Hasiera »
Kike Amonarrizen bloga - Algara, edo ez gara
Kike Amonarriz
Blog honetan, nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut. Eta gai horiek eta nire eguneroko jardunak ekar ditzaketen bestelako kontuez.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kike Amonarriz: “Euskararen normalizazioan aukera historiko baten aurrean gaude eta ezin dugu alferrik galtzen utzi”(e)k “Bai Euskarari” Sarien banaketan irakurritako testua bidalketan
- Egonean egoteak balio ez duenean(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- Adriano(e)k ’Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da bidalketan
- patxi lurra(e)k Atsegin ditudan 10 abesti katalan “Diada” egunerako bidalketan
- Kike(e)k Gerra hotsak komikietan bidalketan
Umore beltz… beltza!
2013-01-06 // Txisteak, Umorea // Iruzkinik ez
Duela hilabete batzuk, familiarekin Bordelera joan nintzen egun pasa eta Akitaniako Museoaren parean dagoen liburudendara sartu nintzen (nik ere baditut nire perbertsioak!). Liburuen artean, batek eman zidan atentzioa: “Humour noir” (Umore beltza) zuen izenburua. Eta ez gaia umore beltza zelako, egilea beltza zelako baizik! Iaz zendu zen Mouss Diouf komiko senegaldarra. Ez da hasiera txarra pentsatu nuen nire artean. Erosi, irakurtzen hasi eta hona, 55. orrian aurkitu nuen pasadizoa:
– Boli-Kostako jendarme batek auto gidari bat gerarazi du:
Irakurri orduko ohartu nintzen: baina istorio hau afrikarra al da? Pasadizo hau Lazkao Txikiri gertatutakoen artean klasikoenetakoa da eta! (gehiago…)
“Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak” ikerketaren inguruan
2013-01-02 // Soziolinguistika // Iruzkin bat
Prentsa erreferentziak irakurrita, azpimarratuta eta jasota banituen ere, joan den astean irakurri dut Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 2009an argitaratu zuen Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak. UNESCO Etxeako eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrako Amarauna ikerlari-taldeak –Esti Amorrotu, Ane Ortega, Itziar Idiazabal eta Andoni Barreña– eginiko ikerketa lana.
Liburuak meritu asko ditu: hasteko oso ondo egituratuta dago eta erraz irakurtzen da; ikerketaren emaitzekin batera, berauek hobeto ulertzeko azalpenak eta ondorio praktikoak eransten dira. Hiru urte pasa badira ere, jorratzen diren gaiek eta ateratzen diren ondorioek erabateko gaurkotasuna dute. Euskararen normalizazioan edo irakaskuntzan dihardutenek irakurri beharreko liburua.
Azterketan metodologia kualitatiboak eta kuantitatiboak erabili dituzte eta emandako erantzunen arabera, hiru tipologia nagusi identifikatu dituzte: aldekoak, kritikoak eta tartean kokatzen diren “bai-baina”koak. Multzo honek normalizazio prozesuan duen garrantziarengatik espreski aztertu dute atal berezi batean.
Ikerketa, liburu formatoan irakur dezakezue edo pdf formatoan lortu euskaraz eta gaztelaniaz.
Laburpen honetan atentzioa eman didaten ondorio nagusi batzuk azalduko ditut. Hortik aurrerakoak, txosten osoa irakurrita jakingo dituzue. (gehiago…)
2012ko azken txisteak
2013-01-02 // Txisteak, Umorea // Iruzkinik ez
Beti berandu
Ikasturtea hasi denetik Patxiku Txiki berandu iritsi da egunero ikastolara. Irakasleak ezin du gehiago:
– Patxiku!!! Gaur ere berandu? Horrelakorik gertatzen den azken eguna! Ez dizut gehiago onartuko berandu iristea! Jakin al liteke zergatik ezin zaren ordurako iritsi?
– Nik ez dut kulparik, maisu! Errua ikastola aurreko biribilgunean dagoen errotuluarena da!
– Errotuluaren errua? Zein errotulu, ordea?
– Hortxe dagoen hori, maisu: “Eskola. Astiroago ibili”.
(ARGIAren 2.351 zenbakian argitaratua) (gehiago…)
Bizkaieraren arrastoak dituen hizkuntza bat aurkitu dute Amazonian! (Abenduak 28ko Inozentada!)
