Hasiera »
Iñaki Bastarrikaren bloga - Lazzaretto vecchio
Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Haizearen parabolak by Francis Linden
2020-05-27 // bAst // Iruzkinik ez
Haizearen parabolak by Francis Linden
Kontakizun laburrez osaturiko liburu ederra dugu honako hau, Haizearen parabolak izenekoa. Patxi Ezkiaga (1943-2018) idazle oparoa Francis Linden Blossom izenarekin bataiatu dugu, gure artean eta nazioartean oihartzun handiagoa izango duelakoan.
Hona hemen liburuko hiru kontakizun, dastagai:
Haurraren sabela
(Mahäbharäta-n inspiratua)
Iritsi zen munduaren amaiera eta lurra, berriz ere, zingira gris hotza bihurturikzegoen. Suntsipen beldurgarri hartan agure bat besterik ez zen gelditu bizirik, inork ere jakin gabe zergatik. Armaggedon zuen izena. Han zebilen, ur arreen ertzean, ahiturik, inon babesik aurkitu gabe, zer egin ez zekiela. Ibili, etengabe ibiltzen zen, eztarri larrimindua etsipen oihuan itota.
Bat-batean, barruko indar misteriotsu batek bultzatuta, atzera begiratu zuen eta olibondo bat ikusi zuen zingiraren ertzetan. Alboan haur zoragarri bat zegoen, agureari deika ari zitzaiona.
-Atseden bila zabiltza- esan zion-. Zatoz, sar zaitez nigana.
Hitz haiek harrituta utzi zuten, eta bizitza ordura arte baino are mezpretzugarriagoa iruditu zitzaion agureari. Gero, haurrak ahoa ireki zuen eta, enbata ikaragarri baten zurrunbiloa bailitzan, haurraren eztarritik zetorren haize gogor batek irentsie gin zuen agurea barru aldera. Sabelean gelditu zen. Ingurura begiratu zuenean, ibaiak ikusi zituen, zuhaitzak, eta buruan urez betetako txarroak zeramatzatzen emakume ederrak. Altxatu zen agurea eta hiri bateko merkatu eguna ikusi zuen, jendea alde batetik bestera zebilela, salpostu koloretsuetan barrena, udako zeru urdinaren pean. Lur osoa ikusi zuen haurarren sabelean, ederra, abegitsua; itsaso zabala, zeru amaigabea.
Armaggedon bidean jarri zen, hura guztia bisitatu asmoz baina, ehun urtez ibili ondoren, ezin izan zuen iritsi gorputz haren amaierara. Orduan, berriro hasi zen agureak ia ahaztuta zeukan enbataren zurrunbiloa, eta haizeteak haurraren eztarritik kanpora bota zuen. Atzera begiratu zuen. Haurra ikusi zuen. Olibondoaren ondoan eserita zegoen. Haurrak irribarretsu begiratu zion, ahots misteriotsu batez galdetzen ziola:
-Aurkitu al duzu atsedenik?
Margolariak
Udazkeneko egun hura nostalgiara bultzatzen duten horietakoa zen. Lehoiak eta gizonak ezkiaga eder baten amaieran egin zuten topo, kale bazterrean. Haizeak dantzan zerabilzkien hosto urrekarei begira, nor bere abileziak goraipatzen hasi ziren, zein baino zein harroago biak.
-Ez zagok nire indarra duen gizonik- esan zion lehoiak gizonari, orro beldurgarri bat egitearekin batera. Gizona isilik gelditu zen.
Gutxira, artedenda baten aurrean pausatu ziren. Erakusleihoko koadroan gizon batek bere esku hutsen indarrez itotzen zuen lehoia.
Gizona barrez hasi zen, piztiari koadroa seinalatzen ziola.
-Um!-hasperen egin zuen lehoiak goibeltasun ukitu batez-, lehoi margolaririk balego…
Askatasuna
Egun batez esan zien jabeak esklabuei:
-Libre zarete.
-Nola?-erantzun zioten esklabuek, haserre-. Nor zara zu hori erabakitzeko? Iniziatibak gurea behar du izan; bestela, ez du balio.
-Ongi da-esan zien jabeak-, zeuek erabaki ezazue!
-Zer? –ihardetsi zioten esklabuek-. Nor zara zu guri aginduak emateko? Orduan, libre izateak, zer esan nahi du?
Eztabaida gaiztotzen hasi zen, guztiz pozoindu zen arte. Gero gerra luze bat etorri zen, bukatu gabe dagoena. Oraintxe borrokatzen dutenek, ordea, ahanztuta dauzkate gerrari hasiera eman zioten arrazoiak.
Libre zarete liburua irakurri ala ez erabakitzeko. Lehoi margolaririk balego… Aio, ta hurren arte!
Hiru liburu ttipi mamitsu
2020-05-23 // bAst // Iruzkinik ez
Hiru liburu ttipi mamitsu
Saiakera arloko hiru liburu hautatu ditugu oraingoan. Ehun orrialde doi dituzte, baina horietan bada aski mami gogoeta egiteko eta ikasteko. Gai desberdinak lantzen dituzte.
Sorginak, emaginak eta erizainak (Barbara Ehrenreich & Deirdre English)
Katakrak, 2019
Bizidunak haurren eta helduen heziketan (Txomin Peillen)
Gero-Ortzadar, 1995
“Fake News”-ak ez dira atzo goizekoak (Fito Rodriguez)
Utriusque Vasconiae, 2019
*Sendo berresten dugu gure testuaren lehen argitaraldian esan genuena: gizonezko medikuek askoz arrisku handiagoa eta eraginkortasun txikiagoa daukatela emakumezko sendalari ez-profesionalek baino. Sortzaile zientifikoa ere bazen Francis baconek (1561-1626) zera pentsatzen zuen: “sasimedikuak eta atsoak […] sendatzen eraginkorragoak [dira] mediku ikasiak baino. Thomas Hobbes (1588-1679) filosofo kontserbadoreak, berriz, zera zioen: “nahiago gaixo askoren ohe ondoan egon den atso esperientziadun baten aholkua jaso edo sendabelarrak hartu, mediku guztiz ikasi baina esperientziarik gabeko batenak baino”.
(bigarren argitaraldiko sarrera: liburu honen aurrekariak)
*Sorginak medikuntza-teknologia modernoa garatu baino askoz lehenago bizi izan ziren eta erre zituzten. Sorgin haietako gehienak baserritarrei laguntzen zieten sendalari ez-profesionalak baino ez ziren, eta haien aurkako zapalkuntza emakumeak medikuntzatik kanporatzeko gizonek historian zehar bultzatu duten borrokako lehen etapetako bat izan zen.
(sorginkeria eta medikuntza erdi aroan)
Bizidunak haurren eta helduen heziketan
Aintzina jendeek nondik nora zihoazen eta ingurumenarekin zer harreman zeukaten ulertzeko sinbolo bidezko kosmogoniak asmatu zituzten, eta gure jakintzara iritxi baino lehen, beren gisako erantzunak aurkitu zituzten, gure mintzairak aberastu zituztenak.
Haurrak berdin poliki bere gorputza, besteena, beste bizidunena ikusiko ditu eta gero bareki ingurumenean kokatuko da. Izan bedi beste bizidunen kaltetan ez dezan egin eta hori gazterik erakutsi behar zaio. Hemen ordea ez dizuet dogmarik, ez ikasbide gogorrik eskainiko, ez egiarik ere, ez baitut uste sekulan egia osora iritxiko garenik gure gorputzaren, gure burmuinaren egiturak ez direlako mugarik gabekoak. (…)
Haurrak, umeak begiak ireki bezain laster, ingurumenari begiratzen hasten dira, oharketa hori geroan jakinminaren iturria izango da. Azken biologia azterketek erakutsi moduan jokaera ta joera horietan, ninitik mutila ta neska bereizten dira, lehenak, mutikoak, maiz, ingurumeneko ikusgarriz laster aldatzen direlako, ezin egonak direlako eta neskek berriz beren begiak oharketan errazago finkatzenago dakitelako. (…)
(aurkezpena)
Bizidunak haurren eta helduen heziketan
“Fake News”-ak ez dira atzo goizekoak
Gezurra da fikzioaren funtsezko mekanismoa, narrazioen ardatza eta finean, komunitatearen oinarria. Egia bezain beste, behintzat. Horixe izaten da gizateriaren patu dramatikoa. Mesfidantza edo eszeptizismoa dugu, beraz, bizi-irauteko ikasi beharreko lehenengo ikasgaia, gezurrarekin batera bizitzen jakin behar baita.
Ez da, bada, nahikotasunaren arazo bat gizarteen berezko osagaia baizik. Gezurra dago erkidegoaren hasieran eta bere bilakaeran. Gezurra dela bide garatzen da gizartea, hori da egunerokotasuna eta oroimena, zeren aipatzen dena, estaltzen dena edo, zuzenean, oker adierazten dena, oroitzapenean geratzen da iltzaturik betiko.
(gezurraren kondaira)
Ttipia ez baita eskasa, dasta, goza, eros eta izan huros!
Gerra garaiko ametsak
2020-05-20 // bAst // Iruzkinik ez
Gerra garaiko ametsak
Poztu nintzen liburu hau liburu-dendan ikusi nuenean. Ngugi Wa Thiong’o idazle handia euskaraz. Gerra garaiko ametsak. Azala erakargarria, koloretsua. Liburua eskuan hartu eta kontrazala irakurtzera: “Aita bat, lau emazte eta hogeita lau senideko familia kikuyu batean jaio zen Ngugi wa Thiong’o, Limurun (Kenya), 1938an. Haurtzaro xume bezain zoriontsua darama mutikoak, britainiarren koloniaren mendean bizi denik ia ohartu gabe. Pixkanaka, ordea, aldaketa ugari hasiko dira gertatzen bere inguruan, eta, adinean aurrera egin ahala, are handiagoa izango da horien eragina bere bizitzan, urruneko itzal gisa ikusten zuen inperioaren bortizkeria eta haren kontrako altxamenduen ondorioak etxe-zokoraino sartuko baitzaizkie laster. Haurtzaroko oroitzapenen bilduma honetan ez dira falta jaioterriko paisaiaren eta jendearen gaineko deskribapen zehatz eta koloretsuak, ez eta tradizio eta kultura kikuyuenak ere. Haur zeneko begirada berreskuratu du egileak bere istorioaz eta testuinguru sozio-politikoaz idazterakoan: jakin-minezko begirada, irreala eta erreala biak bat egiten dituena, magiaren boterean sinesteari utzi ez dion haurrarena; ezeren gainetik, amets egiteari inoiz uzten ez dion mutiko baten begirada.
Olatz Prat itzultzailearen hitzaurretik puska bat hartu dugu: Kamitiko Segurtasun Goreneko Espetxean pasa zuen urtebeteak hizkuntzari buruzko hausnarketa sakonera eraman zuen Thiong’o. Atera zuen ondorio nagusia zera izan zen: hizkuntzak kontrolerako tresnak direla. Hizkuntza batek ez duela ezer berezkorik beste bat baino hizkuntzagoa egiten duena, eta botere kontua baino ez dela, honenbestez.Hala, espetxeanegin zezakeengauzarik onena, espetxera eraman zuen hura bera egitea zela erdietsi zuen: gikuyuz idaztea alegia. Bertan zela ondu zuen Caitaani mutharaba-Ini eleberria –Devil on the cross ingelesezko bertsioan-, gikuyuz idatzitako lehen eleberri modernoa. Hori gutxi ez, eta, idatzi, Estatuak ematen zion paper bakarrean idatzi zuen: komuneko paperean.
Barne hegalean dator egilearen berri: Ngugi wa Thiong’o idazle afrikar entzutetsuenetako bat da. 1938an Kenya kolonialean jaioa, txiki-txikitatik nabarmendu zen hitzaren erabileran. Mutiiri, kikuyuz idatzitako lehen egunkariaren sortzailea, Kaliforniako Unibertsitateko (Irvine) Ingeles Filologia eta Literatura Konparatuko irakaslea da egun. 1964an, Weep not, child (Negarrik ez, haurra) eleberria idatzi zuenetik, asko dira egileak argitaratu dituen eleberriak, bai eta antzerki-obra, saiakera eta haurrentzako ipuinak ere. James Ngugi gisa sinatu zituen lehen lanak, harik eta, 1969an, jatorrizko izen afrikarra berreskuratu zuen arte.
Handik urte batzuetara, hilabeterik krudelena apirila zela zioen T.S. Elioten poema irakurtzean, 1954ko apirileko egun batean Limuru izeneko inguru hotz hartan gertatu zitzaidanaz oroitu nintzen, beste Eliot batek, Sir Charles Eliotek –garai hartako kenya kolonialeko gobernadoreak- 1902an europar kolonoentzat erreserbatu eta White Highlands izendatu zuen lurraldeko txokorik preziatuenean. Gertatutako guztia kolpetik etorri zitzaidan gogora, xehetasun osoz.
1938an jaio nintzen, beste gerra baten itzalpean, Bigarren Mundu Gerra; Thiong’o wa Nducu nuen aita, Wanjiku wa Ngugi ama. Ez dakit nire aitak zituen lau emazteekin izandako hogeita lau seme-alabetatik zenbatgarrena nintzen, baina nire amaren etxeko bosgarrena nintzen. Nire aurretik zetozen Gathoni, nire arreba zaharrena; Wallace Mwangi, anaia zaharrena; eta Njoki eta Gaciru arrebak, ordena horretan, eta Njinju nire anaia gazteena, gure amaren seigarren eta azken oinordekoa.
Gure etxeaz non lehen oroitzapena atari zabal batena zen, eta zirkulu-erdi bat osatzen zuten bost txabola zeudela han. Horietako bat nire aitarena zen, non ahuntzek ere lo egiten zuten gauetan. Txabola nagusia zen hura, baina ez tamainagatik, beste lauretatik aparte –eta denetatik distantzia berera- zegoelako baizik. Thingira deitzen zitzaion hari. Nire aitaren emazteek –edo gure amek, hala deitzen baikenien guk- txandaka eramaten zuten janaria aitaren etxolara.
Emakumeen txabolak zeregin bakoitzerako eremutan banatuta zeuden: hiru harriz mugatutako tximinia bat erdian; lo egiteko eremuak haren bueltan eta despentsa moduko bat; ahuntzentzako gela zabal bat, eta, gehienetan, ospakizun berezietarako hilko ziren ardi edo ahuntzak gizentzeko saroi txiki bat. Etxalde bakoitzak aletegi bat zuen, pilote gainean egindako txabola txiki biribil bat, elkarri lotutako adaxka finezko hormak zituena. Aletegiak erakusten zuen oparotasunaren eta eskasiaren neurria. Uzta eder baten ostean, arto, patata, babarrun eta ilarrez betea egon zitekeen. (…)
Arratsalde batean, amak galdetu zidan: “Nahi zenuke eskolara joan?”. 1947a zen. Ez dut gogoan eguna edo hilabetea. Oroitzen dudana da hitzik gabe gelditu nintzela hasieran. Baina galdera eta une hura betiko iltzatuta gelditu zitzaizkidan gogoan.
Kabae desmobilizatua izan aurretik ere, hura baino anaia gazteagoak, Wallace Mwangi nire anaia zaharrena barne, eskolara hasi ziren; gehienek, halere, urtebete edo bi urteren ostean utzi zuten, garestiegia izaki. Neskei, oso azkarrak izanik ere, are okerrago joan zitzaien, eta urte-bete egiterako utzi zuten eskola; etxean erakusten zioten elkarri, Biblia irakurri ahal izateko adina ikasi arte. Urrun ikusten nuen eskola, ni baino zaharrago zirenentzat edo familia aberatsetan jaiotakoentzat balitz bezala. Ez nuen inoiz pentsatu eskolara joaterik ere izango nuenik.
Amonak zituzten haurren inbidiatan hazi nintzen, bisitatu ahal zituztenak eta eurak bisitatzera etor zitezkeenenak; emakume haiek opariak ekartzen zizkieten beti, platano edo batata sorta bat, esaterako, edo are inportanteago zena: laztanak eta jolasak, hori bai oparia. Noski, amonaorde eta amona ugari nituen nik ere Gikuyu familia zabalean, non nire amonaren adin-taldeko emakume guztiak nire amona baitziren. Ezin nintzen, ordea, haiengana joan eta haiekin jolasean hasi, besterik gabe, edo ezer eskatu, ezta euren besarkada edo laztanak espero ere, eskubide natural gisa. Beste haurrak euren amonei buruz hitz egiten zutenean, are sakonago sentitzen nuen nire aitaren aldeko aiton-amonen falta, bai eta amaren aldeko amonaren absentzia ere. Tren bat hartu eta hura ezagutzera joateko izan nuen aukera bakarrak talka egin zuen eskolako nire ametsekin; horrenbestez, Amona Gathonirekin igaro zituen egun zoragarriei buruz anaiak kontatutakoarekin konformatu behar. Beraz, Rift Haranetik zetorren jende oldea zerbait txarraren seinale zen arren, alderdi positiboan zentratzen saiatu nintzen: amona etxera bueltan zen.
Horiek dituzu aipatutako liburutik hartutako pasarte batzuk, lagin gisa balio dezaten. Liburu atsegina, gustagarria eta egile beraren bertze liburu batzuk irakurtzeko gogoa pizten duena begitandu zaigu. Euskaraz badago bertze bat, Negarrik ez, haurra baita.
“Lurrak kendu egin zizkioten nire aitari eta bizitza osoa eman zuen gizon txoriak noiz alde egingo zuen zain. Baina gizon txuriak ez zuen joan nahi, eta bertan hil zen nire aita, bereak ziren lurrak txuri batentzat lantzen. Nik ere, gizon txuri batentzat egiten dut lan, gureak ziren lurretan…
…Baina ziur naiz egunen batean berreskuratuko ditugula. Bitartean, hemen izango naiz lanean, egun handi horren zain”.
Njoroge eta bere familiaren istorio trajikoa Kenian kokatzen da 1950. urtean.
Hortxe ditugu, bada, bi liburu estimagarri. Kenyatik agur denoi.
Ondo izan, aio! Onetik edan! Eta komuneko paperetik gorde puxketa bat!
Malê argitaletxe afro-brasildarra
2020-05-16 // bAst // Iruzkinik ez
Malê argitaletxe afro-brasildarra
Rio de Janeiron, Brasilen, argitaletxe berria eratu zuten 2015ean: Malê Editora. Idazle beltzen lanak argitara emateko. Vagner Amaro eta Francisco Jorge dira arduradunak. Eta iaz aldizkari bat ere sortu dute: Mahin revista literaria.
Malê argitaletxeak ateratako Mahin aldizkari literarioa
Mahin aldizkariak Elisa Lucinda-ri eskaini dio azala, Livro do avesso liburua atera baitu. Hemen liburuaren puska bat:
Atzo ezin izan nuen jasan. Begiratu nion eta esan: alferrik galtzen nauzu, ez zara nitaz baliatzen. Gure maitasuna ausentziaz betea da. Ez dut gehiago nahi, niretzat gutxi da. Hortaz, zurekin geratuko naiz, baina bertze gizonezko batzuekin ere oheratuko naiz, ados? Ezin duzu zerbitzua zeuk manejatu. Pazientzia. Pistan nago! Entzuten didazu?
Jakina ez dagoela niri entzuten; ez nago ero, aurpegira esan diodalako. Mintzatzen banaiz joan egingo da. Ez dut nahi horrela joan dadin, beragatik. Nik diodanean bakarrik. Oh, zergatik pentsatu nuen hori? Kaxa txiki bat egon behar luke izkinan gaizki pentsatzeko, orduan ez nuke jakingo haietaz. Pozten naiz Ahotsa entzuten ari ez zaidalako. Non geratzen da, hemen ez dagoenean? Ni, uh, irtetera noa, beldur naiz neure buruaz.
Malê argitaletxeak liburu mordoska atera du bortz urtean. Asmoz eta jakitez, lan fin bat egina du. Gehienak autore bakarreko liburuak dira, baina badira batzuk zenbait idazleren lanak biltzen dituztenak. Esate baterako, Amor e outras revoluçoes antologia poetikoa.
Amor e outras revoluções. Grupo Negrícia taldea.
Títulua: Amor e outras revoluções. Grupo Negrícia: antologia poética
Egileak: Conceição Evaristo, Salgado Maranhão, Elisa Lucinda, Éle Semog, Lia Vieira, Amélia Alves, Ana Cruz, Cizinho Afreeka, Deley de Acari, Eustáquio Lawa, Hélio de Assis, José Jorge Siqueira, Jurema Araújo, Luis Turiba eta Vivalde Brandão Couto Júnior.
Gaia: Poesia brasildarra; Poesia; Grupo Negrícia taldea
Sinopsia: “1982an fundatu zen, irekidura “motel, mailakako eta seguru” giroan, diktadura militarraren amaieran, Negrícia Poesia e Arte de Crioulo idazle taldeak bildu zituen poeta eta fikzio-idazleak, hitza hartu nahi zutenak eta diskurtsoan eragin, non eraikitzen baitziren iraganeko narratibak, eta brasildarrek amesturiko etorkizuneko nazio demokratikoarenak. Amor e outras revoluções liburuak irakurleari erakusten dio poesia beltz garaikidea-ren era askotariko eta eragilea. Horrela, hamabortz ahots beltz garaikide-ren poesia biltzean, Amor e outras revoluções liburuak erakusten du zer sormen indartsua daukan Grupo Negrícia-k eta idazletza afro-brasildar garaikideak.” – Eduardo de Assis Duarte
Carolina: uma biografia liburuan, Tom Farias kazetariak aurkezten du Carolina Maria de Jesus idazlearen ibilbide konplexua.. Haurtzaro txiroa izan zuen, Sacramentoko hirian, Minas Gerais-en, eta gaztaroan lan bila pasa zituen hirietan, lan bila eta sendabide bila bere hanketako eritasunarentzako diagnostiko eta sendabidea alegia. São Paulora heldu zen arte, non Canindé-ko favelan jarri baitzen bizitzen. Biografiak esplikatzen du seme-alabekin zuen harremana eta gora egin zuen garaia Quarto de despejo liburuaren arrakastaren eraginez, eta behera egin zuen garaia, merkatu editorialak eta irakurleek gutxi estimatu zituztenean ondorengo liburuak. Zuen nortasun handiak eta gizarte-oztopo baztertzaile brasildarrek eraginda, emakume idazleak berriro itzuli behar izan zuen txirotasunera, bizitzako parte handi batean izan zuen txirotasun hartara.
Olhos de azeviche bildumak beregan ditu literatura brasildarra berritzen ari diren hamar emakume idazle; haien idazlanak aurkezten ditu, izan ere alde handia baitago, emakumezko idazle beltz garaikideen kopuru eta aniztasunaren, eta, duten oihartzunaren artean. Editora Malêk egin du ahalegin hau literatura beltza (beltz-brasileiroa/afro-brasileiroa), egiten duten emakume eta gizasemeak ageriagoan jartzeko eta literatura aniztasun kulturalak jantzi dezan.
Libururako hautatu diren lanak 1970eko hamarkada bukaeratik gaurdainokoak dira. Izan ere 1979an argitaratu zen O terceiro filho liburua, Geni Guimarães-ena; hor dira halaber, erresistentzia eta ekoizpen literarioko mugimendu beltzak eta nabarmenena Quilombhoje. Blogetan idazten duen emakume idazle bat ere sartu dute: Taís Espírito Santo.
Egile hauek munduari begiratzeko dituzten azabatxe-begiak aintzat hartzekoak dira.
Izenburua: Olhos de azeviche: dez escritoras negras que estão renovando a literatura brasileira
Idazleak: Ana Paula Lisboa, Cidinha da Silva, Conceição Evaristo, Cristiane Sobral, Esmeralda Ribeiro, Fátima Trinchão, Geni Guimarães, Lia Vieira, Miriam Alves, Taís Espírito Santo. Antolatzaile: Vagner Amaro. (2017an argitaratua)
Gaia: Ipuin brasildarra
Conceição Evaristo / Argazkia: Assis Duarte
Afro-brasildar idazlerik entzutetsuenen artean dago Conceiçao Evaristo. Idazle ezagutua, saritua eta irakurleek onetsia. Besteak beste, idatziak ditu Insubmissas lágrimas de mulheres (Malê, 2016); Historias de leves enganos e parecenças (Malê, 2016) ipuin liburuak; eta Poemas de recordaçao e outros movimentos (Malê, 2017) poema liburuak. Haren olerki bat euskaraz eman dugu hemen, gure gisara.
Da calma e do silêncio
Quando eu morder
a palavra,
por favor,
não me apressem,
quero mascar,
rasgar entre os dentes,
a pele, os ossos, o tutano
do verbo,
para assim versejar
o âmago das coisas.
Quando meu olhar
se perder no nada,
por favor,
não me despertem,
quero reter,
no adentro da íris,
a menor sombra,
do ínfimo movimento.
Quando meus pés
abrandarem na marcha,
por favor,
não me forcem.
Caminhar para quê?
Deixem-me quedar,
deixem-me quieta,
na aparente inércia.
Nem todo viandante
anda estradas,
há mundos submersos,
que só o silêncio
da poesia penetra.
Astiro eta isilik
Hitza hozkatzen dudanean
mesedez
ez zaidazue presarik eman
ahoan txikitu nahi dut
hotz artean urratu
aditzaren
azala, hezurra, muina
horrela bertsotan emateko
gauzen barne-muina.
Ene begirada
ezerezean galtzen denean
mesedez
ez nazazue iratzarri
gorde nahi baitut
begi-niniaren baitan
mugimendurik txikienaren
itzalik nimiñoena.
Ene oinak
mantsoago doazenean
mesedez
ez nazazue behartu.
Zertarako ibili?
Utzidazue egoten,
utzidazue geldi,
itxurazko inertzia honetan.
