Hasiera »
Iñaki Bastarrikaren bloga - Lazzaretto vecchio
Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria
2020-06-29 // bAst // Iruzkin bat
Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria
Joaquín Sorolla, ‘The Drunkard, Zarauz (El Borracho, Zarauz)’, 1910 The National Gallery, London. Bought with the support of a generous legacy from David Leslie Medd, OBE, 2019 – THE NATIONAL GALLERY.
Ismael Manterolak arrazoi du, Kultura aro berrian izenburu duen artikuluan (Berria, aurtengo sanjuanbezpera) esaten dituen gauzetan. Begi ernez atzeman eta deskribatu du bizi dugun egoera. Ia guztiz ados nago egin dituen hausnarketa horiekin.
[…] jendeak ez du erantzun, eta onartu beharko dugu museoetara joaten direnak gutxiengoa garela, eta beste gutxiengo asko bezala, ez gaude gobernatzen gaituztenen lehentasunen artean. Euskarak ez du saltzen, arteak ere ez. Euskarak ez du errentagarritasun elektoralik, arteak ere ez. Horregatik gure agintariek ez dute bi minutu baino gehiago galduko kultura COVIDaren ondorengo garaira nola egokitu pentsatzen, bi minutu baino gehiago galdu ez duten bezala hezkuntza nola egokitu pentsatzen.
Okerrena da jendeari ez zaiola inporta. Tabernak noiz eta nola zabaldu behar zituzten, futbolak noiz eta nola hasi behar zuen, eta oporrak noiz eta nola egin behar zituzten ziren gizartearen benetako kezkak. Kantabriara joateko aukera noiz izango duten jakiteak Bilboko Arte Ederren Museoa bisitatzeak baino kezka handiagoa eragiten die bizkaitar gehienei.
[…] Norbaiten bizitzan musikak edo zinemak adin jakin bateko urteak bete ditzake. Seguru asko, ikus-entzunezkoak kontsumitzen jarraituko dugu bizitza osoan, baina literaturak, arte plastikoak, musika eta zinema ez komertzialak ez dute toki handirik beteko gure egunerokotasunean. Hain zuzen, artea gizartean nagusi den kontsumo eredura ez delako gehiegi egokitzen. «Erabili eta bota», «dirua gastatu eta ondo pasatu», ez dira kulturak proposatzen dituen leloak.
Baina zergatik gertatzen da hori? Kasu ihardukimenduari!
Ihardukimendu (orotariko euskal hiztegia)
Relación, trato. “Liaisons, commerce, relations, rapports, entretien” Dv (s.v. ihardukipen).
Ez dire gaixtaginekin zure ihardukimenduak. Dv Imit IV 13, 2 (ap. DRA; SP, Mst konse(i)llu, Ch ariarik eta egitekorik, Ip hantazione).
VINCULO-LOTURA-LIAISON teoria (Ihardukimendua)
Museoekin zer nolako lotura dugu, zein da haiekin dugun binkuloa edo liasonea ? Bertara joan eta sarrera ordaintzea al da haiekiko dugun ihardukimendu bakarra? Dirua gastatu eta gaizki pasa behar ote dugu? Museoen arazoetako bat fidelizazioa da, nola egin ikuslea berriro etor dadin? Erakusketa berriak egin,…tailerrak muntatu… eta hori aski ote? Ziurrenik ez.
Hordietako baten oinordekoek irudi-eskubideak eskatu dituzte (fake news)
Vaucluseko gereziak Juste après la cueillette… © Radio France – Adrien Serrière
Le Vaucluse, premier producteur de cerises
Le groupe Carrefour, comme l’ensemble de la grande distribution, se fournit dans le Vaucluse. Le département apporte à lui seul près d’un tiers des cerises consommées en France. Beaucoup de petits producteurs se sont donc réunis en coopératives pour répondre à la demande. Dans la coopérative Paysans du Ventoux, basée à Mazan et qui réunit une cinquantaine de producteurs, les cagettes de cerises arrivent par dizaines. Il faut alors les trier et les mettre en barquette. (France bleu)
.
La Encartada fabrika-museoa (Balmaseda)
La Encartadan egindako txapela
Arrazoi osoa du Ismaelek, bai. Nik arrazoia ematen diot. Baina idazleren batek dio arrazoia ez dagoela edukitzerik.
Liburua gogoeta laburren bilduma bat da, funtsean. Laburtasuna ez da, nolanahi ere, aforismoraino iristen, kasu bakan batzuetan izan ezik.
Autoreak berbatura deitzen dio (eta ez literatura) darabilen hizkuntza, mintzamolde edo estiloari: ahozkotasuna izeneko esparru horretaraino mugatu gabe ere, berba edo hitzetik abiatzen dela dio bere jarduna, letra hiletik baino areago.
Mamiari dagokion aldetik, arrazoiaren jabetasuna izan liteke, zerbait izatekotan, liburuaren muina; arrazoia eduki beharrak dakarren okerra edo ezina ere bai, nolazpait. Era guztietako zerei buruzko gogoetetan agertu nahi luke autoreak egiazko arrazoi baten jabe egin ezina.
SegurOLAren liburuak aintzat hartzekoak dira!
Mila esker Ismaeli eta haren begi erneari. Eta gerezi-arbolei. Hurren arte. Osasuna!
Manterola!
Gabrielen margoak
2020-06-27 // bAst // Iruzkinik ez
Gabriel Korta poetak (1951-2020) olerkigintza zuen eginkizun nagusi. Baina era berean, tarteka margolan batzuk egiten zituen, neurri txikikoak, eta eskuarki argizaria erabilita. Hemen jarri ditugu batzuk, erakusgarri, haren lanaren eta izatearen lekukotasun bat eman nahian.
Misterio tentagarria
Erabat isiletik
itxaropenez beterik…
Oi! Misterio hori
misterio tentagarria
bakarrik sentitzen garenontzat.
Norbaitek,
edo zerbaitek,
egin duela guzti hau.
Hori pentsatzea…
Baina hala ere misterio bat da.
Ezerezetik sortzea,
zerbait sortzea;
posible ez delako.
Oi! hori, misterio hori
bakarrik sentitzen garenontzat,
misterio tentagarri hori…
Elurra galtza motzetan
Gabriel Korta
Natura gara
Natura errugabea da
ez dago epaitzerik
gu ere natura gara
errugabeak kontzientziarik
ez dugun bitartean
krabelinarik ez da
usai onik gabe
bertso batean
edo pentsamendu batean gorderik
kimu berri bat udaberrikoa
bihotz-sabelek
lurra saretzen dute
bizitza maite dute
maitasunetik nator
maitasunera noa
baso bateko partaidea naiz
udazkeneko hostoa.
Diot
Gabriel Korta
Argizaria III
Elurra galtza motzetan
Poesiari loturik nago
edertasuna maite dudalako;
poesiaren leizean sartu nintzen.
Aurtengo elurtea ere ez dut,
inorekin partekatuko.
Bakarrik nago.
Elurra galtza motzetan
Gabriel Korta
Gabriel IV
Patxadan eta pakean bizi
Esan nahi nizkizueke
barre egiteko poemak
Egin barre bihotzez…
Baina zorionak gutxi irauten du
batzuetan bakarrik gertatzen da.
Presak eta gorazaletasunak,
abere arriskutsu bihurtzen gaituzte,
mundu zibilizatua deitzen diogun hori
eszentrikoa iruditzen zait.
Non dago atzoko patxada, eta atsedena?
Dena presaka eta orain nahi dugu.
Elurra galtza motzetan
Gabriel Korta
Mundua irakurtzeko alfabetoak
2020-06-23 // bAst, Juan Luis Aizpuru Beristain // Iruzkinik ez
Kostaldean I Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain 2020
Irakurtzeko modu asko dago, mundua irakurtzeko modu asko. Argazkilariak bere begiz irakurtzen du lehenbizi paisaia, aurrean daukana, eta kameraz hartzen du istant hori, kameraz idazten du. Guk begi kolpe batez irakurtzeko moduan.
Arrandegi batean erosleak arrainak irakurtzen ditu.
Auto baten motorrari begira eta entzunez, mekanikariak motorra irakurtzen du.
Giza soinari begira, mediku batek gizakiaren gorputza irakurtzen du.
Tabernariak aurpegiei begira, bezeroaren aldartea irakurtzen du.
Belarzaleak zelaiko belarrak irakurtzen ditu, eta behar dituenak hautatzen.
Flysch bat irakurrita geologo batek hamaika jakingarri ateratzen ditu.
Liburu bat irakurrita, han idatzitakoa jakiten da, hizkuntza eta alfabetoa ezagutuz gero.
Txori doinua irakurrita, txoriak ezagutzen dira.
Arlo bakoitzak du bere alfabetoa.
Arrandegian alfabetoa arrainez eratua da. Autoan pieza eta zaratez. Medikuak soinaren alfabetoa ezagutzen du, mina, hazkurea, … Tabernan tristura, poza, nahigabea,.. dira alfabetoaren parte. Zelaian kalendula, zainbelarra, … Flysch-ean geruzak, tolesak, formak… Liburuan a, b, c, d…letrak (gure alfabetoan). Abestietan notak,…
Ia ezinezkoa da pertsona bakar batek alfabeto guztiak ezagutzea.
Eta ia ezinezkoa, pertsona batek alfabetorik batere ez ezagutzea.
Guztiok gara alfabetatuak eta guztiok alfabetatu gabeak edo analfabetoak. Aldi berean.
Kostaldean II Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain 2020
Kostaldean III Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain 2020
Kostaldean IV Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain 2020
Kostaldean V Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain 2020
Oharmena behar du argazkilariak eta oharmena argazkia ikusten duenak ere. Xehetasunez jabetzeko begi ernea.
Kostaldean I argazkiaren xehetasuna Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain 2020
Kostaldean II argazkiaren xehetasuna Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain 2020
Hiztegi Batuan begira
irakurri, irakur, irakurtzen
1 du ad. Testu idatzi bateko ikurrei, ezagutuz, jarraitu; horrela arituz, idazlan baten mamiaz jabetu. Irakurtzen ikasi. (…)|| Begiez jarraitzen zaion izkribua goraki esan. Irakur iezadazu eskutitz hori. Batzarrean irakurri zuen txostena. Altxatu zen irakurtzera.
2 du ad. Partiturako ikurren segidari, ezagutuz eta dagokien balioa emanez, jarraitu. Musika irakurri.
3 du ad. Arrasto, marka eta kidekoei interpretazioa eman. Eskua irakurriz, etorkizuna igarri. Haren begiradan irakurtzen nuen atsekabea.
antzeman, antzeman, antzematen
du/dio ad. Gutxi gorabehera bederen nabaritu edo igarri. Antzeman diot ez dela hemengoa. Hitzak euskaraz nola idatzi behar liratekeen ezin antzemanez. Zer zenik inork ez zion antzik eman. Haien aberastasunak zenbaterainokoak ziren, ametsetan hasita ere ez genioke antzik emango. Probatu gabe ezin idiei antzeman. Eskutitzari antzik ez zion eman, emakumeak idatzia zela besterik. Etorkizunari antzematerik ez dago. Hieroglifo edo hitz nahasiei antzematen ari denaren jolasa.
[Oharra: ezezkoetan, ez diot antzik eman eta ez diot antzeman, biak onartzen ditu].
Salamanca: Kalixto eta Melibearen lorategia. Marrazkia: Koldo Goitia.
Ez, ez dago guztia liburuetan. Ez da dena ikasten Salamancan. Ez behintzat unibertsitatean. Beharbada bai Kalixto eta Melibearen lorategian. Lorategi hori marraztu zuen Koldo Goitiak.
La Celestina liburuan agertzen diren pertsonaiak dira Kalixto eta Melibea.
Fernando de Rojas-en Zelestina liburua euskaraz
Argitaletxearen webgunetik atera ditugu honako jakingarri hauek:
Deskribapena
Zelestina da, On Kixoteren ondoren, zabalkunde eta osperik handiena lortu duen idazlan espainiarra, eta antzerki modernoaren hastapenetako obra dramatiko garrantzitsu eta sakonena. Obra paregabe eta errepika ezina da, ez dago sail edo genero jakin batean katalogatzerik; ez da ez antzerkia eta ez eleberria, ez dagokio ez Erdi Aroari eta ez Errenazimenduari, ez da ez estoikoa eta ez moralizatzailea.
Fernando de Rojas
Fernando de Rojas La Puebla de Montalán herrian jaio zen, Toledon, 1470 urte inguruan judu kristautuen familia batean. Inkisizioaren jazarpena jasan zuen, ezkutuka judaismoa praktikatzen zuelako salakuntzaren pean, eta dokumentu horietako batean esaten da, hain zuzen, Melibearen autorea dela. Legeak ikasi zituen Salamancako Unibertsitatean; halaxe dio Rojasek berak lagun bati idatzitako gutunean eta, gainera, ikasle urte haietan, oporraldi bat aprobetxatuz idatzi zuela obra hau, oso gazterik alegia, 25 bat urterekin. Legeetako Batxiler titulua lortu ondoren, Talavera de la Reinan finkatu zen eta han jardun zuen abokatutzan. Hiri hartan ezkondu zen eta uste da bertako alkate ere izan zela. Ez dakigu beste ezer idatzi ote zuen eta idazle garaikideen artean ez dago Rojasi buruzko aipamen bakar bat ere. 1541ean hil zen.
Asko dira alfabetoak, asko irakur daitezkeen gauzak. Argazkia da idazbide eta irakurbide horietako bat, gaur den egunean txit erabilia, argazki-kameren bidez eta eskuan edo eskura dagoen smartphonaren bitartez. Milesker argazkilariei, eta bereziki Juan Luis Aizpuru Beristaini, kostaldean atera dituen argazkiengatik.
Hurren arte!