2012-12-28 // Umorea // 8 iruzkin
Gaur goizeko 8retan jaso dugu deia Bogotatik: Australiako “Reseach Center for Endangered Languages” erakundeko bi hizkuntzalarik, orain arte ezagutzen ez zen Amazoniako tribu bat aurkitu dute eta ditugun datuen arabera, bizkaieraren arrastoak dituen hizkuntza bat hitz egiten dute.
ACT-ek Mongabay-ri utzitako Rothkirchen argazkia
Fred Martin eta William Taylor uztailean abiatu ziren oihanera, linguistikoki sailkatu gabeko tribuen bila, Mongabay web gunean, Cristóbal von Rothkirch-ek Río Puré Parke Nazionalean ezagutzen ez ziren tribu batzuei ateratako argazkiak ikusi eta berehala. Survival erakundeari esker, bagenekien zonalde horretan isolatutako indijena taldeak zeudela, baina ez zegoen garbi zenbat ziren, ez eta zein hizkuntzatan hitz egiten zuten.
Bart arratsaldean, William Taylor Bogotako Universidad de los Andes-eko Antropologia Sailean lanean ari den euskaldun batekin jarri zen harremanetan, aurkitu zuten tribuan jasotako hitzen artean euskararen antz handia zuten batzuk jaso zituztelako. Taylor egona da Euskal Herrian eta korikosko (eskerrik asko) eta meska (neska) hitzak aipatu zizkion. (gehiago…)
Euskararen tamaina munduko hizkuntzen artean
2012-12-24 // Soziolinguistika // Iruzkinik ez
Munduko hizkuntzak (Argazkia: Ethnologue web-gunetik hartua)
Aurreko batean, lagun batek aipatu zidan, lan egiten duen Udaletxeko euskara planaren barruan EMUN kooperatibako kide batek honako hau galdetu ziela: ea beraien ustez, munduko hizkuntzen artean, euskara zenbagarren postuan dagoen, hiztun kopuruari dagokionez.
Ethnologue erakundearen arabera munduan 6.909 hizkuntza daude. Hiztun gehien dituena txinera omen da mila milioi hiztun baino gehiagorekin. Baina badira hiztun bakarreko edo oso-oso gutxiko hizkuntzak. Eta orain, erantzun zuk zeuk irakurle! Munduko hizkuntza guztiak 0tik 10erako eskala batean banatuko bagenitu hiztun kopuruaren arabera (10ean txinera eta 0an hiztun bakarreko hizkuntzak), zenbagarren postuan legoke euskara?
Joan den astean galdera hau planteatu nien Arrasaten, Gasteizen eta Altzon emandako hitzaldietara bertaratutakoei… Baina ez jarraitu irakurtzen, egindako galdera erantzun baino lehen!!! (gehiago…)
Ongi etorri Korsikara! (Txisteez eta komikiez)
2012-12-17 // Komikiak, Txisteak, Umorea // Iruzkinik ez
KORSIKARRAK KONTINENTEAN
“Bienvenue chez les corses” liburuko bineta
Beren bizitza guztian irlatik atera ez diren bi korsikar lehenengo aldiz iritsi dira kontinentera. Bertara ekarri dituen itsasontzitik atera, eta kaitik barrena tren geltokirik gertuenera doazela, bietako batek trafiko-seinale edo pano bat ikusi du:
“Arriskua-Lanak!”
Eta orduan, zeharo aztoratuta, besteari:
– Ikusi al duk? Hemen gutxienez ohartu egiten gaitiztek!
Handik gutxira, eraikin baten atariko plaka batean: (gehiago…)
Ustekabean, hiztunak galdu ditu galesak
2012-12-14 // Soziolinguistika // Iruzkinik ez
Beti pentsatu izan dut euskaldunok Europan dugun hizkuntza komunitaterik antzekoa galesdunena dela eta Euskal Herrian ez ditugula behar bezala jarraitzen bertako bilakaera soziolinguistikoa eta galesaren aldeko ekimenak. Ia 600.000 hiztun (biztanleriaren %20 inguru), ingelesarekiko distantzia linguistiko handia eta hizkuntzaren berreskurapenaren aldeko dinamika sozial indartsua eta maila bateko babes instituzionala.