Bidaiari guztiek
ez dute bidea egiten
badira peko munduak
poesiaren isilak bakarrik
barrentzen dituenak.
Hori da guztia oraingoz, ongi izan eta hurren arte! Astiro ibili eta isilik!
Zoriona
2020-05-13 // bAst // Iruzkinik ez
Zoriona
Hiztegi Batuak bi adiera dakartza zorion hitzarentzat.
zorion
1 iz. Poz eta atsegin beteko egoera. Dirua ez da zoriona, baina haren atzetik gabiltza gehienok. Pozak, ordea, behartsuaren zorionak bezala, ez du luzaroan irauten. Nahi baduzu izan dezazun lur honetako zoriona, hauta ezazu, bai, neska prestu bat. Ez zuen, beraz, izan martiri hiltzeko zoriona. Tormesko itsumutilaren bizitza eta zorion-zorigaitzak. Bilatzen du bere zoriona aurkitzen ez den tokian, eta ez du ateratzen nekea eta nahigabea besterik. Zu zara ene zorionaren iturria. Ez dio maitasunak ernatu zion zorion nahiari ukorik egingo. Zorion osoan bizi naiz. Betiko zoriona iristeko. Zer zoriona!
2 iz. pl. Norbaiti, zorioneko zerbait gertatu zaionean, esaten zaizkion gizalegezko edo onginahizko hitzak. Horretan saiatu diren guztiek zorion beroak merezi dituzte. Har bitzate gure zorionik beroenak. Zorionak eman zizkidan.
Klasikoen gordailutik bi testu aukeratu ditugu, zoriona mintzagai dutenak. Bata Julene Azpeitiarena, eta bestea Lauaxetarena. Eta bertze bi ere bai, Etxepare Landerretxe, eta Arrese Beitia-renak.
Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961
Zorion osoa
Gizon aberats bat, lorategi aundi eder baten erdian zegoan jauregi batean bizi zan. Aberatsa zan, baña ez zoriontsua, eta pentsatu zuan zorion osoa zuan gizonik ete zegoan mundu onetan.
Eta bere lorategiko burnizko ate ederrean idatzi auxe ipiñi zuan: «Benetan zoriontsua dala uste duan pertzoneari emango zaizkio lorategi ta jauregi au».
Beriala etorri zan gizon gazte bat eta esan zion —Jauregi ta lorategia nereak dira, ez dago bada mundu guztian ni baño gizon zoriontsuagorik.
Aberatsak erantsun zion: —Ain zoriontsua zerala diozu? Ez dezu beraz ezeren nairik, ezeren bear izanik?
—Ez, nik ez det ezeren paltarik, ez iñoren gauzen inbidiarik. Ni zoriontsua naiz, Jauregi au neretzat da.
Eta aberatsak esan zion: —Ez dezula ezeren nairik, ez dezula ezeren paltarik, eta zertan zatoz bada nere jauregiaren eske?
Mundu onetan ez dago zorion osorik. Zorion osoa Zeruan.
Lauaxeta
1932
Gauza gitxigaz poztuten garala, edonok daki. Esku bat apurtuten yakunian geurekiko diñogu: eskerrak bijak ixan eztiranian. Baña esku bijak apurtuten yakuzanian, onexegaz poztuten gara: Iztarrak apurtu bayatazan oraingo txartuago nengoke.
Eta iztarrak apurtu dauzana, buruba apurtu eztaula-ta, poztuten da. Ludi onetan zorijontsu eztana, bere erruz ezta!
Edozegaz alattu gentikez. Baserrijan jayotako emakume gaste bategandik adibide au ondoen ikasi neban.
Bere ameak errekadu batzuk egitten bidaldu eban. Baña errekadu batzuk egittera zuazanian, bestaldekuak be, beste batzuk agindduko dautzuz.
— Urira zuaz? Mesedez ekarriko daustazu makallo bat?
— Zeregin andirik eztaukat eta makallo ori ekarriko dautzut.
— Ara, ba, farol bat, argontzi bat biar neuke.
— Norenian erosiko dautzut?
— Martolaneko dendea non dan eztakixu? Antxe erosi egixu, neure adizkide onak diralako.
Geure neskatil gastia juan zan urira ta poztu zan ango gauza ederrak ikusi ebazanian. Salokijak zelako ederrak ziran…!
Jakin gura eban jakin uri osuaren barri, bai?, eta txaidez-txaide, gora-bera iru ordu igaro euzan. Etxeko errekadubak eta bestaldekuarenak egin ostian bultziratu zan.
Saretxu bat bultzijetan ixaten da. Zetarako dan? Aterkiñak edo dakarzan gauzatxubak antxe iminteko. Sare orrettan maleta andijak ezin jarri zeinkez, andijak zerbait ordaindu biar dabelako.
Geure neskatilla gastiak sarian imiñi euzan. Baña laguna onduan eukittiak dakargun zoritxarra.
Txitxi-putxu izketan etorzan bidian. Etziran konturatu eurek jatsi biar eben geltokija atzian itxi ebela. Olako baten leyotik kanpora begiratu ebenian,urrun bere urruntxu zirala konturatu tiran. Arein larrijak!
Saretxuban ziran gauzak artu eskubetan eta geure baserriko neskeak bultzittik salto egin eban. Abijada andijak bultzijak eroyan eta ikeragarrizko mallatuba artu eban.
Ori ikusi ebenak zarataka asi tiran eta bultzi ori geratu tan. Jatsi tiran gustijak eta arin-arinka neskia eguan tokira juan ziran.
— Arrasa-barik datza!
— Il ete-da!
Olakoxe itzak esaten ebezan. Gixon batzuk jaso eban eta neskea bururatu zanian bere ondora adi-adi jarri zan.
— Zegattik ori egin dozu? —batak ittanduten eutson.
— Burutik zagoz edo? —bestiak.
Ezer jazo ete-yakon, aztertu-ostian esku bat apurtuta eukola igarri eben.
— Ara, eskuba apurtu dozu.
— Orain lanak zelan egingo dozuz? Eta buruba apurtu bazeban. Il bazintzae! An ziran atsuak batez-bere agiraka egitten eutsen. Euren alabea bazan, be zarata andijaguak ezeutsezan egingo.
— Alabatxu, zoratu egin yatzu, zoratu? Trenetan ardura andija euki biar ixaten da. Zeure ameak baleki egin dozuna, egin!
Ango zarateak ixilddu ziranian, neskato gastiak erantzun eutsen:
— Zegattik olako diadarrak eta txilijuak?
— Zegattik diñozu, zegattik, mamala orrek? Zeugattik, zeulako gangarrakattik.
— Gauza andirik etxat jazo-ta…
— Ez, geyago jazo etxatzunian!
— Neu beintzat pozik nago, bestaldeko Bernardaren farola apurtu eztanian. Axe farola apurtu bayatan tamal andijena artuko neban.
An ziranak ezeben ulertu neskiaren izketea. Baña zentzunez oldoztuten badogu, errasoi sakona esan ebalakuan gengokez. Bestaldekuaren farola apurtutia txarragua ixango yakon, bere azurrak apurtutia baño.
Atsegin ona zer zan baekijan zori ona zein zan bere bai!
Mendekoste gereziak
Jean Etxepare Landerretxe
1962, 1991
Zoriona
Gau ilunari
zerua izarretan da.
Itzalpetan gaindi
eskuz-esku dabiltzan
maiteari
xoriño bat bada
bihotzetik bihotzera
kantari.
Xoragarri
bihotzaren eleak
maiteari.
Ez du goxoagorik
bizi guziak
ametsetan baizik.
Munduko solas ederrenak
maiten bihotzetan dagotzi
betidanik
ehortzirik
maiteak maiteari erranak.
Maitek bakarrik dakite
gordatzen
gizon samurren begietarik
ixil-ixila
zoriona.
Itsasoa kexu
ta zerua ilun
maiteak uros izanen dira
beti
maiten bihotzetan baita
zoriona.
Asti-orduetako bertsozko lanak
Felipe Arrese Beitia
1902
Zorioneko afaria
Nere adiskide Ramon Artola gazteari amalaudun bat
Doatsua dan Juan Iñazio bart illuntzean
Sorotik sollik kantuz zijoan etxeratzen,
Non illargiak egiten zion lagun bidean,
Erori gabe joan zedin ta baita zuzen;
Bere andrea zebillelarik ezkaratzean,
Atsegingarria zitzaien jana gertu jartzen,
Poz pozik bere seme alaba bien artean,
Irurak laster aita zutela itxedoten.
Noiz sentitzen dan eldua zala norbait etxera
Aitaren eztul bakantxoa zan atarian,
«Aita, aita da» otsez umeak irtenda atera,
Farrez irurak sartu ziraden sukaldian,
Talo ta esnez beste gaberik ezer gañera,
Juanak prest zeukan zorioneko afaria an.
