“Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua
Hauxe duzue “Bai Euskarari” Ziurtagiriaren Elkarteak emandako “Bai Euskarari” Laguna saria jasotzean irakurri nuen testua.
“Bai Euskarari Laguna” Saria eman zidatela esan zidatenean lotsa sentitu nuen, batez ere lan-taldean egin izan ohi dudalako lana eta beti pentsatu izan dudalako, aurpegia erakustea egokitu zaigunok, dagokiguna baino eskertza gehiago jasotzen dugula, askoren meritua diren proiektu edo programengatik. Horregatik sari hau bada, urteotan inguruan izan ditudan lankide guztiena ere. Eta une honetan bereziki Tribuaren berbak saioko lankideena.
Inor ez baita iristen inora bakarrik, eta bidean era askotako laguntzak jaso badaitezke ere, badira batzuk bereziak, ezinbestekoak. Gertukoenen babesik gabe ez baitago urrun iristerik. Nik ere, asko zor diet, txikitatik euskara bera eta euskararekiko maitasuna transmititu didaten gurasoei, bereziki guraso erdaldunak izan eta euskara Berrobiko kalean ikasi zuen amari.
Eta gaur ez nintzen hemen egongo, etxean beti jaso dudan bultzada, laguntza kritikoa eta pazientzia historikoa jaso ez banitu. Ez baita beti erraza, zerbitzari bezalako saltsabandera batekin teilatupea konpartitzea. “Amozubel” erresumakoena ere bada sari hau.
Baina esan behar dut sari honek batez ere, poza, poz handia eta emozioa eragin dizkidala. Pentsatzen dudalako, urte hauetako lanaz gain, lan honen azpian dagoen filosofia eta izpiritua ere saritu direla: Euskararen aldeko konpromisoa eta lana modu baikorrean bideratzea. Euskara, pozerako eta jolaserako tresna gisa ikustea. Konfrontaziorako armatzat baino, elkarbizitzarako oinarritzat hartzea. Euskara denona dela eta gure tribuan kolore eta pentsakera guztietako jendearentzat lekua dagoela sinistea. Euskaltzale guztiok eroso sentitu ahal izango garen espazioak sortzen saiatzea. Biktimismo eta ezkortasun guztien gainetik eta oztopo eta eraso guztien azpitik, hizkuntzaren aldeko jarrera irmo bezain zabala mantentzea, errealista bezain animosoa, kezkatua bezain itxaropentsua..
Urte hauetan euskararen alde gogoz eta indartsu ari den jende ugari ezagutu dut, nekeak neke, aurrera egiteko ilusioa mantendu duena. Egitasmo interesgarri eta erakargarriak, baita tribukide sortzaile eta ekintzaile asko eta asko… Niretzat ohorea da gaurko saria horietako birekin jasotzea: 80ko hamarkadaren hasieran ezagutu nuen lehen gasteiztar euskaltzalea: Kepa Mendia! Eta euskal herritar berriak euskarara ”ez hurbildu” baizik eta euskaran sar daitezen sekulako lana egiten ari den Petra Elser.
Eta ohorea da saria zuekin jasotzea!”Bai Euskarari” Ziurtagiriaren sari banaketa honetara bildu zareten enpresa, elkarte eta erakundeetako ordezkariekin. Hemen, ilusioa eta gogoa arnasten dira!
Eta nahiz eta batzutan nekea eta frustrazioa sumatu, esan behar dut, inguruan eta azken urte honetan ”Tribuaren berbak” programari esker ezagutu ditudan leku gehienetan, batez ere ilusioa, gogoa eta indar handia sumatu ditudala. Horregatik sinesten dut herri honek eta euskarak aurrera egingo dutela, egingo dugula.
Eta gainera, sinistuta nago, une hau oso garrantzitsua dela euskararen normalizazioari begira. Horregatik uste dut, Euskalgintza sozialaren eta instituzionalaren arteko elkarlana sakontzeko unea dela. Euskararen aldeko akordio sozio-politiko zabalen unea. Hizkuntza politikak areagotzeko unea. Euskal gizartean -eta lan munduan- erabileraren aldeko dinamikak indartzeko momentua. Gure diskurtsoak eta praktikak egokitu eta zabaltzeko unea. Euskararen aldeko motibazio sozialak indartu eta urrun dagoen jende asko euskarara erakartzeko unea. Euskarak bere lurralde osoan behar duen babes politiko-legala bermatzeko garaia.
Aukera historiko baten aurrean gaudela uste dut eta ezin dugu alferrik galtzen utzi. Horretarako, ordea, euskaltzale guztiok norabide berean jokatu behar dugu, hizkuntzaren alde aktibatuta, beti gogoratuz gehiago dela batzen gaituena, banatzen gaituena baino.
Eta hau guztia euskaraz bizi nahi dugulako, baina batez ere euskaraz gustura, elkarrekin, modu irekian eta alai bizi nahi dugulako!
Bai euskarari! Milesker!
PD: Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet “Bai Euskarari” Ziurtagiriaren Elkarteko guztiei eta Arteman Komunikazioari antolatutako ekitaldi eder eta hunkigarriarengatik. Irakurritako hitzak, aspaldi mugitzen ez nuen blogera ekartzea erabaki dut, besteak beste, ekitaldia gure etxeko “ertainak” aurkeztu behar zuela jakin nuenean hartu nuen ezusteko gozoak ez baitzidan utzi prestatua nuen testu hau behar bezala irakurtzen.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks