Paradigma berrien beharra 30 urteren ondoren
Duela 30 urte “Tolosan Euskaraz” jardunaldietan Iñaki Larrañagak egindako euskararen egoeraren irakurketa kualitatiboak izan du segidarik Twitterren, Argiako blogean eta Zuzeun. Gaiak sortu du interesa eta 30 urte hauetan egindakoaren irakurketaz gain, aurrera begirako hausnarketa eragin du.
Ez da harritzekoa. Izan ere, gehienak –publikoki esan ala ez- bat gatozelako aitortzean aurreratu dugula, aurretatu dugunez, baina bestalde, gehienok uste genuen gehiago lortuko genuela eta gehienok uste dugu gehiago eta hobeto egin zitekeela. Eta azken boladan jasotzen ari garen datu berriek, ez gaituzte lasaitu, hizkuntza normalizazio prozesua moteltzen ari dela adierazten dutelako. Geldialdi hau, testuinguru sozio-politiko-ekonomiko guztiz berri batean ari da gertatzen, gainera. Fase aldaketa orokor honen barruan, gero eta nabarmenagoa da hizkuntza politikak eta euskalgintza berpentsatu beharra. Kontzeptuak, interpretazio-eskemak, diskurtsoak, lehentasunak, erritmoak eta hizkuntza politikak sakonki astintzeko, eraberritzeko eta indartzeko garaiak dira. Fase berri batean gaudela inor gutxik jarriko du zalantzan. Baina, gauza bera esan al genezake euskarari dagokionez?
Uste dut hausnarketa hau gero eta zabalagoa dela euskalgintzan. Horren adibide esanguratsua da Iñaki Martinez de Lunak aurtengo BAT aldizkariaren 86. alean landuriko “Euskararen framing berriaz” proposamena. Hurrengo batean aztertuko dugu bere planteamendu landu, teorikoki ongi oinarritu eta guztiz interesgarria. Baina gaur nabarmendu nahi nuke, orain arte gurean nagusi izan diren “framing”ak gainditu eta berri batera igarotzeko egiten duen proposamenaren inguruan, oinarrizko adostasunerako baldintzak soma daitezkeela Patxi Bastarrikak, Xabier Erizek, Mari Jose Azurmendik eta Paul Bilbaok txostenaren inguruan eginiko hausnarketetan.
Baina jo dezagun Iñaki Larrañagaren analisira eta aurreko post-ean agindu bezala, hitz egingo dezagun urte hauetan izandako aldaketez, berak aipatu zazpi puntuetan oinarrituta. Aurretik, ordea, argitu behar dugu, Xan Airek blogean aipatu bezala, analisi hori oso aldaketa gutxirekin balekotzat eman daitekeela gaur egungo Iparraldeko euskararen egoerari dagokionez. Aldaketarik handienak EAEn gertatu dira eta hemengo eta Nafarroako egoeren arteko aldeak ere nabarmendu egiten dira 30 urte hauetako analisia egitean.
Bestalde, bere hausnarketa Zuzeu-n eskaini digun Jonjo Agirreren irakurketa eta egingo dudana nahikoa antzekoak direla esango nuke (nirea idatzi eta gero irakurri dut berea!). Hori esanik, abia gaitezen puntuz-puntu:
- Duela 30 urte bezala, euskaldun elebakarrik ez dago Euskal Herrian eta euskaldun guztiak elebidunak gara. Elebidunen kopurua berriz, handitu egin da, eta erdal elebakarrena murriztu. Urteotan, hala ere, egon da aldaketa kualitatibo bat –batez bere EAEn-: belaunaldi gazteak, neurri handiagoan edo txikiagoan, elebidunak baino eleaniztunak dira. Ingelesaren eta beste hizkuntzen –nolabaiteko- ezagupena gero eta zabalagoa da euskal gazteen artean. Emigrazio berriek gainera hizkuntza berriak ekarri dituzte, gure herrietan errealitate eleanitzagoak sortuz. Honen guztiaren ondorioz, elebakartasuna eta elebitasuna, kontzeptu zaharkituak dira gure errealitate soziolinguistiko berria deskribatzeko. Kontzeptu, interpretazio-eskema, diskurtso eta politika linguistiko konplexuagoak behar ditugu.
- Bigarren puntuan ia ez da aldaketarik izan. EAEn erdaldun elebakarren kopurua murriztu bada ere, gehiengoa izaten jarraitzen du Euskal Herrian. Ezagupena orokortzeak, lehentasuna izaten jarraitzen du.