—————
Egin itzazue, bada, zorioneko afariak!
Talo ta esnez, edo arrautza ta giharrez.
Zorigaitza
2020-05-09 // bAst // Iruzkinik ez
Zorigaitza
“Sorte Avessa” [Zorigaitza, Zorigaiztoa, Dohakabetasuna, Asturugaitza]
Irudia: bAst 2020
Ortik eta emendik (Mokoroa)
=Aldiz joaten dire zorroak errotara= (Aldizka etortzen zoritxarrak, bein bateri, bein besteari.)
(El infortunio visita hoy a uno, mañana a otro.) Naparroa-ko esaera zarrak. (Intza-r Damaso). 1974 –
Bapez batetik sortuten dira sarritan zoritxar andiak….
De una nonada. Bigarren Ipuitxoak: (L. Ormaetxe) –Ormaetxe Leoncio
Betozkigu nai-añeko ekaitz eta zoritxarrak!…
Por grandes que sean…; todo lo terribles que se quiera. EUZKADI (diario). –El-alde
Geure lepoan yaukaguk zorigeiztua; ta euliak yoaguzan baxen errez ezin yoagu zoritxar au geugandik urrindu.
La llevamos a cuestas. EUZKADI (diario). –Ekitz
Gogorra, bai, nire zoritxarra…, gara-erdian il-bearra….
Tener que morir a la mitad de mis días; en la flor de la edad. Salmoak. (L. Akesolo). 1964 –Akesolo Lino / Ax-mutil
Ikara aundia egin dau erri onetan zoritxar onek.
Ha causado gran impresión. EUZKADI (diario). –Pagope
Lemea apurtu yakon; eta aor nundik zoritxarra….
A eso fue debido el accidente. EUZKADI (diario). –Batxi
Ondo zoritxarrekoa izango intzake (ori orrela balitz).
Serías bien desgraciado si…. IBAIZABAL (semanario). –
Urrun etorren bermeotar bat… Olatu batek txalupa ondatu… Danak ito ta guztia galdu! A zan zoritxarrekoa, egun negargarrizkoa! >
Oh día luctuoso! Josecho. (.l. M. Echeita). 1909 –Etxeita José Manuel
Orotariko Euskal Hiztegia
(Sust.).Desventura, desgracia. “Malencontre; calamité” Dv. “Mal encuentro, obstáculo” A. Bainan ez othe dut bada, asturugaitz hunetarik ilkhitzeko zerbait itzurbide? Dv LEd 209. Eternitateko asturugaitz hunetarik begira nezazu. Ib. 230. Beharreria, oinhazeak, asturugaitzak ematen baderaizkit, ez dut zer khexatu. Ib. 243. Eta ez dut ez etsaiaren, ez astrugaitz beldurrik. “No est satan, neque occursus malus” . Dv 3 Reg 5, 4.
Garraioa
2020-05-06 // bAst // Iruzkinik ez
Garraioa
bAst 2020
bAst 2020
Bi kamion marraztu horiei para nahi nizkien hitz edo solas batzuk, garraiolarien lana aitortzeko eta onesteko. Hala, hasi nauzue “garraio” hitzaren xerka eta topatu dut honako testu hau. “Gathua eta bi garraioak”. Eta geratu naiz estonatua, zer arraio erran nahi ote du? Hiztegian begiratuta eta galdetuta jakin dut, “garraio” hitzak “txolarre” esan nahi duela, etxetxori, artatxori horietako. Oh, beti ikasten! Leonce Goietxe-ren Fableak edo Alegiak liburukoa da testua, 1852. urtekoa.
GATHUA ETA BI GARRAIOAK
Gathu bat adiñez berdiñ
Garraio gazte batekiñ,
Haren hurbillean zuten aloyitu,
Zuenaz gerostik sehaska kitatu:
Kaiola otharretik net hurbill zagoen,
Biek bethitikan laratz bera zuten.
Xoria zitzaion hari kaik bethi
Tentan gathu maltsoari:
Hark mokoa yoko hortan,
Hunek pattak zarabilzkan:
Baiña halere etzioen,
Batere miñik egiten;
Haiñitz zioen barkhatzen.
Are bazukeien eskrupula handi
Ematea punttak bere palotari.
Xoriak, burxoroago,
Moko-kolpe zemon asko
Maistroa nola zen persona prudenta
Eskusatzen zion dosteta inprudenta:
Adiskide artean etzaio iñoiz ere
Kolera itsuari behar eman bide.
Nola biek elkhar haur danik baitzuten
Den ongiena ezagutzen,
Bezauzkan bakhean ohitza luzeak:
Ziñetara iñoiz ez zoazen dostetak.
Noiz eta ere egun batez,
Ondikoz hala beharrez,
Hauzo hurbilleko garraiotarik bat
Yin baitzitzaioten bisita egiterat.
Eta egiñ ere bai fite
Pierrot gaixtginaren,
Eta manun zuhurraren
Dostetako lagun trebe.
Bi xoriek liskar hor altxatzen dute:
Manun ere ez dago nutre.
Arrotz hunen zer freskura!
Diotza, ethortzea horla
Pierroten laidatzera!
Hauzoko xoria zaiku beraz yinen,
Eta gure du yanen!
Ez hargatik hori, gathu guzien den!
Eta sarthurik guduan,
Arrotza iretsten du bertan.
Mafua! derra ihiztariak,
Sekula ez nuen erranen
Garraio grosier hoien
Gostua hain ona zuela yakiak!
Pentsamendu hori egitearekin
Bertzea iretsten du plazer handirekiñ.
Zer moral athera fabletto huntarik?
Fableak ez duke xede hori baizik:
Eta deus eztu balio
Baldiñ deus ez badarraio.
Bada guri hunek irakatsten dauku
Gormantari zeren eztela fidatu:
Bere zintzurraren esklaboa denak,
Iretsten tuela laster ontasunak,
Bereak eta bertzenak,
Bai bere haurrenak ere,
Baita andrearenak ere,
Ahal badu niholere;
Damak ere yaunarenak
Beite izan den gizenenak,
Giltza non ez daukan yaunak:
Halere eztu zeren fidatu sobera,
Non ez luken eman giltzapean bera.
Horla da askotan gerthatzen,
Urus bizi zaitekena,
Yaiuo ohe goxoan zena,
Lastoan baita akabatzen.
Leonce Goietxe,1852
Iturria: Fableac edo aleguiac Lafontenetaric berechiz hartuac, Leonce Goyhetche (faksimilea). Hordago, 1978
Parisko garraioa, ez dakik prantsesez!
Sapiens eta untxi fluoreszentea
2020-05-02 // bAst // Iruzkinik ez
Sapiens eta untxi fluoreszentea
Yuval Noah Harari historialari israeldarraren lana da Sapiens liburua, azpititulutzat Gizadiaren historia labur bat duena. Munduan hizkuntza askotara itzuli den liburua dugu.
Beti da tentagarria “guztia” jasotzen duen liburu bat irakurtzea, “Munduaren historia” erako bat eskuetan hartzea. Horietakoa dugu Sapiens izeneko hau. Zure senitartekoak ez dira agertuko, baina ikuspegi orokorra ez zaizu faltako. Laurehun orrialde pasatxokoa da. Liburu honek lau atal dauzka. Lehena: Iraultza kognitiboa. Bigarrena: Laborantzaren iraultza. Hirugarrena: Gizadia bateratzea. Eta laugarrena: Iraultza zientifikoa. Asko-asko laburtuz: Burua, aitzurra, kultura, zientzia, dira aztergaiak, hurrenez hurren.
Hiru iraultza garrantzitsuk markatu zuten historiaren garapena: Iraultza kognitiboak historia abiarazi zuen, duela 70.000 urte inguru. Laborantzaren iraultzak lastertu egin zuen, duela 12.000 urte inguru. Iraultza zientifikoak, orain dela 500 urte arte hasi ez zenak, amaitu dezake historia, eta beste zerbait arras desberdina abiarazi. Liburu honek kontatzen du hiru iraultza horiek gizakiengan eta haien bizikide izan diren organismoetan nolako eragina izan duten.
