“Hizkuntza normalizazioa eta hedabideak: etorkizun hurbileko erronkak” Ikastaroa
Euskal Herriko Unibertsitateak Miramar Jauregian antolatzen dituen XXXII. Uda Ikastaroen barruan, eta Ekainaren 18an eta 19an, “Hizkuntza normalizazioa eta hedabideak: etorkizun hurbileko erronkak” Ikastaroa antolatu dugu sektoreko zenbait eragileren artean.
Ikastaroak gaiaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi du. Izan ere, Euskalgintza eta euskarazko komunikabideak bidegurutze batean baitaude. Fase politiko-sozial berri batean gaude, Euskararen Legea onartu edo EITB sortu zirela 30 urte bete dira, krisi ekonomikoak gogor astintzen gaitu eta teknologia berriek eta globalizazioak gure bizimoduak errotik aldatu dituzte.
Euskalgintzan ere, barne-hausnarketa prozesu sakonak ari dira gertatzen. Horren adibide dira, herrietako komunikabideak Euskara Elkarteen egituretatik atera eta ‘Tokikom’ Elkartea sortu izana, ‘Hekimen’ Euskal Hedabideen Elkartearen sorrera, Euskara Elkarteen Topagunearen hausnarketa prozesua eta azken batzarrean aurkeztutako ondorioak, Kontseiluaren barruko hausnarketa prozesua edo EITBren funtzio eta etorkizunaren inguruan izandako eztabaidak.
Euskarazko komunikabideen esparrua oro har, eta euskarazkoena bereziki, eraldatzen eta egokitzen ari da testuinguru berri honetara.
Horregatik, garrantzitsua deritzogu, etorkizunera begirako planteamenduak eta estrategiak definitzerakoan, hedabide horiek hizkuntza normalizazio prozesuan zein helburu eta funtzio bete behar dituzten eztabaidatu eta argitzeari. Bestalde, funtzio eta helburu horiek lortzeko, euskal esparru komunikatiboaren egitura zer nolakoa izan beharko lukeen eztabaidatuko da, proposamenak aurkeztuz.
Honako hauek gara Ikastaroan parte hartuko dugunak eta emango ditugun hitzaldiak:
Kike Amonarriz, Soziolinguista eta telebista aurkezlea: “Hedabideen egitekoa hizkuntza normalizazio prozesuan, soziolinguistikaren ikuspegitik”.
Mikel Irizar, Euskaltzaleen Topagunearen eta Tokikomen lehendakaria: “Euskalgintza eta hedabideak. Topagunearen ikuspegia”.
Aitor Zuberogoitia, HUHEZIko Informazio eta Komunikazio Departamentua: “Hedabideetako joera nagusiak: arriskuak eta aukerak euskal hedabideentzat” eta “Gazteen kontsumo moduak eta euskarazko hedabideak”.
Iban Arregi, Berria taldeko hedabideen arduraduna: “Hedabideak eta hizkuntza normalizazioa: estrategiak eta lankidetzak”.
Asier Larrinaga, EITBren Hizkuntza Zerbitzuko arduraduna: “Euskal Telebista, euskal esparru komunikatiboa eta hizkuntzaren normalizazioa”.
19ko arratsaldean partaide guztien arteko Mahaingurua izango da “Euskal esparru komunikatiboa indartzeko estrategiak: aldatu, hobetu edo garatu beharrekoak” gaiaren inguruan.
Izena eman nahi izanez gero, hauxe duzue web orria: http://udaikastaroak2.i2basque.es/images/cursosPdf/D1.pdf
Maiatzaren 31ra bitartean matrikularen prezioa 60€koa izango da eta Ekainaren 1etik aurrera 68€koa. Balio akademikoa 20 ordukoa da.
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- “Hizkuntza normalizazioa eta hedabideak: ... - [...] [...]
Kike! Jarri duzun lehenengo loturak Hotmail zerbitzura eramaten nau! Zuzenduko ahal duzunean? 😉
Konponduta! Milesker abisuarengatik Joxe!