Trinche futbolari lirikoa
2020-06-20 // bAst // Iruzkinik ez
Trinche futbolari lirikoa
Futbolari aparta. Miretsia. Partidu batzuetara ez zen joaten. Bizizalea zen. Haren hilberria heldu zaigu. Bizikletan zihoala, gizon bat saiatu zaio bizikleta osten, eta eragin dizkion zaurien ondorioz hil da Trinche. Trinche Carlovich handia, Maradonak eta Pelek miretsia. Juan Maidana atxilotu dute, hogeita hamabi urteko bizikleta-lapurra.
El Trinche. Tomas Felipe Carlovich. “Bazirudien baloiak eramaten zuela bera. Baloi adimentsua, ongi tratatzen zutelako gozatzen zuena. Carlovich-ek erraztasun handia zuen futbolean jokatzeko eta hura ulertzeko. Rosarioko jokalari petoa zen”. César Luis Menotti-ren hitzak dira.
“Fenomeno bat zen, inork espero ez zuena egiten zuen. Oso abila zen, eta baloia jotzen zuen, fuerte eta kolpe mota askorekin. Jokalari argentinar onenetariko bat izan zela diotenekin bat nator” dio Roberto Fontanarrosa idazle argentinarrak. Diego Maradonak 1993an: Nik uste nuen onena nintzela, baina Rosariora heldu nintzenetik, Carlovich izeneko bati buruz marabillak entzun nituen, hortaz, orain ez dakit”.
“Beti izan nintzen berdin, potrero batean jokatzean eta 30 mila pertsonarekin. Niretzat Central Córdoban jokatzea Real Madriden egotea bezala izan zen”. Tomas Felipe Carlovich-ek errana, zendu baino lau urte lehenago. (Potrero=zelai prestatu gabea)
Egunkari batean irakurri dugu: Erresistentzia liriko bat futbol industriari, salaketa bat ospearen sistemari, futbolari profesional bihurtzeko ezgaia, eta gure beharra heroi arruntekin enpatizatzeko eta haiek goratzeko, “gu bezalakoak” diren horiek. Hori utzi du Trinchek.
Tomás Felipe Carlovich Rosarion jaio zen 1946ko apirilaren 19an. Talde hauetan jokatu zuen: Rosario Central (1969-70); Flandria (1971); Central Córdoba (1972-74; 1978; 1980-83 y 1986), Independiente Rivadavia (1975-76); Deportivo Maipú (1979) eta Colón de Santa Fe (1977). Tituluak: Primera C 1973 eta Torneo Octogonal de Primera C 1982 (Central Córdoba); Liga Mendocina 1976 (Independiente Rivadavia). Ezizen hauek eman zizkioten: Trinche, Gitano, Rey, Mago.
Berari buruzko liburua argitaratu zela eta [Trinche-un viaje por la leyenda del genio secreto del fútbol, de la mano de Tomas Carlovich], elkarrizketa bat egin zioten, eta pasarte hauek hartu ditugu: Zertatik bizi zara? ‘Asteazken’ jubilazio batetik. Argentinarrik gehienak gauden bezala nago, iraunbizitzen. Gogorra dago kontua, oso zaila. Ez dut ulertzen nola gauden horrelako une gaitza bizitzen. Etorri ziren bizpahiru politikari, alderdi desberdinetakoak, lehen kontzejal izatea eskaintzeko, baina politika ez da neure gaia. Badakit hemen Rosarion irabaziko nukeela begiak itxita, maite nauen jende askogatik, besterik ez. Baina ez dut zikindu nahi eta gainera ez dut uste prestatua nagoenik politikan sartzeko. Gainera, gezurra esan behar da, asko agindu eta gero ezer ere egiten ez dutenek gezurra esaten duten bezala. Hemen Rosarion, erokeria da nola esaten duten gezurra.
Nola sortu zen liburuarena? Hau jaio zen orain zazpi edo zortzi hilabete, herrialde asko hartzen dituen argitaletxe oso inportante baten eskutik (Planeta). Eskaini zidaten, zeren lehenago egina baitzuten horrelako liburu bat Bochini, Palermo, Alonso-rekin. Kontratua sinatu nuen eta oraindik ez dut ikusi peso bat ere, zeren ni barbaro salame bat bainaiz. Caravario mutil honi galdetu nion ea Mendozara joan zen eta esan zidan asko hitz egin zuela telefonoz hango jendearekin, Cura Vergara eta bertze jokalari batzuekin. Liburu bat liburu bat da, hori bertzerik ez. Hori esaten dut beti eta orain ere bai. Nik liburu bat egingo dudanean, egia kontatuko dut. Bertze baten ahotik ezin da jakin norberak zer egin zuen. Gauza asko esaten dira eta egia norberak daki. Eta ez dakit zer den arrantza egitea eta halakorik, egia norberak daki. Gure aita Mariok esaten zidan: ‘Ez bururik hauts, utziek hizketan. Ondo edo gaizki, kontuan hautela esan nahi dik’. Eta egia biribila da.
Irakurri al duzu? Ezta batere. Ez dut gogoko irakurtzea eta bideoak ikustea. Justu Joan den astean egon nintzen hemengo, Rosarioko, taberna oso inportante batean (NdR: El Cairo, Roberto Fontanarrosa lagunekin elkartzen zen lekua) eta oso gauza polita eta hunkigarria egin zidaten. Liburuaren aurkezpena egin zuten eta bertze bat ostegunean Atlas-en. Jende asko izan zen.
Beti izan zen bakartia, hala zioen. Entrenamenduetara batzuetan ez zen joaten, lo geratu zelako edo arrantzara joan zelako. Izaro uhartean bizitzeko moduko gizona genuen. A ti con tu escala de grises, entre el color de mis matices, más me gusta tu escala de grises, que cualquier otro jardín.
Literatura Terminoen Hiztegian (Euskaltzaindia, 2008) begiratu dugu lirika hitzaz zer dioen:
(grek. Lyrikos, lirari dagokiona)
Poetak barne giroak, inpresio, gogoeta eta beste edonolako sentimendu subjektibo adierazteko erabiltzen duen poesia mota da. Lirika terminoa lyrikosetik dator, eta musikako haridun tresnarekin lotzen da. Lirikan alderdi subjektiboa eta barnekoia beste generoetan baino nagusiagoa da; dena den, aro batzuetan subjektibotasunera makurtuagoa azaltzen da, bereziki erromantizismoaz geroztik. Emozioa eta sentimendua biziki lotuta daude lirikaren definizioekin niaren esperientzia eta adierazpen gisa. Lirika, autore batzuentzat, emozioen leherketa baten ondorio eta adierazpide da, eta, neurri handi batean, kultura bereko edonori erkide zaizkion samin, bozkario, heriotza, bakardadea moduko gaien garapena bilakatzen da. Bestalde, aro bakoitzak bere balio bereziei atxikita islatzen du lirika. Antzinate Klasikoan, Erdi Aroan, Errenazimentuan, Erromantizismoan eta ondorengo mugimendu poetikoetan. […]
Aupa Trinche! Neuk utziko diat bizikleta!
Zuei agur eta hurren arte.
Trincheri omenaldia bAst 2020
Eliane Brum erreportari oharkorraren izkirioak
2020-06-16 // bAst // Iruzkinik ez
Eliane Brum kazetari eta idazlea
Eliane Brum kazetari, idazle eta dokumentalista brasildarra da, 1966. urtean sortua. Porto Alegren eta São Paulon aritu zen lanean eta ondoren, 2010. urteaz geroztik, freelancer dabil eta epe luzeko proiektuak egiten ditu Amazoniako biztanle tradizionalekin eta Grande Sao Paoloko aldirietakoekin. El País, The Guardian eta bertze hedabide batzuetan idazten du.
Zortzi liburu ditu argitaratuak – ez-fikziozko zazpi eta eleberri bat, eta horrez gain kronika, ipuin eta saiekera bildumetan parte hartu du.
Hona hemen liburu horien berri laburtua:
“Coluna Prestes: o avesso da lenda” [Prestes kolumna: kondairaren alderantzia] (Artes e Ofícios, 1994), liburuan Elianek kontatzen du, 70 urteren buruan, tropa errebeldeak herrialdean zehar egin zuen 25 mila kilometroko ibilaldia, 100 pertsonen lekukotza bilduz, kolumna hura herritik pasatzen ikusi zutenena. “Bideko herri” haren, ez baitzen errebelde ez gobernuzale, testigantza ematen du Elianek, Republica Velhako gertaera erabakigarri haren konplexutasuna eta ulerkuntza sakonduz.
“A Vida Que Ninguém Vê” [Inork ikusten ez duen bizitza] (Arquipélago Editorial, 2006), liburuan Elianek benetako gertaera kontatzen ditu “desgerterak”, sekula kazetaritzaren araubidean albiste izango ez zirenena, eta erakusten du bizitza orotan dagoela ezohikorik. Liburu honetan, egileak erakusten du ez dagoela bizitza arruntik, begi etxekotuak baizik. Prêmio Jabuti 2007 saria eman zioten erreportaje-liburu onena egiteagatik.
O olho da rua (Kaleko begia)
“O Olho da Rua – uma repórter em busca da literatura da vida real” [Kaleko begia –erreportari bat benetako bizitzaren literatura bila] liburuan Elianek hamar erreportaje handi aukeratzen ditu eta barrenak kontatzen ditu –ezbaiak, beldurrak eta are akatsak, kazetaritza jardunean bizitakoak. Liburua hasten da haur erditze batekin Amazoniako muturrean, oihaneko emaginen eskutik- eta amaitzen da egileak lagun egiten diolarik emakume bati bizitzako azken 115 egunetan, minbizia baitu, Sao Paolon. Liburua 2008an argitaratu zuen Editora Globo-k, eta berrargitaratu Arquipélago Editorial etxeak 2017an. Bigarren edizioak, zabalduak, hitzoste bat du – “Os limites da palavra” – zeina mintzatzen baita bi gertakari oraindik oraingoez, egileari eragin ziotenak erreportari ofizioari buruzko ikerketa sakona egitea.
2011ko ekainean, Elianek bere lehen eleberria atera zuen, “Uma Duas” (LeYa Brasil). Hor lantzen du ama-alaba batzuen arteko harremana. Edo nola alaba bat amaren gorputzetik askatzen den, izan ere alaba batentzat beharrezkoa da erditze bat baino gehiago. Hori izan zuen fikziozko literaturan egindako lehen urratsa, bi hamarkada eman ondoren benetako gertaerak kontatzen erreportari bezala. Liburua finalista izan zen Portugal Telecom, São Paulo de Literatura eta Jornada Nacional de Literatura (Zaffari-Bourbon) sarietan. 2014ko urrian, “Uma Duas” [Bat bi] Amazonek kaleratu zuen, ingelesez, nazioarteko merkatura, paperean eta e-book. Ingelesera itzuli zuena Lucy Graves izan zen.
A menina quebrada (Neskato hautsia)
2013ko uztailean, Elianek bilduma bat atera zuen Revista Época-ko webgunean argitaratuak zituen 234 kronika eta iritzi-artikuluetatik 64 hautatuta. “A Menina Quebrada” [Neskato hautsia] (Arquipélago) liburuarekin Urteko libururik onenaren Prêmio Açorianos irabazi zuen. Lan horretan, Elianek une historiko honen erretratu historiko bat egiten du, bere begietatik, gaiak izanik hainbat: historia bat eta bakarraren arriskuak, bizitzaren medikalizazioa, zorionaren diktadura, guraso eta seme-alaben arteko harremana kontsumoaren bitartez, gure garaiak markekin duen zailtasuna (gorputzekoak bezala psikikoak), zahartzaroa eta heriotza. Idazten du, halaber, memoria, politika eta gai gizarte-ingurumenekoei buruz, bereziki Amazônia-rekin zerikusia izanik.
2014ko apirilean, “meus desacontecimentos – a história da minha vida com as palavras” [neure desgertaerak-hitzekin izan dudan ene bizitzako historia] argitaratu zuen, bosgarren libururik salduena FLIP jaian (Festa Literária Internacional de Paraty). Liburu honetan, heriotzarekin maite-jolasean zebilen neskak umetako oroitzapenak ekartzen ditu gogora, berba idatziak nola salbatu zuen ulertzeko. Erreportari eta idazle bezala, Elianek beti ikertu izan du bakoitzak bere bizitza nola asmatzen duen eta bere egunei zentzua nola ematen dien. Meus desacontecimentos lanean, konatzen du nola bera atera zen isiltasunetik narratibara pasatzeko. Liburua berrargitaratu zuen Arquipélago Editorial etxeak 2017an.
Parte hartu duen lan kolektiboen artean nabarmenena “Dignidade” da, nazioarteko liburu honek Médicos Sem Fronteiras erakunde humanitarioaren 40 urteak markatzen ditu. Liburua Italian atera zuten 2011n, munduko hainbat lekutako bederatzi idazleren lanak hartuz, horien artean Mario Vargas Llosa nobel sariarena. Gonbidaturiko egile bakoitzak erakundearen nazioarteko proiektu bat ezagutu zuen. Elenek gai hau landu zuen, Mal de Chagas na Bolívia [Chagas gaitza Bolivian], munduan gaitza gehien duten herrialdeetako bat baita. Testua, Luca Bacchini-k jarri zuen italieraz. “Dignidade” [Duintasuna] Brasilen atera zuten 2012an, LeYa argitaletxearekin, eta finalista izan zen Jabuti 2013 sarian, erreportaje liburu onenaren sailean. Elianeren saiakerak titulu hau du: “Os vampiros da realidade só matam pobres”. [Errealitateko banpiroek jende txiroa bakarrik hiltzen dute].
Alemanez publikatutako bilduman, Frankfurteko Azokan 2013an, Elianek ipuin bat idatzi zuen futbolari buruz: “Raimundo, o dono da bola” [Raimundo, pilotaren jabea]. O livro, “Entre as quatro linhas” [Lau marren artean] (DSOP), portugesez atera zuten 2014 urtearen hasieran. Elianeren ipuina Terra do Meio-n gertatzen da, Amazonian. Michael Kegler-ek itzuli zuen, e-book eran kaleratu zuten 2014ko uztan, alemanez bakarrik.
