’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da
1980an egin zen lehen Korrika Euskal Herrian. Harrez geroztik, Korrika eredutzat harturik, antzeko ekimenak sortu dira hainbat herrialdetan: Katalunian Correllengua (1997), Galizian Correlingua (2000), Bretainian Ar Redadeg (2008) eta Irlandan An Rith (2010).
Oraingo honetan, Gales izango da hizkuntzaren alde korrika abiatuko den herrialdea. ’Ras yr Iaith’ da galeseraren aldeko lasterketaren izena eta lehen edizio hau behintzat, 3 egunekoa izango da.
Artikulu hau idatzita geneukala, gaur bertan jakin dugu (abuztuak 23), antolatzaileen ohar bati esker, Irailaren 13tik 15era egin behar zen lasterketa atzeratu egin behar izan dutela, trafiko eta segurtasun arazoengatik eta irailerako pentsatuta zegoena datorren urteko udaberrian egin beharko dutela. Norbaitek joatea pentsatua bazuen, beraz, atzeratu egin beharko du bidaia.
Hiru etapa horietan, Cymru (Gales) mendebaldeko kostaldea zeharkatuko dute korrikalari edo rasyriaithlariek. Machynlleth-en dagoen Parlamentuaren eraikina izango du abiapuntu Ras yr Iaith-ek, eraikin honetan koroatu baitzuten Owain Glyndŵr, Gales independentearen printze, 1404. urtean. Amaiera, berriz, Cardiganeko gazteluan emango zaio. Leku honek ere indar sinboliko handia du, bertan egin baitzen poesia eta musika galesaren lehen Eisteddfod txapelketa-jaialdia 1176. urtean.
‘Ymlaen, Ymlaen’
Lehen Ras yr Iaith honek abesti propioa izango du: “Ymlaen, Ymlaen” (Aurrera, Aurrera) izenburua duen kanta eder eta alaia. Abestiaren hitzak eta musika, Dewi ‘Pws’ Morris kantari galestar ezagunarenak dira. Ikus ezazue bideoa, merezi du eta:
Hona bideoa:
Hauxe duzue letra galeseraz eta ondoren, ingelesetik egin dugun itzulpena doakizue:
Ymlaen, Ymlaen
Mae pob cam bach yn cyfrannu at y gwaith
A phob llathen caled yn bwysig ar y daith,
Dal dy ben i fyny ar hyd y llwybr maith
Pasia’r baton ’mlan yn y ras i gadw’n iaith.
Ymlaen, ymlaen rhaid pasio’r batwm ‘mlaen
Yn y ras sy’n dangos cariad at ein hiaith
Trwy Mach ag Aberystwyth i Dregaron yr awn
… yna cyrraedd Llambed yn heulwen y prynhawn
Aberaeron a Llandysul, Castell Newy’ dyna ni
Mae’n taith yn dod i ben yn Aberteifi ger y lli.
Aurrera, Aurrera
Urrats txiki guztiak dira lagungarri
Eta yarda neketsu guztiak garrantzitsuak ibilbidean
Altxa burua gora bide luzean
Pasa lekukoa gure hizkuntzaren aldeko lasterketan
Aurrera, aurrera, lekukoa pasa behar dugu lasterketan
Gure hizkuntzarekiko maitasunaren erakusgarri
Mach eta Aberystwyth barna Dregaronerantz goaz
Llambedera heltzeko ilunabarreko eguzkiargitan
Aberaeron, Llandysul, Castell Newy, hemen gara!
Gure ibilbidea Aberteifiko itsasoan amaituko da
Abestia dohainik jaisteko aukera ere baduzu helbide honetan.
Ez dakigu Ras yr Iaith-en atzerapenak eraginik izango ote duen lehendik planifikatutako ibilbidean. Baina ideia bat egin dezaazuen hau da irailerako pentsatuta zegoen ibilbidea 3 etapatan banatuta:
- 1. etapa: Machynlleth, Tal-y-bont, Llandre, Bow Street, Penrhyn-coch, Aberystwyth
- 2. etapa: Aberystwyth, Llanilar, Tregaron, Lampeter, Felin-fach, Aberaeron
- 3. etapa: Aberaeron, New Quay, Ffostrasol, Llandysul, Newcastle Emlyn, Cardigan
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Egonean egoteak balio ez duenean - […] berriz indarrez martxan jartzeko. Beste egitasmo batzuk ere hasi berri dituzte gizarte mugimenduek, Ras yr Iaith, hizkuntzaren aldeko Korrika…
Kaixo!
Interneten arakatzen ikusi dut ekainaren 20rako finkatu dutela Ras yr Iaith-en hasiera: http://rasyriaith.org/