Euskararen egoera 1983an. Duela 30 urteko irakurketa bat
Tolosako Udalaren Euskara Batzordeak “Euskara gizarte bizitzan. Tolosan euskaraz” Jardunaldiak antolatu zituen 1983ko Abenduaren 19tik 23ra. Lluis Vicent Aracil eta Iñaki Larrañaga soziolinguistak izan ziren hizlariak. Aracil soziolinguistika katalanaren aitapontekotzat jo daiteke eta sekulako eragina izan zuen euskalgintzan. Iñaki Larrañaga, berriz, soziolinguistika aplikatua Euskal Herrira ekarri zuena izan zen eta ikerketa soziolinguistikoen eta kale-neurketen lehen sustatzailea, SIADECO ikerketa-taldean.
Jardunaldien bidez, Euskara Batzordeak herriko bizitza soziala osatzen zuten sektoreekin jarri nahi izan genuen harremanetan, euskararen aldeko argudio berriak emanez eta ahalik eta jende gehien bilduz. Horretarako, bina hitzaldi eman ziren egunero arloz arlo: administrazioa (udal-langileak eta eskualdeko alkate eta zinegotziak), irakaskuntza (irakasle eta ikasleak) merkataritza eta elkarteak, profesio liberalak eta sindikatuak. Azken hitzaldia irekia izan zen. Irakaskuntzari zuzenduriko hitzaldian 1.700 lagun bildu ziren Leidorren eta beste hitzaldietara 800 bat lagun hurbildu ziren. Hitzaldi guztiak liburuxka batean bildu ziren.
Hitzaldien hasieran Iñaki Larrañagak euskararen atzerakadaren historia azaltzen zuen modu laburrean, eta ondoren, euskararen egoeraren irakurketa kualitatiboa egiten zuen “Euskararen gaur egungo egoeraz diagnosia edo ordezkatze prozesuaren sintomatologia” izenburupean. Egokitzapenen bat eginda, argitaratu zen bezala transkribatuko dizuet (ahoz emandako hitzaldien transkribapena da testua), eta ariketa bat egitea eskatuko: Zuen ustez, zertan aldatu da 30 urteotan euskararen egoera? Zertan mantentzen da berdintsu? Nire irakurketa hurrengo astean egingo dut. Hona testua:
“Historian zehar euskarak izan duen lurralde atzerakadaz gainera, euskara kontserbatu den lurraldeetan, urteetan zehar, erosio edo higadura sakona burutzen joan dela ere ezin da ahantzi. Euskal zona izenekoa ere erdararen menpean jartzen ari da, barrendik pipiak jota dagoen zapi edo oihalaren antzera, alegia. Egoera honek, hizkuntzaren erosio edo higadura horren ondorioz, alegia, euskara errekuperatu ezinezko puntura iritsita dagoela pentsarazten dio zenbat ikerlariri.
Hizkuntzaren ordezkapen prozesu bat burutzear dagoen unean, edo beste hitz batzuekin esanda, hizkuntza bat hiltzear dagoenean agertzen diren zenbait sintoma gure artean ere agertzen hasiak baitira; sintoma horiek alarma seinaleen gisara funtzionatzen dute eta banan-bana seinale guztiak pizten doaz, inork gelditu ezin duen prozesu bat balitz bezala. Seinale horien artean nabarmenenak, labur bilduz, honako hauek izango lirateke:
- Euskaldun elebakar guztiak desagertu direla gure lurraldeetatik. Ia ez da bat bakarrik ere gelditzen, aiton-amona zahar bat edo beste ez bada. Izan ere, euskaldun guztiak elebidun bilakatu dira (Ordezkapenaren lehen etapa).
- Alderantziz, erdaldun elebakar asko dago, gehienak, euskara ikasi ez dutenak eta ikasi beharrik ere sentitzen ez dutenak. Nahiz kanpotik etorriak, nahiz bertan jaioak. Horien artean elebidun gutxi da. Horiek ez dira elebidun bilakatu.