2019an, “Brasil, construtor de ruínas” [Brasil, hondamen-eraikitzaile] atera zuen Arquipélago Editorial etxearekin. Liburu honetan, kontatzen du herrialde baten eraldaketa, etorkizunera heldua zela uste zuena, baina iraganari lotua zela jakin zuena. Azken urteetan egindako erreportaje eta iritzi-artikuluak , batik bat El País-eko zutaberako egindakoak, Luiz Inácio Lula da Silva-ren hautatzearen aldaketa objektibo eta subjektiboak dokumentatzen ditu, boterea eskuratu zuen lehen langilearenak, Jair Bolsonaro-ren eskuin-muturreko gobernuaren ehun egunetara. Baita ere aztertzen ditu bertze gai batzuk: ebanjelikoen hazkundea, egiturazko arrazakeria, txiroenak hiltzen dituen indarkeria, feminismo berriak, desmemoria eta autoritarismoa, eta Brasil interpretatzen du, ezkerreko nahiz eskuineko gobernuek oihana kaltetu baitute.
The collector of leftover souls (Arima soberazkoen biltzailea)
2019ko urrian, lehen erreportaje-liburua ingelesez heldu zen Estatu Batuetako liburudendetara: “The Collector of Leftover Souls” [Arima soberazkoen biltzailea] lana Graywolf-ek argitaratu zuen, Diane Grosklaus Whitty-k itzulita. Liburu hauste livro entrou para a lista dos 10 melhores livros estrangeiros do National Book Award sariketan 10 atzerritar libururik onenen zerrendan sartu zen. 2019ko azaroan, Granta-k argitaratua Erresuma Batuan.
Dokumentalista gisa, bere film lehenbizikoa “Uma História Severina” (2005) da. Dokumentala, zuzendaritza eta gidoi-lana Debora Diniz-ekin partekatua, Severina pernanbucandarraren saga kontatzen du, txiroa eta ikasi gabea da, umeki burugabe batez haurdun da, eta baimen judiziala nahi du haurdunaldia eteteko. Dokumentalak eragin handia izan zuen gizarte brasildarreko eztabaidan, haurdunaldia etetea libre uzteagatik, anenzefalia gertatuz gero umekian, Auzitegi Goren Federalak. Filmak 17 sari jaso zituen, nazioan eta nazioartean.
“Gretchen Filme Estrada” (Mixer) dokumentala, zuzendaritza Paschoal Samora-rekin partekatua, 2010ean kaleratu zen. Pelikulak kontatzen du zirko-manbenbeen azken bira iparrekialdetik eta astinduaren erreginaren lehen kanpaina politikoa Itamararacá uharteko udalera, Pernambucon. 2011ko azaroan, dokumentala IDFA jaialdian (International Documentary Film Festival of Amsterdam) eman zuten.
“Laerte-se“, filmean Lygia Barbosa da Silva zuzendaritzan kide zuela, 2017an agertu zen 190 herrialde eta gehiagotan. Lehen dokumental brasildar originala Netflixen, Laerte Coutinho-ren intimitate, aurkikuntza eta galderak agertzen ditu, marrazkilaria baita, 60 urtez gizon azaldu ostean, hiru umedun eta hiru ezkontzadun, emakume agertu dena.
2017an, Elianek “Eu+1 – uma jornada de saúde mental na Amazônia” [ Eu+1 –buruko osasun egun bat Amazonian] dokumentala zuzendu zuen. Clínica de Cuidado-ko esperientzia kontatzen du, psikoanalista, psikologo eta pskiatra batek eratutako talde boluntarioak eratua, bi astez jardun baitzuten gogotsu, Belo Monte-ko Hidroelektrika eraikitzeko Xinguko mugetatik kanporatutako herritarrekin batera. Arretarako Klinika “Refugiados de Belo Monte” proiektuko parte da, eta kazetari eta sustatzailea da koordinatzaileetako bat. Eu + 1 dokumental soil-apala da, baliabide mugatuekin egina, Catarse plataforman finantzamendu publiko kolektiboarekin finantzatua.
2009tik 2011ra, Elianek asteko kronikak argitaratu zituen Vida Breve-n.
Benetan harrigarria eta eredugarria iruditzen zaigu erreportari honen ibilbidea. Bejondeizula, Eliane!
Itsas hegian
2020-06-13 // bAst // Iruzkinik ez
Agorrilaren lehen astezken-goiz batez abiatu ginen beraz Cambotik zazpi lagun…
bAst 2020
Orai, itsas hegira txangoa egiteko berriz aukera eman zaigularik, gogora ekartzen dugu duela laurogeita hamar urte inguru bertze batzuek egin zutena. Jean Etxepare Bidegorri medikuak Beribilez izeneko lana ondu zuen, autoz lagun batzuekin Euskal Herrian zehar egindako txangoaren kontakizuna emanez. Hemen puska batzuk, bereziki itsas hegiari buruz errandakoak. Uhin edo olatu baten deskribapena liluragarria iruditu zaigu. Testuan beltzez aurkituko dituzun pasarteak geuk belztuak dira, nabarmentzeko.
Jean Etxepare (1877-1935)
AITZIN-SOLAS
Broussain mediku eskualzale khartsuak maite baitzituen bihotzez eskualdun probintziak, laket zitzaion hango eremuetan barna zonbait egunen artetan iragaitea. Oinez zabilan ardura, aizina osoarekin. Abiatzean ez baitzuen gogoari emana norat hel, ez noizko, nun-nahi bazagon herritarrekin solasean, edo bazterrari so. Eta nolako begi erneak etzituen, beharriak zoin zabal etzatxikizkan eskuarazko hizkuntza edozoini! Bere biziko gozorik hoberenak Eskualerriari berari kendurik hil izana da. Orhoitgarrienak Donostiatik Bilbaorainoko itsas-hegiak, Lekeitio bid’erdi, utzi zaizkola zion.
Haren ahaleko eskualzale guti orai, gutartean. Astia nun ginuke bertzalde? Urthe idorrak erori zaizkigu bizkarrerat: egiteko hanitz edo gutiegi, irabaziak xuhur, gogoa bethi artegatua…
Noizean-behin baizik ez gitazke herritik athera, mendiez bertzaldeko joan-jin batentzat; orduan ere beribilez, tarrapataka, burrunban, begi beharriak gelditzen zaizkularik zoro eta burubarnea eltzagortua. Ikusi ala adituez zer derasakegu geroztik ahoz edo lumaz, mami hazkurritsu zerbait dakarkenik? Gauzen itxuraz, axalaz baizik ez gitazke mintza, izaitez nolako diren ezin dukegulakotz gure lasterkan zilatu.
Irakurlea gogorkiegi jazarriko etzaitalakoan, ausartatuko niz halere, berriki auzoan eginikako itzuliño batez zonbait lerroren hemen ezartzera.
Bioazi ene lumatik erori bezala. Irakurtu-arau adituko ez nuenak, hel egin beza, othoi, liburuxkaren ondarrean jarria dutan hiztegirat. Huni esker, agian elgar-adituko dugu biek, orai eta gero.
J.E.
Aldudetik, 1929-ko otsailaren 5-ean
MUGARAINO
Agorrilaren lehen astezken-goiz batez abiatu ginen beraz Cambotik zazpi lagun —hiru gizon eta lau andre, bi beribil atherbedunetan— aratsean berean gibelerat sartzeko xedearekin, Loiolako ikusgarri omen-handikoez begiak betherik.
Gerla-aitzinean lauzpabortz aldiz mendiez-haraindiko eskualdetan ibilia nintzelakotz, —zoin urthez ez nakike orai xuxen— lehen beribilean jarrarazi ninduten bidearen erakusle, jabe gidariaren eskuinetarik. Aro ederra ginuen. Gu abiatu orduko, iguzkiak suntsitua zuen luarraren sapak gauaz airatu langarra; zerua gora zagon, urdin zuhail; bazterrak ederki argitzen zuen, beroa sartzen zitzaiolarik eztiki gain-behera; lanhoetarik garbi, mendiak berak lirainago zitzaizkigun agertzen; landarerik xumeena uda minaren indarrak harrotzen zuen, eta bere erroen gainean lerdentzen.
Aire onak bizkortzen ez othe dauzkigunentz ere gure beribilak? Erasia gogorrean lotu zaizkigu, behinik behin, bideari. Motorren joite azkarrak indartzen gitu guziak. Bagoazi gaztetuak hamar urthez, dena begi, dena beharri, gogoa arin. Etxeaz, ez gure egitekoez, ez herritarrez, ez ahaideez, ez gira gehiago orhoit. Bertze kezkarik deus ez dugu buruan, Loiolaren ikustea baizik.
Ororen jatekoa, bi otoetarik baten gibeleko malan kokaturik, guhaurekin bagineraman.
Cambo-Gainean leihoak idekitzen ari zituzten. Dena xori-kantu ziren erregebidearen bi bazterretako arbola handiak.
Ezin erranezko lelo batean bagoazi Itxasuko zubi berri ederraren gain-arku azpietarik harat. Zer aro xoragarria! Nolako urustasuna geure baitan! Hau bizitzearen zoriona! […]
NABAR GOITIN HARAT
[…] Iragaiten dugu azkenekotz Ibañetako lepoa, Hainbertze mende huntan hainbertze miliun gizon, hanitzak armadetako soldado, bere arteka xabalari esker bidatu dituen lepoa.
Napoleon Handiaren soldado aipatuak, zonbat etzen zuetarik eskualde hotan galdu, 1811-ko itzuli deithoragarrian! Zeren bilha zinabiltzaten ere hemen gaindi, zortzigarren mendearen ondartsurat, Charlemagnen gizonak, Roland gaizoa buruzagi?
Egia othe da Charlemagne adostua zinutela lehentxago Moroekin? adixkidantzaz emana zuela Moroer, Zaragozarekin, Aragoniako bazterra? Moroak alderat koka zitezin Eskualerrian, Charlemagnek zuela urrarazia Iruñako hiria zaintzen zuen harresi gora?
NABARREKO HIRI-NAUSIAN
[…] Sartzen gira etxe gora batzuek lau aldetarik hesten duten Plaza Castillo aipatuan. Inguru guzian etxeek egiten dute arku-azpi; harrizko itzalpe goxoagorik ez dakigu badenez nihungo hirietan, nahiz ez den ageri hemen saltegi eder bat bakarra. Bi «kafe» handi ba haatik zoko batean, zumezko jar-alkiek hartzen daietenak parreko arku-azpi guzia.
Bihurtzen gira erne kathedraleko alderat, eta hemen baratzen.
Heltzearekin, hamar bat haur itxura-gaiztoko lotzen zaizkigu oihuka eta aztaparka beribiler. Ukondoez leihoetan bermatuz, lepoa luzatzen dute barnerat, zer guzier behaka; sudurraz hunkitzen gituzte kasik.
Irri egiten diotet gozoki, orhoiturik gaztean hek bezalako batzuek zoin jakinki eta gogotik zautaten erakutsi, behin bat edo biez, hiria.
BAZKARIA
[…] Nabar-Goitiko ogi ona lagun, baderamatzagu kilimiliklik xerriki hotz xeheak eta lotuak gira ja biperrekilako arroltze-moletari, noiz ere ohartzen baikira gure bi botoila Rioja hautak hustuak ditugula azken xortaraino. Berrogain bizkarra! Emazteek berek zoin gogotik hurrupatzen duten arnoa oihanean!… Ordaintzat, batek eskaintzen dauku urez betherikako botoila bat, ezin-bertzean hartarik bederen dezagun edan: orok ezetz, burua inharrosiz urari beltzurika…[…]
BAZKAL-ONDO
«Café de curé, sans chicorée», dugu jarri orduko manatzen.
Ozpine! zuken egin behialako beskoiztarrak, gure kafea jastatzearekin. Beltza da ba kafea nahuzun bezain, kafea beroa da behar bezala, bainan kafe-liparrik ez du gure kafeak: dena xikorea da kafe hau!
Hobeak dira denik-ere ondokoak; ez haatik mendiez bertzaldean ohi direnak bezain onak.
Etzaitela khexa, daut erraiten ene aldeko hurrupariak: kafezko kafea ez da arras toki gutitan baizik edaten Espainian; gei guti sartzen bide zaiote itsasotik, zergak handiegi izanez edo…
Ez niz khexatzen bertzalde, khexa ez naiteke: iguzki-beroarena othe den, ala ene ixtorio luzearen akidurarena, ala ene lagunen oixtiko idurirat xakolinaren pottokak aurdikitzera neramanez, loak hartzera noa. […]
GIPUZKOAKO SARGIA
[…] ikusgarria gelditzen dela Lekunberritik Tolosarako bidea, orhoitzapen goxo jostagarri bat uzten baitu hunek, ikusberriko iziaren ondotik.
Labur egon ondoan ordu bat osoa eta bere atzarrian bildu, huna nun bat-batean zabaltzen zaikun airos behakoa, bulharrak beren aldetik hampatzen zaizkularik nasaikiago: ohantzearen bazterrek elgarretarik urrunduz bide gehiago uzten diotelakoan edo lagun zonbait ezkerretarik jin zaiolakotz guk uste gabean harekin batzera, gure errekako lats gottortua bilakatua dugu kasik tanpez ibai. Baiona-Santespiritako ibaiaren bortzetarik bat ur bederen baderama orai, halako andiantza naro batekin.
Erregebiderat daudela huna eskuinetarik, banaka, etxe pollit batzu, hiritarren etxeak segur; ibaiaren bertze aldetik, luzera, zelai puxka bat: ezkerrago, bizkar biribil konkor batzu, artetan artho-landa gori batzuekin.
Minutan Tolosan gira sartzen.