- 30 urte pasa eta gero esaldi hau bere horretan formulatu daiteke gaur egun, nahiz eta euskaraz egiteko duela 30 urte baino aukera askoz ere gehiago izan.
- Artxipielagoa osatzen zuten eremuek lurra irabazi diote erdal itsasoari, Iparraldean izan ezik. Euskarak lur-eremuak irabazi ditu eta euskaldunen arteko trinkotze-prozesuek “artxipielago” izaera murriztea ekarri dute. Baina euskaldunenak ziren arnasguneetan ura sartzen ari zaigu BAT aldizkariaren 85. alean Xabier Bengoetxeak “Arnasguneak. Ezaugarriak. Zenbait arnasguneren egoeraren behaketa”n azaltzen duen bezala. Irabazitakoa asko izan arren, arnasguneetako galera ordezkaezina gerta daiteke eta arreta berezia eskatzen du.
- Puntu honetan aldaketa kualitatiboak gertatu dira. 30 urteetan euskarak espazio eta funtzio asko irabazi ditu aipatu esparruetan. Erabilera aukerak eta proportzioak hobetu egin dira, nahiz eta esparru horietan euskaraz bizitzeko aukeratik urrun egon. Euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa ohikoa da oraindik ere, eta bestalde, euskaldunok ez ditugu maiz baliatzen euskara erabiltzeko sortu zaizkigun aukera berriak. Aktibazio soziala zabaldu, elikatu eta indartzea ezinbestekoa da.
- Hizkuntzaren erreprodukzioaren aspektuan asko hobetu dugu 30 urteotan. Familia-transmisioa bermaturik dago bi gurasoak euskaldunak diren ia kasu guztietan (Iparraldean izan ezik). Are gehiago, gazte euskaldunen gehiengoa familia erdaldunetan sortua da. Baina Jonjok bere erantzunean eta ikertzaile askok diotenaren haritik, familia mistoetako edo familia erdaldunetatik datozen gazte euskaldun horiek seme-alabekin nola jokatuko duten dugu hurrengo belaunaldiak planteatzen digun inkognitarik handienetako bat.
- Adin-multzoen araberako erabileraren kurbak duela 30 urte ez bezala, hizkuntza berreskurapenera begira jarri ditugu, haurrak eta gazteak direlarik euskara gehien darabiltenak. Funtsezko aldaketa kualitatiboa izan da hau. Baina honekin batera, nabarmendu beharra dago ezagupenaren eta erabileraren arteko jauzia handitu egin dela eta erabileraren indizeetan ez dela hobekuntza nabarmenik antzeman azken hamarkadan.
Larrañagak zioen bezala, “Euskara-erdararen arteko indar erlazioa zeharo erdararen alde desorekatuta dagoela” esaten jarraitu genezake, nahiz eta “hizkuntz ordezkapen prozesua oso aurreratuta, ia atzera egin ezinezko punturaino iritsita” dagoenik egun ez genukeen esango. Tatok bere erantzunean dioen bezala, ordea, “euskara zuloan ikustera ohitzen denari, azkenean, naturala iruditzen zaio, betikoa”. Erabilera suspertu ezean, orain arteko lorpenak arriskuan egon daitezke.
30 urte hauetako lan eta neke, ilusio eta ezintasun, lorpen eta porrot guztien ondoren iritsi gara egoera honetara. Eta fase berri bati begira, gaurkotasuna mententzen duten Iñaki Larrañagaren hitzak hartuko ditugu berriro aintzat, egungo errealitatera egokituta: “Egoera hori aldatzea nahi bada, emergentziazko (edo nahi duzuen kontzeptua erabili) egoera bati dagozkion neurriak hartu beharra dagoela garbi dago. Ez du balio orain arte bezala jarraitzeak, ez eta neurri arruntak hartuz jokatzeak. Ez, benetan indar erlazio hori aldatu nahi bada, neurri bereziak (ez nuke orduan bezala “garratzak” esango) hartu beharra dago.”
Arestian esan bezala, euskalgintza osatzen dugun guztiok burutu beharreko hausnarketa da hori. Esango nuke, gainera, politikan eta bizikidetza alorretan gertatzen den bezala, errazagoa izango zaigula etorkizunera begira adostasunean jartzea, iraganeko “errelatoa” egiten baino. Etorkizuneko plantemandu berri honek paradigma edo “framing” berri batera eraman beharko gintuzkea. Uste dut gehienok ikusten dugula berritzeko, aldatzeko, egokitzeko edo sakontzeko (aukeratu nahi duzuen hitza) premia dagoela, euskarak aurrera egin dezan. Neurri horien nondik norakoez, ordea, hurrengo batean eztabaidatuko dugu.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks