RAQUEL (II)
Araututako amatasuna
Madrilen Bollywood dantzatzen hasi, eta Indiara ezkondu da Raquel. Herrialde honekin lotura betidanik izan du, bai bihotzean, bai azalean. Punen, familia eta kultura berrira egokitzea zaila izaten ari da 26 urteko gaztearentzat, baina gogorrena oraintxe tokatu zaio: Amatasuna tradizioaren arauetan. Aurreko postean, Raquelen ezkondu arteko gora beherak bildu nituen. Orain, amatasunaz, eta paper horretan jaso duen gutxiespenaz hitz egingo du.
Umea negarrez hasi da…
Bai, goseak dago. Titia nahi du! Berez, aurpegia estali behar diot bularra eman bitartean, baina orain bakarrik nago eta ez dut zapia jarriko!
Baina nola, zergatik?
Senarraren familiakoek esaten didatenez, umeak begietara begiratuko dit, kontzentrazioa galduko du eta jateari utziko dio, hori da nire Marathi mailarekin ulertzen dudana… Niri txorakeria bat iruditzen zait, ama eta alaba elkar begiratzea eta kontaktu hori sentitzea polita da.
Ez hori bakarrik, haurra etengabe bularrean jartzera behartzen naute. Umeak jaten amaitzen duenean sabela ukitzen diote eta «oraindik lekua du, gehiago jan behar luke» aholkatzen didate. Nekagarria da. Egiten duen soinu bakoitzeko «gosea du, ba al duzu esne nahikorik?», entzun behar dut, eta bularra ukitzen dit amaginarrebak.
Gogorra egiten ari zaizu, hainbeste arau betetzea…
Bai, oso gogorra da, orain arte ez dut amatasuna gozatu, kontrara, oso gaizki pasa dut. Ezingo zenuke sinetsi zenbat istorio ditudan… Adibidez, bi hilabeteetan behin bakarrik utzi didate nire umea bainatzen, amek ez omen dakigu haurrak garbitzen eta etxeko beste edozeinek egiten du, beti emakumezkoek, hori bai. Behin, ura ukitu nuen ukalondoarekin, beroegia zegoen. Amaginarrebak eskuarekin neurtzen du, baina bere eskua eta haurraren azala ez dira berdinak! Zer negar egin zituen umeak! Eta nik…
Gainera, egiten dudan mugimendu bakoitza ikuskatzen dute, laborategiko arratoia banintz bezala, haurra hartuz gero, gaizki hartu dudala jakinarazten didate aurpegi txarra jarrita, ez naizela delikatua izan… Baina hori bai, astean bi edo hiru aldiz, amaginarrebak kontratatutako andre zahar bat etortzen da haurrari masajea ematera eta sekulako astinduak ematen dizkio.
Dena kontrolatzen didate, jaten dudana, egiten dudana… eztul txiki bat egiten du umeak eta «ur hotzegiarekin dutxatu zara» esaten didate, edo «janari ezegokiak jan dituzu».
Nik uste dut, tradizionalki Indian amak hain gazteak zirenez, ez zekitela umeak behar bezala zaintzen eta horregatik amaginarrebek hartzen duten papera.
Eta haurra jaio baino lehenago ere horrela al zen?
Indiara etorri naizenetik emakume maharastiarraren egin beharrak irakasten ari zaizkit. Haurdun nengoela azken momentura arte etxeko lanak egiten egon nintzen. Umea jaio baino egun eta erdi lehenago hasi zitzaizkidan uzkurdurak, ba uzkurdura eta guzti sukaldari egon nintzen, etxean gonbidatuak genituelako. Nik ere nahiago nuen mugitzea, gero erditzea errazagoa izango zelako.
Eta nolakoa izan zen?
Azkarra, ospitale zikin batean nengoen eta handik ahalik eta azkarren irtetea nahi nuen. Dena ondo joan zen, ez nuen epiduralik behar izan. Haurra jaio eta neska zela jakin nuen, a ze poza! –Indian debekatua dago haurdunaldian haurraren sexua jakitea, nesken abortuak ekiditeko. Duela gutxi, neska jaio berri bat hilda aurkitu zuten auzoan–.
Erditu eta gero oso ondo sentitu nintzen, eroso, pisu asko galduta, umetxoarekin… Txoratzen nengoen, eta pentsatzen nuen: haurdun hainbeste mugitu banaiz, orain mundua jango dut! Ba etxera iritsi eta zaplaztekoa: Amaginarrebak esan zidan hilabete gelan pasa behar nuela ohetik mugitu gabe «errekuperatzeko».
Zoratu beharrean egon naiz, ez dakizu zer den ohetik titia emateko bakarrik mugitzea, gelan sartuta hilabete! sekulako gorputzeko minak nituen azkenerako! Gainera, umea kendu egiten zidaten loarazteko, masajea emateko, urrumatzeko… Umea ez zen nirea eta bere aurrean arrotza sentitzen nintzen. Titia emateko bakarrik ukitzen nuen.