XINTXIMARIAK
[…] Zeiharkatuz bagoazi malda eztiari gora, noiz eguerdi-alderat, noiz mendeal-alderat, bainan eguerdirat mendealerat baino izpi bat adarkatuagoz.
Bidearen eskuin-aldetik, lerroan doazila nor mandoz, zor asto-bizkarrez, atzemaiten ditugu bospasei emazte eta gizon, Tolosako merkatutik gibelerat heldu ditazkenak. Aberea iziturik, zaloin jausten ere dira zonbait, ez bidearen erdirat, bainan ba arlako alderat. Jausteko eskualdeaz ez, beren begitarte zimailaz ere ez, bainan garaitiko zer guziez Baigorritik etxerat itzultzen diren Bankar batzuentzat hartzeko litazke.
LOIOLAN
Ba, zinez ederra da aurkintze huntarik Loiolako komentua, Azpeitiako zelaiaren xoko bati erran baitzinezake gibelaz lotua.
Gogoari emazu orok dakigun Larressohoko semenario ohia bezalako etxe bat gaitza, kilometra bat luze eta lau ehun metraren ingurua zabal den ordoki baten buru-buruan; zer diot! Larressohoko semenarioa baino bat eta erdiz zabalagoa, goragoa heren batez bederen.
Ez ditu haatik paretak xuri, bainan ba beltzaan, murritz eta bizkitartean leun, beheretik gaineraino egiten duten harri pikatu gorratsak iguzki-sistek eta euriteek aspaldiko urthetarik hunat histu dituztelakotz, ara beraz nolazpait apainduz.
Aitzinaldea iparrari dagokio, halako samur batean, leihoak bakan, teilatua hegatzik gabe.
ZIRIKANDO
Zonbait minutaren buruko, erregebidearen ezkerretarik etxe-lerro bat, luzatuz doana han-harat urrunsko. Ez dugu galdegitearen beharrik nun giren, afixa zozo batzuek erakutsia baitaukute. Cestonako hiriñoan gaindi bagoazi, alde orotarat beha, hanbatenaz begiak erneago non frantsesek toki hau irriz jokatzen ohi baitute, diotelarik: Cestona, le Vichy espagnol!
Ene lagunak, eta ni ez gira den gutienik jostagura, harrituak baikaude hamabortz urthe huntan hiriño hunek, handitzera ez bada, edertzera egin duen jauziaz. Bidetik barnaxago, itzalpe batzuen gibelean, ikusten ditugu bai hôtelak bai ur-onen hartzeko atherbeak beren pareta xuriekin, leihoak berriki gorriz thindatuak, lorez apaindurikako askaño batzu erran baitzinezake behereko hegitik badatxizkitela dilingo.
ITSASOA KUKULAUKA (ezkutaketan)
Bihurtzen gira ezker. Bide puxka baten buruko, patar ezti batzuen ondotik, itsasoari arras hurbil, bainan itsasotik lur-hegi gorasko batek maldatua, agertzen zaiku haran bat ezin pollitagoa. Eguerdi-aldetik iparrera dago, erregebide handiak luzerat hautsiz.
Erregebidearen harateko bazterrean, ditaken herririk begikoena: Zumaia. Ez goazkio bizkitartean ikustatzera. Aski zaiku, emeki hartzen daukutelarik otoek ipar-alde, jakitea zer tokitan den eta nolakotsua bera.
Herri bildu-bildu bat, Zumaia. Pentokaño baten gainetik eliza zahar eder batek ospetzen du, zainduz. Itsasotik beiratzen duen lur-hegiak badu arteka bat, legartzaraino heltzen dena, bainan itsasorik ez da zorigaitzez ezagun.
Haranak zola-onekoa emaiten du. Jin giren eskualderat ez du bizkitartean lur-mendoi batzuez bertzerik, hor iuzpegiratago eta elgarren ganik hurbilago, mailez-mail gorago ere ba eta idorrago: zer bazka finen ez ordean jabe!
Herriaz guziz zaizkigu alha begiak. Nun, gabiltzan eskualdetan etxe xuri hobeki atxikirik, nun etxe-bilduma maitagarriagorik? Haran-xokoan, elgarri tinki dagozi, mendiak ez itsasoko uhinek ezin hertsatuzkoak neholere. Baditake haatik, berdin, tenore huntako egun-argi eztiak diren baino pollitago dituen egiten.
Maite dugu orok Zumaia. Errana daukute hor bizi izana dela hanitz urthez, omonier, Domingo Agirre apeza, eskual-idazle aipatuenetarik bat. Nolaz etzuken izkribatu liburu ederrik, holako tokian? Gizonak zoriona ez aurkitzekotz hemen, nun aurki? Eskuarazko liburu eder batzu egin zituen bada, eta argitaratu, apez on jakintsu harek.
Badira hiruzpalu, urrea balio dutenak. Damurik oraiko gazteek guti dituzte maite eskuarazko liburuak! Damurik, bertzalde, gira eskualdunak hoin ezazol eta hoin zozo, gure arbasoen mintzaiaren alderat!
Damurik, oraino, hoinbertze aldasketarat da abartua, sasitzerainokoan, gure eskuara zaharra!
Dena den, antze handirekin mozkindu zuen Agirrek. Bizkaiko eskualkian berdin trebe zen nola bere herrikoan, ez bazen trebeago. Bizkaitarrez ez othe duen ere erakutsi zain gehiago, eta gemen indartsuago bat? Laborariez eta laborantzaz egin du gehienik solas, itsas-arraintzariez, eskualdun zaharren oitura ezin-ahantzizkoez, oraiko bizipide berri batzuez, lehengo eskualdun sainda batez. Nehor ez da hura bezain gizonki mintzatu eskualdun emaztekiaz; nehor, neskatxaren bihotzean sor ditazken sendimendurik ederrenez.
Bada, egun batez Euskaltzaindiak deitu zuen bere ganat idazle bikaina. Joan zen Agirre, bainan laster etxerat itzuli ere ba hura: ohore xumeenek izitzen zuten gizagaizoa. Etzuen onik bere Zumaia maitean baizik.
Harrigarri da etxerat buruz zoin erne dabilzkigun gure zaldiak. Patar kotsua gora-behera, haranaz-haran eremanak gituzte jadanik zelai idorsko baterat. Hemen, etxe berri pollit banakatu andana bat.
Ohartzen gira badituztela, artetan, moda zaharreko egoitza azkar batzu, paretak zuri, harri-pikatu beltzaan desbardinekin leiho-hegietan. Ordu berean, aire fresko gaziño bat hautemaiten dauku bat-bederari sudurrak. Botz eta erne, hatsa hartzen dugu orok bulhar-bethez. Itsas-hegitik arras hurbil gitazke, Zumaian ginen baino hanitzez hurbilago. Izaitez, Zarauzen sartzera goazi.
Lehenbiziko oto gurea, Tolosako kaskañoak zentzaturik edo, aitaso baten urrats zuhurrari jarri da tanpez; bigarrena badarraio gibeletik, berdin eme.
Bitxikeria ordean: berriz etzaikuia, berehala, bidea bihurtzen ipar-alde? Itsasoa ez othe dugunez, hemen ere, ikusi-gabe utzi behar? Hala luke iduri, behin. karrika zabal, luze, i-a bezain xuxeneko bat dugu aitzinean.
Begi-ukaldi batez ikusia dugu dena, bururen-buru. Gogorki ederra da, nahiz bi bazterretako etxe-lerroek baduten guretzat halako pisu-aire bat.
Athe ala leiho-inguruetako harri pikatuak gaitzak dituzte: balkoinez brokatuak dira aitzin-pareta gehienak, eta ez dituzte baitezpada arinak, dela beren harrizko-zolaz —airean gogorki baita ere azpitik atxikia— dela beren burdin-grilla lodiez. Hegatzak, bertzalde, erdirategi zaizkote zabaltzen karrikarat buruz, etxe zonbaiti.
Aithortzeko dugu, bizkitartean, azpitik ezagun dituzten gapirio ozkatuek durduza bat emaiten daukutela, hiriaren alde.
So batez hartzearekin guzia, karrikak badu zerbait, gogoeta gauzkazkena. Ahaldunak zituzken egileak; iraupenaz grinatsu zitazken; xedeen araberako zituzketen jakitatea, ederrerako jaidura, tokiaren amodioa, beren eta ondokoen ontsa-nahia.
Ez diogu luzazago behatzen hargatik; ez dezakegu. Ezkerretarik, xuxenerat, sartzen zaizko karrika labur batzu. Behin, bietan, hiruetan, xixtez ikusten dugu itsasoa, aditzen ere ba hunen burrunba ilhun eztia; bertze hainbertze aldiz, alaitzen daukute bihotza etzatera doan iguzkiaren urrezko-iñarrek. Bozkario handi batek gainditzen gitu zazpiak. Gizon, emazte eta haur andana bat baitabiltza karrikan alde orotarat, itsasoaz den-gutien bat gozatzetik dukete segur hek ere beren zangarretako bizitasuna.
Bainan zer uste-gabeko bihotz-ximikoa: karrikaren harateko burutik zonbait ehun metra egin orduko, etzaikuia bat-batean itzaltzen itsasoa! gogotik eta luzaz oraino, urrunsko danik bazen urrunsko danik, guziak beha egoitera ginoazkion Ameriketarako itsasoa! Haran batean sartuak gira orai; ezkerretarik, bizkar gorasko batek dauku estaltzen, ikusmenean izaitea hainbertze atsegin ginuken itsaso zabala.
* * *
bAst 2020 (uhina)
Dagola bada gorderik! Xixtez baizik ez badugu ere ikusi, ikusi dugu; labur bazen ephea, laburregi, ikusi nahi ginuena ontsa dugu ikusi; bihotzak lagunduz.
Ez gagozke ixilik. Elhasturi bat gaitza jauzi zaiku orori. Bazterrari ez dugu gehiago eskerrik.
—Etzen samur itsasoa. Goxo-aldian zen. Haizerik ez, bero, uda mina, zertarik edo hartarik, jabal zagon.
—Errazu uste duzula. Ditazken dirdira gaixtoak oro bazituen urak; guneka, berdaatsa eta lohia nausi. Bera igitzearekin —hemen ohantzetuz, haratxago bizkartuz zorrotz— orozbat zitzaizkon igitzen bere kolore likits guziak, eta batzutan nahasten. Badira andre batzu begi-niniko argia hola-holakoa dutenak; ez niri erran andre hek direla laialenak.
—Zaude othoi ixilik. Iduri-ta gizon batzuek ez dituzten begi berak, andre gaixoak baino miletan maltzurragoak baitira gizon hek!
—Eta gero, ohartu ziretea uhin heier? Ehun metratik ehun metrara, bizpahiru altxatzen ziren batean, kukurusta gora. Orroaz eta haguna burrustan zariola, bat-bedera xutitzen zen bertan pareta zabal baten idurirat, eta, erho bat bezala oldartua, zipoteka aitzinatzen leihorrari buruz. Beharrik jainkoaren eskuak zapatzen zun bere aikatze sorjesean! Laster, goitika izigarri batzuez barnetik hustuz zoan. Sabela ethentzen zitzaion, hausten gerruntze konkortua, mustupiltzen bere aurpegi oiesa, burbutzika zartatzen bere soin aberea. Azkenekotz, lehertzetik ahuldua, izurrak izurraren ondotik mehatua, hats-bizi, legartzaren gainerat hura bera zen milika txar batean ahospez hedatzen. Eta zarraizkion guziak berdin, bakotxa bere aldian.
—Iguzkiaren perekak zituen hola ematzen uhinak; iguzkirik izan ez balitz…
—Sinets nezazue: Kantauriako itsasoak xede on guti dakar berekin. Eremu osoak baditu ja iretsiak. Irets ez ditzazken erkaitzak berak, bere ur gaziaz zafratuz emeki-emeki gesaltzen ditu. Mendetik mendera Eskualerriari eremanak daizkon ahamenak! Luzara itho beharra du guzia.
—Gu, hasteko, ez gitu egun atzemanen.
—Hobe ginuken, gaua ereman baginu Zarauzen berean. Hain xuxen, bada hôtel bat hauta, legartzaari dagona. Itzul baginte?
—Gau batentzat bakarrik, zendako? Bizpalau asterendako, nunbait hor. Gerla-aitzinean, Espainiako haundi-maundiek Zarauzrat udako jitea laket zuten; frantsesek ere ba, bainan jende bier-artekoa zen guziz, Frantziatik haratekoa. Bere itsas-hegia ttipisko izan gatik zabalerat, hirixka pollit bat da Zarauz, eta ikusgai hanitz baduena, ez balu ere Espainiako aberatsen ospa baizik erakusteko.
* * *
Otomobilaren barnean, ene lagunak hasiak ditut berriz itsasoaz mintzatzen.
Sartzen niz, nihau ere, solasean:
—Aditu zaituztet. Bi begiez behatu diozue orok itsasoari, bainan ez da zuetarik bat, ohartu denik zer ere baitzuen espantagarrienik eta hari.
—Ezetz?! Zer zen bada ohartzaren mirakuluzko hura?
—Odaiertzean, urrutirat, ezagun zen erresuma bat gaitza, nihun ikusten ez den bezalakoetarik. Ametsetarik baizik etzaiku halakorik agertzen. Etzen ametsetakoa bizkitartean hura; zinezkoa zen.
Uraren gainetik goititzen zen, eta heltze zeruraino. Osoan hartuz, iduri zuen elhurrez egina. Bainan bazituen hiruzpalau mail bederen, bat bertzea baino zokorat sartuago, eta mail bakotxean ageri ziren han-hemenka itzalgune batzu, guti edo aski beltzak: erresuma hartako herriak edo hiriak, behar bada… Goien-goienean, nun ere baitzuen hunkitzen zeru urdina, erranen zinuten elhurra harro-harro zela metatua, meta bakotxari zatxikola kukula zuri, biribilean ozkatu bat.
