate baterako, Ekuadorreko Amazonian, lehen urteak beren hizkuntzan egiten dituzte eta ondoren, gaztelania eta ingelesa sartzen dituzte. Haurrek beren kultura, kultura nazionala eta globalizazioarekin datorrena bateratzen dituzte. Gazte batek mezua ayoreoeraz bidal dezake bere smartphonetik eta aldi berean orri bat ingelesez kontsultatu. Zurea ondo ikasi eta baloratuz gero, mundura irekitzeko aukera gehiago izango duzu. Eta gaur egun, zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta abantaila gehiago.
G.E.C.- Lurralde horietako baliabideak hustiatzeko multinazionalek komunitate indigenetan eragindako errepresioa ere hor dugu. Globalizazioak hizkuntza horien heriotza bizkortu egingo du.
E.P.- Kultura lokalak indartzen ari dira eta internet laguntza handia da. Indigenek hainbat hizkuntza dazkizkite maiz (guaraniera, gaztelania…). Gizarte nazionala baino eleanitzagoak izan ohi dira.
T.Z.- Herri batek botere handia duenean beste herrien kultura desitxuratu egiten du eta hemen, herrien berrahalmentze prozesu bat dago. Sare sozialen eta komunikabideei esker kontzientziatzen ari dira eta bere kulturarekiko boterea berreskuratzen. Gaur egun edozein indigenak lor dezake entzun dezaten, horretarako bitartekoak dituelako.
L.T.- Botere politikoa ez da kontziente kultur aniztasuna babestearen garrantziaz. Eta guk guaranieraren hedapena eta erabilpena finkatu nahi ditugu hezkuntza sisteman. Orain, saiatzen ari gara Paraguaiko haurrak berea ez den hizkuntza batean alfabetatzen eta aurrena ama-hizkuntza ondo finkatu behar da, beste hizkuntzak ikasteko oinarria izan behar duelako, eta guk hori ez dugu egiten.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks