Zergatik txiokatzen dugu euskaldunok euskaraz, galesdunek galesez halako bi?
Rhodri ap Dyfrig-ek “Pam bod Basgwyr yn trydar ddwywaith cymaint â’r Cymry?” artikulua (Zergatik txiokatzen dute euskaldunek, galesdunok halako bi?) argitaratu du Dyfeisgar bere blogean. Rhodri ap Dyfrig, Aberystwyth Universityko irakaslea da, Hizkuntza eta Komunikazioa sailean. 2010ean EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak antolaturiko “Web TV: Interneteko telebistari buruzko Mintegian” hartu zuen parte eta The Welsh Language in the Media ikerketaren egilea da Elin Haf Gruffydd Jones eta George Jones-ekin batera.
Artikulua ulertzen saiatu naiz galesa-ingelesa itzultzaileak eta hiztegiak erabiliz. Ulertezina egin zaidan zatiren bat alde batera utzirik eta okerren bat egon daitekeela onartuta, hona artikuluaren itzulpena eta nire komentarioak parentesi artean.
Euskara darabilten kontuen kopurua eta galesa darabiltenena berdintsuak dira, Indigenous Tweets web crawler-aren arabera. Gutxi gora behera, euskara darabilten kontuen % 82 dira galesa darabiltenak, taula honetan ikus daitekeen bezala.
Baina bidalitako txioak neurtzean, euskarazkoek bikoiztu egiten dituzte galesezkoak. Honek esan nahi du, sareko ekosistema linguistiko-sozialean derrigor izan behar duela alde hau azalduko duen arrazoiren bat. Eta seguraski, alde honek, gauza interesgarriak erakutsiko dizkigu, bi hizkuntza horiek Inteneteko esparru desberdinetan erabiltzeko dauzkagun kulturen inguruan.
Zer arrazoi egon daitezke alde hori azaltzeko? Hona batzuk:
- Hizkuntzak identifikatzeko algoritmoak hobeto funtzionatzen du euskararekin, eta mezu gehiago identifikatzen ditu (Arrazoi hau oso teknikoa da eta teknikariek esan beharko digute hala den ala ez).
- Euskara gehiago landu da sare sozialetan galesa baino (artikulu egileak euskal errealitatea ere ezagutzen du, beraz hala dela pentsa genezake).
- Beren txioak euskaraz bidaltzea, espainolez bidaltzea baino nahiago duten euskaldunak gehiago dira, txioak galesez txiokatzen dituzten galesdunak baino (Alegia, hizkuntza leialtasuna handiagoa dela gurean).
- Euskaraz txio gehiago bidaltzen dira automatikoki.
- Euskaraz mezu gehiago bertxiotzen dira galesez baino (Twitterreko euskal komunitatea aktiboagoa delako agian?)
- Gehiago dira txioak euskaraz maiztasun handiz bidaltzen dituzten euskaldunak, gauza bera galesez egiten dutenak baino (euskal komunitatea aktiboagoa da inondik ere).
- Euskaldunek eta galesek modu desberdinetan erabiltzen dituzte sare sozialak. Adibidez: partekatzeko kultura ez dirudi horren zabalduta dagoenik galesdunen artean. Euskaldunak, galesdunak baino “digitalagoak” dira (mugimendu sozialek gurean duten indarrak beraz, eragin zuzena du euskararen erabilpenaren emendatzean).
- Gehiagorik bururatzen?
(Bi hitzetan esanda, nahiz eta kontuen kopuruetan halako alderik ez egon, Twitterreko euskal komunitatea trinkotuago dago eta aktiboagoa da gales komunitatea baino).
Egileak aipatzen digunez, Jackson eta Wang-ek (2012) sare sozialekiko desberdintasunak aztertu zituzten AEB-etako eta Txinako kulturen artean. Eta azterketa horretan oinarrituta galdetzen dio bere buruari: baina nolako desberdintasunak egon daitezke Europako kulturen artean? Chris Smit-ek ere aztertu du sare sozialak nola erabiltzen diren kultura desberdinetan, eta uste du desberdintasunak daudela, Holandaren eta Beljikaren artean, nahiz eta ez duen argibide garbirik ematen. Blogen batean ere eztabaidatu omen da indibidualismoak eta taldetasunak teknologiaren erabileraren areagotzean izan dezaketen eraginaz. Izan dezake zerikusirik hiztunen banaketa geografikoak? Eta hirietan bizitzeak edo nekazaritza eremuetan bizitzeak? Ofcomen estatistiken arabera, hiriguneek eta nekazaritza eremuek irisgarritasun-maila bera dute banda zabalera, baina beharbada modu desberdinean darabilte. (Hizkuntza komunitatearen hedadurak, hiztunek elkar eragiteko eta elkarrekin komunikatzeko dituzten ohitura sozialak eta sare sozialen erabilpenaren helburuek ere markatzen dute hizkuntzaren erabileraren nolakotasuna eta kopurua. Eremu desberdinetarako erabilera plangintzak diseinatzerakoan egoera aztertzen den modu berean aztertu beharko genuke sare sozialetako euskararen egoera eta erabilera).
Hona Desberdintasun kulturalek sare sozialetan duten eraginari buruzko blog-sarrera gehiago: ‘Impact of cultural difference on social networking’
Komunitate gertuaren ideiarekin lotuta azken hausnarketa hau burutzen du artikulugileak: Galesa trinkoen dauden eremuak, hizkuntza bizirik mantentzeko faktorerik garrantzitsuena dira, baina era berean, eremu horien ezaugarriengatik ez dago hizkuntza horren bizirik sarean.
Emaitza hauek ez naute bat ere harritu. Konparatzea besterik ez dago zenbat artikulu ditu galesezko Wikipediak (50.000 inguru) eta euskarazko Wikipediak (152.000). Niretzako Wikipedia adierazle egokia da jakiteko hizkuntza baten osasuna Internet-en. Bi hizkuntzen arteko aldea, beraz, nabarmena da.