—Hauxe da atheraldi erhoa! Lanho tzar zurpail batzuek hola dauzute kaskoa berotzen zuri?
—Lanhoak?! Nork daki lanhoak direnez? Eskua suan eman zinezake hedoiek bakarrik dutela egiten, dezaketela egin halako erresuma?
Ori, nahuzu jakin ene barneko berri? Ene ustea da, ene siniestea, hari luzaz so egonik zirela noizbait abiatu itsasoz-itsaso gure arbasoak. Hauk bethi joanki, joanki bethi aitzinago, eta hura bethi haratago gibelatzen, bainan bethi bere tokian halere eta bethi berdin eder; egunetik egunera zoragarriago baizik ez, izaitekotz. Ez dakit behinere kausitu ahal ukan zuten gaizoek; dakitana da kausitu zutela bederen Ameriketako lurra. Etzen hau lillurazko erresuma bat, ala ba?
—Zozoen lerrorat, alegia hori entzunik, nahi gintuzkezula gure oldez erortzen ikusi, aithorrazu bederen! Guk gure aldetik aithortuko dauzugu ez dela arras egiarik gabea zure alegia.
—Alegia edo egia, ez du deus ederragorik Eskualerriari oldartzen den itsaso handiak, erran dauzuetan erresuma baino. Zagozkiote luzaz beha bertze aldi batez, Biarritzeko dakizuen hegibatetarik; gogo bereko izanen girela orduan, hitz dauzuet. Zernahi izan dadin, Mediterranea deitzen duten itsasoak holako erresumarik ez du bere uhartzean, hedoiezko erresumarik ez bertzerik.
—Mediterranea ezagutzen dugu guk ere. Hura itsaso goxo, maitagarria! Lau dago eta naro bere hedadura guzian. Bere hedadura guzian, halaber, urdin-urdina da.
—Urdin-urdina, ez; osoki laua ere, ez. Urak, bere aitzin-gibelka ezin geldituzkoan nun-nahi egiten daizkon izurren hegiak, erran zinezake zilar-biziz dituela.
Zeruak aldiz bere urdina sotilago du itsaso haren gainetik, xixtez agertu zaikunarenetik baino.
—Xuxen mintzo zira. Abantail horiek ez ditut ukatzen. Aithortuko dut Mediterranea osoki karana zaitala. Lehen ikus-aldian berean bildu ninduen.
Ez dakit zendako maiteago dutan, halere, Ameriketarako itsasoa. Odolean dut hau; gogoratzeak berak harrotzen dauzkit zainak.
Eta zuri, ameslaria, zer zaizu?
—Ni, iduripen bereko ninzake, gazteago banintz. Oixtiko erresuma haren ondotik banindoakela suhar, ez ahal duzu dudarik?
Zahartu bainiz, ez dakit ez nukenez orai maiteago Mediterranea. Leihorretik bizkitartean, bere ontasun eta lillura guzien gatik.
Inguratzen duten lurrek dituzte hazi, jakintsuen arabera, gizonen artean izan diren gizonenak. Gutiak baziren ere, miresten ditut ziren gutiak.
Egiaren ondotik erabili zituzten bada, hek, beren urratsak. Jainkoaren oldez, Legea amestu zuten, eraiki, jarri beren eta lagunen arteko. Hek daukute erakutsi, jakintzarako bidearekin batean, zuzenarena; hunen ondotik, eta datxikola, ederrerakoa. hekiei dugu zor, baitakigu zer den neurria.
Erakaspena ez ginezoten ahantz nihoiz, itsasoaren hegi batean, mahain bat bezala ordokitzen den arkaitz gora baten gainean, utzi zaukuten beren deia eta beren manua, marbrezko tente batzuek alde orotarik hegatza jasaiten dioten tenplo baten itxuran.
Urrundanik erran omen ginezake urso xuri bat, bethiereko han pausatua.
Oixtiko ene erresumaren ordain, geldi bekit urso hura.
BERTZE BIETAN AGERTZEN
Gain-behera luze bezain ezti batek bageramatza xuxen bertze herri bildu-bildu, pollit batetarat. Embil aita seme pilotariak hemen direla bizi nik erran orduko, ihardesten dautet bertzeek: Orio! Bi oren lehenago iragan bagine, plazaratu zitzaizkikedan ene lagunak, ikusteko «joko garbiaren» aldezkari biak han othe zirenez. Aithor dut jarraiki nintzaikeela gogotik, beso zalu, xuxen, eta indar-neurri onekoa baitute bai aitak bai semeak.
Badugu bertzalde zer ikus, gure bideari goazilarik. Ohartzen gira Bilbaoko olhentzat adailu bereziak egiten dituen fabrikari. Etzen segur hoin handi, gerlako lehen urthean. Aitzin-paretatik hitz larri batzuek iragartzen daukute, han moldatu adailuari sua ezin ditakela aiher. Ez balakite orok, guk bezala, ez dela adailurik su-gar biziskoarentzat guti edo aski minbera ez denik!
Behinik behin, olhetako labeak berotuaren ariaz barnetik erreak eta janak izaiten ohi dira hiru ilhabeteren buruko. Azken gerlaren ondarrerat, lasterrago ere ez othe ziren kaskailtzen? Berri-berritarik egin batzu aldean badituzte beharrik ordaintzat, andeatu direneko. Horrela, lana bethi aitzina badoa, Bilbaon eta… Orion.
Burdin-bide bat sartzen da delako fabrikaren barneraino. Aldeanbertze iragan orduko, agertzen zaiku Oria deitzen duten ibai polita. Apur bat zabaltzen da aipatu fabrikaren gibelean, hunek ukan ditzan, geiez bethetzeko nola etekinetarik husteko, bi errextasun: bat burdin-bidez, bertzea urez-ur. Erregebidea behar-orduko, hirugarren. Ederki.
Ephe berean, arteka batetarik, ibaia ikusten dugu sartzen itsasorat. Gure loria itsasoaren begiztatzetik bigarren aldikotz, erran dugun bizkarrak Zarauzetik hunat gordetzen baitzaukun! Bainan, agertu orduko, egundaino bezala itzaltzen zaiku, egundainoko bizkar konkor luzeak gure sahetsaren parrez-par kukutua. Ikusi diogu haatik, nahiz doidoi, belazko untzixka bat, uhin gaxtoetarik landa eztiki zalantzatuz han-harat zoana, urrun.
Guti bada guti, zonbat atsegin eman daukun guti horrek, nola adiaraz?
Burrunban badoazkigu otoak mazela batean harat, bethi iparrerat buruz, Eskuinetarik, harana badarraikigu luzatuz, bainan zabaldu gabe hanbat, konkor berak erakusten dauzkigularik mendi-alde. Estaltzen den bezenbat du apaintzen belhar xehe batek. Sagardirik ez dugu bizkitartean ikusten. Adituaren adituz, uste ginuen Gipuzkoa sagar-ondoz landatua zela guzia! Ontsa nahi ginuke jakin nun egiten diren bada sagarno gozo, ezti, ahotik ezin-utzi hek, Normandiakoak heien aldean ez baitira pitar batzu baizik.
Eskualde huntan, Gipuzkoako urgulu bakarra erregebidea ditake. Erdian bezain berdina da eta leuna bazterretan, sahetsetako arlaraino. Izerdiño bat badario bere azal beltzetik, iguzkiaren beroak jauzarazia. Nun holako biderik Frantzian?
Zuhatzik ez du bizkitartean, doi itzal emaiten luketenik bidezkariaren gozagarritzat. Urrun othe gira bada oraino Donostiatik? Ez dut uste. Eta orhoitzeak berak atsegabezen nu.
Garbiki erraiteko, ez dut maite Donostia. Aspaldiskoan, urthetik urthera ttipitu zait, ez bakarrik hiriarenzat naukan amodioa, bainan oraino tokiaren beraren alderakoa. Iduri zuen hunek ohantze bat lehen, laborantzako alhor bat, baratze bat kasik. Itsas-aldetik, dakizun bizkar konkor harek berak beiratzen zuen. Ez osoki, haatik; arteka batetarik uzten zuen itsaso-muttur bat sartzera alhorreraino, zabaltzera ere ba apur bat, eztiki. Arteka haren arditik xutitzen zen mendoi kazkar arkaizdun bat, iduriz itsasoaren oldarra hobeki hausteko oraino. Iuzpegi ala eguerdi alderat, lerdoin gorasko batzuek inguratzen zuten, mailez-mail bat bertzea baino larriago.
Orai, baratze, alhor, pentze, iraztor, bazka-leku hek, dena etxe dira. Egoitzetako harri lantuek dituzte estali. Badela egoitza ederrik ez dut ukatuko, bainan arras gutiak dira begiarentzat bezala adimenduarentzat eder direnak. Geihenek badute eskas bat: arimakoa.
Egileek beldurra dut etzakiten Olerkia zer den. Erosoan bizitzea, ba; ez, ordean, zeru-alde noizean behin gogoaren airatzea.
Mediterranea etzuketen ezagutzen; Grezian gaindi etzitazken ibiliak nihoiz.
Gaur den egunean, arruntago baizik ez da bilakatu jendea, han nola bertzetan. Metaka sartzen da atzerritarra. Aberasten duke tokia, bainan ez hobetzen. Aberastasuna ez da aski, gizonaren ontzeko. Ardurenean ez othe du apaltzen, bizizale zuhur eta geroago lehiatsuago batetik eginez gozazale iztil bat?
* * *
Herri handi eder bat aurkitzen dugu bidean: Usurbil. Eder eta handi bezain aberatsa izan behar da, bazter zabala du eskuin alderat. Ez gira baratzen. Uste baino urrunago kausiturik Donostia, gure otomobilen gidariek akulatzen dute zoinek gehiago bere zaldia. Aurkintze huntako laborantzak ez du bertzalde deus, so gagozkiokenik.
Kilometra andanaño baten buruko, gure ezkerretarikako bizkarra goratzen da, mendixka bat egiterainokoan. Ohartzen niz hunen gainean eraikia den hôtel handiari. Begien aitzinean dugu geroztik Igueldo deitzen duten mendiñoa; helduak gira Gipuzkoako hiri-nausirat.
Huna, zolan, hiriko karrikak; huna, ezkerretarik, itsasoak berriki ginion artekatik hiriraino sartzen duen muttur kamutsa. Itsasoa bera ez da zeiharka baizik ezagun, bere mutturraren erditsutan xutitzen zaion mendoiak erdi-gordetzen duelakotz, xuxenetik beha legokeonari. Huna oraino, gure eskuinetarik, lerdoin batzu dena jauregiz estaliak: hotarik ederrena lehen mailean, gorrats, luze, itzalpe batzuekin harateko aldetik: erregeren eta hunen familiaren udako egoitza.
Tranbiek, otomobilen ugariak, oinkarien usuak, alde orotarik beharrietarat heltzen zaikun burunba bitxiak, hiriko zer guziek, hots, erne baino erneago ezartzen gituzte eta orozbat erabetzen. Gainera, soldadoz eta hirizainez ebroa etzaikuia atheratzen zoko guzietarik! Xuxen ibiltzeko duke hemen gizonak, nor-nahi izan dadin.
Hiriaren erditsutako karrika-bazter baterat lekuratzen dira gure otoak. Berehala jausten gira, bainan ez oro xede bereko.
Beransko izana gatik —zortziak eta laurden da— itsas-mainu baten hartzeko, ene lagunek nahi dute egin legartzarako itzuli bat bederen. Jende hanitz ikusiko dutela han, iduri zaie. Aithor dut biziki egun-argi dela oraino, nahiz iguzkia bere osoan itzalia ditaken. Bainan, ene lagunekin berekin bada ere, harat-hunat hortako gogorik ez dut. Akitua nizalako estakuruan, banago bakarrik.
Izaitez, erabeak nauka legartzarat joaitetik. Goainditzen nu hango nagikeriak; ez dezaket jasan, itsasoari errara beha dagozin zonbaiten aberekeria. Zitzi eta mami, papo eta gibelalde ozar sobera dakusketalako izia larru-barneari datxit.
Urrats zonbait egin banitza karrika-bazterrez… Ikus nitzazke eta adi eskualdun zonbait. Gelditzen da oraino hotarik multxo bat Donostian, atzerritarrek ezin ithoak. Ezagut-errexak dira begitartetik, mintzotik, ibileratik; lerden, ginarri eta zail, gogoz bezala mihiz osoki herrikoi, beren odol garbia ageri dute gizaseme hek. Bainan eriondo, uste baino akituago ere ba, nekez nabil; alki baten hunateko buruan jartzera banoa.
Jende guti, karrikan. Hirizain bat urraska dabil, etxerat joaiteko tenorearen beha hura ere, naski. Jarririk nagon alkiaren harateko buruan ohartzen niz haatik badirela bi gizon, eskuaraz mintzo direnak. So banagote: poneta buruan, ontsasko emanak, Lapurdiko botiges batzu izan behar dira, edo amerikano ttipi zonbait. Alde orotarat derabiltzate begiak. Khexusko dirudite. Zeren aiduru othe dagozi?
* * *
Hor, karrikaren bertzaldetik, hurbiltzen zaizkote bi gizon. Eta, erdi eskuaraz, erdi erdaraz, hasten dira elgarrekin lauak:
—Hôtela bethea zen. Zortzi egunez ez da egitekorik deus. Ondoko zortzian behar bada, izena aitzinetik emanez…
—Hanbat gaixtoago. Luze doakegu hola, jaun haren ikustea.
—Zer nahuzu, mediku handien mintzatzea ez da nahi delarik. Eta hunen heinekorik ez da orainokoan agertu nihun. Magnetismoan du bere segeretua. Eta nor da bertzerik, horrek bezala dakienik magnetismoa zer den?
—Errazkizu direnak oro. ez derabil magnetismoa bakarrik. Elektrik orratz goritu batez sudur-barnea toki batean edo bietan erretzen. Han aldaskatzen den zain batetik doa gure osagarriko gora-behera guzia. Mediku horrek du atzemana zer hori. Ohartzea bazen zerbait; zainaren xuxen kausitzea, hori da, hori handi! Hain da trebe jarria lan hortan, non bi begiak hetsirik kausitzen baitu zaina.
—Eta, segur, sendatzen dituela guziak?
—Oro xoratuak doazi gibelerat. Munduko bazter guzietarik abiatua du trumilka jendea. Bakotxa bere aldian baizik ez dezake haatik ikus ez artha, naturalki.
Loriatua nago ene alkiaren gainean, ene errangura guzietarik sudur-erretzerik gabe orai beretik sendatua, ni. Lanak ditut bizkitartean irria ezin atxikiz. Hogoi ta hamalau urthez gaztetu nute, aditu solasek. Duela hogoi ta hamalau urtheren ingurua, hola-hola Frantzian mediku jakintsu batek eri batzuei erretzen ohi zuen sudur-barnea. Zainik etzuen ikusten bizkitartean harek, eta ez du nehork egundaino ikusi, ez baititake ikus elektrikargiarekin ere.
Oinhaze hanitz gabatzen zuen ara hortaz, bainan zonbait egunendako baizik ez. Berriz agertzen ziren gero, berdin samin. Sendatze labur horiek ere, emaztekiekin zituen ardurenik.
Noizetik noizera, bertzalde, asthmatika batzuei ederki bakantzen zerauzten aldigaizteak; bakar batzu alderat sendaturik gelditu ere zirela, diote.
Horiek ba, gehiagokorik ez haatik. Donostian, holetan, bertzela dabiltza gauzak eta gehiagokoak dira. Erran behar dut frantses medikuak haro guti erabili zuela aitzinetik, gutiegi segur. Oraiko mendeak haroa duke nahi.
Ene lau gizonak, guziz bi jin-berriak, ez dira espantutik athertzen:
—Aberastua da jadanik. Nork daki zonbat miliun badituen irabaziak? Jende beharrentzat urririk ari delarik bizkitartean, bainan jende beharrentzat bakarrik.
—Izena eman, eta hôtelean sartzea, hôtelean egoitea dukezue hoberenik. Jan-edanak eta oheak onak dira. Eta aldiaren beha egon, bakotxa zuen ganberetan! Hanbat gaixtoago, aldia ebatsiz medikuaren aitzinerat agertzen denarentzat: bertze zortzi egunez berandua zaio, hari operazionea.
Ikustekoak dira ene bi lapurtarrak: begiak handituak, ahoa xabal, bertze mundu batean dira oraikotz bizi.
Deus handirik ez balin bazuten, elhe onek jada sendatu-hurran dituzte. Zinez eri balin baziren, hala ez iduri gatik, sendatzeko esperantzak arintzen derauete gaitza. Joanen dira segur hôtelerat. Nolako astea ez dute han iraganen, zain eta odol osasunerako segurtamenak egunetik egunera jabalduak! Sudur-barnea delako orratzak erre ondoan ez badira ontzen arras, hobekitu bederen direla usteko dute. Bizitzen badira luzaz eta zahartzen, zonbat aldiz ez dute errepikatuko beren ondokoer, gosta bazen gosta mediku haundi batek zituela salbatu behin Donostian!
Eta medikuari berari zeren gatik ginuke aihertzeko? Zendako litzaizkioke lagunak bekaizti? Bizpahiru ilhabeteren buruko eroria izanen da, utzia bazterrerat, jendeak alda maitez labur baitu ezagutza. Anartean ahur-bethez aberats dadila beraz ahal badu, Donostiako sendalaria. Barkatua izanen zaio gogotik: dirua baino gehiago ez othe da, eta osagarria bera baino ere ez orobat, esperantzazko amets gozo, ederra?
Ene alki-lagun gaizoekin banagoke aitzina gogotik, emeki-emeki hek bezain haur bilakatuz; gibelerat heldu zaizkit ordean, aztalez-aztal, legartzarakoak. Aurpegia hits dute, elhea bakan: ez omen dute ikusi nehor, ez deus, legartzan. banuen beldurra.
Bigarren otomobilaren gidariak aithortzen dauku, bertzalde, berearen mekanikari hauteman daizkola, Donostiatik hurbiltzean, hats-bahidura batzu gogoetagarriak. Galtzen dut han berean ene barneko gozoa, egun guzian ukan dutan hoberena; xutitzen niz kezka saminetan. Bagoazi bi lagunak otoaren ganat. Ezagun du ba motorrak, nundik duen bere makurra, kasketarena ez badu; bainan ez dezokegu neholere xuxent, eta abiatzen gira berriz, nihoiz baino eztikiago aldi huntan, Jainkoaren menturalat.
Ehun bat metretan ibai zabal, naro, polit bat, izaitez baino izenez maitagarriago oraino: Urumea. bainan zeren gatik umea? Zoazi zu… Zubi eder batetik harat bagoazkio gainez-gain. Norat doaken ibaia begiak luzatzearekin ezker, huna bigarren aldikotz agertzen zaikula, bainan agertzen eremu handian, itsasoa.
Noizbait bederen gaitezin ase haren ederraz!
Galdua du ordean, zorigaitzez, bere edertasunik handiena. Iguzkiak egiten zion, eta, iguzkiak zerua argitu arau, zeruak. Itzali baitzen iguzkia, eta ilhunduxe baita zerua, ur pulunpakari, gordin, hotz, burrunbatsu izigarri bat baizik ez da orai gure itsasoa. Graziarik ez du. Uhinik etzaio goititzen; talastatzen da; indarrak berak ez othe zaizkion ttipitu? Ez diogu eskerrik, ez delakotz gai. Beharrik laster gordetzen dauku «Monte Ulia» deitzen duten lerdoin gothorrak; huni daude ordainez estekan gure begi, bihotzak. Gau on zure ohantzean, Donostia!
GAUAZ
Berehala huna nun giren, zazpiak, jateko-sala baten mahain ttipi batzuen inguruan ukondoz-ukondo jarriak, behar dugula afaldu. Bainan, geure baitarik, bi andanetan jarri gira, nahiz oro elgarrekin eta berdin adixkide: afari eder baten alde hiru, ezin alegerago hiruak, bertze lauak aldiz, hits, mintzoa bakan, bederea gathelu-esne aski dugula dute xorta batekin. […][…] Zonbait ehun metraren buruko, ezkerretarik, elektrikargiak usu, etxe-multzo bat, untzixka andana bat dena haga eta bela, eta gero itsasoaren espalda bat, leihorrari sartua; itsasoa bera, frango urrun ezagun, osoki eztitua orai eta baketiar. Doniane-Lohitzune! Gure loria! Plaza huts, dena bizitegi pollitez inguratu batean gira baratzen, eta jausten zoin-lehenka. Bederatziak eta erdia, elizako ezkilatik.
Horrela heldu gara amaierara. Zuk txango hau egin bazeneza, idatz kronika eta argitara! Aio!
Antoñana gurearen “odola oroi” irakurgaia
2020-06-09 // bAst // Iruzkinik ez
Antoñana gurearen odola oroi irakurgaia
Pablo Antoñana (Viana, 1927-2009) idazle nafarra aspaldiko ezaguna dugu. Idazle saiatua, miretsia, maitatua. Batez ere eleberriak idatzi zituen eta prentsarako artikuluak. Ia lan guztiak Pamiela etxean atera zituen eta hortxe atera da hemen aipagai dugun liburua ere, Odola oroi (Relato cruento), oraindik orain Luis Mari Larrañagak euskaratua eta etxe berean argitaratu dutena. Odola oroi honetan historia unitario bat erakusten da, mende erdiz bereizitako bi gerra zibiletako, 1874ko karlistaldiko eta 1936ko gerrako antzeko bi gertakari tartekatuz. Horrela leitzen dugu liburuaren atzeko azalean.
Liburuaren hasiera hauxe da:
I
Gainbehera baten oroitzapen ulergaitza (1960ko urtea)
Presaz idazten ari naiz aitaren idazmahaiko tiraderan eskura aurkitutako paper-orri sorta honetan. Sendabelar eta tabako xehe usainaren lurruna ateratzen da, izpi urrintsuekin nahasten baitzuen papertxo gomaztatuan bota eta erre aurretik. Ahotik heriotzaren gustu mikatza aienatzeko zela zioen, edo berak gerrako trintxera batean bizikide izan zituen hildako ustelena.
Bonbilla elektrikoaren argia jaso, paperak hartu, perlez josiak jada, eta luma bustirik bere letraren zirriborroz idazten zituen basetxeko negozioak. Zela-zaldi bat zuen erosia, edo umea egiten ongi osatutako hogei ardi salduak, edo motzaraziak, edo kontura ordaindua zen hesteki-saltzaileari eta mahastizainari. Ostegun arratsaldean Dionisio eskaleari ematen zion limosna ere idazten zuen. Gozakaitz eta nahasia, ezkaratzean botatzen zuen hark bere “Deo Gracias” agurtzekoa, etxekoandrearen galdea egiten zuen, “agurmenak andereari”, eta bazihoanean “Jainkoak ordainduko ahal dizu zeruan”. Jesusen Bihotzaren domina bat eramaten zuen, josita edo orratz ingelesez zintzilikatuta, eta esaten zuen umetan Moriones jenerala ezagutu zuela Iruñean sartzen. Aita Arrotxapean zeukan preso, eta enkargua eman zioten hari sakotontzi hornitu bat eta flasko bat anis bidaltzeko.
Etxea handia zen, goibela eta hezea, lur etze gainean eraikia, eta liburu zaharretan idatzitako sinesmenaren arabera, 1672an amaitu zituzten teilatua emateko lanak. Liburu horiek ez dira baina dagoeneko, arratoiek, armiarmek eta pipiek janda desagertu ziren, edo desjosirik aranak ontzeko erabiliko zituzten. Merezi zutenen artetik geratu zirenak saldu egin zituzten diru premia izan zenean, beraz, emandako datuak ez dira behar adinakoak. Orduan, nor ginen jakiteko, horrek gaixotzeko punturaino kezkatzen baikintuen, gu guztion oroimen hondatuari egin behar zitzaion galde; horregatik, oroitzapen itxuragabea izango genuen gidari bakar. (…)
II
Don Joan Arrizibitak odolez zikintzen ditu eskuak Jainkoaren ohorea salbatzearren (1834ko urtea)
Eta urte gutxi batzuk baino ez ziren igaroak.
Eguerdian, ohi ez moduan, zaldi eta uhaleria zarata iritsi zen etxe barnera. Don Juan Arrizibita, pietatezko liburu bat ari zen irakurtzen, zarataren zergatia argitzearren atera zen, ikusiz hurrena zaldizko militar bat bere soldadu-eskoltarekin zela bertan. Harrera egin, agurtu eta eskua eman zion Don Ildefonso Ez Dakit Zer-i, enpleguduna berau okupazio armadan. Ezin izan zioten gradua ikusi, eguzkiak histu gabea ezabatua baitzuen bideetako hautsak. Deiadarka ostatu eskatzen zuen beretzat eta bere jendearentzat, eta Gobernuaren izenean hartuko zuen. Paperak eta kredentziala bai, atera zituen, zirriborro errubrikaz sinatu zuen, bai, “beharrezko guztia” justifikazio gisa, baina hura ez zihoan handik, eta gainera “ohea eta lastaira aukeratzeko” asmotan zen. Alferra, aiduru, zortzi edo hamar soldaduko eskolta zekarren (datuak ez datoz bat) eta hauek, bere zaldiekin zeharo kezkaturik bost azpil, lastoa eta alea eta ura zeukan uharka bat aurkitu ondoren, esan zuten bakar-bakarrik jan eta lo egin nahi zutela. Tabako xehe eta kirasduna erretzen zuten, ardo errazioa peltrezko antoxinean edaten zuten, eta Jainkoaren Izen Santua ezpainetan egiten zuen birao. (…)
III
Abuztuko beste astelehen bat, baina 1936ko urtean
Don Joan Arrizibitak kristalez forratu zuen balkoitik, han babesten baitzen gerra galdu izanaren eta, horrenbestez, bizirik izatearen lotsa sentitzen zuela, bikarioa ikusten zen, hostotza artean galdutako zerbaiten bila ari zela olio-lanpara eskuan. Lausoki argiztatutako lorategia itzal labirintoa zen, eta horien artean bikarioak takoirik gabeko zapata bat aurkitu zuen, eta gorde, ondoren soka bat jaso zuen, eta txaketa baten mahuka, mukizapi bat eta ezpadinaren kirtena. Heldulekuko animalia-irudia (dogo-burua) bustita zegoen eta bikarioak haztatu, eta tira eta tira egin zuen, burdina ateraz, bururdi bateko ahuntz-ile nahaspilatutik bezala. Olio-kriseiluak itzala desegiten zuen, argi ustela aurpegi zikin baten gaineko isurkari bihurtuta. Odola eta lurra ahoko eta sudurreko lerde ziren. “Isasko da”, esan zion bikarioak atzean jarritako norbaiti. Argitarantz eraman zuen arrastan, halo erre batez, zarpail jantzitako gorputz bat. Edo panazko trajea basaki sastakatu zuten bizkarra alderik alde zeharkatzen zion ezpadin-xaflarekin. Edo jazarpenean zakur usnariek josturak desegin eta oihalak urratu zituzten, zakur-lerde arrastoek algak legez bustia baitzuten pana. Hau da, zakurrak ere izan ziren jazarpenean. (…)
Pablo Antoñana lanean bere idazmakinaren aitzinean.
