‘Maisu-maistrak eta ministroak’ eta beste hamairu txiste
MAISU-MAISTRAK ETA MINISTROAK
Maisu-maistra hitzak latineko magister hitzetik datoz, eta hura magis adjektibotik. Magis adjektiboak, berriz, hau esan nahi du: (zerbaitek/norbaitek baino) gehiago. Magister, beraz, honela definitu genezake: bere ezaguerak edo trebetasunak direla medio, besteen gainetik dagoena edo nabarmentzen dena. Adibidez, magister equitum (Erroma zaharreko zalditeriaren burua) edo magister militum (Buruzagi militarra).
Ministro hitza berriz, minister–etik dator, eta hura minus adjektibotik: (zerbaitek/norbaitek baino) gutxiago, alegia. Minister ziren, esate baterako, trebetasun edo ezaguera berezirik ez zuten zerbitzariak edo menpekoak.
Latinak argitzen digu, beraz, zergatik izan daitekeen edozein txoro edo txolin ministro, baina ez maisu edo maistra!
(ARGIAren 2.393. alean argitaratua)
ZERBITZU SEKRETUAK
Mosad-eko Aliza Halevi oso emakume zuhurra zen. Kairon zerbitzu batean zegoela taxi bat hartu zuen. Barrura sartu eta taxilariak:
– Nora eramango zaitut?
Eta Alizak:
– Ezin dizut esan. Estatu sekretua da!
(ARGIAren 2.392. alean argitaratua)
TWITTERREN LIGATZEN
– Alabatxo! Zertan ari zara twitterren okinarekin ligatzen? Zure aita izan daiteke eta!
– Niri adinak bost, aita!
– Ez didazu ulertu…
(ARGIAren 2.391. alean argitaratua)
ALDIBEREKO ITZULPENA
Estatu Batuetako Harvard unibertsitateko irakasle bat Japoniara joan zen hitzaldi bat ematera. Hitzaldia aldibereko itzulpen sistemaren bidez jarraitu zuen Tokioko International Exhibition Center-era hurbildutako entzuleek. Honelako zerbait entzun omen zuten aurikularretatik:
“Irakasleak txiste moduko batekin hasi du hitzaldia. Ez dakit zergatik, baina Ameriketako irakasle guztiek txiste batekin hasten dituzte hitzaldiak. (Isilunea) Kontatzen ari den txistea ez dago ulertzerik, beraz ez dut itzuliko. Berak, ordea, txistea itzultzen ari naizela uste du. (Isilunea) Nire aldetik zera proposatzen dizuet: amaitzen duenean, begirunez, denek barre egitea (Isilunea). Amaitzear dago. (Isilunea). Orain!
Entzuleek, barre egin bakarrik ez, altxa eta txaloka ere hasi omen ziren! Hitzaldia amaitzean, irakaslea itzultzailearengana hurbildu eta halaxe esan omen zion:
– Nire denboran hitzaldi asko eman dut atzerrian, baina txisteak ondo itzuli dizkidan lehen itzultzailea zara. Zorionak!
(ARGIAren 2.390. alean argitaratua)
GAITZ BERA
Sendagileak gaixoari:
– Eta goizetan jaikitzen zarenean, nabaritzen al duzu minzuririk gerrialdean? Eta orratz bat sartuko balizute bezalako ziztada bat sorbalda erdialdean? Eta zure burua deprimiturik bezala sentitzen al duzu?
– Horixe bera gertatzen zait goizero, mediku anderea!
Eta isilik eta bere kautan segundo batzuk iragan ondoren…
– Baita niri ere! Zer ote da?
(ARGIAren 2.389. alean argitaratua)
BETI NI
Beti bere buruaz hizketan ari zen aktore batek, bere azken filmari, telesail batean izandako agerpenei eta etorkizuneko bere proiektuei buruz ordubetez etengabe hizketan aritu eta gero, honako hau esan zion zeharo aspertuta zegoen bere solaskideari:
– Barkatu Josune. Denbora guztia nire buruaz ari naun. Orain hitz egin dezagun hitaz…. Zer iruditzu zitzainan nire atzoko interpretazioa telesailean?
(ARGIAren 2.388. alean argitaratua)
ZERO!
Ikasleak irakasleari:
– Ez dut uste egin nuen azterketak zero merezi duenik.
Eta irakasleak ikasleari:
– Hala da! Ados nago zurekin! Baina ezin dut nota baxuagorik jarri.
