Gerra hotsak komikietan
Nazioarteko hainbat gatazkatara hurbiltzeko ez ohiko bide bat erabili dut azkenaldian: komikiak. Txetxeniako, Irakeko, Chiapaseko eta Afghanistango gatazkak oso ikuspegi desberdinetatik jorratzen dituzten 4 komiki izan ditut eskuartean. Gerra hotsak eta gerraren kontrako oihuak entzungo dituzue, berauek irakurriz gero.
Chroniques du proche étranger en Tchétchénie: Rash eta Tamada. Vertige Graphic. Paris. 2007
“Inguxetia, 200ko uztaila. 150.000 errefuxiatu txetxeniar baino gehiago bertan zain, osasun eta baldintza material ezin okerragotan. Jazarriak, gabezia erabatekoan, duintasunez diraute.” Lehen orrietan zehar bidelagun izango ditugun aiton-amonek, herri txetxeniarraren historia gertua deskribatuko digute. Lagungarri gertatuko zaizkigu, gainera, liburuan tartekatzen diren aipu historikoak: « Zin dagizuet ez dudala atsedenik hartuko txetxeniar batek bizirik dirauen bitartean » (Ermolov generalak Alexander Tsarrari 1818an). Hala jakingo dugu, beste gauza askoren artean, 2. mundu gerran, Reichstag-en bandera komunista jarri zuen soldadua txetxeniarra zela, baina aski errusiarra ematen ez zuenez argazkia trukatu egin zutela.
Ondoren, laguntza humanitarioa eramatera joandako mediku frantses gazte bat eta bere laguntzaile txetxeniarra ezagutuko ditugu eta beraiekin orrietan aurrera egin ahala, Grozni ameskaiztoa bilakatuko zaigu, nahiz eta ankerkeria, gizagaldu eta basakeriarik handienen ondoan, gizatasun handiko egoerak eta pertsonak ere erakutsiko zaizkigun. Hiriaren suntsipena, munduaren isiltasun konplizearen ondorio gisa ikusiko dugu, txetxeniarren sentipen etsituak jasoz : « Txetxenia hilabetean eraisten badugu, mendebaldea ez da jabetu ere egingo » zioen Mikhailov general errusiarrak, eta historiak eta Europaren isiltasunak arrazoia eman diote.
Txuri-beltzaren erabilerak eta orri osoko marrazki ñabarduraz beteek historiari dramatismoa eransten diote (Comès-en « Silence » edo « La Belette » dakartzate gogora).
Anne Nivaten sarrerak zabaltzen du liburua: ” ‘No CNN, no war’ esan nuen zuzenean CNNek gonbidatu ninduen batean, ausentzia hau kritikatzeko. Ez naute gehiago gonbidatu”. Eta gerraren kronologia zehatzak ixten.
ZAPATA, en temps de guerre : Philippe Squarzoni. Delcourt. Ligugé. 2012
« Mexikon, bada herri bat, zeinaren izena ahaztua duten bidaia-mapek. Bertan bizi diren herritarrek diotenez, bake garaitan, Garduno deitzen da eta Zapata, gerra garaitan ». Komiki liburu hau, « Garduno, en temps de paix » komikiaren segida da. Attac mugimenduaren militantea den egileak, neoliberalismoaren aurkako mugimenduen ikuspegia lantzen du liburuan, berak gertutik oso ondo ezagutzen duen mugimendu zapatistaren erralitatetik abiatuta.
Liburuan zehar gai asko aztertzen dira sakon eta argi : kapitalismoa, globalizazioa, inperialismoa, bankuak eta paradisu fiskalak, gosea eta elikadura enpresak, gerren jatorria eta arrazoiak… Eta horiekin batera, injustizia horiei aurre egiteko hainbat ekimen eta mugimendu: zapatistak eta mugimendu altermundialista, Tobin zerga, Attac mugimendua bera… Irakurlea informatu eta aktibatu egin nahi du egileak, eta horretarako informazio zehatza eta landua eskaintzen du eta marrazkietan estilo hiperrealista darabil, une historiko eta pertsonaia garrantzitsuen argazkiak edo berauetan oinarrituriko marrazkiak ere tartekatuz.
Pedagogia politikoa lantzen duen komiki konprometitua da Squarzonirena. Le Monde Diplomatique komiki formatoan irakurtzen ari zaren sentsazioa izan dezakezu batzuetan. Baina irakurtzen hasiz gero, bukatu arte askatuko ez duzun liburu horietakoa da.