Kronika txikia eta Juli andrea
Itzultzailea: Luis Mari Larrañaga
Liburu honi buruz Victor Moreno-k idatzia dakargu hona, erreferentzia ona baita:
Pablo Antoñana irakurtzea amets, fantasia eta irrealtasun beteko lurralde batean sartzea da. Kronika txikia lanean, familiaren gainbehera, jauntxo gailenak baitziren, halako burlaize eta poz neurtu batez deskribatzen zaigu. Ez dago sentimentalismoarentzako lekurik, bai ordea halako malenkonia goibel suerte baten zantzuak. Ukitu groteskoak badira ere nagusi –batez ere Gonzaloren, hil zenean Vignacourteko konde zen haren mamu-pertsonaiaren kasuan–, bada halako atsegin pertsonal bat ere, beste mamu-pertsonaia horrek, ezin bikainago deskribatutako Maria Josefa Marañon mirabeak, bere ugazaben heriotza aipatzen duenean. Erail dituztelako berria jasotzen duenean –gerra baita, gerra beti–, bihotzean bi sentimendu kontrajarri nahasten zaizkio: alde batetik berak, kearen usaina zer den baitaki, kearen usaina ezagutzen baitu –heriotzaren espektroa, bakardadea, amorrua, nazka eta etsipena ezagutzearen pareko baita–, ulertzen du soldaduek arpilatzea, are gure bizitzak mendeetan zehar menderatu dituztenak hiltzea ere; bestetik, etxean emandako urteak asko direla sentitzen du, urte asko leial, esaneko eta zintzo izanez, basakeria hori ez kondenatzeko. Bai, horregatik ere, kondenatzeko modu berezia!: «Zuek, arlote txorook –hiltzaileei buruz ari dela–, ez zenieten utzi erabat hondatuta erortzen, huts eta azpiak janik, eta martiri bihurtu zenituzten. Bakean laga bazenituzte zoritxarrean galduko ziren, horixe baita haien patuaren halabeharra. Alabaina, kaka zaharra martiri egin zenuten». Kalitate aparta duen literaturaren bitxi honek 1972ko Gipuzkoa Saria eskuratu zuen, eta 1984an hasiera eman zion Pamielaren narrazio bildumari.
Pablo Antoñanaren Lurraren mugarriak liburuak haren ipuin batzuk biltzen ditu, Jose Luis Padrón itzultzaileari esker.
Pablo Antoñana eta Elvira Sainz emaztea.
Ez-maite ditut ez-maite hainbat eleberrikote… baina Dickens is different!
2020-06-06 // Koldo Goitia // Iruzkinik ez
Gaur kalekume bixeradun bat etorri zaigu Lazzarettora. Koldo Goitia dugu. Konfinamendua Dickensekin pasa duen irakurle konformagaitza. Idatzi hau ekarri digu:
Ez-maite ditut ez-maite hainbat eleberrikote… baina Dickens is different!
by Kalekume Bixeraduna
Bleak house (Etxe enkoniatua) Jatorrizko edizioa (1853)
Garai erreseteatu hauetan, non Normalidade Berriak jango gaituen Saturnok bere semearekin egin zuen legez, sekulako erabakia hartu dut: Dickens-en nobelatzar bat irakurtzea. Maniaz beteriko lettorea nauzue (geldi irakurtzen duen horietakoa, gainera) eta aspaldidanik bi baldintza ezinbesteko ezarri ohi dizkiot liburu bati nere gustukoa izan dadin. Batetik, berehala liluratu behar nau, asko jota hamargarren orrirako guztiz maiteminduta -edo gutxienez apur bat txolinduta- utzi behar nau aurrean dudan idazkiak; bestetik, 300 orri edo gutxiago izan behar ditu lan horrek. Obrarik biribilena, unibertsalena edo mundialena izanda ere, adreilutrinko kategorian sartzen badut, akabo! 10/300. Eta kitto!
Idazlan batek ez banau limurtzen, ez banau nolabait maitemin zoroenaren amildegira jauziarazten, seduzioaren erreinura eraman beharrean sedazioaren paramuetara banarama, leitzeak dakarzkidan neke eta sufrikarioak ez du merezi (begiak erraz nekatzen zaizkit, gorritu, hazkagura, euliak eta lainoak azaltzen dira, txispazoak…) Bai, leitzea niretzat tortura hutsa zen haurtzaroan eta ez dut gehiago sufritu nahi trukean plazer handi bat ez badut jasotzen glaukomaren garai hauetan. Sadomaso ilustratua.
Sarritan tokatu zait beste irakurzale batzuekin solas egitea eta asko dira liburuei halamoduko pazientzia-epeak jartzen dizkietenak; solasaldi hauetako esaldi tipikoak dira “ehun orri leitu ditut eta oraindik ez diot punttua harrapatu“, “astebete daramat liburuarekin eta ezin dut aurrera egin” edota “pelikula samurragoa zen” (ahuntz batek beste bati bota zion zabor artean jan bila zebiltzala…)
Beraz eleberrikote dezimononiko bati heltzeko indar handiko zergatia behar dut eta orain bizi dugun distopia petrala, izurri edo izorraldi pandemikoa, primeran etorri zait irakurle bezala nuen betebehar tazitua betetzeko; azkenik erabaki dut maisulan klasiko, lodi, potolo-potoloa leitzea. Aspaldi erositako “Etxe enkoniatua” hortik zebilen, hautsaren pean, erruki eske. Charles Dickens zioen azalean, berme-ikur gisa edo, ditxosozko CE delakoaren ordez.
Katedradun pertsona ospetsu bati aukera eman zioten lehengoan, irratian, bere ustez heziketa ertainean (non geratu da gure batxilergoa?) ezinbestekoak diren irakurgaiak aitatzeko. Ohiko mantrarekin hasi zen: Iliada, On Kixote, Gerra eta Bakea, Bizitza amets…Klasikoak, irakurri beharrekoak, aparteko lanak! Ba nik diot: gora “Fahrenheit 451”, dedio!
Fahrenheit 451
Fahrenheit 451
Ray Bradbury 2010
Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademiaren Literatur Saria, Californiako Commonwealth Club-eko Urrezko Domina, Prometheus “Hall of Fame” Saria (1984), Retro Hugo Inoizko Eleberririk Onenen Saria (2004)
Liburu honetako protagonista, Guy Montag, suhiltzailea da. 451 zenbakidun kaskoa buruan, letoizko mangera-muturra ukabiletan, liburuak erretzea da bere lana, bere behar kuttuna. Izan ere, Montag bizi den herrialdean debekatuta dago irakurtzea. Irakurtzeak pentsatzea dakarrelako eta pentsatzeak zoriontasun eza. Eta zoriontsua izatea derrigorrezkoa da. Dena aldatuko da, ostera, familia antisozial bateko kide den Clarisse gaztea ezagutzen duenean. Harreman berriak inarrosirik, erreketa batean liburu bat ezkutatu eta irakurtzeari ekingo dio suhiltzaileak, bera ere antisozial bihurtuz. Macartismo garaian idatzia eta orduan sortu berria zen Playboy aldizkarian atalka argitaratua, XX. mendeko distopiarik ezagunetako bat da Fahrenheit 451, alienatzen doan gizartea esnatzeko aldarri sutsua.
«Estatu Batuetan gertatzen ari zenaz kezkatuta idatzi nuen liburu hau. Bere itzalari ere beldur zion jende askok orduan; liburuak erretzen hasiko zirenaren mehatxua zegoen. Liburu asko apaletatik erretiratzen hasiak ziren» (Ray Bradbury).
STOP sinple bat ere ez irakurtzeagatik hainbat hildako izaten diren gure herri maite honetan, lehentasun ezinbestekoa irakurzaletasuna piztea da, ez klasikoak hestegorritik irentsaraztea gure institutuzionalizatutako gaztetxo pantailamiazleei. Ikasleren batek interes berezia badu klasikoen leizean espeleologia praktikatzeko, lehenik eta behin azterketa psikiatriko sakona egin beharko liokete eta gaztaroaz benetan disfrutatzeko ikastaro trinkoa egin. Klasikoak 50 urte bete eta gero irakurri behar dira, beti ere konfinamendu derrigorrezko bat ezartzen badute osasun-agintariek (eta ez ahaztu erretzaileek 70eko hamarkadan hain gogoko zuten leloa: osasun-agintariak ere arriskutsuak izan daitezke zure osasunarentzat).
Goazen, beraz, “Etxe enkoniatuarekin” (Bleak House, jatorrizko edizioan). Idazlan bikaina dela ezin esan, egungo ikuspuntu hiper-exigentetik aztertuta; badakizue zer esaten zen Dickens-i buruz: haria, trama, kontakizunaren nondik norakoa ez zuela gehiegi zaintzen. Ez da alferrik mende t´erdi luzea igaro. Gaur egungo irakurle batentzat, -eta are gehiago ni bezalako nobela poliziako eta pulp kategoriako liburuki histrioniko bezain zalapartatsuak leitzeko joera duen thrillerjalearentzat– istorio dickens kutsukoek ez dute liseriketa erraza. Bikarbonato potea eskura eduki behar da.
Aldiz, pertsonaien erretratu biribilak maite badituzue, anbientazio literario peto-petoak, elkarrizketa biziak, pasarte umoretsuak, ironia -eta zenbaitetan sarkasmoarekin topo egiteak ez badizue eguna sumintzen-, bete-betean asmatuko duzue liburu honekin. Eta hobe dut Dickens berari berba egiten utzi. Pertsonaia-galeria ia amaitezina ezagutzeko aukera ematen digu egileak eta fauna anitz horretan ez dira falta aristokratak. Hona Sir Leicester Dedlock baronetak, zer dioen garaiko industrial bati buruz: “Bada jendea (metalurgikoak, iturkinak eta bestelakoak) katezismoa ahaztu duena eta gizartean dagokion postutik ateratzen dena (eta postu hori, Sir Leicesterren logika bizkorraren arabera, beti izan behar da, nahitanahiez, jaiotegunean hartutako postua) eta hortik aurrera beste jende bat hezitzen hasten dira, horiek ere euren postuetatik atera daitezen, erreferentzia puntuen suntsipena eraginez, konporta eta ataska guztiak irekiz”. Dickens da, adi! Eta ez Karl Marx. Elkarrengandik oso urrun ez ziren biak ibiliko Londoneko laino artean…
Charles Dickens (1812-1870)
Liburuaren hasiera, esan bezala, ezin da nolanahikoa izan (barkatu hain astuna izatea) eta Dickens-ek hori bazekienez, hemen dituzue lehen lerro horiek: “Duela hilabete batzuk, jendaurreko ekitaldi batean, Kantzileriako epaile batek komunikatu zidan atsegin handiz, dementziak jota omen zeuden 150 gizon eta emakume susmagarriz osatutako talde bateko kidea nintzenez, Kantzileriako Epaitegiak jendearen aurreiritzi ugari sufritzen bazituen ere (eta une hartan irudipena izan nuen ez ote zidan epaileak zeharka begiratu) erakunde hura kasik guztiz garbia zela“. Eta Epaitegi Goren horren garbitasun kasik guztizkoak dakartzan bihurgune semantikoak, tolesdura semiotikoak eta ondorio narratibo kalapitatsuak dira “Etxe enkoinatuaren” bizkarrezur eskoliosidun eta sostengu-habe nagusiak. Eta lettore balddar batek nolabaiteko zalantza izpirik badu meningeetan trabatua, honatx Charles Handiak gehitzen duena: “Egun, epaitegi horretan, duela ia hogei urte abian jarritako auzia bada; jakitera eman da bertan hogeitahamarretik berrogeira abokatuk parte hartu dutela aldi berean, 70.000 libera xahutu dituztela, berez adiskidetasunez garbitu beharreko auzia zela, eta gaur da eguna hasi zen egunean bezain urrun dagoena bere amaieratik”. Jarndyce Auzia da, berau. Eta inortxok espero ez dituen tripajateak, buruhausteak eta isilpean sufritu beharreko oinazeak eragingo ditu.
Dedlock familia distingitua, Jarndnyce sendi sufritua, Jo gizagaixoa, Bucket detektibea (Sherlock Holmes-en aintzindaria?), Esther, Ada eta Rick hirukote protagonista, Tutorea (Etxe Enkoinatuko nagusia), Milady Dedlock eta bere sekretua, George soldadu ohia eta bere anaia metalurgikoa, Tulkinghorn, Kenge eta Vholes abokatu zuhurrak… Den-denek (eta tintapotean asko geratu dira) korapilo askaezin erraldoi batean entranpatuak bukatuko dute, eta Dickensek eraiki duen arkitektura monumentalak, azken orrietan, nolabaiteko likidazio edo suntsipen estranbotiko samarra badu ere -sokamutur gehiegitxo gelditzen zitzaizkion ile-punta errebeldeak bailiran- azkenean luma-kolpez eginiko esgrima ariketa ez hain aldrebesa eskaintzen digu milagarren orritik harantz doala ohartzean. Tramaren tranpa, badakizue; jende gehiegi egurtu nahi izateak hori du.
Amaitzeko Dickens-ek hitzaurrean utzi zizkigun hitzak: “Etxe enkoniatuan” apropos hartu dut astia ohiko kontu arrunten alde erromantikoa aztertzeko. Uste dut liburu honekin inoiz baino irakurle gehiago erakarri dudala. Elkarrekin topo egin ahal dezagula berriro!”.
Illustration by Hablot Knight Browne for Charles Dickens’s Bleak House. Here Lady Dedlock is visited by her cunning old lawyer, who discovers her deepest secret and threatens to reveal it to her husband. © Photos.com/Thinkstock
Eskerrik asko, bixeradun kalekumeari. Galtzez galdua dagoen etxean ez da gatzik falta. Irakurleak goza dezala!