- Horren ondorioz, Euskal Herrian euskara bakarrik jakinez bizitzea ezinezkoa gertatzen den bitartean, erdara bakarrik jakinez bizitzea, posibe ez ezik, gehiengoaren egoera arrunta bilakatu da.
- Euskarak, biziko bada, ezinbestekoa duen lurgune edo nukleo geografiko minimorik ere ez du. Euskal zona deituriko espazio edo lurgune hori puskatua eta zatikatua aurkitzen da. Erdararen itsaso zabalean aurkitzen den artxipielago baten antzera, lurgune batzuk agerian eta zenbait lurralde betiko erdararen urpean (erdaldunduak) gelditzeko arriskuan.
- Euskaldunak diren lurguneetan ere ezinezkoa gertatzen da, egun osoz eta bizitza sozialaren alor guztietan, euskara erabiliz bizitzea. Erdarak okupaturik baititu ez bakarrik administrazioa, irakaskuntza, komunikabideak, baizik eta baita ere kaleak, plazak, dendak, tabernak, lantokiak, etab., etxeetako sukaldeetan sartzeraino.
- Bestalde, hizkuntzaren erreprodukzio sozialaren mekanismoak huts egiten ari dira. Horien artean, bereziki, familia bidez egiten den transmisio prozesuarena. Kontua ez da oraingoa, baina gaur egun, geroz eta gehiago dira, batez ere eskualde erdaldunduenetan, familian ikasten hasitako euskara kanpoan indartsuagoa den erdarak ito eta suntsitu egiten duten kasuak.
- Euskararen erabilpena, azkenik, maila alarmagarrietara jaitsia dagoela agertu dute azken aldi honetan egin diren azterketek. Izan ere, Gipuzkoako lurraldean euskara dakitenen erdiek ere ez dute erabiltzen beren bizitzako harreman arruntetan. Proportzio hori gazteen artean oraindik askoz beherago jaisten da (laurden batera). Horrela, hizkuntzaren ordezkapen prozesuan gertatu ohi dena gure artean ere gertatzen delarik: euskara zaharren eta haurren hizkuntza izatea, alegia. Helduek eta, batez ere gazteek, gehienbat erdara erabiltzen dutelako.
Era horretan agertzen da demografiaren dinamika ez dagoela euskararen alde, alderantziz baizik. Alde batetik, belaunaldi indartsuenek erdara gehiago erabiltzen dutelako, eta bestetik, batez ere zaharrek egiten duten hizkuntza, zaharrak desagertu ahala, indarra galtzen joango delako.
Sintoma edo seinale guzti hauek adierazten dute, katastrofismoan erori gabe, euskara egoera benetan larrian aurkitzen dela, eta euskara-erdararen arteko indar erlazioa zeharo erdararen alde desorekatuta dagoela, eta hizkuntz ordezkapen prozesua oso aurreratuta, ia atzera egin ezinezko punturaino iritsita.
Egoera hori aldatzea nahi bada, itzuli ezinezkoa ez dela onartu ondoren, emergentziazko egoera bati dagozkion neurriak hartu beharra dagoela garbi dago. Ez du balio orain arte bezala jarraitzeak, ez eta neurri arruntak hartuz jokatzeak. Ez, benetan indar erlazio hori aldatu nahi bada, neurri bereziak eta garratzak hartu beharra dago.”
Eta orain zuen txanda. Buruz bada ere, egin ariketa: Zertan aldatu da 30 urteotan euskararen egoera? Zertan mantentzen da berdintsu?
5 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Nola aldatu dira gauzak… 1983tik? | zuzeu.com - [...] Erronka luzatu digu Kike Amonarrizek bere blogean: Zuen ustez, zertan aldatu da 30 urteotan euskararen egoera? Zertan mantentzen da…
- Izkiriaturik aurkitu ditudan ene artikuluak (VI) - Garaigoikoa - [...] - Kike Amonarriz klasikoa da dagoeneko izkiriaturik honetan. Duela 30 urte euskararen egoera zertan zen? [...]
Ez diguzu lan makala jarri, Amonarriz! Jarriko gaituk hala ere, jarriko gaituk…
Badakit Tolosan gauzak anitz aldatu direla 30 urtez, batez ere ikastolaren eraginez.