“Historiako iruzurrik handiena” izeneko atalean hau defendatzen da, biltzaile-ehiztariak laborari bihurtu zirela, bai, baina ez zela hainbesteko aurrerapena izan hori. Hau da, fruituak bilduz eta basoan ehizatuz zebiltzan haiek lurra lantzen hasi zirenean, aldaketa handia etorri zitzaiela, baina ez beti onerako. Erosoago eta oparoago bizitzen hasi zirela, baina beharbada ez hobeto. Ume gehiago zituzten, behar handiagoak, uzta-ezaldietan gorriak ikusi beharra,…
Paradoxaz, bizimodua errazteko asmoz egin zen “hobekuntza” sail batek errotarri bat ezarri zien laborari haiei lepoaren inguruan.(…) Jendeak benetan lan gehiago egiten zuen. Baina jendeak ez zuen aurreikusi haurren kopurua handituko zela, eta, horren ondorioz, gari-soberakina haur gehiagoren artean banatu beharko zela.(…) Ez zuten aurreikusi janari-iturri bakar batekiko mendekotasuna handituz, lehortearen atzaparretan jausteko arrisku handiagoa zutela. Laborariek ez zuten aurreikusi, ezta ere, urte onetan gainezka izango zituzten aletegiek lapurrak eta etsaiak tentatuko zituztela, eta horrek behartuko zituela harresiak eraikitzera eta zaintza egitera.
Eta hirugarren atalean, Gizadia bateratzea izenekoan, “kultura” zer den esaten zaigu.
Laborantzaren iraultzaren ondoren, gizarteak are gehiago hazi ziren eta konplexuagotu egin ziren, eta ordena soziala sostengatzen zuten konstruktu imajinatuak, aldi berean, landuagoak bihurtu ziren. Mitoek eta fikzioek jendea modu jakin batzuetan pentsatzera, arau jakin batzuen arabera portatzera, zenbait gauza nahi izatera, eta zenbait erregela errespetatzera ohitzen zuten, ia jaiotzen ziren unetik beretik. Haien bitartez sen artifizialak sortzen zituzten, eta sen horiek ahalbidetzen zuten elkar ezagutzen ez zuten milioika pertsonak modu eraginkorrean lankidetzan jardutea. Sen artifizialez osaturiko sare horri “kultura” deritzo.
Laugarren atalean, iraultza zientifikoa baita, honela esaten da:
Azken bost mendeotan, gizakiek gero eta gehiago uste izan dute beren ahalmenak handiago egin zitzaketela, ikerkuntza zientifikoan inbertituz gero. Hori ez zen fede itsuaren kontu hutsa izan: behin eta berriz frogatua zen era enpirikoan. Zenbat eta froga gehiago izan, orduan eta gertuago zeuden pertsona aberatsak eta gobernuak zientzian inbertitzeko. Ez ginen inoiz gai izango Ilargiaren gainean ibiltzeko, mikroorganismoak aldatzeko eta atomoa zatitzeko, inbertsio horiek egin gabe. AEBetako gobernuak, adibidez, azken hamarkadetan milaka milioi dolar xedatu ditu fisika nuklearra ikertzeko, eta ikerketa horiek ekarri dituzten ezaguerek ahalbidetu dute energia nuklearra sortzeko zentralak eraikitzea. Estatubatuar industriei elektrizitate merkea eskaintzen diete zentral horiek, eta zergak ordaintzen dizkiote AEBetako gobernuari, eta honek zerga horietako batzuk fisika nuklearreko are ikerketa gehiago finantzatzeko erabiltzen ditu.
Iraultza etengabea izeneko kapituluan, industria-iraultzari buruz, hau aurkitzen dugu:
Industria-iraultzak energia eraldatzeko eta salgaiak ekoizteko era berriak urratu zituen, gizadia bere inguruko ekosistematik neurri handi batean askatuz. Gizakiek oihanetako zuhaitzak moztu, padurak drainatu, ibaiak presez eutsi, lautadak urez bete, dozenaka mila kilometro trenbide ezarri eta etxe orratzez betetako metropoliak eraiki zituzten. Homo sapiensak, mundua bere premietara egokitzeko moldatzen zuen neurrian, habitatak suntsitu eta espezieak desagerrarazi zituen. Gure planeta, behiala berdea eta urdina zena, hormigoi eta plastikozko merkataritza-gune bihurtzen ari da.
Aurrerago, bakea gure garaian azpiatalean hau dakar: Jende gehiena ez da konturatzen bizi garen garaia zein baketsua den. Gutako inor ez zegoen bizirik orain 1.000 urte, eta horregatik erraz ahanzten dugu lehenagoko mundua askoz ere bortitzagoa izan ohi zela. Eta gerrek, zenbat eta bakanagoak izan, are arreta handiagoa erakartzen dute. Pertsona askoz gehiagok pentsatzen dute gaur Afganistan eta Irak astintzen dituzten gerretan, brasildar eta hindu gehienek bizi duten bakean baino.
Badago, hausnarketarik, zorionari buruz ere.
Baina zoriontsuagoak al gara? Azken bost mendeotan zehar gizadiak metatu duen aberastasunak gogobetetze berriak ekarri al ditu? Energia-baliabide ezin agortuzkoak aurkitzeak zorion-biltegi ezin agortuzkoak ireki al ditu gure aurrean? Denboran atzerago joanez, Iraultza kognitibotik gutxi gorabehera iragan diren 70 mila urteek mundua bizitzeko leku hobea izatea egin al dute? Zoriontsuagoa izan al zen duela gutxi zendu den Neil Armstrong, zeinen oinatzak Ilargiaren azal haizegabearen gainean ukitu gabe dirautenak, Chauveteko haitzuloaren horma batean duela 30.000 urte bere eskuaren hatzak utzi zituen.
Gaur egungo aurrerapen eta ikerketek, harridura eragiten dute maiz, eta beldurra askotan.
Gaur egun, hautespen naturalaren erregimenak, 4.000 milioi urte dituenak, aurrean desafio erabat bestelakoa du. Mundu guztiko laborategietan, zientzialariek izaki biziak genetikoki manipulatzen dihardute. Hautespen naturalaren legeak inolako inpunitatez hausten dituzte, organismo baten jatorrizko ezaugarrien mugak ere aintzat hartu gabe. Eduardo Kac-ek, brasildar bioartistak, 2000. Urtean artelan berri bat sortzea erabaki zuen; untxi berde fluoreszente bat. Kac-ek, frantses laborategi batekin harremanetan jarri, eta kopuru bat eskaini zien untxi berde fluoreszente bat bere xehetasunen arabera ekoizteko. Frantses zientzialariek untxi zuri arrunt baten enbrioia hartu, haren DNAn marmoka berde fluoreszente batetik harturiko genea ezarri eta voilà! Untxi berde fluoreszente bat monsieur-entzat. Kacek untxia Alba izenaz bataiatu zuen.
Hamaika ikusteko jaioak gara. Hala dirudi, orain artekoa eta datorkiguna ikusirik. Liburu mardul honek errepaso ederra ematen dio gizadiaren historiari eta benetan eskertzekoa da horrelako lan bat gure eskumenean jartzea. Dibulgazio lan bat izanik, hitz tekniko gehiegirik ez du eta ulergarriak dira hor esaten direnak. Argazki batzuk ere badakartza liburuak, osagarri onak inondik ere. Liburuaren gabezien artean aipa daitezke, gure ustez, honako hauek: Itsasoak eta itsasertzetako jendeen bizimoduak liburuan duen aipamen arina, izan ere, ehiztari-biltzaileak egon baziren -orkatzak ehizatu eta ezkurrak biltzen zituztenak esaterako-, egon ziren eta badaude orain ere, arrantzale-biltzaileak -antxoak arrantzatu eta txirlak biltzen dituztenak esaterako-. Halaber, Afrikako herrialdeek eta Txinak, adibidez, pisu gutxi dute liburu honetan, gure uste apalean. Kontuan izan behar dugu Jerusalem eta Oxford-eko unibertsitateetan aritu dela Yuval Noah Harari historialaria, eta horrek beti eragingo zuela informazioa biltzean. Ez legoke gaizki liburuaz ikazkinek, arrantzaleek, emaginek zer dioten jakitea. Zorionez arkeologiak datu zehatz jakinak ematen ditu, eta mugarri horiek esanguratsuak izan daitezke, gertaera-katearen kontakizuna osatzerakoan. Aurki guk ere azal fluoreszentea izango dugu. Ai, sapiens sapiens!
Nietzscheren arreba Elisabeth
2020-04-29 // bAst // Iruzkinik ez
(Eingeschränkte Rechte für bestimmte redaktionelle Kunden in Deutschland. Limited rights for specific editorial clients in Germany.) Foerster-Nietzsche, Elisabeth (*10.07.1846-08.11.1935+) , Schwester Friedrich Nietzsches, D, – Halbportrait, – 1916 (Photo by ullstein bild via Getty Images)
Sarean youtubek aukera ematen digu hitzaldiak entzuteko. Horietako bat dugu Diego Sanchez Meca adituak Friedrich Nietzsche (Röcken, 1844-Weimar, 1900) pentsalariari buruz emandakoa, Juan March fundazioak antolatutako hitzaldietan. Filosofo alemaniarraren ekarpena eta balioa adierazi ondoren, hitzaldiaren amaieran, ohartzen zaio Nietscheren arrebak, Elizabethek, anaiaren obrarekiko izan zuen jarrera eta jokabideari.