Nik uste dut amaginarrebak berak emango liokeela bularra, ahalko balu. Esnea ateratzeko ere eskatu izan dit eta kutxararekin ematen ikusi dut. Amets gaizto bat izan da, ez diot horrelakorik inori opa. Nire senarrari esaten nion «nahiago nuke jakingo bazenu zer den bederatzi hilabete haurdun egotea, erditzea eta hau dena bizitzea, ezin duzu pentsatu ere egin zeinen gogorra den hau!».
Nire senarrarekin asko haserretu nintzen, umea jaio aurretik ez zidalako esan zer gertatuko zen eta bere amaren alde egin zuelako. Familiaren jarrera normala zen beretzat. Ez ninduen ulertzen.
Zorionez, gero ama etorri zitzaizun Madrildik…
Bai, eta hilabete baino gehiago egon da hemen, baina ez da hain esperientzia ona izan. Amaginarrebak niri presioa egitea onartu dezaket hala nola, baina gure amari ere egiten zion, eta amak oso gaizki pasa du. Etxera itzultzeko geratzen zitzaizkion egunak markatzen zituen egutegi batean…
Ama iritsi zenean oraindik gelan egon behar nuen, eta hori gutxi balitz, haurra jaio zenetik ez hitz egiteko esaten zidaten, erditu berritan ezin dela hitz egin, zoratu egin zaitezkeela. Hortaz, amarekin bukaera arte ez nuen ia hitzik egin. Umea jaio zenean lagun espainiar bat etorri zen bisitan ospitalera, lanera joan aurretik etorri zen eta niri begira egon zen bi ordu. Ezin genuen hitz egin, koinatek isilik egoteko zeinua egiten zidaten etengabe, azkenean lagunari joateko esan nion, egoera jasangaitza zen eta.
Nola agoantatu duzu egoera hau?
Ez pentsa, sarri damutu naiz guztiaz, ezkontzeaz, Indiara etortzeaz, ama izateaz… alde egiteko gogoa izan dut, eta ez dakit aurrerantzean nola eutsiko diodan honi, baina uste dut okerrena pasa dela.
Ikusi dut emakume gehienek prozesu bera pasatzen dutela ezkontzean. Nire amaginarreba ere berdin tratatua izan zen ziurrenik. Joan den astean koinatuarenera joan ginen bazkaltzera eta bere emaztea nola tratatzen duten ikusi beharko zenuke! Hilerokoarekin dagoenean inork ez du ukitzen, gatza pasatzeko adibidez mahaian gerturatzen diote eta berak hartzen du kontaktu txikiena ere egon ez dadin.
Baina denborarekin, emakume ezkonberriak euren espazioaren jabe egiten dira eta indartu. Horrek itxaropena ematen dit.
Orain hobeto al zaude?
Bai, ni hobeto nago. Pentsatzen dut pixkanaka independentzia irabaziko dudala. Konturatzen naiz gero eta kontrol gutxiago dudala. Nire plana da egoerari eustea umea “nireagoa” izan arte behintzat.
Bestalde, hainbeste oztopo gainditu ondoren hemen ondo egon naitekeela sinetsi dut. Gauza asko ikasten ari naiz kultura honetatik, hizkuntzak adibidez, marathiarekin nahiko ondo moldatzen naiz jadanik eta hindi-a ikasi nahi dut orain. Jende gutxik ezagutu eta uler ditzakeen gauzak ikasten ari naiz.
Sinesmen kristaua dut eta toleratzeko jarrera, eta mila aldiz barkatzekoa. Umiltasun lan ederra egiten ari naiz. Hala ere, bizpahiru antsietate krisi izan ditut eta kexatu naiz eta oihu egin diet guztiei! Horrelakoetan harrituta begiratzen didate.
Nik uste dut, “benetako emakume maharastiar baten eginbeharrak” ondo ikasita ditudanean, nahi dudana egiteko aukera izango dudala, dantza eskolak hartu, Filologia Hispanikoa ikasten jarraitu… Horregatik, esaten didaten guztia egiten dut eta egiten dudan mugimendu edo ekintza bakoitza ikasia da.
Askatasun hori lortuko duzula uste al duzu?
Baietz uste dut. Gertatzen dena da Indian modernitatea eta tradizioa oso nahastuta daudela. Garapenaren alde daude baina ohitura, errito, sinesmen eta superstizioek indar izugarria dute, ez dira batere transgresoreak.
Hortaz, ikasi nahi duen emakumeak etxea ondo gobernatzen jakin behar du lehendabizi, eta gero etxeko barruko lanak eta kanpokoak –ikasketak edo lana– konpaginatu; hori da nik ikusten dudana. Orain ni etxeko gauzak ikasten ari naiz: beren ohiturak, beren erara janaria prestatzen eta eskuekin jaten, beren gustura garbitzen, beren erara bizitzen –adibidez, lurrean jarrita jaten dugu–. Eta ez dut segundo bat ere alferrik galdu nahi, etxe barrukoa ikasi eta dantzan jarraitu nahi dut.