Anthologie baskischer literatur
2020-06-03 // bAst // Iruzkinik ez
Anthologie baskischer literatur
Euskal poesiaren antologia bat argitaratu da alemanez. Austrian, oker ez banago. Antologia guztietan bezala, olerkari batzuk hautatu dira eta olerkari horien olerki batzuk. Beti hala izan ohi da antologietan. Anthologie basquischer literatur –Die Stimmen der Amsel du izenburu (Euskal literaturaren antologia- Zozoaren ahotsak) eta Mikel Babiano López de Sabando itzultzaile poliglotaren ardurapean egin da. Liburua elebiduna da, olerki guztiak euskaraz eta alemanez agertzen dira, eta argazkiak ere badakartza argitalpen honek, irakurketa osatzen eta alaitzen dutenak. Babianoren hitzaurrea dakar. Eta Gerard Kurdoglu Nitsche editorearen sar-hitza. Benetan eskertzekoak dira honelako bildumak. Hemengo literatura kanpoan ezagutarazteko, eta azken batean, hemen bakarrik ez existitzeko. Laster euskal liburutegien sarean egongo da mailegatu ahal izateko, eta ale batzuk salgai jartzekoak dira liburudendetan. Alemana hitz egiten den herrialdeetan merkatua duen euskal enpresaren bati ez al zaio interesatuko liburu honen edizio bat egitea, bezeroen artean banatzeko? Lana egina dauka. Denontzat mesede litzateke. Hemengo idazleek merezi dute zabalkundea atzerrian. Eta etxean, jakina. Die Stimmen der Amsel. Txoria txori, Artzerena, Der vogel bleibt vogel da orain. Hegan egin beza.
Berriz Irigoien
2020-05-30 // bAst // Iruzkin bat
Berriz Irigoien
Juan Goytisolo idazlea kalean zihoan batean irakurle bat hurreratu zitzaion eta esan zion azken liburua asko gustatu zitzaiola. Goytisolok galdetu zion ea zenbat aldiz irakurria zuen liburua. Irakurleak erantzun zion behin irakurria zuela. Orduan Goytisolok: “Bietako bat, edo zu irakurle txarra zara edo ni oso idazle txarra”. Berrirakurketaren aldekoa zen. Berak urtero gustuko pare bat autore hartzen zituen eta obra osoa berrirakurtzen zien.
Irigoien berrirakurtzen hasteko ordua dut. Batetik, Joan Mari Irigoienen Lur bat haratago eleberria, eta bertzetik, Imanol Irigoienen Argiaren barne-distantziak olerki liburua.
Argiaren barne distantziak
Imanol Irigoien Aranberri
“Lizardi” lirika-saria
Argiaren barne distantziak. Laburpena (liburuaren kontrazala)
“Nahiago dut ilunpea argiaren infernuetan galduta ibiltzea baino” idatzi zuen behin Maria Zambranok eta hitz horiexek jarri ditu Imanol Irigoienek bere saio poetikoaren atarian. Irigoienek, pintore ere baden aldetik, badaki gizonaren destinoa dela ilunpetan bizitzea, baina gizonagotzen gaituena argiaren bila saiatzea dela. Gizonagotzen gaituena da etsipenik gabe sinestea ikusten dugun argia dela gure benetako infernu, eta adimenezkoak bakarrik, begiek harrapa ezin dezaketen horrek bihurtzen duela “argiaren itzala, itzal argi”. Argi hori atrapa nahiaren fruitu da Eusko Jaurlaritzaren 1988ko “Lizardi Saria” irabazi zuen poema liburu hau, eta, Camille Corot-i parafreaseatuz, poemario honetan “badira poemak, zeinetan ezer ez egon arren, oro dagoen”. Jakina da gauzen esentziak ihesi doazela beti, “Herioaren itzal more luzeagoan izkutu arteraino”, honela argiari buruzko erreflexioa bizitzaren azken sentiduari buruzkoa ere bihurtze zaigularik. Irigoienen poema batek abisatzen digun bezala, “zenbaitetan, ametsak, heriotzaren tramoiak izan ohi dira”.
Argia aldizkarian 1989an Imanol Irigoieni egindako elkarrizketatik pasarte batzuk hartu ditugu:
“Nigan, pintura eta literatura uztarturik baino gehiago, uste dut bat direla; bi espresamolde desberdin, bata kolore eta plastikaren bitartez datorrena, eta hitzak eta beren arteko loturetatik datozen imajinez bestea. Pinturagatik arduratuago nagoen neurrian, konposizioa, koloreak eta argi eta itzalen arteko dialektika eta halakoek kezkatzen naute. Orduan konturatu nintzen plastikaren bitartez adierazi daitezkeen horiek ere hitzen bitartez, espresamolde desberdinez ere adieraz nitzakeela”.
“Nik uste dut bastante zentratzen naizela kolore zurian; ilunak eta zuriak, argiak eta itzalak. Zuria ere, finean, kolore guztien bilduma bait da”.
“Poesian ere ez zait interesatzen erretorika, eta piska bat jo dut esentziara, ahalik eta hitz gutxienekin adieraztera, poesia esentzialera edo. Joera eliminaziokoa izan dut, eta Juan Mari ere esaten nion: ‘ahal dugun gehiena kendu behar dugu; jartzea, jartzea erraza duk’. Aholku onak izan dira neretzat bereak”.
ORBELAK EREIN HAZIAK
“..que el ciervo vulnerado por el otero asoma…” san juan de la cruz
Udaberriko bide zidorrek
eguratsaraino daramate
ihintzarekin zabalduriko argia.
Eguerdiko euri goibelaren
logura hezea arnastuko du
lurrak, lur bareak, astiro.
Lanbroak hartz zuriaren kexak
bilduko ditu eta
oihanetako makal geziek
oreinkumeen nigarrak zulatuko.
Baina basazaina nekez beterik
eror dadinerako,
orbelak erein haziak
lur barearen ildoetan
lehertuko dira emankor.
EURIPEAN
Eurizko urmahela
euripean,
harro dabiltza
zisneak,
tente dabiltza
kometa txuriei
begira.
Nenufarezko
skietan,
distiratsu.
HEGAPEAN
Itzal bat hire hegapean:
Pentsamenduren batek
habia eginen din
hire burmuineko
ardaska beltzetan.
PIKONDOA
“Bertakoa, lekuan lekukoa da benetan
unibertsala, basatiek, artistek eta
laborariek dakitenez”
william carlos williams
Ene baratzeko pikuak
lau itzal bete ditu:
goizean, itzal urre,
itzal gorri, arratsaldez,
ilunabarrean, makal morearen
itzal luze,
eta gauean, itsasoaren itzal,
untzi hondoratuen itzal hila,
itzalaren itzal geldo.
Astiro irakurtzeko liburua dugu “Argiaren barne-distantziak” olerki-lan hau. Aldiko bizpahiru olerki irakurtzea aski dut, neuk bederen. Olerki batzuk ez zaizkit errazak egiten, baina berriro ere irakurriko ditut. Goytisolori kasu egingo diot. Nire gomendio apala: Hirugarren ataletik aurrera irakurtzen hasi, neuri samurragoa egin zait horrela.
Eta orain, orai, bertze liburutik, Lur bat haratago baita, pasarte batzuk. Joan Mari iriogoien zuekin.
Aitzin-solas gisa (Jaun Andre Larralderi)
(…) Bertze egun batean aitzinatu nizun bezala, neure bizitzaren gaineko liburua egiten ari nintzaizun –neure joan-etorriena eta bertze hainbat gorabeherarena-, eta, honako honetan, berriz, argi eta garbi afirma diezazuket ezen akabatu dudala trabailua eta bete dudala, halatan, neure xedea : aspaldi nerabilen asmo hori buruan, Axular handiaren antzera « gerotik gerora » utzia, batean honegatik, bertzean hargatik, estakuruz estakuru eta desenkusaz desenkusa : hondar bi urteotan, alabaina, ohikundeak eta usantzak alde baterat utzi, egiteko gibela-ezinari zimendutik eta erroetarik lotu eta, borondateari behingoz leku egiten niola, gogor bezain gotor ekin nion lanari, sukar meneraezin batek hartua bezala, Plinio Zaharraren erranari nerraiola: Nulla dies sine linea, jaun Burugogor eta andere Pazientzia lankide. Eta, horrela, egun batek hurrengorat ninderamala, eta hitz batek bertzerat, halaxe bildu ahal izan dut, hitzez hitz, neure trabailuaren ondoko uzta, zeina baita eskuan daukazuna: ene bizitzaren fruitu hitzek ondua… edo, hobeki, hitzek galdua, zeren, dakizun bezala, zenbat begi, hainbat ikuspegi, eta zeren Erromak behiala deliberatu baitzuen ezen disidenteok eta herese ustezkook aldarrikatu edo skribaturikako hitzei, mihitik edo lumatik sortu bezain fite, hatsa eta kiratsa zeriela, ustelkeriaren ustelkeriaz. Baina ez zaitez kezka, ez antsia eta ez asalda horregatik, zeren mundu honetan ez baitago gaitzik kontsolagarririk ez duenik, eta gureak ere badu: aski duzu, horretarakotz, ene hitzen fruitua mizpiren idurikotzat hartzea, zenbatenaz ustelago, hainbatenaz apetitosago eta zaporetsuago.
(…)
Honainokoan ederki ohartuko zinen bezala, Axularren skribatzeko moldeen eta stiloaren oihartzunak nabarituko dituzu enean, eta horrek ez zaitu gehiegi harrituko, beharbada, zeren, nahiz eta aitzinetik ere aditua nuen, geure prezeptore jaun Marcel izan zenaren eskutik, erretore saratarraren fama on famatua, zuhaurk egin baininduzun, bertzalde, haren miresle, Salamancako Unibertsitatean irakasle izan zintudanean, ongi dakizun bezala. Baina Axularren prosaren ederra eta haren erretorika miresten zenituen zuk artean, ez hainbertze haren dotrina, eta nihaur ere –zer bertzerik iguriki zenezakeen, bada, eneganik?-, halatsu naukazu, hark adierazi zituenetarik gero eta apartatuago eta urrunago, halako moldez, non gezurra erranen bainizuke, baldin aitortuko ez banizu ezen Gero-ren aldikako berrirakurraldiek, liburuaren mezuaz eta sgifikantzaz denaz bezainbatean, irri maltzur eta maliziosik eragin izan didatela, zeren eta, bertzenaz, betiko dotorezia eta elegantzia edireiten baitiot, neuretzat anitzetan amestu izan dudan prosaren etsenplu eta jarraibide.
(…)
Libertatea ez omen den lurra da,
eta, halatan, deus ere ez da ausaz,
zeren beti baita lur bat haratago.
-Oker zaude, aita Bartolome, zeren eta ez mundu zaharra ez mundu berria baitira mundu zabala: izarrak dira mundu zabala, eta eguzkia eta ilargia dira; eta teleskopiotik kasik gauero izarrei beha egoiten naiz, eta izarrak ez dira, ez, gaztelaniaz mintzo, zuk bertzerik erran badezakezu ere… Zeren bada gaztelania eta latina ere baino hizkuntza ederragorik, eta hori geometria da. Eta aitortzen dizut ezen euskara gaztelania baino tipiagoa eta apalagoa izan daitekeela, baina ikusi al duzu sekula loreren bat lupa batekin? Ez? Bada, zatoz egunen batean enekin alorren baterat, eta ikusiko duzu nola lorerik tipiena ere, bere tipian, handia izan daitekeen, zeren geometria akasgabe batek strukturatua den. Eta, hala, infinituki tipia dena ere infinituki handi izan daiteke… baina, geometriatik gramatikarat gatozela, ezagutzen ote duzu euskal berboaren struktura… eta sinetsiko ote didazu ezen struktura horrek pentsarazten didala ezen euskara zinez izan zitekeela Paradisuko lengoia? (…)
Eta, Mignonekin bizi izan nuen lehen esperientziaren ondotik, zalantzak berriro bururat etorri bazitzaizkidan ere, zeren eta pentsatzen bainuen batzuetan ezen deabruak baizik ezin zitzakeela biderat ene urrats gaixto haiek, eraman nindutenak, alde batetik, engainamendu hartarat, zeinaz baliatu baitzen Mignon ni galtzoinik gabe eta poltsarik gabe uzteko, eta, bertzetik, estatu nigargarri hartarat, zeren ziria sar bainiezaiokeen honi, horri eta mundu guztiari, baina ez neure buruari, eta zeren, kontu hartaz denaz bezainbatean, ezin gaitzago eta ezin irrigarriago geratu bainintzen, neure kontzientziaren aitzinean bai bederen; halarik ere, bada, zalantza haiei bertze deliberamendu hura zerraien, bulkatzen ninduena, neure erroen erroetarik eta erraien erraietatik, iraganarekin hausterat… bai amari eta bai aita Bartolomeri ere mendekua hartzerat berriro, eta nehoiz baino gogarago gainera, zeren ene lehen ahaleginean, haien aurkako mendekua ene aurka bihurtu baitzen, baina bigarrenean ez, benturaz…
Eta itzuli ginen Amsterdametik Baionarat… eta, handik hilabeterat, Holanda eta Frantziaren arteko gerla piztu aitzin, Alemaniarantz abiatu ginen –barkatuko ahal didazu, jaun André, baldin, bertze anitzetan bezala, aipatu baizik egiten ez badizkizut hango hiriak, batetik, zeren, bertzenaz, gogaikarri bihurtu arteino luzatuko bainintzateke, eta bertzetik, zeren, liburu osoan bezala, neure burua eta neure kontzientziaren joan-etorriak nahi bainituzke kontakizunaren ardatz-, Hanburgo porturat lehenik eta Lübeckekorat gero, non ahantzirik hilabete batzuk lehenago Amsterdamen egin nuen promesa, Ama Birjinari eta saindu guztiei xuxendua –zertarat behartzen ninduen, izan ere, promesa hark, baldin ez Ama Birjinari ez sainduei ez erretauletako imajinei debozione partikularrik ez banien, eta baldin promes hura egin banien, bertzalde, ez konbentzimenduak konbentziturik, baina beharrak beharturik?-, pentsa dezakezun bidetik bideratu bainituen neure poltsako sosak eta gainezka nituen indarrak, bako eta Venus gidari nituela berriro ere, kurkaz kurka eta haragiz haragi. (…)
On egin!
Berria 2020