Elisabeth ezkondua zen Bernard Föster-ekin, mugimendu antisemita alemaniarraren liderretako batekin, eta elkarrekin eratua zuten kolonia alemaniar bat Paraguayn, merkataritza xede zuena; baina emaitzak oso txarrak izan zirenez, Bernard Foster suizidatu egin zen eta Elisabet egoera zailean geratu zen, diru aldetik, zorpetuta.
Neba Friedrichen ospeak gora eta gora egiten zuela ikusirik, Alemaniara itzuli zen, dirutzeko asmoz. Nebaren apostolu egin zen, bildu zituen haren liburu, ohar, koaderno, karta, eta bestelakoak… eta artxibo moduan ordenatu zituen. Etxe horretan bertan bizi zen Nietzsche, jada burua galdurik, amak zaintzen zuela.
Elisabethek asmo bakarra zuen, nebaren egile-eskubideen jabe bakar bihurtzea. Hori betetzeko, txosten bat idatzi zuen, eskatuz aitor zezatela ama ezgai zela neba zaintzeko. Baina ez zioten aurrerabiderik eman. Orduan amari 30.000 marko eskaini zizkion eta amak onartu. Urte betean eskubide horiek ematen zuten kopurua zen. 1895etik aurrera nebaren obra guztia kontrolatu zuen Elisabethek. Zentsura ezartzen zuen eta nebaren biografia nahi zuen bezala eratzen zuen.
Argitaratzen zuenetik eskubideak jasotzeko eta diru gehiago egiteko, bi gauza egin zituen: Nietzscheren ospea handitu, harenganako kultua goratuz, eta bestetik, nebaren ideiak faltsutu eta Bismarktar nazionalismoaren zerbitzura jarri lehenik, eta nazionalsozialismo hitleriarraren zerbitzura ondotik.
Nietzscheren etxea Namburg-en
Naumburg-eko etxea peregrinez bete zen, han exhibitzen zuten Nietzsche bere begirada galduarekin eta festak egiten zituzten jendea erakartzeko.
(Eingeschränkte Rechte für bestimmte redaktionelle Kunden in Deutschland. Limited rights for specific editorial clients in Germany.) *15.10.1844-25.08.1900+Philosoph, Schriftsteller, DBrief Nietzsches an Peter Gast: ‘Also sprach Zarathustra.’ (Widmung)- Rapallo, (Photo by ullstein bild/ullstein bild via Getty Images) Niet Nietzscheren eskuizkribua: Honela mintzatu zen Zarathustra. zscheren eskuizkribua: Honela mintzatu zen Zarathustra.
Lehen Mundu Gerra hastearekin batera, Horrela mintzatu zen Zaratustraren 150.000 ale atera zituzten poltsikoko edizioan, soldado alemanek gudalekura eraman zitzaten Itun Berriarekin batera.
Elisabethek faltsutu egin zuen nebaren pentsamendua eta gizarteari aurkeztu ziona hau izan zen: nazionalismo alemana eta Alemania inperialaren balioak ondoen ordezkatzen zituen pentsalaria zela Friedrich Nietzsche.
Nebaren idatziak nahieran erabiltzen zituenez, debekatu egin zuen Ecce homo eta Antikristoa liburuak publikatzea. Aurrerago, argitaratzea erabaki zuenean, bertsio desitxuratu bat eman zuen, handik eta hemendik moztua.
Liburu horietan berariaz arbuiatzen ditu Nietschek ideia asko, Elizabetek nebari egozten dizkionak, eta gaur egun arte idazleari itsatsita geratu direnak.
Esaterako der Wille zur Macht argitaratu zutenean, ohar eta aforismoz osatua, hitzaurrean Elisabethek idatzi zuen nebaren obra gailurra zela, eta argitalpen bakoitzean zati batzuk gehitzen zituen, eta hala erakutsi zuen Nietzsche protonazi bat zela. Ez zen hori izan obra gailurra, inondik ere.
1904an Nietzcheren biografia nobelatu bat atera zuen Elizabethek. Hor gauza asko asmatu zituen gogoak eman ahala, eta esan zuen neba genio bat zela, heroi bat, santua, germaniar tradizio noblearen aldezkaria, erlijiotasun sakonekoa, eta guztiz faltsutu zuen nebaren benetako pentsamendua: askatasuna, ateismoa, moral tradizional eta puritanoa arbuiatzea, balioak aldarazteko asmoa…
Gaizki ulertzerik handiena, biografia nobelatu horri zor zaio. Elizabethen arabera Friedrich gerrazalea zen, eta krudeltasuna eta bortizkeria defendatzen zituen: ezin egiatik urrunago.
Eduard Munch margolariak Elisabethen erretratu bat egin zuen honek eskatuta, eta mihise handi batean erretratatu zuen, borrero aurpegiarekin.
Eduard Munch-ek Elizabethi egindako erretratua.
Honela mintzatu zen Zaratustra (eusk: X. Mendiguren B.)
Zaratustrak, ordea, ikusi zuen jendetza eta harritu egin zen. Gero honela mintzatu zen:
Gizona soka bat da, piztia eta gaingizonaren artean lotua, -amildegi baten gainean dagoen soka bat.
Harantzago-joate arriskutsua, bidean-egote arriskutsua, atzera-begiratze arriskutsua, zalantzan eta geldi-geratze arriskutsua.
Gizonak duen handitasuna zubi izatea da eta ez helburu: gizonak duen maitagarria harantzago-joataile eta behera-joataile izatea da.
Maite ditut behera joateko bestetarako bizi izaten ez dakitenak, zeren horiek baitira harantzago joaten direnak.
Maite ditut destainati handiak, zeren gurtzaile handiak baitira eta beste hegiaren joranez dauden azkonak.
Maite ditut izarren atzean ziorik bilatzen ez dutenak galtzeko edo beren buruak sakrifikatzeko: aitzitik bere burua lurrari sakrifikatzen diotenak, lurra noizbait gaingizonarena izan dadin.
Maite dut jakiteko bizi dena eta jakin nahi duena, noizbait gaingizona bizi dadin. Eta horrela bere galera nahi duena.
Maite dut lanean eta idoroketan ari dena, gaingizonari etxea eraikitzeko eta berari lurra, piztiak eta landareak prestatzeko: zeren horrela bere galera nahi baitu.
Maite dut bere bertutea maite duena: zeren bertutea galera-nahia da eta joranaren azkona.
Maite dut izpiritu-tanta bakar bat ere beretzat gordetzen ez duena, aitzitik bere bertutearen izpiritu osoki izan nahi duena: horrela gurutzatzen baitu zubia izpiritu bezala.
Maite dut bere bertuteaz lera eta patu egiten duena: horrela bere bertutearengatik bizitzen nahi baitu segi eta ez segi.
Maite dut bertute gehiegi izan nahi ez dituena. Bertute bakarra bi bertute baino gehiago da, horrela korapilo handiagoa baita zoria esekitzeko.
Maite dut arima suntsitzen zaiona, eskerrik hartu nahi ez eta ematen ere ez duena: zeren beti ematen baitu eta ez baitu bere burua gorde nahi izaten.
Maite dut lotsatzen dena, baldin eta dadoak alde ateratzen bazaizkio, eta gero galdetzen badu: jokalari tranpatia al naiz orduan? -bere beherakada nahi baitu.
Maite dut bere egintzen aurretik urrezko hitzak jaurtikitzen dituena eta agintzen duena baino gehiago betetzen duena: zeren bere beherakada nahi baitu.
Maite dut etortzekoak zuribidetzen eta iraganekoak erreskatatzen dituena: zeren presenteagatik bere buruaren galera nahi baitu.
Maite dut bere jainkoa zigortzen duena, zeren maite baitu bere jainkoa5: zeren bere burua galdu behar baitu bere jainkoaren koleraz.
Maite dut zauritzean ere sakona den arima, eta gorabehera txiki baten aurrean ere bere burua galtzen duena: horrela gogoz gurutzatuko du zubia.
Maite dut arima bere buruaz ahazteraino gainezka duena, eta gauza guztiak bere baitan dauzkana: horrela gauza guztiak galera bihurtuko zaizkio.
Maite dut izpirituz libre eta bihotzez libre dena: horrela burua bere bihotzaren errai besterik ez du izango, baina bihotzak bere burua galtzera eramango du.
Maite ditut tanta astunak bezalakoak direnak, banan- banan gizonen gainean dagoen hodei ilunetik erortzen direnak: tximista badatorrela iragartzen dute eta iragarle bezala galdu egiten dira.