Baina Aldudeko ibarrak (Baxenabarre), hemen aurkeztutako txostenaren ezaugarri anitz betetzen ditu… Ez 1983an, baizik eta gaur egun, 2013an!
Horra bada, nire erantzuna:
Gauzak asko aldatu dira 1983tik hona (besterik ez genuen behar, frankismotik “irten berritan” ginen orduan).
Oro har, dezente hobera egin du euskararen egoerak EAEn, oso gutxi Nafarroan (gauzak aldatu ezean, erabateko ordezkapena ez dago urrun) eta nabarmen okerrera Iparraldean.
Hizkuntzaren ordezkapen prozesu bat burutzear dagoen unean, … hizkuntza bat hiltzear dagoenean agertzen diren zenbait sintoma gure artean ere agertzen hasiak zirela ohartarazten gintuen Larrañagak; eta sintoma horien artean nabarmenenak,zerrendatu zituen, zazpi ataletara ekarrita.
Ondoen ezagutzan dudanari, EAEri erreparatuta, horrela geratu zait Larrañagaren zazpikoa (letra etzana berea da, eta nire kolkokoak azpimarratu egin ditut). Ez da horrenbeste aldatu orduko testua, egia esan:
1. Euskaldun elebakar guztiak desagertu dira gure lurraldeetatik. Ia ez da bat bakarrik ere gelditzen,… herri euskaldun gutxi batzuetako haur txikiak ez badira. Izan ere, euskaldun guztiak elebidun bilakatu dira (Ordezkapenaren lehen etapa).
2. Alderantziz, erdaldun elebakar asko dago, gehienak, euskara ikasi ez dutenak eta ikasi beharrik ere sentitzen ez dutenak. Nahiz kanpotik etorriak, nahiz bertan jaioak. Horiek ez dira elebidun bilakatu, baina seme-alabak euskaraz eskolatzen dituzte gehienek.
3. Horren ondorioz, Euskal Herrian euskara bakarrik jakinez bizitzea ezinezkoa gertatzen den bitartean, erdara bakarrik jakinez bizitzea, posible ez ezik, gehiengoaren egoera arrunta bilakatu da.
4. Euskarak, biziko bada, ezinbestekoa duen lurgune edo nukleo geografiko minimorik ere ez du.
Euskal zona deituriko espazio edo lurgune hori puskatua eta zatikatua aurkitzen da. Erdararen itsaso zabalean aurkitzen den artxipielago baten antzera, lurgune batzuk agerian eta zenbait lurralde betiko erdararen urpean (erdaldunduak) gelditzeko arriskuan.
5. Euskaldunak diren lurguneetan ere ez da erraza, egun osoz eta bizitza sozialaren alor guztietan, euskara erabiliz bizitzea. Baina erdara etxeetako sukaldeetaraino sartu bada ere, euskarak urrats handiak egin ditu udaletan, irakaskuntzan, komunikabideetan, eta oro har lurgune euskaldunetako eremu funtzional guztietan ere. Alabaina, erdaren konpetentzia gero eta nabarmenagoa dauka orain etxean nahiz lagunartean.
6. Bestalde, hizkuntzaren erreprodukzio sozialaren mekanismoak huts egiten ari dira neurri batean. Bereziki, familia bidez egiten den transmisio prozesuarena. Izan ere, guraso biak euskaldunak direnean ia guztietan irakasten diete euskara seme-alabei, baina nahikoa da bietako bat erdalduna izatea transmisio maila erdira-edo jeisteko, eta aintzat hartu behar da, gero eta gehiago direla bikote mistoak (bietako bat erdalduna).
Eskerrak, ikastolek eta D ereduak haur asko euskalduntzeko gauza diren, eta gero eta guraso gehiagok eredu horien alde egiten duen.
7. Euskararen erabilpenari dagokionez, hizkuntzaren ordezkapen prozesuan gertatu ohi dena gure artean ere gertatzen da: euskara zaharren eta haurren hizkuntza izatea, alegia. Gazteek eta, batez ere helduek, gehienbat erdara erabiltzen dute. Euskararen erabilera oso-oso geldo ari da gora egiten. Erabilerari dagokionez, egoera ez da 1983koa, baina ez du baikor izateko seinale handiegirik ematen.