Horregatik nengoen abenduaren 11ren zain, egun horretan kaleratu behar zituztelako Galeseko (Cymru, galesez) hizkuntza egoerari buruzko 2011ko Zentsuaren datuak. Eta aurreikuspenetan, Galesaren ezagupenean hobekuntzak espero baziren ere, emaitzak bestelakoak izan dira. Office for National Statistics delakoak argitaratu dituen lehen datuen arabera: azken hamarkadan, hiztunak galdu ditu galesak. 2001ean, biztanleen %20,8 gai zen galesez hitz egiteko eta 10 urte beranduago proportzio hori %19,0ra jaitsi da. 582.000 hiztun 2001ean, 562.000 iaz. Nahiz eta orain jasotako datuak 1991koak baino hobeak izan (%18,7 eta 508.000 hiztun) alarma guztiak piztu dira galesaren aldeko sektoreetan. (gehiago…)
Baltsan eta Frisian, euskaraz bizi nahi dugulako
2012-12-06 // Soziolinguistika // Iruzkinik ez
Ziburuko Baltsan elkarteko lagunak. Argazkia: Kazeta.info-tik hartua.
Baltsan esaten omen diote Ziburuko arrantzaleek norberak harrapatutako arrainak komunean jartzeari ondoren banatzeko. Pikniketarako ere balio omen dezake Ladix Arrosagarai adiskideak fin-fin azaldu zidan bezala.
Pantzo Hirigaraik eta biok ere baltsan egin nahi izan genuen Ziburuko Baltsan elkarte berriaren zabaltze-ekitaldietan, igande arratsaldean “Bidaso biga so” ikuskizuna eskainiz. Eguraldi txarrari aurre eginez 80 lagun inguru bildu ziren elkarte berriaren areto handian. Ikusleen artean haurrak, gazteak, helduak eta helduak baino helduagoak! Zinez poztekoa eta eskertzekoa da horrelako elkarteak sortzea, euskararen eta Euskal Herriaren kontzientzia pizteko eta zabaltzeko! Bizi luzea Baltsan elkartearentzat! (gehiago…)
Deitura (Txistea)
2012-12-02 // Txisteak, Umorea // Iruzkinik ez
Zure deitura, mesedez?
Gizona udaletxeko bulegoetara sartu da, ziurtagiri bat jasotzera:
– Deitura? –galdetu dio funtzionarioak.
– Guridi, h-rik gabe.
– Nola esan duzu?
– Guridi, h-rik gabe.
– Baina Guridik ez dauka h-rik eta!
– Ez, noski! Horixe errepikatu dizut ba birritan!
(ARGIAren 2.347 zenbakian argitaratua)
Umorea eta hizkuntzen irakaskuntza
2012-11-29 // Hezkuntza, Umorea // Iruzkinik ez
Edozein haurri zein irakasle dituen gustukoen galdetuz gero, hamarretik bederatzitan, gelan irribarrea erakusten dutenak aipatuko dizkizu.
Blog hau zabaltzeko aitzakia duela gutxi irakurritako Péter Medgyes-en Laughing Matters: Humour in the language classroom liburuak eman dit.
Hungariako Hezkuntza Ministerioko estatu idazkari eta Damascon enbaxadore ere izan den Linguistika Aplikatuko irakasle honek, hizkuntzen irakaskuntzari buruzko hainbat liburu idatzi ditu, tartean aipatu berri dudana. Umoreari buruzko sarrera labur baten ondoren, hizkuntzen irakaskuntzan erabil daitezkeen ehun ariketa baino gehiago dakartza: sarrera umoretsuak, txisteak, atsotitzak, poemak eta abestiak, irudiak, istorioak, elkarrizketak edo akatsak umorez lantzeko ariketak guztiak. Sarreran dioen bezala, umorea, hizkuntzen irakaskuntzarako dugun bitartekorik onenetako bat da, baina oraindik ere ariketa eta testu umoretsu gutxi aurkitzen dugu hizkuntza lantzeko materialetan. Egoera hau ez da oso ulergarria, hizkuntzak ikasterakoan aise sortzen direlako egoera umoretsuak eta ikastordu horiek plaza ezin egokiagoak direlako giro atsegin eta lagunkoia sortzeko.
(gehiago…)