Begira, Tximistaren iragarlea naiz eta hodeitiko tanta astuna: gaingizona da tximista honen izena.
Friedrich Nietzsche, olerkari, filologo eta pentsalaria
Portofino
Hemen nengoen ni, itxaroten, itxaroten-hutsari,
Ongiaz eta gaizkiaz haraindi, gozatzen
orain argiaz, orain itzalaz, erabat joko bakarrik izaki,
Erabat itsaso, erabat eguerdi, erabat denbora helburugabe.
Orduan, bat-batean, neska adiskide! bat zena bitu egin zen –
Eta Zaratustra albotik igaro zitzaidan.
Hamaika oinordeko utzi ditu Elisabethek mundu honetan eta ez gara ari izen hori dutenei buruz. Ez baita falta gezurtirik. Ez gezurrik, ez jende sinesberarik. Ezta gezurraz baliatuko den agintaritzarik ere. Aio ta hurrengo arte.
Euskal pentsaera, oteiçaren arabera
2020-04-25 // bAst // Iruzkinik ez
Euskal pentsaera, oteiçaren arabera
Jorge Oteiza
Oteiza Hedapen kiribil hutsa (Expansión en espiral vacía, 1957) bere eskultura ondoan, São Pauloko IV. Bienalaren erakusketan. Web ggh.
Duela hiru urte argitaratu zuen Jorge Oteizaren Mentalidad vasca liburua Pamiela etxeak, Oteiza fundazio-museoaren laguntzarekin. Hirurehun eta gehiago orrialde ditu, gehien-gehienak letraz beteak, irudi batzurekin. Oteizak idatzitako hausnarketak dira.
Bi partetan bereizia da. Liburuaren hitzaurrean Jose Julian Bakedanok honela dio: “(…)Lehen partean irakurleak ikusiko ditu, lan hauetan, ondoren Quosque tandem liburuan garatuko diren gaiak, gizartearen eta sortzailearen arteko gatazka ardatz dutenak. Bada Oteizagan kontraesan bat erakundeen (museo, erakunde publiko) eta indibiduoaren artean: alde batetik haien funtzioa ukatzen du eta bestetik, beharrezko jotzen ditu obra ezagutu ahal izateko. Bigarren partean irakurleak aurkituko duena zera da, Oteizaren inguruko sortzaileei buruzko azterlanak; hor ikusten da arte kritikari lanetan duen iaiotasuna(…)”.
Hautatu eta euskaraz eman dugun artikulua 1949ko abendukoa da, Eduardo de la Sota margolariaren erakusketarako egin zuen idatzia, hain zuzen ere. Arteari buruzko gako batzuk agertzen dira bertan eta interesgarria iruditu zaigu. Hasi, Oteiza.
Eduardo de la Sota euskal pinturan
Euskal artistez mintzatzean, joan den mendearen akaberan jaiotako gizonen belaunaldi sendo hartan baino ezin dugu pentsatu. Haiek, baina, ez zuten asmatu etorkizunari aurrez aurre begiratzen, eta gizon haien oinordetza, mortala izan zen ondorengo belaunaldien orientaziorako. Belaunaldi horietan berrienean dago Eduardo de la Sota. Jaio, 1929an jaio zen eta duela lau urtetik hona margotzen du.
Hura aurkezteko, estetikoki aurkezteko, nik bi hitz esan behar baditut, hona hemen bi hitz horiek: Eduardo de la Sota margolari gaztea gure giroan agertu da, gaur ez dauzkagun bi faktore funtsezkorekin: kontzientzia eta estura larri sortzaileak. Bi hitz horiek ere esplikatu beharko ditugu?
Eduardo de la Sotak, berez, bere lehen harreman historikoa ezarri du, bere lehen eragina -hau da, bere lehen adierazpen sortzaile posiblea-, gaurko iraultza plastikoa sortzen den errora bertara hurbiltzean. Noiz eta Artetaren belaunaldiaren aurrean eta belaunaldi horrek aurkitu gabe -salbu Juan de Echevarria, berandu eta zatiz- sormenaren ideia aurreranzkoak astindutako margolarietan gertaera funtsezkoak gertatzen baitira. Noiz eta airea, sistema neoinpresionistaren pintzelada txikiek ebaki berria, bihurtzen baita, kolorezko lerro osoen sistema, gauzen azal zoratuen gain, erritmoen presio mistikopean,Van Goghekin. Noiz eta lerro horiek mugitzen baitira Gauguinekin kolorearen gainazalaren berrasmaketa plastikora arte. Noiz eta gai horretaz berriro Izadiak ikasten baituen kondentsatzen, sagar batzuen itxura tematiarekin, ordena logiko baten doitasun berreskuratuan Cezannerekin. Noiz eta lerro gozatsuki librea berriro Matisserekin, saiatzen baita hausten, inguruertzen marrazki infinituaren leku zehatzetan abandonatua bezala.
Ondoren gertatu zen, konszienteki Kubismoarekin irekitzea gure mendean behin-betiko esperimentazioen atea, Arte estilo original bat berrasteko. Ate horren aurrean jarria dago Eduardo de la Sota. Oso gaztea da eta bakarrik dago eta isilik. Kontzientziarik eta larridurarik gabeko artistek behin eta berriro diote, bide horretatik ez dela inora joaten. Ate horretatik sartuta aurkitzen dugu eta ulertzen, gaur, Picasso, Goyaren genioaren oinordeko genial eta berehalakoa, berme behin betiko eta erabatekoa, egitate estetiko berriena, bilakaera sortzaile nekezko geldiezinean. Artista deitua dago Historiaren aurrera, behartuta dago beti bere obrarekin erakustera Artea badabilela, ez baita bertan geratzen Gizakiaren historia amaigabe katramilatsua.
Jadanik ezin dugu alde batera utzi, euskal margolari bat artista unibertsal bihurtuko duen zera, eta ez euskal itxuren birsortzaile faltsu: gora-nahi handi bat, ez besterik. Eta ez dago gora-nahirik estura larririk gabe, eta ez dago emaitzarik apaltasunik gabe. Gora-nahia zera da, ez-izatearen estura larria, beldur existentziala. Estura larria beldurrean sortzen da, horregatik beldurra sortzailea da. Gizakiak bere historia abiarazten du, Izadiak ikaratzen duenean eta gizakia ikaratzen den zuztarrak agertzen direnean, orduan probatzen ditu artistak bere sormen-erreserbak eta bere erabilgarritasun sozial eta erlijiosoa. Orduan egiten du gizakiak bere eskuen aurkikuntza, bere kontzientzia berrituz, bere erantzukizun existentzialaren aurrean.
Artistaren eskuetara heltzen dira haren arimako erreka oinazetuak, arima pertsonal eta kolektibokoak. Oinazerik gabe, estura larririk gabe, erreka guztiak mugitzeke daude eta esperantzarik gabe. Errekaren definizioan oinazea dago, artistaren definizioan estura larria dagoen bezala. (Estura larriaren tipologia bat, eman diezaguke, estiloen narrazioan dagoen misterio indibidualak. Beldur existentzialaren berrikuntzan egon daiteke adin kulturalen berrikuntzaren sekretua.) Funtsean, arte berri bat hau da: etengabeko konpromiso bat izadiarekin, zeina behartua dagoen guk irudikatua izatera geure estura larri propio eta originalaren arabera.
Eduardo de la Sotak sentiberatasuna izan du lehen momentutik., gure giroan pintura zer bihurtu den ikusita izutzeko. Beldur izan da, eta horregatik ausartu da. Kontzientzia izan du, eta kokatu da gure mendearen hasieran, hain aldaketa estetiko handiko mendearen hasieran, haiei ikerketa pertsonal zorrotz bat egiteko. Jokabide horrek emaitza bikainak emango dizkio gure margolariari, horien artean aipa ditzagun, guretzat hurbilenetako bat eta garrantzizkoenetako bat dena, nazioarteko duintasun bat berreskuratzea, gure pinturan gaur guztiz gabetuak baikaude hartaz. Baina gaur, ulertzen ez dutenak, daudela ulertu gabe denbora gehixeago. Zertaz den ez dakitenak, bakarrik, horrela, benetako larriduragatik, bulkada-erabaki batek eraginda eta sakrifikatzeko benetako gogo batekin, sorkuntza estetikoaren nahitaezko baliabideak aurkitzera helduko dira.
Eduardo de la Sota salbazio-sena horren adibide bat da. Pintore bakarra da, eta gazteena, 1949an, Bilbon publikoan aurkitzen duguna, lehen urratsak emanez, bere pintura, argi berri batean bildua, eta bere bizitza, esperantzan bildua, pintoreak bete behar duen benetako promesan, eta gaude, beteko duelakoan.
Liburu gomendagarria dugu, çalantzaric gabe. Heldu gogotic!