Sous la banniere etoilée : D.Novgorodoff, B.Percy eta J.Ponsoldt. Castemar. Paris. 2010
Liburu honen gaia Irakeko gerra baldin bada ere, gerratik urrun kokatuko gara ia obra osoan, azken orrietara iritsi bitartean. Gerraren jarraipena urrutitik egingo dugu. Oregoneko herri txiki batetik, bertan bizi baitira, aitak Irakeko gerran dituzten hiru gazte protagonistak
Gazte hauen bizitza arruntaren gordintasuna, inguratzen dituen bortizkeria, gerran daudenen berririk gabeko aldi luzeen angustia, elkarrizketa garratzak, egoera biolentoak… Urruneko gerra, gertuko eguneroko gerrekin nahasten da orriotan, eta Irakeko gerraren kalte zuzenez gain, eragin dituen bestelako albo kalteak ere ezagutuko ditugu.
Percy-ren eleberriaren testua, eleberri grafiko bihurtu du Novgorodoffek. Ponsoldtek landu ditu kokapenak eta Sycamorek jarri die kolorea. Eta denen artean, atmosfera egokia sortu dute, irakurlea historian barneratu dadin.
Afghanistan, récits de guerre : askoren artean. Ëditions FLBLB. Poitiers. 2011
6 istorio desberdin, 6 ikuspegi desberdin, 6 estilo, kokapen bat –Afghanistan-, egoera bera –gerra-, soldadu frantsesak, eta bi kolore, zuria eta beltza.
Editoreek dioten bezala, ”Inork ez baditu gaur egungo gatazkak kontatzen, eta inongo egilek ez badu bere egiten material historiko, politiko eta nobelesko hau, hedabideena eta Estatuarena izango dira kontakizun bakarrak, alegia, kontakizun manipulatu eta testuingururik gabeak”.
Lau liburuetatik gutxien gustatu zaidan honetan, hiru dira, batez ere, atentzioa eman didaten historiak:
Opération psychologique (Lisa Lugrin) : soldadu batzuk herrixka batera iritsiko dira herritarrak komentzitu nahiean bertara eraman dituzten arrazoi etiko-politikoez. ”Jendeak ez daki zergatik gauden hemen” esango du soldaduak, eta bertako buruzagiak erantzungo dio: ”Nik uste dut ordea, zuek zaretela hemen zergatik zaudeten ez dakizuenak”.
Le sergent Louis (Robin Cousin) : umorea ere badarabilen historia honetan Louis sarjentua, ohiko bizitza militarra edertzen eta alaitzen saiatuko da, mezu, kartel eta iragarkietan letra tipo bitxi eta deigarriak erabiliz. Kabuleko jendearengan harridura sortuko du armadaren joera berri honek, batik bat, Ramin Nasserjah bideo-klubeko dendariarengan. Trajikomediatzat har daitekeen historia honetan, umorea eta trajedia modu naturalean nahasten dira.
Sans peur et sans reproche (Guillaume Heurtault): marrazketa minimalista erabiliz, soldaduen jarduna eta hilketak, ministerioetako elkarrizketa eta agintarien oturuntzekin nahastuko dira. Hlaxe esango dio soldadu batek besteari: ”Ba al dakizu zer gertatzen den zibilak hiltzen direnean? –Ez. – Dirua ematen zaie beren familiei”.
Lucie Castel-en L’honneur de François, Maxime Jeune-ren Le petit clac du bouchon à l’ouverture eta Clément Xavier-en Le légionaire Tomazi dira liburua osatzen duten beste hiru lanak.
Oso interesgarriak iruditu zaizkit lau komikiak. Joe Sacco-ren Palestinako eta Gorazde-ko kronikak irakurri nituenetik, gerrako lekukotasunak ematen dituzten komikiak irentsi egiten ditut bata bestearen atzetik!
Irakurtzeko gogoz geratu naiz beraz. Komiki hauek erosteko erarik merkeena zein den ba al dakizu? 2. eskuko komiki frantsesak erosteko normalean PriceMinister da erabiltzen dudan webgunea. Gomendiorik bai?
Eskerrik asko!
Aupa Jon:
Nik normalean Baionan erosten ditut, bigarren eskuko komikiak saltzen dituzten dendetan, baina Interneten ere aurkituko dituzu seguruenik.
Zapatarena gazteleraz ere badagoela esango nuke.
Eta zein inak diren Saccoren komikiak, bai!
Eskerrik asko!
Amonarriz… hire ekarpenak (idatzizkoak) faltan botatzen dizkiagu!
Arrazoi duzu, baina ailegatu ezinik nabil! Ea tartetxoren bat hartzen dudan, pilatutako material asko baitaukat! Milesker!