(ARGIAren 2.387. alean argitaratua)
UNITATE TXIKIENAK
– Zein da distantzia neurtzeko unitaterik txikiena? Milimetroa
– Zein da likidoak neurtzeko unitaterik txikiena? Mililitroa
– Eta zein da inteligentzia neurtzeko unitaterik txikiena? Militarra
(ARGIAren 2.386. alean argitaratua)
EZIN AHOSKATU
Udako oporretan Amerikako Estatu Batuak alderik alde zeharkatu zituzten bi tolosarrek, bertan autoa alokatuta. New Yorketik atera eta bisitatu zuten lehen herria estatu berean eta Hudson ibaiaren ertzean dagoen Poughkeepsie izan zen. Izena esaten hasita, ordea, batek Pujipsi esaten zuen eta besteak Pojkepsi. Hura eztabaida auto barruan!
Herrian sartu orduko hamburger batera joan ziren bazkaltzeko asmotan, eta ezer eskatu baino lehen bietako batek honela galdetu zion zerbitzariari:
– Egunon! Hara! Ezer eskatu baino lehen, zalantza bat argitzen lagundu behar diguzu.
– Ea, bada!
– Ahoskatuko al zenuke, mantso, guk ulertzeko moduan, gauden lekuaren izena?
Eta zerbitzariak, pazientzia handiz:
– Bai, noski! Buuurrrrr Geeeeerrrrr Kiiiiiiiiiinn!
(ARGIAren 2.385. alean argitaratua)
LEHEN EGUNEKO BISITA
Mutil laguna etxera dakarren lehen eguna du Mikelek. Ama urduri dago eta aita ez oso umore oneko. Txirrina jo dutenean, berak zabaldu du atea. Manu da. Agurtu, musu bat eman eta orduantxe ohartu da Manu txakurrarekin etorri dela:
– Non utzia ez neukan eta txakurra ekarri behar izan dut.
– Lasai, ez da ezer gertatzen –erantzun dio Mikelek-.
Ohiko aurkezpenak egin eta mahaira eseri orduko, aitak, jenio txarrez:
– Atera ezazue txakur hori etxetik, arkakusoz beteta dago eta!
Eta Manuk txakurrari:
– Risky! Zoaz balkoira, etxea arkakusoz beteta dago eta!
(ARGIAren 2.384. alean argitaratua)
NOTARIOTZAN
Emakumea notarioaren itxaron-gelan zain. Notarioa, hitzordua baino ordu erdi beranduago azaldu da, larritasun handirik gabe:
– Zertan lagun zaitzaket? –galdetu dio emakumeari-.
– Aitaren herentziaren inguruko zalantza batzuk argitu nahi ditut.
– Denbora asko daramazu zain?
– Hogeita hamar urte!
(ARGIAren 2.383. alean argitaratua)
JESUSEN IRAKASPENAK
Aldi hartan Jesus mendira igo zen bere dizipuluekin, begiak zerura jaso, eta hauxe esan zien:
– Egi-egiaz diotsuet: f(x) = -ax² + bx + c
Eta hori entzutean, Judasek:
– Jode! Beste parabola bat!
(ARGIAren 2.382. alean argitaratua)
ESKALEA ETA ABERATSA
Eskaleak, urrezko erlojua eta kateak daramatzan gizon bat ikusi du hurbiltzen. Parean egokitu zaionean eskua luzatu dio eta:
– Limosnatxo bat jainkoaren izenean. Bost euro besterik ez, kafetxo bat hartzeko.
– Bost euro kafe bat hartzeko? Ez didazu sinetsarazi nahiko kafe batek bost euro balio duela, ezta?
– Aizu! Nik ez dakit zuk zer nolako heziketa izan duzun, baina nik, kafea hartzen dudanero, eskupeko ona uzten diet zerbitzariei!
(ARGIAren 2.381. alean argitaratua)
MOTIBAZIOA
Maisutza ikasketak amaitu berri dituen gaztea ikastetxez ikastetxe dabil curriculuma banatzen. Halako batean, lortu du elkarrizketa bat. Zuzendariaren bulegora sartu da, eta hau galdezka hasi zaio:
– Eta esango al zenidake zeintzuk diren irakasle izatera bultzatu zaituzten hiru arrazoi nagusiak?
– Bai: uztaila, abuztua eta abendua.
(ARGIAren 2.380. alean argitaratua)
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Umore dosi bat | gamintza - […] Algara, edo ez gara – Kike Amonarrizen bloga […]
Egun on Kike! DBHko irakasle bat naiz eta aurreko asteburu honetan Euskadi irratian egin ziuten elkarrizketa bat lortu nahi nuke ikasleei aurkezpenak egiten lagunduko dielakoan. Gauza da ez dudala zein saiotan elkarrizketatu zintuzten gogoratzen. Berez lotsatia zarela eta horrelako gauzak aipatu zenituen. Laguntzerik ba al duzu?
Eskerrik asko aldez aurretik eta zorionak Argia sariagatik!