Eta honela jarraitzen zuen Larrañagaren testuak:
“Era horretan agertzen da demografiaren dinamika ez dagoela euskararen alde, alderantziz baizik. Alde batetik, belaunaldi indartsuenek erdara gehiago erabiltzen dutelako, eta bestetik, batez ere zaharrek egiten duten hizkuntza, zaharrak desagertu ahala, indarra galtzen joango delako”.
Beste eragile batzuk tarteko (jaiotze tasa baxua, etorkinen jarioa…), demografiaren dinamika ez da euskararen aldekoa orain ere, eta zahar euskaldunak desagertu zaizkigu asko eta asko.
Bestalde, haur euskaldunek hazi ahala, euskara bazterrera uzten dute sarri. Urte hartan Larrañagak ohartarazi bezala, katastrofismoan erori gabe ere, euskara egoera larrian aurkitzen da, euskara-erdararen arteko indar erlazioa zeharo erdararen alde desorekatuta dago eta hizkuntz ordezkapen prozesua oso aurreratuta; dezente aurreratuago Nafarroan eta Iparraldean EAEn baino, baina EAEn ere egoera larri bati dagozkion neurriak hartzen ez badira, hizkuntz politikan aldaketa sakonak gertatzen ez badira, ordezkapenak bere bidea burutuko du, lehenago edo beranduago, nire ustez.
Ez azpimarrak ez etzanak ezin dira hemen ikusi, bai ostera zuzeuko lotura honetan. Barka endreduak…
http://zuzeu.com/2013/07/31/nola-aldatu-dira-gauzak-1983tik/
Ez dizut zuzenean erantzungo, Kike, alorrez alor zertan hobetu diren gauzak eta zertan gaiztotu azaltzea lantegi gaitza delako, hemen iruzkin labur batean botatzeko. Baina, uzten badidazu, konparazioburu bat jarri nahi nuke, askotan esan ohi duguna (gai batzuetan aurrera egin dugula, eta beste batzuetan zauriak zornetzen ari zaizkigula) hobeto ikus dadin: Ingurumena.
–Tolosako eskolapioetan “aparretan” bizi ginen, gogoratzen? Esan nahi baita Oria ibaiaren apar pozoitsuan. Orain, jaioterrira joaten naizenean, harrituta geratzen naiz zein garbi eta txukun dauden bazterrak (azkenengo bisitan, martin arrantzale bat eta errekatxindorrak ikusi nituen ibai-bazterrean…)
–Orain dela 30 urte, ez genekien tutik ere birziklatzeaz, atez atekoaz edo bosgarren edukinotziaz. Liskarrak liskar, ikaragarri aurreratu dugu zabor-hondakinen kudeaketa garbiaren garrantziaz.
–Orain dela 30 urte, “libreagoa” zen mendian edozer basakeria egitea. Orain arreta handiagoz zaintzen ditugu gure parke naturalak, biotopoak eta gainerako babesguneak.
Baina, horrekin batera, arrisku berriak –eta zaharrak– hortxe daudela ezin da ukatu: (Gipuzkoan bertan) errauskailuak, superportuak, AHT… Arabatik joanda, Gipuzkoa, alderik alde, eskalektrix erraldoi bat da, dena errepide, zubi, tunel eta zulo, porlanaren erresuma.
Eta euskararekin ere berdin: arazo zahar batzuei ez diegu galga jarri, beste batzuei bai; eta berriak agertu zaizkigu. Egoera larri den ala ez? Bai, nire ustez hala da. Eta beste gauza bat, bukatzeko: denbora gure kontra doa. Ez da egia progresibotasuna, patxadaz, arian-arian ibiltzea komeni zaigula. Neurri urjenteak behar ditugu, herritarrak oso moldaerrazak garelako, eta euskara zuloan ikustera ohitzen denari, azkenean, naturala iruditzen baitzaio, “betikoa”.
Besarkada bat!