Begizkoak
Begizkoei beldur handia diete indiarrek eta batik bat haurrak babestu nahi dituzte mehatxu horretatik. Raquelen ustez «obsesioraino» kezkatzen dira, bere alaba Akshari egiten dizkioten arreta-erritoak ikusita. Puntu beltzak pintatzen dizkiote Aksharari egunero, kopetan, bularrean, eskuetan eta hankazpietan; eta lokarriak jarri lepoan, eskumuturrean, gerrian eta orkatiletan. Gainera, gauez begi bat beltzez margotzen diote. «Zenbat eta politagoa izan orduan eta bulnerableagoa zara begizkoa jasotzera eta marka horiek edertasunean inperfekzioak izan nahi dute. Bestalde, gauetan errezo moduko bat egiten dio amaginarrebak umeari, ulertzen ez dudan zerbait esaten dio azkar eta baxu behin eta berriz errepikatuz. Haurrak bere bizitzan kontaktua izan duen pertsona bakoitzeko errepikapen bat egiten du. Hitzok belar batzuekin Akshararen gorputza igurtziz esaten ditu, eta errepikapen bakoitzaren amaieran kanpoaldera txistua botatzeko keinua egiten du andreak. Eta, esaten dugunarekin ere oso kontuz ibili behar dut, ezin dut inondik ere bere edertasuna goraipatu, ez eta polita dela aipatu ere, begizkoa erakarri baitezaket horrela».
Izena
Raquelek haserre gogoratzen du haurraren izena erabakitzeko prozesua, bere iritzia galdetu ere egin ez zutelako. Gehienetan bi izen jartzen zaizkie haurrei, lehena izen erlijiosoa da, umea jaio eta hamabi egunetara jartzen diote: «petrikilo bat etxera etortzen da eta jaiotza momentuko ilargi, ordu, orientazio eta abarren arabera erabakitzen da».
Horretaz aparte, «egunekorako» beste izen bat jarri dakioke, «niri izen batzuekin zerrenda txiki bat pasa zidaten eta Akshara aukeratu nuen. Hori izan zen nire parte hartze bakarra eta hori lortzeko ere borroka egin behar izan nuen. Gainera hautaketa ez zitzaien gustatu eta familia guztia izen ezegokia zela esaten egon zen egun batzuetan».
12 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Currytik pintxopotera | Sareedunak eta Sareegabeak - […] hemen ere topatu du koadrila: amaginarreba eta bere lagunak. Itxura batera zortea izan du Taarikak, Raquelekin alderatuz gero behintzat…
IKARAGARRIYA!!!! Malkuak begitan irakurri det ia artikulu osua!! Nola da posible bizimodu horrekin aurrea itia erabakitzia… Eztaka meritu makala Rakalek! Muxu bat
Eskerrik asko Naiara!
Beste erremediorik gabe bizi dutenek jasaten dutela jakinda, pena sentitzen det. Baina emakume honek nola jasaten duen eta onartzen duen pentsatzea soilik ulertezina egiten zait. Etorkizunerako aldaketa indar izan dadila espero dut, ume artu eta hegazkin batean ihes egiten badu ere ulertuko nuke (Nik egingo nuke).
Baina oso elkarrizketa ona Mari. Shock egoeran utzi nauzu.
Eskerrik asko Mikel. Niretzat ere harrigarria da egoera honi nola eusten dion ikustea.
Harrigarria Mari, bai Raquelen bizitza bai zure kontatzeko modua!
Ezin det sinistu pixu ta presiyo hori txikitatik hala ulertu eztun batek egoera hau onartzia. Sayau naizen arren eztiyot zentzua billau. O igual zentzu minimo bakar bat bai; zu eta gu (zure bitartez) errealitate gogor honen jabe izan eta askatsunaz gozatzeko aukera apreziau berko genukela!!
Besarkada bat bihotz unkittuakin
ze politta. Eskerrik asko!
Ostiaputa!
Umiliazio eta zentzugabekeria horiek denak onartzea, gure Mendebaldetik etorrita behintzat… eztakit… zer pentsa ematen du.
Eta umearekin alde egitea legalki ez da inondik ere erraza izango, ala?
Bizitza nahiko petrala izan daiteke bestela ere, umea ezin ukituz edo hitz egin ezinaz egoteko sineskeria bat dela eta. Neuk ez dut uste onartuko nukeenik.
Behintzat garbi dago azkartxo egin zuela bizia han eta hango erara egiteko aukera.
Beste kultura,tradizio,erlijio, nahazten dira bertan bainan emakumea gizonezkoen menpekotasunean nola bizi den agertzen diguzu herrialde horretan ere.
Oso interesgarria, luma fiñarekin kontatua.
Astelehenero zure orria irekitzen jarraituko det.
Eskerrik asko
Raqueletaz zer izango zen galdetzen naiz… Indian egongo al da oraindik? Nola joanago da senar eta familiarekin erlazioa? Zoriontsu izango al da? Baietz espero dut.
Kaixo Naiara!! ba oso ondo dago, bizi berri bati ekin dio.